Lemoako gazteei garapen pertsonal eta sozialerako esperientziak eskaintzea da helburuetako bat

16 eta 21 urteko 23 neska-mutilek hartu dabe parte aurten programan

Elkartruke programak 23 gazte lemoaztar eroan dauz Lanzarotera

Elkartruke 2025 programako parte-hartzaileak / Lemoako Udala

Lemoak Udalak bultzatutako Elkartruke programearen edizino barri bat jarri da martxan aurten. Garagarrilaren 8tik 14ra bitartean, Lemoako 23 gazte eta monitore bi Lanzaroten izan dira, euren garapen pertsonal eta soziala lantzeko esperientzia aberasgarri baten barruan. Mikel Aurrekoetxea monitoreak aitatu dauanez, jasangarritasuna izan da aurten ardatz nagusia. Helburua, 16 eta 21 urte bitarteko gazteei ingurumenarekiko kontzientzia landu eta komunidadean parte hartzeko gaitasunak garatzea izan da.

Mikel Aurrekoetxeak adierazo dauanez, esperientzia “oso aberasgarria” izan da gazteentzat, baita monitoreentzat be. “Prozesuaren hasieratik ikusi dogu gazteek zelan sortu daben jasangarritasunarekiko lotura emozionala eta intelektuala”. Bidaian zehar, jardera ugari egin dabez: Timanfaya parke naturala bisitau dabe, Cesar Manriqueren lanaren inguruan jardun dabe edota Adacis Fundazioko profesionalakaz ingurumenaren aldeko lan-programak ezagutu dabez.

Elkartruke proiektuak autofinantziazino fase bat be izan dau. Gazteek aurreko hileetan hainbat ekimen —errifak, material salmentak edo jaietan parte-hartzea— antolatu dabez bidaia ordaintzeko, eta horrek kohesinoa eta ekimen kolektiboa indartu dau.

Mikel Aurrekoetxeak azpimarratu dau ekimen honek eragin nabarmena izan dauala herrian: “Gaur egun lehenengo edizinoetan parte hartu eben gazte asko aktibo dira Lemoako bizitza sozialean. Proiektu hau harremanak eta komunidadea eraikitzeko tresna bihurtu da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00