Mallabiako aurrelaria eta Unai Laso lehiatuko dira barikuan Bilbon finalaurrekoetarako txartelaren bila

Partiduko irabazleak Darioren aurka jokatuko dau buruz buruko txapelketako finalerako lehian

Elordik txapelduna kanporatu gura dau

Aitor Elordi eta Unai Laso, barikuko partidurako aukeratutako pelotakaz / Bizkaia Irratia

Aitor Elordik ez eban buruz buruko txapelketea jokatu behar. Jose Javier Zabaletagaz binakako txapelketea irabazi ostean, Mallabiko aurrelaria ez egoan manomanistea jokatu behar eben pelotarien artean. Azkenean, Beñat Rezustak eta Zabaletak ezin izan eben buruz burukoa jokatu arazo fisikoak eukiezalako eta Aspepelota enpresak Elordi eta Danel Elezkano sartu ebazan txapelketan.

Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu eban final zortzirenetako kanporaketea Lekeition eta hamaika tantotan itxi eban Zaratamoko txapelduna. 22-19 irabazi eutson Danel Elezkanori final laurenetako ligatxoaren lehen jardunaldian. Bigarrengoan, Jokin Altuna menderatzeko zorian egon zan, baina 18-15 irabazten joan ondoren ez zan tanto gehiago egiteko gauza izan.

Kontuak kontu, Aitor Elordi lan bikaina egiten dabil lehen mailako buruz buruko txapelketa nagusian. Mallabiarrak ez dau azken berbea esan hondino. Unai Laso txapeldunaren aurka jokatuko dau datorren barikuan Bilboko Bizkaia frontoian eta garaipena lortu ezkero, finalaurrekoetarako txartela eskuratuko leuke. Lau ta erdiko txapelketan zein binakakoan maila bikaina emon arren, inork ez eban pentsauko Aitor Elordi buruz buruko txapelketa nagusiko finalaurrekoetan sartzeko aukerakaz egongo zanik.

Gaur eguneko txapeldunaren aurka jokatuko dau partidu erabakigarria. Unai Laso ez da aurkari erraza izango. Edozelan be, txapeldunak ez dau bere mailarik onena emon aurtengo txapelketan jokatu dituen partiduetan. Aitor Elordik ez dauka zer galdurik eta presino barik ekingo deutso barikuko partiduari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00