Zabalik dago jardueretan izena emoteko epea www.emakumeakzientzian.eus webgunean

'Emakumeak Zientzian' ekimenaren 10. edizinoa egingo da zezeilaren 3tik 11ra bitartean

Emakume zientzialarien olatua hazten doa Euskal Herrian

Emakumeak Zientzian ekimenaaren 10. edizinoan parte hartzen daben erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren ehunaren erakusgarri dira / Emakumeak Zientzian

Emakumeak Zientzian ekimenak hamargarren edizinoa izango dau aurten. Hamarkada honetan sareak josten, aliantzak sortzen eta belaunaldi barrientzat erreferenteak eskaintzen aritu da, zientziaren arloan emakumeen presentzia eta aitortza handitzeko helburuagaz. Aurrerapenak aurrerapen, badagoz hondino desbardintasunak zientzian. ‘Marea bizia gara’ leloa aukeratuta, 34 euskal erakundek jarduera ugarigaz eta parte-hartze zabalagaz osotu dabe programazinoa.

Olatz Arbelaitz ekimeneko koordinazino taldeko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, hasieran bost erakunderen arteko ekimen lez hasi bazan be, gaur egun 34 erakundek sinatzen dabe programea. Helburua hasieratik bera izan da: emakumeek zientziari egiten deutsien ekarpena ikusi eragitea. Halanda be, urteakaz, ekimenaren ikuspegia zabaldu egin da, zientzian dabilzan emakumeentzat ingurune bizigarriagoak sortzearen beharra be azpimarratuz.

Aurtengo edizinoa zezeilaren 3tik 11ra egingo da, jarduera ugarigaz eta parte-hartze zabalagaz. Bilbon, Donostian eta Gasteizen emongo jako hasierea, aldi berean, ‘Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak’ ekitaldiagaz. Hainbat ikerketa-arlotan lan egiten daben emakume zientzialari nabarmenak batuko dira. Egun horretatik aurrera, edade guztietako publikoari zuzendutako jarduerak egingo dira. Zezeilaren 11n amaituko dira jarduerak, Emakume eta Neska Zientzialarien nazinoarteko egunean, Donostiako Aquariumean egingo dan jai ekitaldi bategaz. Amaierako topaketa horretan gogoeta prozesu baten ondotik egindako manifestu bat aurkeztuko dabe. Manifestuak orain arteko ibilbidearen balantzea egin eta etorkizuneko norabidea zehazteko balioko dau, Olatz Arbelaitzek aurreratu deuskunez.

Informazino gehiago eta egitarau osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean kontsultau daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00