Zientzian dabilzan emakumeen lana ikusiarazo, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diranaren ustea apurtzea, eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak aukeratu dagiezan sustatzea. Helburu horreek daukaz Emakumeak Zientzian ekimenak. Urterik urtera hazten eta indartzen doan proiektua da. Aurten Hazia erein kontzeptua nabarmendu gura da, eta “azpimarratu gura dogu ekintza txiki bakotxak aldea markatu leikela zientzian bardintasuna lortzeko bidean” adierazo dabe Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek.
Batez be zezeilaren 7tik 14ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2025 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinau dabe, ekintza kolektibo txikiek, denporan zehar irauten dabenek, eragin eraldatzailea sortzen dabela azpimarratzeko. Edade guztietako jendearentzako jarduerak antolatu dira. Publiko orokorrarentzat, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur ekitaldiak hainbat ikerketa-arlotan lan egiten daben emakume zientzialariak bilduko dauz. Ikasleek ikerketa-zentroetara egiten dabezan bisitez eta tailerrez gain, aurten Eskolara itzulera jarduera errepikatuko da. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara euren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazino zientifikoa pizten laguntzera. Jardueren programea eskuragarri dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Dagoeneko zabalik da ekintzetan izena emoteko epea.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizino honetan Euskadiko 35 erakundek parte hartzen dabe. Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Ingeniariak, Vicomtech, CIC bioGUNE, ESS Bilbao eta BBD BioPhenix SL-Biobide.
Olatz Arbelaitz EHUko Informatika fakultadeko irakasleagaz berba egin dogu Lau Haizetara irratsaioan.