Huelga eguna izango da bihar Hego Euskal Herrian, 1.500 euroko gitxieneko soldata propioa eskatzeko. LAB sindikatua dago antolatzaileen artean eta beste sindikatu batzuez gain, hainbat gizarte eragilek egin dabe bat. Horren harira, Endika Perez LABeko ekintza sindikaleko arduradunagaz egin dogu berba. Sentsazino positiboa dabe biharko egunari begira: “1.700 langile-batzordek, 120 bat gizarte-eragilek eta 140 greba-batzordek egin dabe bat deialdiagaz. Biharko eguna indartsu dator”.
Sindikatuek sektore guztiak mobilizau gura dabez: “Lekuaren arabera, egoerea alda daiteke, baina grebak sektore ezbardinetan eukiko dau eragina”. Ganera, 1.500 euroko gitxieneko soldata propioaren beharra ikusten dabe: “Hego Euskal Herrian gitxieneko soldata propioa behar dogu. Madriletik ezarten dan gitxieneko soldatak ez dau bizitza duina aurrera eroateko aukerarik emoten geure errealidadean”. Neurriak 240.000 euskal beharginengan izango leuke eragina.
Emondako urratsak
Eskaria aurrera atarateko pausuak emon dira, baina ez da lortu. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroakoan ez dira herri ekimen legegileak onartu. Eusko Legebiltzarretik sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazinoan ikusten dabe bidea, baina Confesbask ez dago negoziaketaren alde. Besteak beste, eskuduntza hori estaduari jagokola dinoe. Perezek Confesbasken jarrerea salatu dau: “Ez dakigu noren ordezkari dan Confebask, negoziazinori uko egin deutso”. Dana dala, martiaren 24rako patronala deitu dabe negozietako. Biharko grebara itzulita, 12:30ean hasiko da manifestazino nagusia Bilbon.
