Sinatutako itunak beteten diran bitartean koaliazino gobernuan arazorik ez dala egongo esan deusku PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak. Hori bai, alderdi batek sinatutako itunetik kanpo urten ezkero arazoak sortzen dirala. EAJ itunetik kanpo joan ezkero, sozialistek eskubidea dabela hori esateko. Sozialistek ez dabela itunetik urtengo, alderdi serioa dirala eta zeozer sinatu ezkero horregaz leialak izaten dirala. Euren jarrerea beti izan dala hori eta aurrerantzean be eutsiko deutsiela.
Horrez gain, Aitor Estebanegaz berba egin dauela eta harremana hobetuz doala esan deusku. Dana dala, berak ez ei eban esan Estebanegaz hartuemon txarra eukanik, Andoni Ortuzarregaz denporearen poderioz izan eban harremana ez daukala baino. Denporeagaz eta alkarrizketeagaz lortuko dabelakoan dago.
Gasteizko Aranako zentroaz EH Bildu eta Sumarregaz egindako agerraldiari dagokionez, gauza puntuala izan dala argitu deusku eta argi itxi gura izan dau Aranakoa ez dala izango makrozentro bat, ez dala Espainiako gobernuaren agindua, Europatik datorren direktiba bat baino.
Mazonen dimisinoa eta fiskal nagusiaren epaiketea
Eneko Anduezaren eritxian tamalgarria izan zan Mazonen atzoko kapitulua. Bakoitzak bere ardurei aurre egin behar detusiela, eta kontu honetan Mazon politikatik kanpo egon dala. Feijóo Alderdi Popularraren buru izanda, irabazten dauen eskuma muturra dala. Orain arte holan izan dala, eta zoritxarrez hemendik aurrera be holan izango dala.
Estaduko Fiskalburuaren epaiketeari dagokionez, proba bat be ez dagoala azaldu deusku eta askok esan izan dabela fiskalaren eskutik ez zala egon filtrazinorik. Hori probatu egin behar dala. Anduezaren eritxian fiskalak gauzak ondo egin ditu eta hau montaje hutsa da.
Aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak espansiboak dira, Anduezaren esanetan, eta “gai nuklearrei erantzuten deutsie”: Etxebizitza, Hezkuntza, Osasuna, Segurtasuna, Mogikortasuna eta abar. Aurrekontuak negozietako prest dagozala esan dau, beti seriotasunez egin ezkero. Baina bestela, legebiltzarrean gehiengoa dabela eta ez dabela inoren botorik behar. Ez dirala jokoetan sartuko.
Bestelako batzuk
Bestelako gai batzuen inguruan be egin dogu berba Euskadiko sozialisten idazkariagaz Goizeko Izarretan irratsaioan: segurtasuna, delituei emon beharreko erantzuna, etxebizitzak, estatus barria, euskerea funtzino publikoan...
