Neomak talde gipuzkoarrak debuteko diskoa aurkeztu deusku

'Neomak´ lanaren oinarrian doinu tradizionalak aurkituko doguz baina gaur egungo musika barriagoen ikutuakaz

“Neomak dator mugitzera, dantza egitera, aske izatera, perreatzera…”

Taldearen izen bera aukeratu dau Neomak taldeak bere estreineko lanari izena jartzeko. ‘Neoma’ berbeak ‘Ilargi barria‘ esan gura dau grezieraz. Zazpi emakume gazte dira: Alaitz Escudero, Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Garazi Otaegi, Irati Gutierrez, Leire Etxezarreta eta Maria Lasa. Talde gipuzkoarra 2021eko urtarrilean sortu zan. Aurretik Kepa Junkeraren ‘Sorginak’ taldean hartu eben parte eta munduko txoko desbardinetako oholtzetan aritu ziran 2018.amaierara arte. Eten baten ostean, orain bi urte Nafarroako Trikitixa txapelketan parte hartzeko deia jaso eben eta Eneritz Aulestia taldekideak azaldu deuskunez hortxe hasi zan sortzen Neomak proiektu barria. Hortik abiatuta, errepertorio propioa sortzen hasi ziran.

‘ Neomak’ zazpi abestiz osotutako diskoa da. Doinu tradizionalak dagoz oinarrian baina gaur egungo ikutuakaz. Bien buztartze berezi bat egin eta proiektu tradizional bezain barritzaile bat sortu dabe zazpi emakume gazte honeek. Soinu organikoak teknologia barriakaz naturaltasunez nahastu dabez. Aske, gura dabena sortuz eta erakutsiz, trikitixa tradizionala elektronikaz buztartu dabe, entzulea dantzan jartzeko asmoz. Eneritz Aulestiaren esanetan, tradizinotik datoz baina gaur egungo musika barriagoetatik edaten dabe.

‘Neomak’ diskoaren grabazinoa eta nahasketak Haritz Harreguyrenak dira, eta ekoizpena barriz, Alejandro ‘Jimbo’ Páezena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00