Hiru puntu eta morala. Horixe da Erkiagak eta Ibarluzeak Gernikako Jai Alai pilotalekuan lortu dabena. Hiru puntu garrantzitsu B multzoko (ustez) bi bikote gogorrenen arteko lehian. Zesta-puntaren katedrala ia goraino bete da beste astelehen batez eta zutik jarrita agurtu dabez lau pilotariak partidaren amaieran. Goi-mailako txapelketetan esperientzia askorik ez dauka Ibarluzea markinarrak eta partidari eutsiko ete eutson, hori zan zalantzea. Ba eutsi deutso, bai, Ibarluzeak. Lehen jokoan sendoago, bigarrenean huts gehiagorekin baina orokorrean konfiantza hartzeko partida izan da bikote bizkaitarrarentzat. Puntuak ez eze, Erkiagak partidua amaitu ostean adierazi eban lez, “morala” irabazi dabe asteleheneko lehian.
Partida atarian faboritoago ziran horiak baina ez dabe hasiera ona izan. 3-0 aurreratu dira bizkaitarrak. Huts bi Lopezek egindakoak eta Aritzen lehen aukeran, hormabikoa eta tanto. Ikuskizun ikaragarria emon dau lehen jokoan. Arrosen 15 tantuetatik 9 berak egindakoak izan dira. Asko ederrak, baina batzuk, benetako harribitxiak. 5-2koa, bederatzi koadrotik botatako hormabikoa. 7-2koa, barrura sahietsez bikain. 10-2koa, bote laster eskumaz sartu eta goitik behera suabe-suabe txapa gainean itxita. Atzean, eroso ibili da Ibarluzea set osoan huts bakarra eginda. Errebes ederra dauka eta postura aproposa dauka Gernikarako. Aurkariek be, ez dabe markinarra estutzerik lortu. Pilota bizi-zalea da Aritz baina motelagoaren alde egin eban atzoko partiduan.
Ezustekoa izan da lehen seteko emaitza. Ez arrosek irabazi izana. Baina bai, irabazi eta halako alde handiarekin egitea. Bigarrenean, ostera, asko aldatu dira gauzak. Johan eta Lopez hobeto ibili dira, eta Erkiaga eta Ibarluzea, ez hain ondo. Atsedenaldira 8-6 aurretik iritsi dira bizkaitarrak, markinako atzelariak zabalean egindako tantu baten ondoren. Baina setaren bigarren zatian, eta batez ere amaiera aldera, behartu bako hutsak egin ditu Ionek. Emozioz ganezka iritsi da partida azken txanpa honetara. 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 berdindu dabe. Bazirudien Erkiagak eta Ibarluzeak irabaziko ebela seta, agintzen egon dira-eta bigarren jokoaren azken tantuan. Baina defentsa ona erakutsi dabe horiek. Johanek pilota oso gatxa eroan dau lehenik, Lopezek beste bat eta Erkiagak ezin pilota xisteran sartu. 14-15 eta desenpatera.
Azken setean, zortea aldeko izan dabe lehen tanto bietan Erkiagak eta Ibarluzeak. Pilotak ezker hormako angelua jo, gura barik zabaldu eta kasu bietan barruan emon dau jagia. Egoera gatxari bueltea emon deutsoe, kalitate handiko jokua erakutsiz. Johanek errebesez horma-biko ona lehenik (2-1) eta jokaldi bera baina eskumaz ondoren (2-2), Lopezen tantu batekin aurretik jartzeko. Erkiaga preso geratu da eta zumaiarrak horma-bikoz amaitu dau tantoa. Baina hortxe geratu dira horiak. Johanek, pasa guztiak gastatu ondoren, sakea atera eta ezin izan dau Erkiaga gainetik pasa. Honek hormabikoa errematatu eta publikoaren aurrean azaleratu dau barruan eroian tentsio osoa (3-2).
Gauzak honela, partida 2 -1 amaitu danez, 3 puntu Erkiaga-Ibarluzearentzat eta puntu bat Johan eta Lopezentzak. Tantu-averagea, 10 tantukoa, batzuen aldeko eta besteen kontrarako. Johanek eta Lopezek beste partidu bi ditue, lehen porrotari bueltea emoteko: Laduche eta Gorkaren aurka abenduaren 4an eta Arbe eta Manciren kontra abenduaren 18an.
Horren aurretik, Winter Serieseko 3. Jardunaldia jokatuko da datorren astelehenean. Alde batetik, Goitia eta Basque bikotearen estreinua, Erik eta Minvielle bikotearen aurka. Azken honeek irabazi beharra daukie. Lehen jardunaldian ez eben punturik lortu eta ganera, 13 tantuko desabantaila daukie.