Espainiako Gobernuak 16 urtetik beherako gazteei gizarte sareak debekatzeko proposamena egin dau, gazteek sare sozialen bidez jasoten daben informazino asko arriskutsua izan leikelako. Arriskuak era askotakoak izan leitekez. Esaterako, Save the Children-en txosten batek dino, urte bitan gora egin dabela sexu abusu digitalek adinez txikikoen artean, 14 urtetik beherako neskatoen artean gehienbat.
Altxa Burua mobimentua lehendik dabil gai honegaz arduratuta, gazteen artean teknologiaren erabilera egokia sustatu nahian, Mirene Beriain Bizkaian koordinazino lanetan dabilen kideak esan deuskunez. Besteak beste, mahai gainean dago sakeleko lehenengo telefonoa gazteei zenbat urtegaz emotea komeni dan be.
Beriainek esan deusku pozik dagozala Sanchezen proposamenagaz eta bat datozala muga 16 urtetan ipinteagaz. Altxa Buruagaz harremanetan jarri diran familia batzuk kezkatuta dagoz. Izan be, sexu abusu digitalak aitatu doguz, baina sareetan arrisku eta mehatxu ugari dago: jasoten dan informazinoa, agertzen diran pertsonen irudiak, jazarpena edo bullyng-a, etab. Alde onak bai, beraz, baina mehatxu eta arriskuak be asko.
