Goizeko Izarretan irratsaioan bagabilz Bilbori begi ezbardinekaz begiratzen, eta gaur Alderdi Popularraren ikuspuntua batu dogu. Horretarako, Esteban Goti PP-ko zinegotziagaz egin dogu berba. Herritarren kezken artean, etxebizitzarena daukagu. Aspaldion hartu dira neurriak: Bilbo tenkatutako gune izentatzea, etxebizitza turistikoak mugatzea, etab. Kontuak kontu, Gotik uste dau segurtasun juridikoa behar dabela etxebizitza jabeek.
Segurtasunaz be badauka ardura jenteak. Batez be, perzepzinoak egin dau okerrera: “Delituak handitu dira Bilbon: homizidioak, burrukak, sexu-askatasunaren aurkakoak…”. Udalak segurtasuna sendotuko dau, aurtengo segurtasun aurrekontua %36 handitu da-eta. Halanda be, Gotik dino arazoa mantenduko dala: “Diru gehiago dago, baina gauza bera egiten da. Patruila gehiago behar doguz kaleetan”. Lehengo astean udaltzain eta manteroen arteko liskarra egon zan. Gotiren esanetan, kalean saltzen diran produktuen jatorrira jo behar da: “Mafiak dagoz horren atzean, eta poliziak badaki. Arazoa Segurtasun Sailean dago”.
Bestalde, Bilboko jarduera ekonomikoan turismoak gorakada handia izan dau eta gaur egun ardatz garrantzitsua da. Batzuk neurriak be eskatzen ditue, turismoa jasangarria izan daiten eta bizilagunek ondorioak pairatu behar ez izateko. Goti ez dago ados: “Prest gagoz turistak jasoteko, ez dogu ezelango desorekarik ikusten”.
