Aurten apur bat beranduago hasiko dogun arren, Aupa Bizkaia programan Zientzia tarteagaz jarraituko dogu. Astero zientziaren adar bakotxeko adituek euren diziplinagaz zerikusia daukan gai bat hurreratuko deuskue. Zientziaren garrantzia eta gure zientzialarien lana balorean ipinteko, domeketan 12:10ean, zientzia izango da protagonista Bizkaia Irratian. Aurtengo lehenengo kolaboratzailea Eneritz Jimenez da, psikologoa eta EHUko irakaslea.
Estereotipoak oso hedatuta dagoz gure gizartean eta era naturalean sortutako estereotipo asko daukaguz barneratuta danok. Aurrean daukaguna modu arinean sailkatu eta informazinoa errezten dabe estereotipoek, baina ez da beti onerako izaten. Lehenengo saio honetan estereotipoen ezaugarriak eta jakin beharrekoen inguruan berba egin deusku Eneritzek, zer diran, zelako ondorioak daukiezan eta zer egin geinken estereotipoen eragina murrizteko azaldu deusku, besteak beste.
