EUDEL une honetan animalien babeserako eta migratzaileak artatzeko ordenantza bana prestetan dabilela esan deusku Esther Apraizek. “Udal batzuk gai honetan lana eginda daukie baina herri askok zalantzak planteau deuskuez. Herri horreei erraztasunak emoteko ordenantzak prestetan gabilz” adierazo dau Esther Apraizek EUDELeko buruak. Derioko alkatea eta EUDELeko burua, Esther Apraiz, euki dogu Goizeko Izarretan irratsaioan.
Finantziazinorako erizpide barriak
Bilbok finantziazino kontuetan tratu mesedegarria daukan ala ez, ikusiko dala aitatu dau Apraizek. Finantziazino kontuen ganeko erizpideak zehazteko batzorde bat osotu dabe BFAk eta udalek. Datuak batzorde horretan berraztertuko dirala eta Bilbori gaur egun apliketan jakona mantentuko dan ala ez barrikusiko dala esan dau Esther Apraizek. Udalerrien finantziazinorako erizpide bat baino gehiago izaten da kontuan. Populazinoarena erizpide horreetako bat da eta barriak be zehaztu leitekez aitatutako batzorde horretan. Udalerri bakotxak jasoten dauen migratzaileen kopurua edo ingurumen proiektuak erizpide barriak izan leitekez. “Horren inguruan batzorde horretan berba egingo da. Segurutik populazinoaren eta presino fiskalaren erizpideak mantenduko dira. Urteakaz egoera sozioekonomikoa aldatu da eta erizpide barriak etorkizun barriari egokitu beharko jakoz” azaldu dau Apraizek.
Herri txikiak
Bizkaiko 39 herri txikik orain arte baino diru gehiago jasoteko aukerea aztertu leikie udalek eta BFAk. Hori alde biko batzorde baten egingo litzateke. EUDELek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak orain dala gitxi Gipuzkoako 1.100 biztanletik beheragoko herriei ohiko finantziazinotik harago kopuru finko barri bat ezartea adostu dabe. Gipuzkoan mota honetako 32 udalerri dagoz. Bizkaiko eta Gipuzkoako herri txikiek 1994tik FOFIM izeneko funtsaren bitartez, funtsetik %0,3 jaso dabe. Kontua da 1994tik hona kopuru finko hori ez dala eguneratu. EUDELek eta Gipuzkoako Aldundiak berbatutakoaren arabera aurrerantzean herri txikiek funts horren %1,2 jasoko dabe. Esate baterako, 150 biztanleko Gipuzkoako udalerri bat 84 mila euro jasotetik 244 mila euro jasotera pasauko da. Bizkaian 1.100 biztanle baino gitxiagoko 39 udalerri dagoz gaur egun. Horren adibide dira: Arrieta, Aulesti, Ea, Garai, Galdames, Mañaria, Mendata, Meñaka, Ibarrangelu, Sukarrieta, Zeberio edo Ubide. Bizkaian gai honetan ez dago ezer berbatuta baina EUDELeko presidenteak, Esther Apraizek, Gipuzkoan herri txikiakaz adostu dabena Bizkaira ekarri gura dauela esan deusku.