
Otxarkoaga ikasketa zentroan abian jarri dan ‘Etorkinak Euskeraz’ proiektuak erantzun ona izan dau lehenengo urtean. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen bisitea jaso eben aurreko astean Otxarkoaga Zentroan. ‘Etorkinak Euskeraz‘ programea hurretik ezagutu eban alkateak. Proiektu piloto honetan, zentroak, Labayru Fundazioagaz batera, euskerearen erabilerea sustatu dau hizkuntza integrazinoa eta kulturartekotasuna erdigunean jarriz. Lanbide Heziketa ikasten ari diran 15 urtetik gorako 70 ikasle dagoz programan. Ane Gezuraga da proiektuaren arduraduna eta esan deuskunez, apurka-apurka, ikasleok, euskerea jakitearen garrantziaz ohartu dira.
Euskerea eta kulturea
AISA metodologia erabiltzen dabe. Euskerea ez eze, euskal kulturea transmititzea da helburua. Labayru Fundazioko irakasleak arduratzen dira klaseak emoteaz. Astean ordu bi izaten dira. Otxarkoagan esan behar Euskera Taldea be badagoala. Euskerazko klaseak emoteaz gain, ekintzak be egiten dabez. Txalaparta tailerrak antolatu dira, Afrika Bibang musikariaren bisitea izan eben edo Durangoko Azokara be hurreratu ziran. ‘Etorkinak Euskeraz‘ programaren arduraduna gogotsu azaldu da aurrera jarraitzeko egitasmoagaz.