Euskadik elikagaien arloko barrikuntzaren aldeko apustua indartu dau barriro, BTEM – Euskadiko Elikagaien Berrikuntzarako Sarien bosgarren edizioa martxan jarriz. Basque Food Cluster-ek eta AZTI zentro teknologikoak sustatutako ekimena da, eta Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendariak esan deuskunez, “sektoreko enpresak egiten dabena balorean ipintea da helburua”. Sariek balioa emoten deutse produktu barriak garatzen, prozesuak hobetzen edo merkatu estrategietan barrikuntzak txertatzen dabilzan proiektuei, eta edozein tamainatako enpresak hartzen dabez kontuan, startup-etatik hasi eta enpresa handietara arte.
Edizino honetako sariak hiru kategoriatan banatzen dira: barrikuntza teknologikoa, enpresa-barrikuntza eta merkaduetan barrikuntza, guztiak Euskadiren lehiakortasun estrategiagaz lerrokatuta. Epaimahaiak, barrikuntza mailaz gain, sortutako inpaktua, etorkizuneko garapenerako aukerak eta jasangarritasunari egiten deutsen ekarpena be baloratuko ditu. Deialdia apirilaren 21era arte egongo da zabalik, eta sari banaketa nazioarteko erreferentzia dan Food 4 Future – Expo Foodtech foroaren barruan egingo da, Bilbao Exhibition Centerren, elikagaien balio kateko eragileentzako topagune estrategiko bihurtuz.
