
Enfokatur Euskadiko Turismo Behatokiak emondako datuen arabera, kanpinen sektoreak hazkunde egonkor eta iraunkorreko ibilbidea berretsi dau aurtengo udan. Euskadiko turismo-eskaintza arautuaren barruan, kanpinak aukera gogokoenetako bat dira. Aurtengo udaren hasiera batez be positiboa izan zan. Bagilean %8,8 igo ziran sarrerak 2024aren aldean, eta gaualdiak (+%6,5) eta okupazinoa (+%8,9) gehitu ziran. Euskadiko Kanpinen alkartearen esanetan, adierazle horreek erakusten dabe sektorearen indarra eta bidaiariek ostatu-eredu horretan daukien konfiantzea.
Euskadiko Kanpinen alkarteko presidenteorde eta Zarautz Kanpineko zuzendari dan Irati Sesmak azaldu dauanez, sektoreak “hazkunde iraunkorra eta orekatsua” izan dau azken urteotan. Pandemia ostean, gero eta gehiago dira aire libreko turismoa aukeratzen daben bisitariak. Sesmaren berbetan, kanpinak familientzako aukera egokiak dira eta naturagaz harreman zuzena eskaintzen dabe. Gaur egun, Euskadiko kanpin gehienek zerbitzu oso zabala eskaintzen dabe.
Azken urteotan kanpin sektorea asko aldatu dala nabarmendu dau Irati Sesmak. “Lehen karabanakaz edo autokarabanakaz etortzen zan jente gehiena; orain, gero eta gehiago bilatzen dabe erosotasuna”. Ondorioz, gero eta gehiago dira bungalow, glamping edo mobil-home moduko aukerak eskaintzen dabezan kanpinak. Zarautz kanpinean, ganera, hostel moduko zerbitzua be jarri dabe martxan, Santiagorako bidea egiten daben erromesentzat egokituta.
Euskadiko Kanpinen alkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietako 22 kanpin biltzen dauz: 5 Bizkaian (Arrien, Endai, Leagi, Portuondo eta Sopelana kanpinak), 2 Araban eta 15 Gipuzkoan. Ia 12.000 plaza danetara.