370.000 heldu baino gehiago mina daukiela bizi dira Euskadin; hau da, helduen %25. Adituek “epidemia isila” deitzen deutse. Min horrek zortzi urtetik gorako bataz besteko iraupena dauka, eta bereziki 35 eta 54 urte arteko pertsonei eragiten deutse. Errealidade hori ikusita, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Deustuko Unibertsidadeak Minaren eta Neurozientziaren Diziplinarteko I. Jardunaldiak egin ebezan zezeilaren 27an eta 28an. Topaketak arlo osasun-profesionalak bildu ebazan, ezagutzak partekatzeko eta min kronikoa prebenitzeko, ebaluatzeko eta tratatzeko modua hobetzeko.
Jardunaldietako hizlarietako bat izan zan Xabat Casado fisioteraupeta, irakaslea eta Deusto Physical TherapIker taldeko kidea. Bere esanetan, minaren munduan aldaketak emoten dabilz eta aldaketa horreek, batez be, neurozientziaren ezagutzatik datoz. “Orain arte pentsatu izan da minaren jatorria beti lesino baten ondorioa zala, baina neurozientziaren aurrerakuntzengatik, gaur egun badakigu nerbio sistemak parte hartzen dauala”, azaldu dau Casadok.
Min kronikoa, definizinoz, epe luzeko mina da. Baina, Casadok gaineratu dauanez, errealidadean, ez da bapere erraza min kronikoa diagnostikatzea. Esaterako, paziente batek mina dauka, baina erresonantzia edo bestelako probek ez dabe ezer erakusten. Askotan azalpena nerbio sistemaren funtzionamenduan dago. Xabat Casadok urteak daroaz minaren profilak identifikatzen. Azaldu deuskunez, diagnostiko etiketa bera daukien paziente guztiek ez daukie bilakaera bera izaten eta ezin daitekez bardin tratatu. Gaur egun “zehaztasuneko medikuntza edo medikuntza pertsonalizadua” izeneko ikuspegia indartzen doa: paziente bakotxaren ezaugarriak identifikau eta tratamendua pertsonalizatzea.
