Euskal Herriko Orkestra Barrokoa proiektu aitzindaria da. Sortu barri da Enrike Solinis eta Miren Zeberioren eskutik, eta Masquerade estreinaldi-kontzertua eskainiko dau Bilboko Arriaga Antzokian (zezeilaren 26an) eta Donostiako Kursaal-en (zezeilaren 28an). Data horreen aurretik, Euskal Herriko Orkestra Barrokoak entsegu irekia eskainiko dau etzi (zezeilaren 25ean) Galdakaoko Torrezabal kultur etxean.
Miren Zeberio orkestrako kideak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, proiektua urteetako hausnarketaren emaitza izan da, eta helburua argia izan da: kanpoko orkestrak ekarri beharrean, bertan dagoan talentua batu eta errepertorio barrokoa hemen bertan lantzea. Zeberiok gogoratu dau musika barrokoaren arloan Euskal Herrian badagoala ibilbide eta prestakuntza sendoa, baina orkestraren formatuan ez dala egon egiturarik. Azkenean, aurten pausua emotea erabagi dabe.
Orkestra barrokoa orkestra sinfoniko arrunt bat baino txikiagoa da, eta barroko garaiko errepertorioa interpretatzen dau. Zeberiok gaineratu dauanez, garaiko instrumentuak edo haien erreplikak erabilten dabez, eta interpretazino estiloa be garaiko irizpideetan oinarritzen da.
Euskal Herriko Orkestra Barrokoak akademia bat be sortu dau bere webgunearen bitartez. Gazte profesionalei zubi bat eskaini gura deutse ikasketen eta lan munduaren artean, mundu profesionaleko ateak zabaltzeko, formakuntza egokia daukien musikariak ezagutzeko eta danen artean sare barriak sortzeko. Akademian 20 bat profesional eta musikari gaztek emon dabe izena, eta horreetako 5 aukeratu dabez. Eurek be Arriaga Antzokiko eta Kursaal-eko kontzertuetan parte hartuko dabe.
