Euskal Herriko Pentsinodunen Mugimenduak konzentrazinoak eta mobilizazinoak hasiko ditu barriro gaurtik, irailaren 7tik. Horren harira, Euskal Herriko Pentsinodunen Mugimenduko kide dan Ana Mezogaz egin dogu berba gaur Bizkaia Irratian. Mezok esan deuskunez, soldatek eta pentsinoek erosteko ahalmena galdu dabe prezioen igoeragaitik azken boladan. Hori dala eta, uste dabe ezinbestekoa dala gitxieneko pentsinoa Lanbide arteko Gitxieneko Soldatagaz parekatzea.
Bitartean, Eusko Legebiltzarreko hiru batzordetan agertzeko datak noiz diran jakin nahi dabe pentsinodunek, bertan azaldu ahal izateko euren proposamena, pasa dan urtean 145.142 sinadura aurkeztu eta gero, Legegintzako Herri Ekimena bultzetako asmoz. Irailaren 17an, datorren asteko eguenean, EAEko Legebiltzarrera joango dirala aurreratu deusku Mezok, eskatutako agerraldiei data eta ordua jarteko eskatzeko.
Mobilizazinoak
Esan dogunez, EHPMk egin ohi dituan alkarretaratze eta mobilizazinoei barrekingo deutse. Aurretik, abuztuaren 24an, Bilboko Aste Nagusiko astelehenean, pentsinodunen manifestazino tradizionala egin zan Bizkaiko uriburuan, eta 1.500 pertsona bildu ziran, batez be Bilbokoak eta Bizkaikoak. Etorkizunari begira, urriaren 24an manifestazinoa egingo dabe Madrilen Estaduko Herri eta Erkidegoetako pentsinodunen plataformekaz.
