Martiaren 4tik 7ra bitartean mugarri historikoa biziko dau Euskal Herriak. Euskal Herriko selekzinoak lehenengoz parte hartuko dau ardi-mozketako munduko txapelketan, Zeelanda Barriko Masterton urian. 28 herrialde lehiatuko dira nazinoarteko txapelketa honetan, eta tartean izango da Euskal Herriko ordezkaritza, bi artzain profesionalen eskutik: Ipar Arrinda eta Mikel Velasco. Ilusinoz eta lan handiz heldu deutsie erronka honi, mundu mailako txapelketa baten Euskal Herriaren izena eramateko helburuagaz.
Parte-hartzea ez da erraza izan. Ez dira selekzino ofizial gisa abiatu, baina nazinoarteko erakundeen babesagaz eta aurkeztutako proiektuaren bidez, aurrera egitea lortu dabe. Oztopo nagusia, hori bai, finantzaketea izan da, eta horregaitik azken hilebeteetan hainbat ekimen jarri dabez martxan, besteak beste, kamiseten salmenta eta azokaz azoka egindako diru-bilketekin.
Zeelanda Barriko txapelketan denporaren kontra lehiatuko dira, baina kalidadea, uniformetasuna eta animaliaren ondoizatea be zorrotz epaituko dabez epaileek. Akats txikiek penalizazinoak ekarri leikiez, eta horrek presinoa handitzen dau lehiaketan. Halan be, ordezkariek argi dabe helburua: Euskal Herria munduko beste puntara eroatea, harrotasunez, errespetuz eta esperientzia ahaztuezina bizitzeko gogoz.
