Planik Plan irratsaio barriari ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutuko dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Urriko lehen astegoienetik Bizkaiko herri desbardinetan ospatuko diran Euskal Jaiak, herrietako festak eta Janus Lesterrek Balmasedan emongo dauan kontzertua nabarmendu dogu.
Barikua
Euskal Jaia ospatuko da astegoien honetan Bizkaiko hainbat tokitan, Zornotzan, Sestaon edo Ortuellan, esaterako. Horren harira, bertso saioa egongo da Ortuellan, baita Iurretan eta Portugaleten be. Ortuellan, arratsaldeko 18:00etan, Gorka Pagonabarraga eta Bittor Salterain izango dira; Portugaleten, gaueko 21:00etan, Aner Euzkitze eta Oihana Arana; Iurretan, gaueko 22:30etan, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio.
Zapatua
Japoniako kulturea izango da protagonista zapatu honetan Bizkaian. Barakaldoko BEC!-en Japan Week dalakoa ospatuko da, data garrantzitsua mangazaleentzat. Ganera, marrazki lehiaketea egongo da Getxon, Txistu Eguna ospatuko da Bilbon eta Sardinera Eguna Santurtzin.
Domeka
Astegoieneko azken egunari jagokonez, motorra izango da protagonista Loiuko auto klasikoen konzentrazinoan. Kirolak be garrantzia eukiko dau domekan, lasterketa herrikoi batzuekaz. Batetik, Orozko Harana iraupen mendi ibilaldiaren hogeita hamalaugarren edizinoa egingo da eta Serantes Igoera be eukiko dogu Santurtziko Mamariga auzotik abiatuta.