Euskal kulturaren hartzaile preminari erantzuteko ahalegina egingo dau Durangoko Azokak

Hartzea ematea DA! lelopean, abenduaren 5tik 8ra bitartean egingo da 59. Durangoko Azoka

Euskal kulturaren hartzaile preminari erantzuteko ahalegina egingo dau Durangoko Azokak

2024ko Durangoko Azokaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

59. Durangoko Azokaren kartela eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe gaur, Durangoko Landako Gunean. Hartzea ematea DA! da aurtengo leloa. Durangoko Azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiaren berbetan, euskal kulturgintzako komunidadea pozten danean Durangoko Azokako antolakuntza be poztu egiten da. “Eta preminak dituanean, gu be kezkatu egiten gara”, azaldu dau koordinatzaileak.

Hartzea ematea DA!. Horixe da 59. Durangoko Azokaren leloa, eta hautatzeko zergatiak azaldu dauz Gaztelurrutiak. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emoteko bide bat dala aitatu dau, eta euskaraz jasotzen dan kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko deuskula be. Gainera, euskal kulturak bizi dauan egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman deutso.

Udatxo eta Balu artisten kartel barritzailea

Aurtengo azokaren kartela hainbat ikuspuntutatik barritzailea da. Hasteko, egile biren arteko alkarlanetik jaio dalako, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Horrez gainera, sorkuntza prozesu bereziaren emoitxa da: geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu dabe. Aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu dabe, eta leloa mihise batean margotu be. Bestelako elementuen artean, eskuak ageri dira irudian. Udatxo muralista eta margolaria da; Balu multidisziplinarra da, eta deskontestualizazinoaren eta transmutazinoaren teknikak jorratzen ditu. Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzi diran irudien eta azokako aurreko edizinoetako kartelen zatiak itsatsi dabez; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan barri bat emoteko. Izan be, Durangoko Azoka trasmisino horren erakusle be bada.

DA! PRO topaketa

Zemendiaren 26an eta 27an DA! PRO topaketea antolatuko da, sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko helburuz. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dabez Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txandea izango da, Plateruena kultur aterpean. Kulturgileek urriaren 18ra arteko epea izango dabe topaketan izena emoteko, eta teknikarien txanda zemendiaren 11n etorriko da. Interesdunek durangokoazoka.eus webgunera jo behar dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00