Hiru proposamen hiru egunetan

Zer(K)nias zikloa eskeiniko da gaurtik domekara bitartean Fundicion aretoan

Euskal sorkuntza eszeniko independientea nagusi

Olaia Valle dantzaria / AstaKardu

Hiru ikuskizun eskeiniko dira Bilboko Fundicion aretoan gaurtik domekara bitartean, Zer(K)nias zikloaren barruan. Programa honen bidez, Deustun dagoan areto honetan, Euskal Herrian sortutako proposamen barritzaileak eskaintzen dira. Euren esanetan, kalidade handiko lanak dira eta ohiko antzerki zirkuituetatik urrun dagozanak. Beraz, Zer(K)nias ekimena, urteroko erakuslehioa da ahots eta sorkuntza modu barrientzat.

3 proposamen

Gaur, hasteko, Olaia Valle dantzari bizkaitarrak Entre mi cuerpo y yo. Llorona, llévame al rio eskeiniko dau. Bakarlari modura sortu dauan lehenengo lana da. Dantza garaikideko pieza bat dala esan deusku. Bere bizitzan ispirazino izandako emakumeen omenez sortu dauan ikuskizuna da. Bere ama, Gloria Fuertes edo Chavela Vargas moduko emakumeak omendu nahi dauz Vallek lan honetan. Berak dantzatzen dauan bitartean, Amaia Santamariak eta Zuhaitz Fernandezek, zuzeneko musikea eskeiniko dabe. Zazpiretan hasiko da gaur emonaldia.

Bihar, Raíra Rosenkjar arituko da Fundicion aretoan. Brasilen jaio eta Bilbon bizi dan performerra da Rosenkjar. Tetas izeneko lana aurkeztuko dau. Ikuspegi feminista eta kritiko batetik egindako lana da. Zalantzan jartzen dauz generoari eta botereari buruzko kontaketa hegemonikoak. Desioaz, zaintzaz eta loturen beharraz egindako hausnarketea da.

Domekan, Infinitudrama konpainiaren txanda izango da. Maite Aizpurua eta Garazi Navas agertuko dira kasu honetan alkarregaz Adarbakarra izeneko ikuskizunean. Urte bi baino ez daukaz konpainia honek eta hiru ekoizpen sortu dabez. Aizpuruak azaldu deuskunez, Adarbakarra lana, oso zaila da definitzen. Kondaira bat izan zan hizpide. Umorea, poesia bisuala eta musikea buztartzen dira lan honetan. Aizpurua koplari ari dan bitartean, Navas soinujole arituko da. Euskaltasuna, garaikidetasunetik birpentsatzeko hausnarketa modukoa sortu dabe. Zer(k)nias zikloan eskeiniko diran antzezlanak, esan dogunez, ohiko antzerki zirkutuetatik urrun dagozan lanak dira. Onartu deuskuenez, ez jake erreza egiten euren proposamenak programazino desbardinetan sartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00