Euskal Zinemaren Begirada saria Pantailak Euskeraz ekimenarentzat izango da

Euskal Zine Bileraren 48. edizinoa egingo da aurten

Euskal zinea ospatzeko jaialdia Lekeition

"Akelarre: marearen kontra" dokumentala estreinauko da Lekeition / Euskal Zine Bilera

48. Euskal Zine Bilera hasiko da gaur Lekeition. Euskerazko ikus-entzunezkoen topagune bihurtuko da barriro Lekeitio gaurtik hilaren 21era bitartean. Euskal Herrian euskera hutsean egiten dan jaialdirik zaharrena da honakoa. Hasi zirenetik, urtez urte, hazten joan dan jaialdia da. Euskal zinemagintzeak be gorantz egin dau. Xabier Arratek, Euskal Zine Bilerako koordinatzaileak esan deuskunez, euskal zinemagintzeak urteak daroaz indarra hartzen.

Sail ofiziala eta estreinaldiak

Lekeition, aurten, sail ofizialeko film labur guztiak gaurtik zapatura ikusi ahal izango dira Ikusgarri zineman. Filmeen artean, aniztasuna nabarmendu behar da. Arrateren esanetan, filmeen aukeraketea egiterakoan, danetarik egotea gura izaten dabe. Beñat Sarasola idazlea, Itziar Atienza aktorea eta Miren Aperribai zuzendari eta banatzailea izango dira epaimahaiko kideak. Sari-emote ekitaldia zapatuan izango da. Aipatu behar, Euskal Zinemaren Begirada saria, Pantailak Euskaraz ekimenari emongo deutsiela, egindako lana aitortuz. Zapatuan, Asier Altunaren Karmele eskeiniko da, solasaldia egongo da ostean egileakaz, eta Akelarre: marearen kontra dokumentala be zapatuan estreinauko da, talde honen 30 urteko ibilbidearen barri emonaz. Txillarreko Sukaldaria dokumentala be ikusi ahal izango da Lekeition. Zemendian, Zinegin jaialdia egingo da Hazparnen, euskera hutsean hau be. Zinemaldi bien arteko alkarlanari esker, Lekeition eskeiniko diran filme batzuk be ikusiko dira Zinegin jaialdian. Gazteen parte hartzea sustatzeko Harrobia egitasmoa gauzatzen dau, bestalde, Euskal Zine Bilerak Taupagaz batera. Klixka izeneko egitasmoa be lantzen dabe esperimentazinoa bultzatuz. Eta Atzo8 programan, euskal zinemaren ondarea jasoko da beste behin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00