Euskera Hobetzen: 2021eko abuztuaren '3 goizean' edo '3ko goizean'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: 2021eko abuztuaren ‘3 goizean’ edo ‘3ko goizean’?

1. Albotik igaroten egoan bati begira-begira dagoanari, albotik bere lagunak egindako oharra: “Ez zaitez holan begira-begira geratu. Igarriko deutsu begira zagozana eta!”. Begira zagozana ala begira zagozala? 

Gramatikako puntu ezaguna da hau. Menpeko aditz osagarria, konpletiboa, normalean, aditz jokatuari -la atzizkia erantsita marketan dogu, baina kasu batzuetan -na atzizkia be erabilten dogu; kasu batzuetan, ez beti.
Aditz nagusiaren esangureari ondo erreparau behar jako, noiz erabili leiteken -na atzizkia menpeko konpletibo baten, -la atzizki orokorraren ordez bereizteko.
Goiko esaldi horretan aditz nagusia igarri da: Igarriko deutsu begira zagozaNA. Baina bestetara be esan lei: Igarriko deutsu begira zagozaLA. Atzizki orokorra, -la marka, erabiltea beti da zilegi; mendeko osagarri-konpletiboetako marka neutroa dan ezkero, beti erabili leiteke. Baina -na atzizkia erabilgune murriztuan darabilgu, esangura-ingurune berezi eta jakin baten, eta ez edozein kontestutan.
Zeintzuk dira -na mende-atzizkia erabiltea zilegi daneko ingurune edo esangura-esparruok? Aditz nagusiak, edo aditz multzoak, ‘ebidentzia, egiatasun’ esangurea bermatzen dauenekoa; haren menpeko konpletiboak adierazoten dauena ‘halan dalakoa’ ziurtatzen dauenekoa. Igarriko deutsu begira zagozaNA dinoanak argi itxi gura deutso entzuleari, solaskideari, ‘Zu begira zagoz’, halan da, eta igarri deutsu aditzagaz ebidentzian hori agirian ipinten da.
Taiu honetako egituretan, -na mende-atzizkidun konpletiboen buru egiten daben aditzetan ugariena eta ezagunena jakin aditza dogu. Sarri esan daroagu: Badakit haren atzetik zabilzaNA. Ondo dakigu guzurra dinoaNA. Jakin dogu isilean ezkondu zaraNA.
Baina mendeko esaldiaren ‘egiatasuna, ziurra izatea’ beste aditz edo aditz egitura askogaz be espresetan dogu.
Idazle gitxi batzuetatik hautu ditugu eredu gitxi batzuk, klasikoak edo modernoak. Egia esanda, idazle klasikoetan mehatz agiri da -na marka konpletiboa, nahiz eta ziur dakigun XVI-XVII mendeetan be erabili izan dana. Askoz ugariago erabilirik agiri da XIX. mendearen erditik honuntzko idazle eta idatzietan. Hara batzuk:
– Agiri izan aditz multzoaz: “Ondo agiri dabe askok Jesu Kristori amodio gitxi deutsena.” (JAMog Serm 13),
– Erakutsi: “erakutsi eban Sabinoren dotriñakue ez zana.” (T. Gerrikagoitia, Arantza eta Larrosa).
– Ikusi aditzaz:“Erri guztiak dakus, familia areek, senide areek, guraso-seme areek ikusi ezin diriana.” (Astarloa UD 2).
– Seinalea izan aditzaz: “Da seiñalia, gatxak damu andirik emoten ez dabena, edo osasuna benetan gura ez dana.” (J. A. Mogel Confesino).

2. Errefrau baten esana: “Joandako urari ezin leikio presarik egin”

Atsotitz honen aldaera ezagun bi ba dira, goiko horren joandako ura egitura ezagunaren ordainetan, batak ur igaroa eta besteak ur joana darabilenak, aditz partizipioak adjektibo kategoria lez darabilen izendapen lilurazkoak: “Ur igaroari presarik ezin leio” (EY 2830) eta “Ur joanari presarik ez.” (EY 2830).
Errefrau hau lehenago be inoiz aitatu izan dogu irrati-tarte honetan (2021-09-16/2). Baina oraingoan ura eta errotea ardatz harturik eiho diran beste errefrau batzuk jorratu gura gendukez.
Ura zelangoa dan, kolorez, hotz-beroz edo irudi bidez darakusen atsotitz batzuk garanduko ditugu.
Ur barea eta ur lasterra gizakien izakune guztiz kontrakoen iruditzat darabilen batek dino: “Begira hadi ur bareti, nihaur lasterreti” (EY 2105). Gaztelaniaz be nahinon entzuten dan kidekoa dauena: “Líbrame de las aguas mansas, que de las bravas ya me defenderé yo”. Edo: “Del agua mansa líbreme Dios, que de la brava me libraré yo”.
Ur geldia be irudi ezaguna eta hurrekoa dogu: ur geldia, ibilian ez doan ura atsitu bihurtzen da. Eta gizakien jokabidean be antzera: “Hur geldian ez ezar oinik, ez eskurik.” (EY 1110).
Ur beroa eta ur hotza be oparoak dira irudi gisa erabilirik. ‘Ur beroa’ aipu daben biren esana: “Ur beroaz erre txakurra epelaren beldur da” eta “Ur beroz errea hotzaren lotsa”(EY 643), “Ur beroz errea, hotzaren bildur” (EY 2829), Azkuek baturiko batzuen hitzak . Gaztelaniaz ezagunagoa, katuaren irudipean: “Gato escaldado no vuelve al agua” edo “Gato escaldado, del agua fría huye”.
Ironiaz hornidua da irudi bera iruntzitara, ur hotzaz erre, damaigun beste hau: “Ur hotzez errea beroaren bildur” (EY 2832). Jabier Kalzakorta irakasle lagunak, mezu berorregaz bardintzekoa dan beste hau eskeini eustan oraintsu, amari entzuna ebala-ta: “Ur hotzetan erreta edo zahietan itota naia(go)k” (2023-II).
Ur handiak itsaso zabalekoak ohi dira sarri; “Itsasoan urak handi, ez dau ondorik agiri” kantatzen dau kopla zaharrak. Baina ur handiak eta arrain handiak iruditzat darabilen batek handikien indarra eta aginpide handia agiri ditu: “Ur handietan arrain handiak.” (EY 641).
Arraina ugari harrapetako leku ajututzat ur barrena, ur sakona, darabil ahotan hurrengo honek: “Ur barrenean arraina franko.” (EY 642). Bide berekoa dogu, itsasokoetan barik errekako uretan arrainak zelan atzitu gogoratzera datozanak: ur lohiak batzuetan, ur arreak beste batzuetan: “Ur lohietan eskaluak” (EY 645) dino batek. Ur arreak gitxi entzuten da gaur, arre kolore-adjektiboaren ezaguerea aldendu dalako gure artetik. Lexikoturik dogu horretatik uharre izena be, hurrengo errefrauan agiri dana: “Urak ezteramana, uharreak.” (EY 2838).
Ur isuriaren irudia be erabilia da berbea beteten ez dakian jentearen ispilutzat: “Hitz emana, ur ixuri ezin bil daitekena” (EY 2560).
Ur-ardaoen kontrastea batetik, eta ur-gatzena bestetik, jente epelaren, ez zenurako ez inpernurako ez danaren iruditzat be sarri agiri dira. Ardaoagazko kontrajarpena, batetik: “Ez ur, ez ardao” (EY 2354). Eta gatzagazkoa bestetik: “Ez ur, ez gatz” (EY 2354). “Hori ez ur, ez gatz.” (EY 2764).
Amaitu daigun jarduna uraren bidea, urak ibilian egindako bidea, errotetako ubidea be horretatik dator gogora dakarren atsotitz guztiz zahar baten esanaz: “Mila urte igarota, ura bere bidean” (Despues de aguas mil, vuelve el agua a su cubil). Oraintsuagokoa dan Iparraldeko honegaz borobilduko dogu: “Urak eginen du bide.” (EY 2836).

3. Bizkaiko herri askotan, arratsalde partean nor edo ha formula bidez agurtu behar danean, esaten da: “Arrasti on!”. Leku batzuetan esaten da arratsaldea eta arratsalde on, eta beste batzuetan arrastia ta arrasti on. Zertan datza diferentzia?

Maribi Egia, Jatabeko euskerahobezale, berakatza baino finagoak bialdu deuskun mezuak emon deusku haria puntu honi heltzeko.
Dino mezuan: “Nahiko orokorra bada bere, gure inguruan arrastion esaten dogu agurtuteko, baina egunaren zatiari atsalde. Ez dogu, ostera, atsaldeon esaten. Arrastegi etxean inoiz entzunda daukat, baina Arrastegi on ez. Edozelan bere, asko sarriago atsalde, arrastegi baino. Atsalde da gurean forma erabiliena ‘arratsaldea’ esateko. Goizeko zatiari goiza; geure erara ahoskatuta goixe; edo eguerdate, bata zein bestea. Eta arratsaldeko edo goizeko akabuko zatiari erreferentzia eginda, atsalde belun, goix belun edo eguerdate belun, inesibo kasuan”.
Mezu horren harira, Biosne Zarandona Labayru Fundazioko teknikariak Larrabetzutik beste zertzelada hau gaineratu dau: “Guretzat goiza eta eguerdatea ez dira bardin-bardinak. Eguerdia 12 edo 12.30etatik bazkalordura arteko tarteari esaten deutsagu. Eguerdatea guretzat goizaren zati bat da, 11.00-11.30etatik 12.00-13.30etara bitartea edo. Halan goizean armozau egiten dogu, eguerdatean pintxotxu bat edo hamaiketakoa jaten dogu, eta eguerdian marianitoa hartzen dogu”.
Gehitu daidan bide batez, Biosneren argibideak balio dauela Morgarako eta beste leku askotarako be. Goiza eta eguerdatea ez dira guztiz bat. Izen biok leku berberean eta hiztun berberok darabilguz.
Baina natorren arrasti-arratsalde izenen harira. Konzeptu berbera da gaurko hiztunontzat arrastia eta arratsaldea. Bizkaiaren sartaldean arrastia gorde da. Morgan be halantxe ikasi neban txikitan. Baina Bizkai erdialdetik (Urdaibai, Durangaldea) ekialderantz arratsaldea, edo laburturik atsaldea esaten da.
Arrastia gaur laburturik esaten danaren atzean arrastegi izen zaharragoa dogu. Gure klasikoek, berariaz sartalderengoek, arrastegia idatzi izan dabe, eta eremu zabalagoan arrastei barriagoa erabili izan da (frai Bartolome, J.A. Uriarte eta oraintsuagoko askok). Frai Bartolome etxebarritarrak bietara darabil. Era osoa sarriago: “Guztia da priesea piesta eguna, arrastegian piestara joateagaiti” (Olgeeta), “Atsoak badira, ta endamas seme alabak an [erromerian] daukeezanak, azeria oilloa jaten baino pozagorik dagoz plaza baztar bateti edo bentana zulo bateti dantzeari begira arrastegi guztian kansau bagarik” (Olgeeta). Baina era laburragoaz be inoiz bai: “Zeinbat kristinauk, jai domeken goxik geiena eragotzitako bear modu askotan iragota, arrastei guztia, ta gabaren zati bat diabrua serbiduten iragoten dabee?” (Ikasik I). Halan: “Etxeruntz etozala / pozik arrasteian, / aixe barik asi zan / euria mendian” (Poesia.Bascongada 424).
Eta horretatik, bokalak bardinduz, arrasti. Arrastia era modernoa da, arrastegi eta arrastei zaharragoen gaur eguno ebakerea. Baina berbaz ez ezeze, idazleetan be estimazino puntutxoa irabazi dauen ebakerea. Halan Erkiaga lekeitiarrarenean: “Arrasti erdian, bideak aurrera doalarik, erriko plaza txikerrean, tanbolin soiñua dantzu” (Batetik.Bestera). Eta bardin Bit. Gandiaga mendatarrarenean: “Arrasti epeletan eliza torreari bueltaka dabiltzan elaiak baiño txoroago” (Elorri). Edo Tomas Gerrikagoitia bollibartarrarenean: “Arrasti guztia pasau, ta berbak eta kejak bakarrik entzunda etxera” (Arantza).
Eta azkenez arratsa daukagu, gaur berba bakun eta soil moduan erdi aldendu dan izena. Lehen arrratsa eritxonari gaur iluntzea edo ilundea deritxagu. Baina arratsa dala-ta, akordura jatortaz ‘Frantzia kortekoa’ deritxon baladearen akaburengo kopletariko baten berbak, Zeanuriko bertsino zaharrean: “Ai amaginarraba, muskerrez betea, / sugeak eingo al deutso / arratseko ogea” (iluntzerako, gauerako ohea sugeak egitea egozten deutso birao modura erran gazteak amaginarreba heriotzaginari).
Amodio kopletan bere neskatileak amoranteari gomendatzen deutso, ez egun argiz etorteko berarenera, ezpada: Zatoz arratsean, hau da, ilunabarrean. Mikel Laboaren kantuan: “Zatoz maitea gure etxera dostatzera arratsean”.

4. Euskerahobezale batek bialdu deuskun oharra, testu baten irakurri izan dauela-ta. Dino: “2021eko abuztuaren 3 goizean”. Zuzentzat jo leiteke esaldi hori?

Nagore Etxebarria Euskaltzaindiaren hizkera-teknikariak bialdua da mezua. Ohar hau erantsi deutso esaldiari. “Ez deust ondo emoten neuri”. Eta proposamen bat egin be bai: “Abuztuaren 3ko goizean??”.
Aukera bi joko neukez zuzentzat eta bideragarritzat. Bata, Nagore Etxebarria andreak bideratu deuskun berbera: abuztuaren 3ko goizean. Eta beste aukerea genduke: abuztuaren 3an goizean.
Abuztuaren 3an, soilik hartuta, guztiz zuzena dogu: hile-izena eta hile-eguna, bata-besteagaz -en edute-genitiboaz josita: hilearen zein egun. Baina joste hori -ko leku-genitiboaz egitea ez da bideragarri. Hartuemon semantikoa ez da zein hiletako zein egin, ezpada zein hileren zein egun. Pertenentzia edo jabetasun hartuemona da nagusi.
Baina goiko esaldi horrek agiri dauen egiturea da: abuztuaren 3 goizean. Horretan, lehen sintagma egitura biak zuzen lotuta dagoz.. Untzea beste honetan datza: hile-egunaren zenbakia eta egun horren parte bat goiza, arratsaldea, gaua… lotura-marka barik josi ahal daitekezan. Ezetz dirudigu. Gaztelaniatik abiatzen bagina, erraz eta berez lez josiko genduke, esanez: “el 3 de agosto a la mañana”. Baina euskeraz, hile-eguna markatzen dauen zenbakia, hirua, eta egun horren parte bat goiza, arratsaldea edo gaua izan josteko ezinbestekoa dogu izenlagun lotura-marka bat. Eta kasu honetan -ko genitiboa toketan dala esan daiteke: hilearen hiruKO goizean.
Aukeran emon gura genduken bigarren egiturea, aposizino funtzioan lerrotzea egitura konplexu hori: abuztuaren hiruAN goizEAN.

5. Ugazabandra sukaldari bati entzuniko esaldi bat. Indaba-lapikoa txiri-txiri egiten, eta alabeari esaten: “Ipini lapikoari tapea ertzidirik”

Lapikoaren tapea, estalkia ertzedegirik edo ertzidigirik istea, guztiz zarratu barik, bitartetxoa edo intzirrikatua, ‘ixtrikin’ bat, zabalik dala. Gazt. ‘entreabierto’.
Ate edo leihoen gorabeheran erabili izan da sarri ertzedegi hitza, batzuetan aditz gisa eta sarriagotan adberbio modura. Ahoaz diharduala darabil behin E. Erkiagak: “Begiak zabal, ahoa ertzedegi” (Arranegi).
Adberbio egituran be sarri entzuten da. Halan, lapikoaren estalkia dala-ta: “Ipini lapikoari tapie ertzi(di)rik” (Barrutia. Teresa.Totorikaguena). Lapikoaren tapea, estalkia ertzedegirik edo ertzidigirik ixtea, guztiz zarratu barik ixtea da, bitartetxo bat edo intzirrikatu bat, ‘ixtrikin’ bat zabalik itxita. Gazt. ‘entreabierto’. Aditz kategoriaz be erabili daiteke, mehatzago entzuten bada be: ertzedegi: ad. ‘entreabrir, entreabierto’.
Adberbio egituran be sarri entzuten da. Halan, lapikoaren estalkia dala-ta: “Ipini lapikoari tapie ertzi(di)rik” (Barrutia. Teresa.Totorikaguena). Lapikoaren tapea, estalkia ertzedegirik edo ertzidigirik ixtea, guztiz zarratu barik ixtea da, bitartetxo bat edo intzirrikatu bat, ‘ixtrikin’ bat zabalik itxita. Gazt. ‘entreabierto’. Aditz kategoriaz be erabili daiteke, mehatzago entzuten bada be: ertzedegi: ad. ‘entreabrir, entreabierto’.
Igazko urtean (2022-10-06/3) jardun genduan zehe eta sakon ertz izenaren inguruan. Baina lehengoari eragin barik be, baditu berba honek ertz batzuk, gogorazotea merezi dabenak.
Hitz alkartu barruan dauen ugaritasunaren barruan, ate ertzean gogorarazo nahi neuke. Izan be, ate ertzean dagoanak atea ertzedegian euki ohi dau. Ertza, ingurune horretan ‘bitartea’ da. Halan darabil F. Bilbaok bere ipuin bilduman: “Zeiñen errez […] begiratuten eutsan Don Pauliñok sakristauko ate-ertzetik Luki-Andiri, koruko baztar baten egon arren” (Ipuin Barreka).
Izen alkartu barruan, ate-ertzikin, erabili eban hiztunak, berbaz entzuniko hurrengo honetan be: “Ate ertzikinetik ikusi dot” (Soietze. Gamiz).
Bada beste esapide bat, orduan aitatu ez genduana: Ertzetik ertzera, esatea lez gazt. ‘de punta a punta, de extremo a extremo’. Gerra aurreko Arantzazuko Egutegitik hautu ditut, euskal ikurrinaren deskribatzen daben esaldi bi: “Ondo gorriaren gaiñean, gurutze orlegia ertzetik ertzera, eta gaiñean, albo-erditik albo-erdira, gurutze zuria” (EAEg 1937-05-31). Eta bigarrena: “Euzkadiko ikurriña ondoz gorria izango da. Gaiñean, ertzetik ertzera, bi zerrenda musker eta aldamen-erditik aldamen-erdira gurutze zuri bat” (EAEg 1936-10-28).
Eta badogu ertzeka adberbioa be, Lizardik ‘zeharka, alboz’ adieraz darabilena: “Baiña arloaz ertzeka dihardut. Natorren harira”.
Bizkai sartaldeko berbetan ertzean be guztiz entzuna da (aitatu genduan zeharka arteragoko haretan be: 2022-10-06/3). ‘Eurrezean, bata bestearen atzean, ugari’ adiereaz. Kepa Enbeitaren bertso batetik jaso dot honako txatala: “Mangutsik, dinbi-danba, / aizkorotsian, / mukur-txikitzen gogor / dabiz ertzian. / Montorrak eiten dabez / eskaratzian” (K.Enbeita).
Euskerahobezale entzuleei itaun parea. Batetik: Erabilten dituzue ertzean edo ertzetik? Zein kontestutan eta zer esateko? Bestetik: erabilten dozuez, edo ezagunak dozuez, ertzedegi, ertzedegian, ertzidi(gi)rik edo halangoak? Ze esaldi ingurutan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular