Labayru Hiztegitik heldu jakun zalantza bat. Zelan esan bizkaira landuan? Gisaua ala gisadua?
Halan dino zalantza-oharrak:
“Egun on, Adolfo. Laguntza eske gatortzuz oraingoan be. Zalantzea daukagu aditzetik eratorritako adjektibo eta izenakaz bizkaieraz zelan jokatu, Hiztegian nahastea dagoala konturatu gara eta.
Izenen kasuan, esaterako, zelan jokatu behar dogu, -au ala -adu amaierea emon behar deutsegu? Gisau ala gisadu? (guisado); jubilau ala jubiladu? (jubilado -da); erretirau ala erretiradu (retirado -da); atestau ala atestadu? (atestado).
Adjektiboak diranean, zalantza bera daukagu: subrogau ala subrogadu? (subrogado -da) – Haurdunaldi subrogaua ala subrogadua? Sinkronizau ala sinkronizadu? (sincronizado -da) – Uger egite sinkronizaua ala sinkronizadua?. Artegau ala artegadu? Ernegau ala ernegadu?
Bestalde, aditzetik eratorritakoak ez diranakaz zelan jokatu behar da bizkaieraz? Abogau ala abogadu? Diputau ala diputadu? Koitau ala koitadu?”
Horraino Labayruko Lexikografia Ataleko teknikarien oharra. Mila esker euroi.
Morfologia-eredu bien arteko nahastea berbetan bertan dago, eta zenbat eta erdirantzago goazan. -au atzizkiaren indarra gero eta agiriago eta igarriagoa.
Dana dala, tradizino idatzira jotea da zuhurrena, -au eta -adu atzizkien arteko bereizkuntzaren barri jakiteko. Eta bidez batez gogora daigun, bizkai euskerearen lekurik gehienetan be garbi bereizten dirala bata eta bestea.
Aurreratu daigun lehenengo, euskerara gaztelania-erromantzetik sartu diran aditzak -au modura ebaten dirala sartaldean gaur egun, gainerako hizkeretan -atu egiten diranak. Baina gaur -au diranak lehenagoko mendeetan -adu ebaten ziran. Halan, gaur alegrau bedi esaten dana aurreko mendeetan alegradu bidi esaten zala; XIX. mendetik aurrerakoa dogu alegrau bedi bihurtu izana. Frai Juan Zumarragakok horrelan idatzi eutsan XVI. mendean Mexikotik Muntxarazko bere arrebeari. Gaur egun librau da Ondarribia esango gendukena XVII. mendean libradu dala(ko) Ondarribia ebaten zala.
Gaur egun sartaldeko berbetan kategorien arteko banakuntza egiten da. Aditzetan -au ebaten dana, eboluzino aurreratuagoa, izen edo adjektibo danean -adu ebaten da, ebouzino geldoagoa. Halan bereizten dira kategorien arabe konbidau/konbidadu, berbarako. Esan lei: Bazkaltzera konbidau ditut lagunak. Baina aldi berean: Hamar konbidadu euki genduzan etxean herriko jaietan.
Izen kategoriako hitz batzuk -adu atzizkiaz: Kriadua. Letradua. Lizentziadua. Nobiziadua.
Bide beretik bereizten ditugu seinalau eta seinaladua. Norbait atzamarragaz seinalau neike, baina San Antonio egun seinaladua dala Urkiolan, esan aldi berean.
Ondorio garbia hau da: erromantze-maileguzko aditzak bizkaieraz -au ebaten dirala gaur egun : gobernau, sangrau, azartau, nahastau eta errosario luze bat.
Eta maileguzko adjektiboak, edo izenak, -adu ebaten dirala gaur egun be. Itaun egin geinke: Zenbat lagun konbidau dozuz? Edo: Zenbat konbidadu etorriko dira? Esakera ezagun bat bada: “Hau da mundua. Ogirik ez eta konbidadua!” (Lezama. Arratia).
Beste berba gehiago:
Afiliadu / afiliau: Zenbat afiliadu ditu sindikatu horrek? Noiz afiliau zinan?
Akusadu / akusau. Zein da akusadua auzi honetan? Zer dala-ta akusau dabe?
Estimadu / estimau: Ume estimadua. Alabatxu estimadua. // Ez dau asko estimau egin jakon eskaintzea. Aita edo seme bategaitik esan daiteke estimadu dagozala etxean, edo estimaduak dirala etxekoentzat. Baina bestetik, gurasoek seme-alabak estimau egiten dituela.
Ilustradu / ilustrau: Gazte eskolatua eta ilustradua dogu batetik. Gizon horrek ondo erakutsi dau asko ilustrauta dagoala.
Gisadu / gisau. Okela gisadua deritxagu jatekoari, baina beste konturik da, okelea ondo gisau behar dala, gozo egon daiten.
Interesadu / interesau: Pertsona hori interesadua da, lar interesadua, kontu honetan; ostean beti dauka interesen bat. Pertsona horri sano interesau jako emon deutsadan informazinoa.
Juzgadu / juzgau: Gauza bat da Juzgadua, egoitza, eta beste bat norbait oker juzgau dogula eta eretxi txarra emon.
Komunikadu / komunikau: Alkarteak komunikadu bat atera dau argibideak emonaz. Alkarteak nobedaderen bat komunikau gura leuke.
Kostipadu / kostipau: Kostipadua euki lei batek, gaixotasun arin bat. Baina inguruko guztiak bildurrez ikara jarri leitekez gaixo dan horrek eurak kostipau ez daizan. Kostipedua harrapau dot. Hotz-beroagaz kostipau naz.
Legadu / legau. Zein da itxi dauen legadua? Zer legau dau?
Ondradu/ ondrau: Ondradua dala behargin bat esan daiteke, baina, dotrineak erakusten dauenez, gurasoak ondrau behar dirala autortuko genduke.
Zertifikadu / zertifikau: Paperean idatzi zertifikadua. Halan dala zertifikau, azpian sinatuta. Esan daikegu heriotzea zertifikau dauela mediku forenseak, eta hori zertifikadu baten bidez.
Ofizioz izan leiteke bat letradua, edo izan leiteke lizentziatua, baina aditzaz baliatuko bagara, soldadutzatik lizentziau dala esango dogu.
Badira, dana dala, aditz modura ez darabilguzan izen edo adjektibo maileguzkoak. Halangoa dogu koitadua, edo koitadea, ‘gixajoa’ esan ordez.
Aditz mailegatua -idu amaierakoa danean, bietan jagoten da osorik: kabidu aditza, kasurako. Arrautza prijiduak ditugu batetik, baina arrautzak sartaginean prijidu behar dirala esan daroagu aldi berean. Bietan bardin ebagita.
Beste hizkuntza batzuetan be esaten dan esakuntza baten berbak: “Bila dabilenak topetan dau”. Esangura garbiko esaera modua
Alemanez honela esaten da: “Wer sucht, der findet”. Euskerara egokitu dogu.
Aditz egitura biren joskurea dogu esaldian. Batetik, bila dabilena, eta bestetik aurkitzen, topetan, idoroten edo kausitzen dauena.
Irudi edota egitura diferenteen bidez adierazorik agiri da mezu hori. Hara batzuk:
Geldirik egonda ez da behar dana aurkitzen: “Zakurrak geldirik ez du aurkitzen hezurrik” (Atsot. 13698).
Bila dabilenak jadesten dau aurkikuntza. Halan: “Hasi ari (hadi) billa, eta ikusikok zenbat eta zertzuk agerketan jaken” (Atsot 2616). Saiaitu aditzaren bidez, mezu berbera: “Saiatzen danak billatzen du” (EEZZ II 2540).
Zoriona ez dator berez, bila ibilita baino: “Zorionaren billa jun biar (behar) da; zoritxarra deitxu barik etorten da” (Atsot 14182).
Bila ibili, denporea alperrik igaroten itxi barik: “Galdu zeegik (ez egik) aldia ta idoro (ediren, aurkitu) daik naia” (Atsot 527). < RS bildumatik hartua.
Urari segi, bizimodu ona aurkitzeko: “Urari segitu eta bizimodu ona aurkitu” (Atsot 13009).
Bilatu eta idoro aditzak aurrez aur: “Galdu errez, idoro gaitz” (EEZZ I 1224).
Zeren bila eta bisita egin: “Bisita luzea, zerbaiten bila” (Atsot 2652).
– Fallo bila: “Eroslea pallu (fallu, akats, huts) billa. 4172”.
-Atxakia bila ibili eta arrazoia aurkitu: “Aitzaki billa dabillenak, beti billatzen (aurkitzen, atzematen)” (Atsot 415).
<=
– Onaren bila: “Onaren oa billa ta txarrari makilla. 10667”
– Abere hila – bila: “Non abere ila, putrek haren billa. 99”.
– Senar hila – bila: “Senarra atzo du (h)illa, (h)asi da beste baten billa. 12042 ”.
– Bila eta bila beti, eta topetan ez: “Nun nor topatuko, zenbait beti ezkontzeko.” (EEZZ II 2268).
– Galdu danaren bila: “Galdu dan tokira joan behar da billa. 5276”.
– Ez joan bila: Daukazunaren bila urrunera: “Ez joan kanpora, zeure sukaldean daukazunaren billa. 12284”. Suerte bila: “Suerte billa ezta fan ber, suertea bera etortzen da. 14285”
—
Topatu aterpea: “Aterpea nun topatu, ijitoak an ostatu. 10959”.
(…)
Lehengo egunean ahuspez berbea izan genduan autugai. Hori dala-ta, euskerahobezale batek aldrebes berbea aurreratu deusku. Larregian ei darabilgu, baina mezu-bidaltzaileak harean be gogoko ez dauena. Zein argitasun emon honezaz?
Biosne Zarandona Labayru Fundazioko teknikariak bideratu deustan puntua da honakoa. Dino: “Esaten badeuskue ‘jertsea aldrebes dakarzu’, zer esan gura dau horrek? Edo etxunda zagoz masajistearenean eta esaten badeutsu; ‘aldrebes etxun’, zer esan gura deutsu?”
Eta Biosnek eskeintzen deuskuzan aukera batzuk hara:
> arropak jantzi barrukoz kanpora, atzekoz aurrera…
> edo telak josi iruntzitara…
> edo etzan hankaz gora, buruz behera, ahuspez”.
Horra artino Biosneren esanak. Gehitu daiguzan osagarri batzuk:
‘Gora adi, gazt. ‘boca arriba’, etxun, jausi…’ esateko beste moduok be ezagunak dira: aho(a)z gora, buru(a)z gora, hortzez gora esatea da eredu bat. Eta beste etorki batekoak ditugu aratinik (berbaz atinik) eta aratean.
Aratinik. guztiz sartaldekoa dan berbea, jausi aditzagaz batera sarri. Halan: “Iges eutsen egunak, / eta mututurik, / jausi zan aratinik, / dana gogorturik” (Eusebio.Azkue). Aratin huts-hutsik be esaten da: “Lengo egunez mendizale bat / albotik jakon hurbildu, / ta etsaien bat zala susmauta / aratin eban amildu, / betiko bertan isildu” (F. Atutxa Mugarra). Aratean be esaten da. Halan: “Baita urganean luze-luze ere, aratean edo aratinik zerura begira” (E.Erkiaga Arranegi).
Atzekoz aurrera esan daroagu janzkera kontuan, atzeko alderdia aurrean dala aditzen emoteko. Beste berba batzuez adierazota: HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/binperrez/2407823?locale=eu”binperrez, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/aitzin-gibelka/2455885?locale=eu”aitzin-gibelka, HYPERLINK “https://hiztegia.labayru.eus/emaitza/LH/all/itzulitara/2430047?locale=eu”itzulitara.
Iruntzitara soineko kontuan darabilgu sarri: eratara ez dagoana iruntzitara dagoala esan daroagu: barruko alderdia kanporantz dala, edo kanpo-alderdia barrurantz. Beste aldaera batzuekin: iruntzez, iruleztara.
Beste berba batzuk be badira adierazizun berarentzat: barruko(a)z kanpora. Hau da, barrutik joan beharrekoa kanpoan dala. Beste hizkeretan gehien entzuten dana: alderantziz.
Txorikumak habiatik urtenda abietan diranean erdi hegaz erdi oinez, gaztelaniaz txorikumoi esaten jake ‘volantón’ edo ‘volandero’. Euskeraz badago berbarik horretarako?
Txorikumekak, behin lumatu ezkero, lumaz jantzi ezkero, hegaz egiteko ahaleginetan hasten dira. Hortixek datoz lehenengo hegazkadak egitea, beste leku batzuetan hegadak deritxona. Hegaz, hegan egiteko lehenengo ahaleginak.
Ze izen emoten jaken txorikume horreei. Herri-berbetan zein izenez deritxoen ez dakit. Itaundu dot, baina erantzun garbirik ez dot aurkitu. Hiztegietan hor-hemen idoro ditut: hegazerako / hegarako prest, hegan-hasle eta horrelakoak, baina ez dakit entzun egiten diran.
Ezagunagoa dogu jarduerea bera adierazoten dauen lehenengo hegazkadak, hegadak egitearen perifrasia. Berez, hegazkadak / hegadak edozein txorirenak be badira, txorikumeenak ez eze. “Egazkada bat / ezin eginda, / zelan abestu / alairik?” (Gb.Manterola Goi 94).
Hegazkada baten etorri lokuzinoa be badogu, ‘dida baten’, ‘han orduko hemen’ aditzen emoteko: “Zeure bijotzoi betor goirantza / egazkadatxu batian” (Enbeita 204).
Eta pertsonen nora-harako ibilaldi edo urtenaldiak irudikatzeko be erabilten da hegazkadea. Halan: “Egunez be lantzean behin urten behar ebala egazkada batzuk egitera” (F. Bilbao Ipuin.Barreka). “Urten behar ebala [mozoluak] egazkada batzuk egitera” (ibid.). “Vigo-rainoko egazkadia (1920)” (B.Enbeita).
Hedabideetan, oraintsuko hausteskundeak dirala-ta irakurri dogun iragarpena: “Zortzi urte eta gero alkatetza lortu du EHBilduk”. Zuzentzat jotekoa da?
Tolosako alkatetzaz dihardu albista horrek, bertako herri-adizkari baten. Baina denpora-sintagma horren egiturea behin eta barriro irakurten eta entzuten dana, hedabideetan hatan be.
Behin baino sarriago salatu izan dogu akats modura denporazko egitura hori. Hau da, eta gero atze-marka denporazkoa izen sintagma (IS) egitura bati loturik erabiltea. Euskera Hobetzen irrati-tarte honen ekitaldi bitan gitxienez aitat dogu: (2019-06-27/4) eta (2023-03-34/1), eta askoz gehiagotan isildu, gogaitak eraginda.
Neure zirriborro zerrendetan apuntauta ditut, ostera, oraintsuko erabilera batzuk, puntuan haizeratzea merezi dabenak. Hara irratiz entzuniko bi. Bata: “Albisteak eta gero ipiniko dogu kanta hori”. Bestea: “Hamarrak eta gero ipiniko dogu alkarrizketea”.
Egituren gurutzaketa hau, gaztelanian oina harturik zabaldu da dudatzaka: Después de las diez, después de las noticias, después de ocho años ereduko egituren kalko garbiak ditugu goiko besteok.
Akatsa zertan datzan? Atze-marka lez eta gero ez ohi da aditz partizipioei laguntzen ez bada, baina behin be ez izen egitura bati dautsala. Sartalde eta erdialdeko berbetan, modernoan batez be, esakuntza honen taiuko egiturak ugariak dira. Esakuntza batez on eginda: “Hil eta bero, salda bero”.
Idazle modernoen artean bila ibilita, adibideak ugariak dira. Baina sarritan, gaur darabilgun ta gero banango egitureaz barik, -ta gero, -nda gero itsatsita. Hara batzuk:
“Ahora etorri jakozan biraorik ikaragarrienak esan da gero” (Dom.Agirre Auñemendi). “Han egon ziran aita-alabak zeintzuk ziran ondo jakinda gero” (ibid.). “Gure mutilak, ba, alkarri agurrak eta laztanak eginda gero, hasi ziran autuan era onetan” (Kirikiño Abarrak I). “Nongo arpegiaz joango gara gu barriro bakaldun aurrera, bere agindua guk hausi dogun lez hausi ta gero? Au da zorigaiztoko ta adutxarreko izatea!” (Otxolua). “Gizabidez eman zenigun Jainko-idaztiak, aginpide gurenagoa du, gizon ilkor aiek il da gero. “Sublimioris enim auctoritatis est” (Orixe). “Domeka baten bertako ahuntzdun bat, goxean goxeti bere ahuntzek mendire eroanda gero” (Lino.Akesolo Ipiña). “Bada ebanjelistak ez dabe aitetuten [San Jose], ez ezteguetan, ez eurak amaituta gero” (Kanala Jesucristo)
Egitura zaharrak, euskeraz be -z gero edo ezkero edo azkero tipokoak dira, eta ez eta gero, -ta gero taiukoak. Hara Axularrek zelan darabilen: “Zahartuz gero, adin batera helduz gero, odola hozten da” (Gero).
Amaitu daigun ohartuz, ez dala zilegi gramatikaz izen sintagma bati, balioz denporazkoa izanda be, eta gero atze-markealotzea. Aditz partizipio bati beti be, horretara menpeko denpora-esaldi bat eregiten dogula.
Hiztun hurreko bati aidean berbaz harrapatutako egitura bitxia: “Etxeak abandonu garbian dagoz Gordexolan”. Abandonu GARBIAN. Zer esateko?
Oraintsu aitatu genduan zeharka garbi graduatzailea, beste graduatzaile batzuen harira: zehatz, zeharo eta beste (2023-05-04).
Garbi hitza, adjektibo (garbia) edo adberbio (garbi, garbiro) kategorietakoa izateaz ostean, graduatzaile lez be sarrien erabilten da, soilik eta mugatu barik (garbi) ia beti. Berbaz askoz sarriago, idatziz baino.
Zein kategoriako hitzei eragiten agiri ohi da?
– Sarriroen, aditz kategoria bati eragiten deutsala. Egitura bi dira halakoetan nagusi:
Aditz partizipio adberbialaz. Gehienetan aditz horren aurrean dala: “Garbi ustelduta dago Errusiako administrazinoa”. “Hori esateko, garbi endregauta ete dago ba!”. “Garbi engainauta itxi gaitu”. “Garbi hondatuta parau naz euriagaz”. “Garbi mozkortuta agertu zan lagun artera”. “Garbi edanda topau eben bide bazterrean”.
Batzuetan, baina, sintaxi-ordena aldatuta azaltzen da: aditz horren atzean edo aditz horretatik urrunduta: “Jota dago garbi.” “Harrituta nago garbi!” (Barrutia. Laura Uruburu).
Aditz jokatua graduatzen be erabilten da: “Neskatilea ezagutu ebanean, garbi zoratu zan”.
– Adjektibo kategoriako hitzak graduatzen be agertzen da. Halakoetan adjektiboaren jarraian ipini ohi da garbi. Halan: “Alpergura garbia da”. Hara Sopelan baturiko esaldi hau: “Andanabako garbia da!” (ganorabako garbia).
– Goiburuko esaldi horretan izen bat hanpatzen agiri da garbi. Adjektiboaren posizinoan, eta izenaren adierazkizunari indarra emoten, hanpatzen: abandonu garbian dagoala egoitza edo leku bat esateko.