Euskera hobetzen: Albisteak entzungo ditugu 'kantu hau eta gero', ondo esanda dago?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Albisteak entzungo ditugu ‘kantu hau eta gero’, ondo esanda dago?

Hedabideetan entzundako esaldia: “Albisteak entzungo ditugu kantu hau eta gero”. Ondo esanda dago: kantu hau eta gero? 

Puntu honezaz aspalditxo jardun genduan E. Hobetzen honetan (2012-06-27/4), egitura beretsua eban esaldi bat zala-ta. Inoan orduko esaldiak: “EGA desagertu egingo da 37 urte eta gero”.
Birik baten irakurri edo entzuten ditugu egitura beragaz eginiko esaldiak, gaiak guztiz diferenteak dirala be. Oraintsukoa dan bat: “Kirolak barriro etorri dira Gabonak eta gero” (Bizk.Irr.)
Ze misterio datza okerreko egitura honen eta honeetarikoen azpian? Gaztelaniaz “después de” aurre-marka darabilgun bakotxean, euskeraz era automatikoz “eta gero” erabili behar dogulakoa sartu jaku buruan, noiz dan zilegi eta noiz ez dan ikasi barik, edo ohartu barik.
Zein da erabilera zuzena:
– Aditz partizipio baten ostean bakarrik erabili izan da eta erabili leiteke eta gero, ‘ondoren, eta ostean, atzetik’ edo gazt. ‘despues de’ erabilten diranak adierazoteko.
Izenakaz edo izen sintagmakaz ezin dogu eta gero erabili. Euskal gramatika zuzenaren kontrako joerea da hori. Ezin dogu esan Gabonak eta gero, ezpada Gabonen ostean, Gabonen ondoren, Gabonen atzetik erako egitura bat.
Eta gero berbeagaz josi gura badogu izen edo izen sintagma bat, ezkero postposizinoa erabili behar da nahi eta nahi ez: Gabonak ezkero.
Lau urte sintagmeagaz esan geinke: lau urteren ostean, lau urteren ondoren, lau urteren atzetik edo holan. Eta gero hitzagaz josi gura izatekotan, hor be ezkero erabili beharko genduke: lau urte ezkero. Halanda be, ez da asko erabilten azken egitura hau.
Berbaz hain egunerokoa dogun menderakuntza egitura hau ez dogu, ostera, hain zaharra idatzizko tradizinoan. XIX. mendearen barrenetik eta honakoa gehien bat. Baina beti aditz partizipioagaz buztartuta. Hara hemen, eta gero ondo eta zuzen erabilia daben idale batzuen idatzi laburrak:
P. Zamarripa: “eta afaritxua jan ostean, eskerrak emon eta agur egiteko ordua eldu zanean, azkenengo ardao-edataldia egin eta ezpanak polito-polito esku biakaz legortu eta gero, esan eutsan” (Kili-kili).
M. Soroa: “Guztiak ezkongaitan / txit prestubak dira. / Ezkondu eta gero / aitzekiak milla” (Anton Kaiku).
J. V. Echagarai: “Jakia, sagardoa, / ardoa aukeran, / afaldu eta gero / trago onak eran” (Festara).
Domingo Agirre: “Han egon ziran aita-alabak zeintzuk ziran ondo jakinda gero” (Auñemendi.Lorea). “Inok ahorik ez ebala edegiten ekusita gero” (Kresala). “Baino berotasun handiak igaro zituan, gaixorik iduki zuten, ta ohetik jaikita gero ere, ahalegin guztiak eginda ere, Joanes etzan gehiago lehengoa izan. Ordutik auleria.” (Garoa).
Kirikiño: “Gure mutilak, ba, alkarri agurrak eta laztanak eginda gero, hasi ziran autuan era honetan” (Abarrak). “Hau jazota gero, tabernan egozan gizonen batzuk izandakoa ahotan erabilen” (Abarrak II).
J.B.Eguzkitza: “Lur hori lantzeko alak eta lerrak egin ta gero, gari arloa erein dau” (Gizarte Auzia).
Otxolua: “Nongo arpegiaz joango gara gu barriro bakaldun aurrera, bere agindua guk hausi dogun lez hausi ta gero? Hau da zorigaiztoko ta adu txarreko izatea!” (Bertolda).
Lizardi: “Gertu ta gero, urrezko / txilibitoak / ahoratu, ta abia / ziran, zabala harrotuz / egoak” (Biotz begietan).
Kanala: “Bada Ebanjelistak ez dabe aitetuten [San Jose], ez ezteguetan, ez eurak amaitu ta gero” (Jesucristo).
J. San Martin: “Baina, ni gaur arratsaldean zertara etorri ete nok Eibarrera? Errekauren bat ekarri joat eta etxakiat zer. Hau dok baltza, Eibarreraino etorri ta gero…»”. “San Antoniok makilapetu eban Marixak eroian deabrua, lotsari ederrak pasau erain da gero” (Zirikadak).
K. Mitxelena: “Bide bat hautatu arte, etsita dabil Leturia; eta hautatu eta gero ere, etsiago.” (MIH).
Desbide eta okerbideak asko ugaritu dira aspaldion. Eta akats nagusia, gaur egungo komunikabideetan gero eta hedatuago dabilena, IS mugatu baten ondoren erabiltea da. Gaztelaniaren kalko sintaktiko modura sartu da IS-aren eremuan eta gero postposizioa. Gaztelaniaz ohikoak diralako: después de cuatro años eta ildo horretakoak. Halan irakurri ditugu hedabide batzuetan: “*Azken egunetako erasoak eta gero, ez dute nahi gauzak ertzera eramaterik” (2013-04-20). “*Berrogeita hamar urte eta gero Eibarren (2013-05-18). “*Bi urte eta gero, Gorenaren zain (2013-07-02).

Esakuntza baten esana: “Egur eskarmentadua, sugin ona”. Zer ezkutetan dau atzean errefrau horrek?

Juan Manuel Etxebarria etnografo eta euskera irakasleari entzun deutsat oraintsurengo, aspalditik ezaguna neban esakuntza hau. Zeberioko herri-ondaretik jasoriko bertsinoa, hurrean. Izan be, artean Arratian Arantzazuko seme dogun Jon Etxebarria jaunari aspalditxo entzunda neutsan: Egur eskarmentadue sugin ona.
Ez da leku askotan entzuten egurra dala-ta sugin ona dala. Baina hara non Erletxetan (Galdakaon) be batu dogu Rosa Maria Basterretxea andrearen bitartez. Irratiko jarduna entzun eta ostean, esan ei eban Gorane Intxaurraga alabeak dinoskunez: “Juan Manuel aittu dauen hori geuk be esaten dogu eta! Urrineko egur igerra sugin ona dala esaten deure”. Aldaera honek ez dau aitatzen egur eskarmentadurik, ezpada urrineko egur igarra.
Ez da asko entzuna, dana dala, baina orain dala mende bat inguru, errefrau berau argitaratuta dakusku: “Egur eskarmentadue, sugarri ona” (V-arr), gaztelaniazko ordain argigarri honegaz batera: “El escarmentado bien conoce el vado” (AEF 1921, 51). Arratian baturikotzat argitaratu zan orduan be.
Hizkerari jagokonez, bada diferentzia ohargarri bat aldaeron artean. Honek ez dino sugin ona dala, ezpada sugarri ona dala. Egur igarra su egiteko ona dan itanduko balitxaku, gutariko gehienok erantzungo genduke, sugarri ona dala esanez. Baina Arratia-Nerbioi ibarretan behintzat sugin ona dala be esaten da. Bitxitasun zoragarria.
Gaztelaniazko bertsinoak ondo erakusten dau errefrau honen esangurea: “El escarmentado bien conoce el vado”. Uretan esturak igaro dituanak ondo dakiala, errekea igaroteko, ibia non dagoan. Gaztelaniaz be bada errefrau bat, hurreko esangurakoa: “Gato escaldado no vuelve al agua”.
Eskarmentadua izateak zer esan gura dau? Juan Jose Mogelek Baserritar Eskolia liburuan 1816 inguru horretan guraso eskarmentaduak aitatzen ditu. Eta eskarmentadua izatea, edo eskarmentu handia eukitea ez da kasu honetan, ‘esperientzia handia’ eukitea, edo ez hori bakarrik behintzat. Hori baino gehiago da. Eskarmentadua dana eskarmentu latzak hartuta dagoala esan daiteke, ‘esperientzia’ baino urrunago doan kualidadea.
Zeozegaz eskarmentauta dagoana ez da atzera horretara bihurtzen: eskarmentua ‘esperientzia txarra’ da, ondorioak ateratera bihurtzen gaituana. Gaztelaniaz dauen adiera berbera.
Xabier Mª Munibek “El borracho burlado” antzerkian (1764) idatzia: “Direnak munduan / orditzeko usuan / eskarmenta bitez / Txantontxoren buruan” (Borracho.burlado 259).
Oraintsuagoko literaturara bihurtuta, erraz on egin daitekez esangura honen erabilerak:
“Len eskarmentaturik / juan zan moroa”. Afrika 42. “Aterikan gehiago / ez dute irikiko, / eskarmentatu dira / orainguan pijo” (Xenpelar). “Betiko gelditu naiz / eskarmentatuba” (Udarregi) “Nik dirua eskuban dala emango dizut beia, len ere eskarmentatua nago ni bederatziurrenian emanta” (Soroa Bar 105). “Zenbait persona beinguarekin / eskarmentatzen eztia” (EusJok 23). “Dituzten sosak galdu artian / eskarmentatu eztira” (Txirrita B I 24). “Oraindañokuan ez gera izandu / eskarmentatzen errezak” (Mendaro Txirristaka).
Egurra dala-ta be hainbat esakune dira; besteak beste urruneko egur igarraren ingurukoak. Bada bat guztiz polita, Balentin Enbeita bertsolariak bertsoz darabilena: “Aitan lepora egurrak bota” (Nere apurra) (= ‘hacer cargar con la responsabilidad’).
Eta egurra mintzagai hartuta, Mitxelenak aspaldi markaturiko ohar hau jatort gogora, egurra eta zura bat ez dirala argitzeko: “Orobat, hemen nahastea zaharragoa eta barreiatuagoa bada ere, egurra ez da zura” (MEIG VI).

Gaztelaniaz sarri esaten da esaldi hasieran: “Es obvio que…”

Libe Agirre kazetariak mahairatu deuskun puntua, “Euskera Hobetzen” tarte honetarako ohar hau bialdu deutsiela-ta: “ ‘Obvio’ hitzaren euskal ordainik ezin topatu. Ageriko-k, begibistako-k, ez dute kontundentzia bera. Proposamenik? ‘Esangabedoako’?” Horra arte zalantza-itauna.
Ulertzekoa da, gaztelaniaz ‘es obvio’ horren indar bera ez eukitea euskerazko beste adjektibook. Baina erdal adjektibo baten indarra ez dago bakarrik ordain-adjektibo bat ipintean bakarrik. Beste indargarri batzuk be badira.
Baditugu era gehiago be aukeran. Bat edo atzuk aitatu daiguzan:
– Jakina da … Guziz jakina da… Ondo jakina da … Jakin baino jakinagoa da …
– Igarri-igarria da…
– Agiria / agirikoa da… Agiri-agirikoa da… Ondo agirian dago …
– Ziurra da … Gauza ziurra da …
– Ezagun da… Ondo ezagun da… Ezagun baino ezagunago da … Ezagun be ezagun da …
– Nabaria da… Nabari-nabaria da… Ondo nabaria da…
– Argi dago… Argi eta garbi dago… Argi baino argiago dago…
– Gauza nabarmena da… Ondo nabarmen dago… Nabarmen-nabarmena da…

Hedabideetan barra-barra dabilen terminologia: “Soldata arrakala”. Zer deritxazu, soldaten artean diferentzia handia dagoanean arrakalea dagoala esateari?

Juan Manu Etxebarria irakasleak bialdu deuskun oharra, berari belarrira gogor egiten jakola eta. Eskerrik asko, Juan Manu euskerahobezale finari. Lehenago be inoiz jorratu dogun puntua berau. Badira urte batzuk, labur baino ez bada be, aitatu genduala puntu hau (2018-02-22/7). Orduan be soldata arrakala izan zan autua.
Arrakala digitala dogu finkatu dan beste segida ezagunetariko bat, batez be lehenengo eta hirugarren mundua deritxoenen arteko alde handia, diferentzia nagusia, gorabehera itzelezkoa aditzen emoteko. Labayru Hiztegiak, zentzun handiz gure eretxian, eten digitala darabil, mundu digitala arrakalatzen ibilteko premina barik.
Soldata diferentzia handiak dagozanerako be etena ez letorke bape txarto, alperreko arrakalak egiten jardun barik.
Gaztelaniaz “brecha” finkatu izanetik sartu dan nago euskera jasoan, hedabideen bitartez neuk uste, dalako “arrakala” berbea ingurune horretan. izanaren arrazoia. Beste gehiagotan lez, gaztelaniaren irudien tanbolinaren hotsean dabil dantzan euskal hizkuntza mengel hau.
Arrakalea zer dan horma baten edo kristal baten, lurrean sikate luzarokoaren eraginez sortzen diran arrakalak zer diran…, zeozer arrakalatzea zer dan, ondotxo dakigu sartaldeko euskaldunok.
Beste hizkera batzuetan badira beste izen edo adjektibo batzuk, arrakala edo arrakaldu/arrakalatu hitzen gunea beteten dabenak: arrail/arraildu/arraildura (L, AN), pitzatu/pitzadura, kraskatu/kraskaila, artesi/artesitu (AN, G), irrikadura eta horretarikoak.
Sartaldeko idatzietatik hautuko ditut erabilera batzuk:
Arrakala izena: “Lastertxu haitx baten arrakalatik gar atsitu artean agertu zan deabrua” (Azkue Euskalzale 1897). “Kristalak arrakalaz beterik, eta paper horituak adabaki antzean ezarriak” (E. Erkiaga Batetik bestera). “Ziegaz harrakal andie einde ei euken pago hori, ta batak alde bateti eta besteak besteti arrakalean eskuek sartute inder eiteko esan ei-eutsien” (Lino Akesolo Ipiñatarren). “Arrakal hori berez estuturik, basajaunok eskuek arrakalean katigitute eudiezala gelditu zirean” (Lino Akesolo Ipiñatarren). “Leku harek oinarri sendo bako azpia izanik, patinari arrakalak eta emoiak egin jakozan” (Luis Baraiazarra Meñaka).
Adiera figuratiboan: “Ta lengo lorren ostean / orain ez dago gurean, / bake arrakal eta soiñeko / urratua nok adaba” (F. Atutxa Mugarra.
Arrakalatu adiza: “Pikatxoi ta antzeko tresnakaz lurra arrakalatu” (J.M. Etxaburu Ondarroako Kontuak). “Lurraren egarri zauritua / tortika galdak arrakalatua.” (Joxe Azurmendi Hitz Berdeak).
Adiera figuratiboaz: “Bizitzako minak arrakalatua, bigurri dago haren subila, aitak, bere esku garratzekin, okertzen zituan are-hesirako adaskak bezela. ‘Las cepas que servirían de almohadilla al rastro’ (Bit. Gandiaga Elorri).
Arrakalatsu adjektiboa: “Olaldeko tximini luzeak, beti ke barik, geroago ta arrakalatsuago ikusten dodazan (…).

“Dirutan TXARRIKERI bat ei dauko hor automobilean joan dan horrek”. Txarrikeri bat, zer esateko? 

Kirikiño idazle mañariar handiak gerraurrean Euzkadi egunkarian idatzia “Esakerak” izenburupeko txatal labur baten. Dino:
“Hemen inoz entzun doguz honakoak: “Dirutan txarrikeri bat ei dauko hor automobilean joan dan horrek.
– Tren batek bakarrik ekarri dau txarrikeri guzti hau? -esan eban behin hemengo gizon batek, bidea bete jente ikusirik tren berarizko baten, Durangora etorria Urkiolarako.
– Hango hareiztoia perretxiko-leku ona da gero! Behin han gibelurdinetan txarrikeri bat altzau neban.
Beraz, ugaritasuna adierazoteko ‘txarrikeri’ hitza erabilten dabe. Ez dago hain txarto. Txarrikeria baino ugariago zer?”. Kirikiren hitzak horraino. Xabier Boveda euskerahobezale zoliak bialdu deuskuz Euzkadi egunkariaren gerra aurreko ale batetik (1928-10-28).
Gitxi entzuten da gaur egun txarrikeri bat adiera honegaz. Ezaguna este dau esangura horregaz berba hau gure irrati-entzuleren batek?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular