1. Zeregin bat betetea noren edo zeinen ardurea dan aditzen emoteko, sarri ahotan darabilgun esaldia: Nori toketan jako hori egitea? Ze beste baliabide daukagu euskeraz, hori bera esateko?
a) Euskera jasoan egon aditzaren nori argumentudun adizki trinkoaz adierazo izan da, gaztelaniaz ‘corresponder, competer’ aditzaren esangurea. Eredu batuan: dagokio, dagokizu, dagokigu erako adizkiez. Eta bizkaieraz, batez be klasikoan, jagoko, jagotzu, jagoko erako adizkien bidez.
Halan irakurri geinkez Mogel lango idazle itzal handiekotan honango esaldiak. Jagot: “Au jagot abere guztien Errege nazalako” (Ip 4), “ez jaot ondo emen geratutia” (Ip 33). Jagoko: “Oni jagoka mandatubak egitia” (PAb 72), “Txakurrari dagoka zaunka egitia” (PAb 42). Jagoku: “guri jagoku alde egitia peligru ezagunetati” (CO 85).
Eredu batuan erabili ohi diran adizkiak, dagokio, dagokigu, dagokie, dagokit eredukoak ezagunago bihurtu dira gaur egun. Honeek be tradizino klasiko sendokoak. Baina edozelan be, ez batzuek ez besteak entzuten dira asko herritarren ezpanetan.
Zeintzuk dira, gazt. ‘corresponder, competer, estar en relación con’ esangurako aditz egituron ordain ohikoak gure euskal hiztun zeheen aho-mihinetan? Hara batzuk:
b) Urdaibai aldean sarri entzun izan dodan esate-modu bat, eta beste paraje batzuetan gitxi edo nekez entzun izan dodana behintzat, da joan aditzaren joko trinkoa erabilita nori argumentua barruan dauela. Hau da: joat, joatzu, joako, joaku, joakie adizkiak, hain zuzen. Sakonean, adizkion esangura honetan erabilteak gaztelaniagaz be lotura zaharra daukala esan lei. Zer joatzu horretan? dinogunean, gaztelaniazko ‘¿Qué te va en ello?’ esaldian dauka kide zuzena.
Halan itaundu leio batek berbalagun edo solaskideari: “ Zer joatzu zuri asunto horretan ba?”. Eta beste horrek segiduan erantzun leio: “Egia esanda, etxoat niri horretan ezer, baina ardurea eta kezkea eragiten deust arazo horrek.”. Ildo berekoak dira hurrengo esaldiok be, hurreko jenteari behin eta barriro entzun izan deutsedazanak. Bat: Zagoz isilik, hori ez joatzu zuri eta!. Bi: Ardura hori nori joako? Eta hirugarren bat, amak seme edo alabeari emondako aholkua: “Zu ez sartu etxoatzuzan gauzetan, eta aurrera!” (Barrutia. Teresa.Totorikaguena).
Baina gure klasikoetara baginoaz be, errazto idoroko geunkez, joat, joako, joaku adizkion esangura horretako erabilerak, urriak izanda be. Hara Mogelenetik eskubaratu ditugun batzuk. Bat: «Diabruak sare barruti alderik egin ez dagien, asmau eragiten deutsee askori, dongaro esango dala, eskandaluak emongo direala, onrea joakola, ta alan daukaz beti katigu, edo preso grillu sendoakaz» (CO): Ondrea joakola, gazt. ‘le va la honra en ello’. Bi: «Ez dago gauza gogorrik arimako salbazinoa joakun gauzeetan» (CO). Eta hiru: “Bada zer joat niri zein zugaz bizi, zein datozan soldauakaz?” (Ip 52).
c) Hirugarren aditz bat be erabili izan da gazt. ‘incumbe, atañe, corresponde’ adiera horretarako: etorri. Aditz honen adizki trinko nori-dunak ditugu, besteak beste, adiera honen adierazle: jatort, jatortzu, jatorko…
Añibarro arratiar klasikoaren esaldi bat: “Aita San Franziskori Asisko obispoaren aurrean kendu eutsazan bere aita zeken gogorrak, berari etorkion ondasun, jabetasun ta senipartea” (Misionari I). Eta Mateo Zabala bilbotarraren idatzietatik hurrengo honeek: Bat: “egin bear dau bere pekatuai jatorken penitenzia egokia” (Irun). Esanguraz, ‘toketan jakona’ edo ‘toketan jakena’. Bi: “umea euren gogoko etzanagaz, edo eurak gura ez ebeenagaz ezkondu jakeelako, senipartea, lejitimea, dotea edo jatorkena ukatuten deutseenak, edo emotea luzatuten deutsenak” (Irun 111). Eta hiru: “Iñoganik eredaurik [yalgituta] daukeenak etsea, luurrak, basoa, edo ondasunen batzuk, gero jakinik ondo etorriak eztireala, jatorkeenai emoten ezpadeutseez” ( Irun 153).
d) Laugarren baliabide bat, nogazkoa edo zegazkoa euki edo egin egiturea genduke. Esaten baneu: “Guk ez daukagu hagazko betebeharrik”, esan gura doguna da: “Guri ez jagoku, ez joaku, edo ez jatorku haregaz kunplidutea”. Edo zor kontuan bat beste bategaz kitu dagoala aditzen emoteko esan nei: “Nigazkoa eginda dago”, esatea lez: Niri jagotan zorra kitututa dago.
e) Eta akaburengo bat, gaur erderatik hazur-gunetaraino sartu jakun tokau zorionekoa genduke. Zer toketan jaku guri egitea? Nori toketan jako hitz egitea? Eta abar.
f) Eta amaitzeko, perifrasi batzuetara be jo geinke. Noren arloa izan, noren ardura izan, nogaz edo zegaz zeirkusia izan taiukoak. Halan: Hori ez dau arloa; neure arloa baino. Noren ardurea da hori? Edo: Gugaz zerikusirik ez dauka hor dabilen auzi ilun horrek.
2. Ekonomiagaz estu loturik dagoan esakune zahar bat: “Marabediagaz idia. Baina nork dauka marabidea?”. Esangurea errez ulertzekoa, ezta?
Bai, horixe. Jenteak dirurik harean ez eukan aldian eta Espainiako erreinuan moneta erreferentzia nagusia marabedia zan aldian sortua, edozelan be.
Pedro Aurrekoetxea Erandiokoak (Goierri) bialdu deusku esakuntza hau, honango oharraren bidez: “Egun on, Adolfo. Gaur, gure amoma zanak asko esaten eban esaldi bat etorri jat burura: Marabedigaz idi, baia nok deko marabedi?. Hau, bataren batek modu gitxi eukiten ebanean esaten eban; erderaz, ‘castillos en el aire’ esaten danean erantzuteko. Eztakit esaera izango dan, ala etxeko esaldia izango zan. Gure amomak esaten eban , euren amak be askotan esaten ebala.” Eskerrik asko Pedro Erandiokori. Gitxi entzuna dan esakune bat ekarri deusku akordura.
Izango ez da, ba, esakuntza zaharra! Sarri ez bada be, irakurria eta inoiz entzuna be bat marabediaren izenaz onduriko atsotitz moduko hau, baina tamalez, gaurko euskaldun askori marabedia bera baizen urruneko eta arrotz egiten jaken esakuntzea. XIX. mendearen erditsura arte erabili izan da Espainiako erreinuetan ‘marabedi’ izeneko txanpona, harik aurrera ‘zentimoa’, ‘erreala’ eta horrelako diru-izenez ordeztua izan arte. Ordurik atxina ‘marabedi’ diru-izenaren erreferentzia lausoturik geratu da, diru-balio zehatz lez. Halan bada, marabedia moneta-izen zaharra dogu, pesetea eta hogerlekoa erabili ditugunok ezagutu ez doguna, eta gerra aurrean hamaseiko gorriak erabilten zituenek be ezagutu ez ebena.
Baina diru-balio zehatz lez lehenagotik galdurik egoan marabediak esaera, esakune eta balio figuratiboaz iraun izan dau. Bere aldian hain balio erreala eukan ze, hiztun euskaldunen ezpanetan laburturik edo aldaturik iraun izan dau gehienetan: marai, marabidi eta antzekoen aldaerapean.
Idia erostearen balioa be, baserritar izan ez edo lehenagoko baserri mundua bizi izan ez dabenentzat urrun gelditzen da. Idia, idi-parea, idi-buztarria, balio handikoa zan lehenago, gurdiz garraioa egin behar zan aldietan. Edo basotik idea, ikatza edo egurra igaro behar bazan etxera ingurura, edo lehenagoko langintzetan, Errioxatik ardaoa ekarri, edo zaranak Mehatzerrietara eroan, han burdin-harria ateraten zan aldian, eta material astun torpeen eroan-ekarrirako. Eta lugintzan, batez sats-lorrerako: udabarrian soloak satsitu edo zimaurtu behar ziranean, sats-lorra egin eta sats-piloak saka-banan irauli, ereintzarako goldatuta egozan solo arloetan.
Marabedi, edo marai izena zaharkitu dan aldian, diru ‘txiki’ edo ‘apurraren’ espresiotzat erabili izan da. Halango iraun dabe gaur eguenera arte maraiko, seimaraiko eta euron aldaerak. Hara marai izena Añibarroren lumaz: “Benetan diñot, marai bat emongo eneukela euren garbitasun guztia gaitik” (Voc.Basc.). Edo seimaraikoa, laburduraz semaikoa (sei marabedikoak) oraintsuagoko honetan: “Atsegin egiazkoagoa egiten du lanez irabazitako semaikoak, zoriak ekarritako dirutzak baino” (Egutegi.Tolosa 1919-08-16).
Bide beretik, diru apurreriaren ezaugarri bihurtu da zuri izena be: balio gitxikoaren adierazgarri. Halan esan ohi da ezezka: lau zuri be ez dauela balio zerbaitek, gazt. ‘ni blanca’. Azkuek jasorik dakarren lokuzinoa da harakoa: “Lau zuriren pupua ta lau marairen mantarra. “Dolor de cuatro blancas (un ochavo) y emplasto de cuatro maravedís (un cuarto)” (EY III 280).
Diru zaharron balioetara etorrita, XIX. mendean zuri bik marabedia egiten eben. Lehenagoko berbazko euskeran lauzuri (lauziri) esamodua erabili izan da diru gitxiren adierazgarrirako: Horrek lau zuri be ez dau balio.
Geure aldiotan orobat erabili izan dira txakur, txakurrandi, txakurtxiki, zentimo eta halakoak ezerezkiaren balio adierazgarritzat: lau txakur, txakurrandi bi, txakurtxiki bat edota zentimorik be ez bihurtu diran moduan.
Hara idatzietan batu ditugun erakusgarri batzuk:
“Dirurik teilapean be eztaukat: arakinarenean gelditu zan nere azkenengo laumaraikoa” (Ibaizabal). Gazt. ‘No tengo un céntimo’.
“Sei maraigatik ezin liteke egon, albistari eder au artu gabe… Honen egileak eztute praka berri asko egingo honekin!” (Ibaizabal. Gregorio Sasieta). Gazt. ‘No van a hacer gran negocio’.
Azkueren idatzietatik: “ Zegan dira oihal honeek? (eroslearen itauna) .-Ezkerrekoak lau erreal kanako; merkeago lau zuri bere ez!” (saltzailearen erantzuna) (Txirristadak), gazt. “Ni dos maravedises más barato”.
J. M. Etxeita nobelagile mundakarrak Josetxo elebarrian dakarrena: “Berak beukan diru apurtxo bat; baina enparauak ez eben eukiko lauziri be” (lau zuri).
Moneta-izen batzuk balio figuratiboaz be sarri erabili izan dira. Halan, pertsonen balioaren adierazgarri. Andrazkoaren eta gizasemearen balioa neurtzen dituan errefraua: “Marabedien lau gizon, ehun duketean andrea, hau dok andre merkea!” (Atsot 9398).
3. Esaera ezaguna da euskeraz: “Ama. Aho beteko berbea”
Esaera hau hari-harira jatort, geure euskerahobezale fin batek, Itxi Rotaetxe orozkoarrak, ama galdu dauen ostetxoan. Bialdu neutsan samin-agur mezuari erantzunez, honakoa ihardetsi izan deust: “Bai, ahalegina guztiak egin arren, eta hontxe politoen egon dan arren, joan egin jaku. Guk amagaz harreman estua euki dogu eta andra argia izan da sano. Minik euki ez dauanean beti pozik eta baikor. Bueno, zer esango dotsut, ama ama da, eta berak esaten eban moduan, ama berbeak ahoa bete egiten dau”. Eta amaieran erantsi eskergarri hau idatzi deust: “Oraindo puntu berari preguntau neutsan zure irratiko konturen bat, eta tapa-tapa esan eustazan hainbat adibide. Arlo horretan bere, beste askotan lez, koxo parau gara.”
Irakurriaz batera burura etorri jat, Gernikaldean, Barrutian, ama dala-ta sarri entzun izan dodan esakune ia berbera: Ama, ago beteko berbea”. Durangoaldean: Ama, ague beteko berbie (ahoa beteko) esango leukiena. Eta bigarren esaera moduko bat be neure corpusean baturik neukan, hau be Labayru Fundazioko irakasle dogun Abeliñe Erauskin euskerahobezalearen testigantzaz: Ama falta, dana falta, Bermeo goieneko edo Sollubepeko Mañu auzoko bere amari ikasia. Libe Agirre irrati-lokutoreak be berretsi deust esakune berbera Meñakako berbetan.
Gramatika berezia dau ama izenak; aita izenak legetxe. Mugatzaile barik darabilgu ia beti: Amak esan dau. Amari kontau deutsat. Amagaz nator eta halan, eta ez, gaur behintzat, ameak esan, ameari kontau eta ameagaz etorri. Mugatzailedun erabilerak aspaldi zaharkituak ditugu.
Dana esateko, amea be ezaguna eta erabilia da, baina txorien gorabeheran berariaz: Amea pikukadeagaz joan da habiara txorikumakana. Ameak gorrotoa emon deutso habiari. Baina euskera zaharrean gizakien eremuan be erabilten zan, balada zahar honek gogorazoten deuskunez: “Amiak artu eban semia besuetan” (Baladak 198).
Amaitzeko, ama izena, aita izena lez, adjektiboz edo erakuslez lagundurik doanean be eregiten ditugu: ama gurea, ama zeuena eta halango egiturak, hondino be gaurko berbetan indarreak dira leku batzuetan. Eta txikitan ikasi genduan Aita gurea errezuaren hasiera halangoxea zan: Aitearen, semearen eta espiritu santuaren izenean.
4. Nondik dator maketo berbea?
XIX. mende akabuan, Emiliano Arriagak argitara eban Lexicón Bilbaino liburuan honako argibidea emoten dau: “Maqueto, apellidamos así a los no naturales del país, especialmente a los que de veinte años acá han invadido en proporciones alarmantes el territorio vasco […]” (1896). Hau da, XIX. mendearen azken laurenetik honuntz.
Toribio Etxebarria eibartarrak, gerra ostean ondu eban Lexicón.Eibar euskal glosario bardinbakoan (1965) zehaztasun gehiagoz dirausku: “Calificativo que se dió a los inmigrantes en Vizcaya, cuando la revolución industrial, con ánimo ofensivo y ordinariamente limitado a la clase jornalera. Por antonomasia los de tierras de Castilla, que dieron el mayor contingente de brazos para la minería y la siderurgia. Ez dakigu nundik etorritako maketua dan ori”.
Baina arterago, XIX-XX mende-muga horretan, Sabino Arana Goirik gogorazoten deusku, bigarren karlistate aurretik erabilia zala maketo berbea, antzeko beste sinonimo batzukaz batera: “A principios de este siglo llamaban los bizkainos a los españoles con los denigrantes motes de baltz (negro), azurbaltz (hueso negro), motz (feo, chato, raquítico), belarrimotz y belarribako (desorejado), por no entender la lengua del país. Hoy, en la parte occidental de Bizkaya es más usado el apodo de maketo, que ya estaba en uso antes de la última guerra carlista y cuya etimología no se sabe de cierto cuál sea”.
Baina, kanpotik etorritakoa (edo trenak ekarrinikua) dala aditzen emoteko ez eze, euskera ez dakienarentzat, berbetaz erdaldun danarentzat erabili izan da gerora gehiago berba hori. Azkuek idatzia da ziurrenik ondokoa: “Erdalduna, edo gaur esan oi danez maketoa” (Euskalzale 1897). Berbetaz euskaldun ez dana, euskera ez dakiena izendatzeko erabili izan da ‘maketo’ kalifikatiboa batez be, ez hainbeste ‘arrazaz’ kanpotikoa danarentzat; batzuetan baita gaitzespen modura, baina ez beti, ezta antzik be.
Kepa Enbeita ‘Urretxindorra’rena da hurrengo bertso-atal hau: “Ene gazte maiteok, / izan zaiz dantzari, / jaurtirik baina urrin / maketo-antz hori” (Urretxindorra).
Bizkaiko mehatzerri inguruetara uholdeka etorritako etorkinak dirala-ta sortu bide zan maketo berbea; XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera gertatu zan industrializatze bizkorraren ingurunean. Sabino Aranak beste zertzelada hau be badakar: hasieran, Galdakao-Portugalete bitartean eta Mungia-Balmaseda bitartean erabili ohi zala berba hori.
Eta zer dala-ta egotzi izan jaken ‘maketo’ berbea kanpotar jente horri? Sinesgarritzat jo daiteken eretxia, makuto berbearen aldaere dalakoa. Gaztela aldetik aldi horretan etozan etorkizunok makutoetan ekarrezalako euren ondasun pertsonal urriak, oihal edo zamau zabal baten batuta korapiloturik.
Geure txikitan be, hor 60-70 hamarkadan hondino be etxez etxe edo baserriz baserri etorten ziran kanpotar batzuk, makuto moltsotuetan baturik soinekoak (praka, arkondara, jertse) edo oihal tolestu handiak barruan saltzeko ekarrezala: ‘kinkalleruak’.