Euskera Hobetzen: 'Baten' non eta noiz erabili?

Euskerea hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Baten’ non eta noiz erabili?

Azeriak mendian / Bizkaia Irratia

“Egun koloretsua baten!”. Baten berbea esangura eta balio diferenteakaz erabilten dogu, ezta?

Libe, zeuri entzuna deutsut goiko esaldi hori: Egun koloretsua baten! (2022-09-05). Edo: “Bai baten!”, erderaz “Sí por cierto!” esango gendukenerako. Esatea lez: “Bai egun koloretsua, gero! Hau egun koloretsua! Honelako egun koloretsurik!”
Erdal usain bako harridura-hitza dogu “baten” hori. “Baten”, horrelako esaldietan, graduatzailea da, goranzko graduatzailea: “oso, guztiz, txito, zeharo, sano, itzel, total” eta beste hainbat diran antzera.
Adjektibo bati laguntzen deutsanean, berorren atzean edo aurrean agertu leiteke “baten” graduatzailea; sarriago atzean, aurrean baino, baina ia beti aditza erdian dala; “da” aditz kopulatiboa gehientan. Halan esan ohi da: “Polita da baten! Ederra da baten!, Ona da baten!”. Aurrean ipinita be bai batzuetan: “Baten da lodia, gero! Baten ikasi dau euskera berbetan!”
Adberbiokaz be sarri darabilgu; mota diferenteetakoakaz, gainera:
Moduzkoakaz: “Ondo baten egon gara. Ederto baten ibili gara menditik. Polito baten ikasi dau umeak bizikletan. Txarto baten jokatu dau gaur gure taldeak. Edo: Pozik bizi da baten!” Edo: “Gaixorik baino gaixoago. Txarto baten dago”, edo: “Txarto dago baten!”. Adizlagunakaz be agertu leiteke: “Gustora baten egon naz zuekaz bazkaltzen”.
Denpora adberbioakaz be bai. Ama batek esan leio goizaldean etxeratzen dan seme edo alabeari: “‑‑Gaur berandutxo nator, ama! ‑‑Berandu dinozu? Baten zatoz berandu, baten berandu, gero! Honeek dira bai etxera etorteko orduak!”.
Izenakaz be bai: “Subertea dinozu? Baten euki dogu subertea oraingoan!”.
Edo aditzakaz: “Bizi dinozu? Baten bizi gara ondo!”. “Abila zer da ba, berbaz hasten danean! Baten daki berbetan, gero!”.
Lokuzino moduko esaera barruan txertaturik be erabilten dogu “baten”. Izen bategaz batera darabilgu sarri, adizlagun horri indar adierazkorra emoteko, eta askotan denpora-iraupen laburra adierazoteko. Esapide ezagunak dira: “Aida baten” (gazt. “en un instante”). “Aitaren baten”. “Abiada baten”: Barrutian neuk entzuniko esaldia: “Abiada baten igaro zan mutila zaldi ganean.” (Abiada ikaragarriaz). “Amen baten”: “Amen baten aldendu zan handik”. “Arin baten”: “Zoaz arin baten eta esaiozu datorrela agudo!”. “Salto baten”: “Zoaz salto baten solora eta ekarri eizu kalabaza bat”. Laura Urubururen esaldi bat: “Dultzea ikusi zuenean, tximista legez igo zituen eskilara guztiak binan-binan aitaren baten” (Katigatu ninduzun).
Ekintza baten larregizkoa adierazoteko be sarri erabili ohi da. “Negar baten etorren mutikoa”. “Aiene baten egoan ume gaixoa”. “Txakur amorratuaren moduan hasi jakon kontra, hasarre baten”.

Esakuntza baten hitzek dinoe: “Azeri zaharrari ulea joan, menduak ez”. Zein esangura dago errefrau horren atzean?

Igazko irrati-tarte baten jardun genduan mendu hitzaren gorabeheran, eta errefrau berau aitatu genduan zehar bidez (2021-05-0/3).
Itxurak aldatu arren be, pertsonen izatea nekez aldatzen dala aditzen emoteko. Ulea joatearena, itxuraz aldatzea da, itxura-aldaketa, irudi diferenteaz gizarteratzea. Ulearen kolore edo luze-laburra, soineko bereziak jaztea… Menduak ez dirala joaten dinoanean, lagunen izaerea, jokerak, jita beti-betikoak ohi dirala ziurtau nahi da.
Azerien inguruan esakuntza ugariak badira, eta azeri zaharren irudiarenak be ez askoz gitxiago. Azeri zaharra, ‘asko jakina, maltzurra, mausaria, tranpatia’. Gaur egun txakur zaharraren irudia darabilgu gehiago behar bada, gaztelaniaz ohi dan letxe: “Ese es perro viejo”.
– Batzuetan ulea eta antza dira konparagarriak, baina antza, ‘usain txarraren’ adiereaz, gaur egun Ondarroan entzuten dan modura. Aurreko esakuntza bera da, baina menduen ordez antza alderagarri dala: “Azeri zaarrari ulea joan, baina antza ez”, Mogelek XIX mende hasieran idatzitakoa on eginez (PAb).
Eta idazle beronek, bere dotrina liburu baten kontesturaturik darabil esakuntza bera: “Gaztetan uste da zartzako egunetan artuko dala birtuteko bidea, ta zaarturik dagozan asko dabilz nasaitasunak alabetan. Baiña zer izango da? Azeri gaisto oneek beti darabille aldean antza, ta zarrago ta geiago. Ez badabilz eskuka loietan, esango ditue berba zantar ta arima askoren ondagarriak; ezpadoaz dantza naastu edo peligrosoetara, gazteai emongo deutsee aurrerabidea joan ditezen. Buru ule-murritu edo zurituaz, eukiko ditue biotz ta ezpan porrua baiño berdeagoak.” (Confesino ona).
– Beste batzuetan azeriaren, azeri zaharraren buztan luzea, aila luzea, hartzen da iruditzat. Mogelen beraren esanean: “Azeri zaarrak allea luze, bera legezkoak besteak uste” (PAb). Maltzur mausaria danak, beste guztiak be bera lakoak diran eretxia eukiten dau.
– Bada alegi bat, azeri zaharra eta oilarra protagonista dituana. Eta zein baino zein maltzurrago edo askojakinagoak dirala erakustera dator hurrengo hau: “Guztiz askojakina / zan azeri zarra, / baina oillarra ere / ez bide zan narra.” (Iturriaga Fab 72).
– Otsoa eta azeri zaharra konparatzera dator beste hau: “Otsoak baso baltzara, / azeri zaharrak lexara” (Urretxindorra).
– Eta konparatze zuzena egitera dator Otxoluaren pasarte hau, gizakiaren eta azeri zaharraren artean: “Ezer esan badaizue, sor-ta-gor egin zakioze, azeri zantar billau bat baino ez dalako gizon hau” (Bertolda).

“Holantxe otoz otoan subertetan garanean alkartzen gara eta barriketaldi bat egin”. Otoz otoaz. Zer esateko?

Jon Etxebarria Arantzazuko semeari entzuna deutsat oraintsu (2022-08-31) otoz otoan denpora adberbioa. Gitxi entzuten dan berbea, horraitino, baina lehenago sarriago ikusi edo entzuten zana, edo idatzizkoetan edo berbaz.
Esangurea: ‘bat-batean, ezustean, ustebakoan’. Hara Labayru Hiztegiaren adibide argigarri bat: “Negua otoz otoan etorri jaku: El invierno nos ha llegado por sorpresa.”
Otoz oto, soilik, nekez erabilten da. Otoz otoan, inesiboan, bai. Arratian oraintsu entzuniko esamodu honek tradizino idatzian be oihartzuntxoa izan dau, bai Arratian, Txorierrian eta hurreko inguruetan, eta bai gure idazle kultoen artean be (Azkue, Erkiaga…).
Inesiboan (-an) ezeze, adnominal moduan be (-ko) erabilia da: otoz otoko notizia. Labayru Hiztegian: “Otoz otoko barria izan zan eta harrituta geratu ginan”.
Gure idazleetara bagoaz, hara lekukotasun gitxi batzuk: “eta beste sei gizajoak harrapau ebezan otoz otoan gaurko egunez goizaldean, hondino ohean lo egozala” (Kirikiño Aberria). “Jaun handi hau, herri horretako eskola-maisuari otoz otoan, artetik ezer esan barik, sartu jako eskolan” (Zamarripa Firi-firi). “Prantziako matxinada andia geiagoko barik, otoz-otoan eta bapatean etorri zanik egundo inok eztau esan” (Eguzkitza Gizarte Auzia). “Otoz otoan edo topoz topo edo itsumustuan adiskide bat ikusi eban” (Azkue Euskalzale 1897). “Ustekabe ta otoz-otoan gure mutillok bide ertzeko idetzan urrumea ta zaparrada ikerakorra asmatzen dabe” (Bedita Larrakoetxea Euskal Esnalea 1927).
Badira beste era batzuk, ideia bera adierazoteko: itsumustuan, tupustean, brastakoan… Ezagunagoak dira: ustekabean / ustebakoan, uste-uste barik. Gure txikitan Morgan asko esaten zan: inpentsadan.
Baina otoz otoan lokuzinoari idatzirako eta hizkera jasorako be indarra eta bitxitasuna idoroten deutsat. Gomendagarria, beinke!.

Hedabideetan entzuniko esaldia: “Orain dala gitxira arte ez da ziztaden konturik entzuten izan”. Orain dala gitxira arte? Ala Oraintsu arte?

Denporazko egitura hau berau, edo hurrekoa izan dogu autugai aurton berton, esaldi baten erabilereak erasota: “Orain dala asko ez dogu entzun kanta hau” (2022-02-03/5).
Oraingo honetan, orain dala gitxira arte egiturea da entzun doguna, gaztel. kalko garbia hau be: “hasta hace poco”. Eta entzunaz batera etorri jatan akordura, euskal hiztunok askoz gehiago darabilgun beste hau: Oraintsu arte, edo honen aldaera diran Ointsu arte, edo -ra adlatiboaz: oraintsura arte.
Orain denpora-adberbioari -tsu atzizkia erantsi ezkero, erlatibizatu, gitxi gorabeherakotu egiten dogu orain adberbioaren denpora-nozino zehatza. Formarik ezagunena, oraintsu. Baina sartaldean, era laburragoan, hontsu be asko entzuten da. Berez hon adberbio-erakusle hurrekoaren eratorria.
Gitxi gorabeherako maila adierazoteko darabilgu -tsu atzizkia, ez hitz askogaz, baina gitxi batzukaz sarri entzuten da. Baina ez dauka zerikusirik, itxura soila kenduta, ugaritasunaren adierazle dan adjektibo-atzizki ohikoaz (gogotsu, indartsu).
Adjektibo eta adberbio gitxi horreek zeintzuk diran? Bardintsua/bardintsu, igualtsua/igualtsu, paretsu ditugu batetik. Eta soka berekoak dira denpora eremuko beste batzuk be: azkentsu, aspalditsu eta gehiago.
Oraintsu horren harikoa dogu oraintsurengo adnominala be, berbaz ointsurengo, hontsurengo modura be ahoskatua. Esanguraz: oraintsu-oraintsuko; ‘reciente, de hace muy poco tiempo’. P. Zamarriparen lumaz: “Niri honetariko batek edo batzuk neure oraintsurengo lan baten, ‘baña’ren ordezkotzat ‘bañana’ (…) asmau deustie” (Kili-kili). Adberbio kategoriaz be sarri darabilguna, bestetik: “Oraintsurengo noiz ikusiko neban nik Peru ba? Orain hilabete?”

Hedabideetan entzuna: “32 jokalari Ernesto Valveren aginduetan”. Zelan hobeto? Aginduetan, agindupean, aginduetara edo zelan?

Argi dagoana da, hor agiri dan moduan, gaztelaniaren kalko garbiaren antza daukala: “estar a las órdenes de X”. Kalko hori, dana dala, euskera barruan ondo sartuta daukagu, gura nahi gura ez. Kalko bikotxa da: batetik, aginduetan/aginduetara pluralez esatea, “(a las) órdenes (de)” horren taiura. Bestetik, preposizinoetan: “a las (órdenes)”. Berez lez sartu jaku, urliaren aginduetara egotearena, berariaz kirol erregistroan: entrenatzailearen eta jokalarien arteko hartuemonean.
Ze berba-ingururunetan darabilgu agindua? Aditzagazko loturan, egiturarik zaharrena agindua egin dogu. Ia beti singularrez, agindua, eta ez aginduak. Errefrau zaharretan: “Dagianak agindua jan dezala. “Quien hiciere el mandado que coma”. (RS 95). Gaur egun agindua egin nekez entzungo dogu. Horren lekuan, esan izena eta egin aditza alkartuta: esana egin edo esanak egin, gazt. ‘obedecer’.
Baina badira beste aditz bi, maiztasun handikoak, agindu izenagaz sarri alkartzen diranak: emon eta bete. Beti dago bat agindua emon egiten dauena, eta beste bat, agindua egin edo bete egiten dauena.
Agindu izenagaz nik gogoko dodan aukera bat, aginduPEan, aginduPEko, aginduPEra, aginduPEtik eredukoak bultzatzea da: agindu izenari -pe (behe) atzean erantsita. Agintzen dauen edo agindua emoten dauen baten azpian dagozanak agindupean egon ohi dira; etya kirol arloan, entrenatzailearen agindupean hatan be.
Pedro A. Añibarrok eta M. Zabalak XX. mendearen 20gn urte inguruan idatzi eben lez: “Euren jakineza itsuagaiti datozala deabru okerraren adu gaiztoko agindupekoak izatera”. Askoz oraintsuagokoa dogu Domingo Agirre idazlearen beste hau: “Orain dala hamabi eunkida ta gehiago Erromaren agindupetik aldendu ziran greziar da beste Sortaldeko kristinauak” (Ondarroa).
Adizlagunetara bagoaz, ezagunak eta erabiliak dira zertara egon egiturakoak: norbaiten agindura egon, eta mehatzago pluralez, aginduetara egon.
Norbaiten aginduetara egon / makurtu… ezagunak ditugu euskeraz be, baina gaztelania modernotik sartuak, itxurea. Adibide bat: “Bihotzaren aginduetara eta haragiaren hirritsietara ahalkegabeki makurtu zan” (Mikel Arrutza Euzko Gogoa 1956 (1-2) 29).
Labur esanda: urliaren aginduetara egotea ontzat eta aintzat hartuta be, estilo hobekotzat deritxagu, urliaren agindupean egon esateari.

Azkoitiko ikasleek Udalari egindako eskabide bat, hedabide baten irakurri dogun erara: “Berdegune hektarea bat, eskolek elkarlanean erabiltzeko”. Gure itauna: Berdegune hektarea bat ala hektarea bat berdegune?

Orain artean be aitatua dogu neurri-izenen sintaxia zein dan.
Lurrazalaren luze-zabalagazkoa da oraingo adibidea. Itauna da: Zenbat hektarea lur, eta ez Zenbat *lur-hektarea. Lurraren lekuan berdegunea ipinten badogu, bardin: Zenbat hektarea berdegune? Eta erantzuna be sintaxi berekoa: hektarea bat berdegune.
Luzera edo distantziari buruzko neurri-izenak diranean be halan jokatu ohi dogu: “Zenbat kilometro bide dago hemendik hara?” Bost kilometro bide litzateke erantzun taiuzkoaa, eta ez besterik.
Luze-laburrean metroa hartzen badogu neurri-izentzat, eta oihala bada neurtu gura doguna, esango dogu: bost metro oihal, eta ez behintzat bost *oihal metro.
Era guztietako neurri-izenakaz dauka euskal sintaxiak portakizun bera: pisua, edukia edo dalakoa.
Adibide gehigarriak. Pisuan: bost kilo azukre. Edukian: hiru litro esne. Lau botila ur. Luzeran: hiru metro oihal. Distantzian: lau kilometro bide. Prezioan: sei euro gaztaina. Salneurri kontuan ez da hainbeste betetzen neurri-izenen sintaxi hori: sei euroren gaztainak eta horrelako zeharbideetara joten da gehiago.
Azkoitiko adibide-eredura bihurtzen bagara, hobetsiko gendukena, beraz: Hektarea bat berdegune.

Adolfo Arejita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular