Euskera Hobetzen: 'Bazter bidean' eta 'bide bazterrean' ez dira bat

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Bazter bidean’ eta ‘bide bazterrean’ ez dira bat

Bide bazterra / Bizkaia Irratia

San Tomas, Santa Luzia eta urte-akabuko azoken inguruan entzun dogun esaldia: “Zer jana eta zer edana ez da faltako”. Zer janA ala zer jan ez da faltako?

Zuzen esanda dago berez, zer janA edo zer edanA ez dala faltako esatea. Baina berez, hiztunok, aditz partizipioa soil-soilik, -a mugatzaile barik erabilten dogu horrelakoetan: zer jan ez da faltako, zer edan ez da faltako.
Oinarrian daukaguna zehar galdera bat, zehar itaun bat daukagu, barruan itaun-hitz bat daroana: zer, nor, non, nora, noiz edo dana dalakoa. Eta horren gainetik dagoan aditza, egon, euki, falta izan, jakin edo besteren bat izan daiteke, baiezka edo ezezka emonda. Halan: badago / ez dago, badauka / ez dauka, badakit / ez dakit eta halan.
Beste esaldi batzuk erabilirik argitu daigun puntua:
– Ez dauka zer jan esaten dogu, edo ez dauka zer janik. Zuzena da: Zer janA falta dauela esatea, baina egitura zaharra eta egokiena bestea da: Zer jan falta dau.
– Eduki aditza sarri darabilgu zehar itaunok egfiteko. Esan geinke ezezka: Ez daukat zer jan. Baita: Ez daukat zer janIK, baina bigarren hau albo-egitura dogu, Lehenengo soila da nagusi. Ezezka egonagaitik, –ik atzizkia zertan sartu ez da. Eta baiezka emon gura izan ezkero mezua, esan geinke: Badaukat zeri heldu. Ez da beharrezko esatea: Badaukat zeri helduA. Baina bigarren hau be ontzat emongo genduke, bestea baino modernoagoa izan arren. Ez genduke hobetsiko, halanda be.
– Egon aditzaz, esan geinke ezezka: Ez dago zertan esan. Eta ez da beharrezko: Ez dago zertan esanik esatea. Edo esan geinke baiezka: Badago nora jo. Nekezago esango genduke, ostera: Badago nora joA.
Frai Bartolomeren esaldi bategaz ondu nahi dot egitura hau: “Nortzuk dira, euren jantzian banidadea, modea, indezenzia ta luxuriaren konbitgarria darabilenak; ta auzoai zer esan ta zer pensau emoten deutseenak?” (Olgeeta 200). Idazle bikain honek ez darabil, ez zer esana, ez zer pentsaua, ezpada aditz partizipio soilaz josirik: zer esan, zer pentsau.
Jakin aditzak portakizun harean diferentea dauka; baldintza estuagoak eskatzen ditu hartzen ditu jakin aditzak, goiko besteok baino. Halan esan geinke: Ondo daki zer egin, baina ez: Ondo daki zer eginA. Edo ezezka: Ez dakit zer esan, baina ez genduke esango: Ez dakit zer esanIK, eta hainbat gitxiago: Ez dakit zer esanA. Esango genduke: Ez dakit zer pentsau be, baina nekez, ostera: Ez dakit zer pentsatua. Esan geinke: Badakit nora joan edo Ez dakit nora joan. Baina ez: Badakit nora joana, ezta be: Ez dakit nora joanik.
Lexikalizatze osoa dagoanean, orduan arazo barik onartzen da -A mugatzailea, edo -IK partitiboa ezezka. Halan: ZeresanA franku dago. ZeresanIK ez dago horren gainean. ZereginA ez da falta. Ez daukagu zereginIK.

Igaro da San Esteban, eta gainean San Silbestre. Ze errefrau edo esakuntza dogu urte akabu honetan?

San Esteban eguna harainegun atzetik igarota egon arren, euskal esakuntza eta errefrauen aldetik errastua itxi eta hizkuntza aldetik be bere bitxitasunak eskaintzen dituan ezkero, aitatzea merezi dau.
Errefrau askotan Gabon, Natibitate eta San Esteban batera aitatzen dira. Txikitan Morgan halan ikasi neban: “Gabon bon-bon, Natibite ase ta bete, San Estebantxe bestetan lantxe”. Zornotzan be, Marisa Barrena euskerazaleak holantxe ikasi eutsan amari. Ugaon Maider Gaztaka Gandariasek: “Gabon bon-bon. Natibitate, tripea bete-bete, eta San Esteban beti letxe”. Arratian, ostera, Maria Jesus Lopezdeak amari beste era honetara: “San Estebanez, bestetan lez”. Aurrekoak baino gitxiago entzuten dan esaera-modua, baina interesgarria San Estebanez denpora balioko adizlaguna.
San Esteban egunez bizimodua atzera lehengora, egunerokora datorrela esatera datozan esakuntzak. Janaria dala-ta, txokolatea aitatzen da egun horretarako: “Natibitate bete-bete, San Esteban txokolate” (Garate Atsot 9981).
Baina egunerokora atzera etorte hori era orokorragoan adierazoten da gehienetan: bestetan lantxe, bestetan letxe, bestetan lez, bezalatsu eta gehiago. Halan: “San Esteban su, lehen bezalatsu” (Garate Atsot 11701). Azkuek beste era gehiagotara be jaso eban: “Natibitate ase ta bete, San Estebantxe, handik aurrera lehen letxe” (EY 54) edo: “San Estebantxu, lehenerantsu.” (EY 70).
Natibitate hurrengo eguna, San Esteban, edo antxinago Done / Jandone Estebe, atzizki txikigarriz (-txe edo -txu) laguntzeak berak be santu-egun horretan eguneroko apaltasun edo xumetasunera bihurtzea iragarten dau, gaztalaniaz “Estebancito” esango balitz lez. Santu-izenakaz -txu atzizkia, santu-egunaren hurrengo egunerako erabilten da normalean: Santanatxu, Sanroketxu, Sanpedrotxu eta beste gehiago. Baina San Estebanen kasuan ez: santu-egun hori egun zehea, ohikoa dala aditzen emoteko darabilgu.
San Estebantxe izen aldaera horrek interes bereia agiri dau atzizki txikigarriagaitik be. Izan be, -txe, giza-izenakaz guztiz zaharra da, eta Estebantxe itxura hori zahartasun adierazgarri da. Beste izen zahar gehiagotan be agiri da -xe atzizki hori: Perutxe, Joantxe, Errotxe, Semerotxe… edo -xe aldaereaz: Abendañoxe, Totaxe, Joankoxe, Amorexe eta beste gehiagotan. Argi esanda: izendapen zaharra dogu Estebantxe izen horrena.
Puntua eginez, Estebantxe eta lantxe ditugu aurrez aur. Lantxe, “bezalaxe, legetxe/letxe” postposizinoen sinonimo da, –lan atzizki modalaren gainean eregia: honelan, halan adberbioetan dogun –lan atzizki zaharra –txe atzizkiaz indartuta: lantxe.

Gabon, Urte Barri aldi honetan zorion-emoteak zuzentzen deutsaguz, batzuetan familiari, baina beste batzuetan etxekoei. Biak bat dira? Familia eta etxekoak?

Etxekoak dinogunean, etxe barruko biztanleak era zabalagoan hartzen dirala esan lei, familia dinogunean baino.
Familia izena latinetik dator, eta erromantze-hizkuntzen bidez garatu da. Baina euskeran be aspaldi zaharretik sarturik daukagu familia berbea. Jakingarria da, halanda be, gure klasiko zaharretan etxekoak eta familia esangura beretsuaz eta batera erabilirik agiri dirala batzuetan. Leizarragak dino: “Nola estranjer ginadelarik, Iainkoak bere etxeko eta familiako rezebitzen gaituen” (Lç Ins F 2r). Eta Axularrek hurrengo mendean: “Bere seme-alaba, sehiak eta etxeko familia guztia” (Gero).
Latinez bada “pater familias” izena be, euskera zaharrean aita familiakoa lez izentau izan dana. Halan, Testamentu Barriaren lapurterazko bertsino baten: “Zeruetako erresumak iduri du aita familiako bat” (Mt 20, 1. (1828).
Sendi izena be ezaguna da. Neologismoa. Sabino Aranak fundauriko berba barria, baina hitz-oin zaharrean oinarriturik: sen- erroari –di atzizki kolektiboa erantsirik. Sen- erro hori odolekoak diranen adierazle da. Horren eratorri eta alkarkuntzak ugariak dira: senide (neba-arreba) eta (pariente), senikide (pariente), senitarte (parentesco), seniparte (herentzia), senikera eta senitasun (parentesco), seniderdi (erdi anaia edo arreba), senitezkontza (casamiento doble entre hermanos de dos familias) eta abar.
Seni- hitz-oinetik dator izen aldaera ezagun bat: seina, ume txikiarentzat hondino be bizirik daukagun hitza. Eta honen hari berekoak dira sein egin (erditu), seindun (haurdun), seinga (umebako andrea), seingintza (erditze), seinkeria (umekeria), seinzaro (haurtzaro) e.a.
Baina sendia neologismo garbia dogu, eta aldi bateko indarra gorabehera, gaurn egun guztiz indargeturik dagoan izena dogu; hilbarri edo eskeletan ez bada, nekez irakurten dana.

Etxekoak, holantxe pluralez, izan da euskaldunon pentsamolde zaharrean, familia baino berba esanguratsuagoa, etxe izenaren inguruan garatutako izena. Berbaz, hiztun askorentzat, etxekoak eta etxeartekoak guztiz sustraituak dagozan izenak dira, eta gure eretxian ahalegin gehiagoz erabili beharrekoak.
Mogelek berba-jardunetan darabilen esaldia: “Maisu Juan; esaidazu zer gura dozun; zeuk, emaztiak eta neuk bakarrik apaldutea, edo etxeko guztiok aldabatera” (PAb). Añibarrok be sermoitegi nagusian: “Biraoak arras daroa guztia; ta ondatuten ditu etxeak ta etxekoak” (Misionari Euskalduna).
Eske-kopletan, etxerik etxe kantetan izan diran horreetan, sarri aitatzen dira etxekoak edo etxekotxuak lango berbak. Halan: “Etxekoak, adiyo, / Pazkua jai ona, / bake, amoriyua / eta osasuna” (J. V. Echagarai Bertso bilduma).
Etxeko izen horren gainean eregiak dira familia osotzen daben kideak be. Halan: etxeko jauna, etxeko andrea, etxeko semea, etxeko alabea, etxeko seme-alabak edo etxeko umeak. Baita etxeko morroi, etxeko neskame eta beste edozein be.
Etxeko buruaren izena be emon izan jako tradizinoan etxeko jaunari. Eta gaurko ikuspegiz, etxeko andrea be bardin izan daiteke etxeko buru. Etxeko nagusia be sarri erabili izan da. Honeek biok generoz neutroak.
Halanda be, tradizinoan izenik oinarrituena etxeko jauna da dudatzaka: “Etxeko jaun prinzipalak” aitatzen dau gure idatzi zahar batek (AN, 1597).

Hedabideetan entzunikoa, norbait kargutik “zesatzea” dala-ta: “Bere kargutik kendu eben”

Inoiz aitatu dogulakoa daukat puntu hau. Gaztelaniaz “lo cesaron” edo “lo quitaron de su puesto”. Euskeraz, bere kargutik kendu eben esaldi horretan, bere erdi alperrik dagoala esan daitgeke, eta nahikoa dala esatea: kargutik kendu eben edo kargua erretiratu eutsen edo horrelako zerbait, bere txertaten lehiatu barik.
Erderaz joera handiagoa dago “su” izenordain posesiboa erabilteko, euskeraz bere sartzeko dagoan baino. “Hace bien su trabajo” esateko, nahikoa da esatea “ondo behar egiten dau”, bere lana zehazten ibili behar barik.
Gazt. “El ha puesto sus condiciones” esateko, baldintzak ipini ditu esatea nahiko genduke, bere baldintzak ipini dituala barik.
Bere posesiboa ipinteak batzuetan ez deutso ezer gehitzen adierazpenari, ez dakartso informazino barririk, ze aditzean eta subjektuan esanda dago norenak diran baldintzak, lana edo dana dalakoa.
Besterik da dinogunean: Zuk bete eizuz zeure zereginak, harek bete daizala bere eginkizunak, eta nik be beteko ditut neure beharlekuak. Esaldi horretan bere, zeure, neure posesiboak esangura propioa gehitzen deutsie esaldiari. Izenordain posesibook behar-beharrezkoak dira, betekizunak norena diran garbi gera dadin.

Aurten be Gabonaldi, Urte hasiera inguruan barriro entzuten dan eslogana: “Janaria ez da botatzen!”

Aurtengo urte hasieran (2022-01-13/3) berba egin genduan esaldi horren gainean hatan be. Gaztelaniaz agindu edo aholku zorrotz modura esaten dana, “la comida no se echa” edo “no se desperdicia” dalakoa euskeraz hitzez hitz ezin dogu kalkau, eta “janaria ez da botatzen” esatea arlokeria garbia dala gogoratu nahi genduan.
Agindu, aholku edo gomendio hori beste era batera esan behar genduke euskeraz: EZIN DA BOTA, EZ DA BOTA BEHAR, EZ DAIGUN BOTA, EZ DAIGULA JAURTI. Edo EZ BOTA MESEDEZ.
Beste esaldi batzuk erabilita:
– Behera ez da bota behar ezer. Gazt. “no se echa nada al suelo”.
– Basuak, behin edan ezkero, tabernako mostradorera eroan behar dira. Edo: Mesedez, mostradorera eroan. Gazt. “Los vasos se llevan a la barra”.

Errepideko panel digitalean irakurritako oharra: “5 kilometroan lanak bazter bidean”. Bazter bidean hori ondo esanda dago?

Autobidean irakurri dot asteon bertan, Arakaldo-Laudio inguru horretan.
Lehenago be inoiz salatu dodan puntua (2018-05-24/6), gure errepideetako mezu-oharren gorabeheran, bazterbide zorioneko hau. Hiztegietatik sartu da, gaztelaniaz “arcén” deritxonarentzat bazterbide erabilteko gaixoa. Elhuyar hiztegian irakurri dot: “las autopistas tienen un arcén amplio: autopistek bazterbide zabala dute”.
Gaztelaniaz “arcén” horrek esangura bi ditu. Bata da “margen, orilla”. Baina euskaldunontzat hori ez da “bazterbidea”, bide bazterra baino. Edo nahi bada, bide hegala, bide ertza edo, Iparraldeko erara, bide hegia.
Izan be, autobidean goazala, ez dago inon “bazterbiderik”, ez bazterreko biderik. Dagoan bakarra da bide bazterra.
Baina badauka gazt. “arcén” hitzak bigarren adiera bat, RAE-k holan zehazten dauena: “En una carretera, margen reservado, a un lado y otro de la calzada, para uso de peatones, tránsito de vehículos no automóviles, etc”. Bigarren adiera honentzat bai balioko leuke bazterbidea edo albobidea esateak, baina errepide nagusiaren hegalean, alboan edo bazterrean bidea dagoanean, oinezkoentzako, txirrinduentzako edo astoentzako, bide gorria edo bide berdea dala.
Errepidean zoazala goiko iragarki digitalean dinotsuenean, ez “bost kilometroan”, ezpada “bost kilometro barru” “lanak” dagozala, hau da, obretan diharduela, han iragarri nahi dana ez da bazter bidean obretan dabilzanik, bide bazterrean dabilzala baino.
Egia da, hainbat bidegorri, bide berde edo “albobide”, edo “bazterreko bide” egiten daraagoiela aspaldion gure errepideen hegaletan. Zornotzatik Durangora egiteko dirala bat entzun dot. Eta Deustutik Areetarako errepidean, Erandio pareraino behintzat, gertu dago albobide hori.
Amaitzeko. Gorde daigun bazterbide edo albobide hitza, errepide hegaletik egiten dan bidearentzat, baina errepide edo autobide hegalak seinaletako ez daigun erabili behintzat. Horretarako gorde daigun, hiztunok aspalditik darabilgun bide bazterra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular