Euskera Hobetzen: 'Behar ez danen bat egin'. Zer esateko?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Behar ez danen bat egin’. Zer esateko?

Lehengo baten hiztun bati entzuna: “Bakotxak daukaguz geure gauzak”. Zuzentzat jotekoa ete da, bakotxak subjektoagaz batera esaldi berean daukaguz aditza erabiltea?

Bakotx, bakotxa berbea berez 3. pertsonakoa da, batzuetan izenordaina, bakarrik doanean, beste batzuetan adjektiboa, izenaz lagundurik doanean. Eta singularra da gramatikaz beti: Bakotxak dauka. Bakotxa doa. Ume bakotxari emon behar jako. Ingurune-esaldi gehiago: Bakotxak daukaz bere gauzak. Bakotxak daki bere barri. Bakotxak agintzen dau bere buruagaz. Bakotxari eskatu behar jakoz kontuak, eta ez danei batera.
Baina bigarren albo-gramatika bat garatu da bakotxa hitzaren inguruan. Sartaldeko berbetan, eta berbazko erabileran, hatan be; idatziz nekez agiri dan, baina berbaz leku askotan normaltasunez erabilia dan gramatika bidea. Zertan datza bigarren albo-erabilera hau?
– Hiztunok, esaldiaren ekintzaren eragilea 3gn pertsona singularra bat izan beharrean, 1. edo 2. pertsona bategaz akordioa egitea, baina 1. edo 2. pertsona pluralakaz, ez singularragaz. Euskal hiztunok berezko joera natural bati jarraituz garatu dogulakoa dirudi. Joera horren arabera, bakotxa, bakotxak, bakotxari pertsona-izenordain edo adjektiboagaz buztartzen ditugu gu / zuek, guk / zuek, edo guri – zuei. Aditzaren jokoan gu edo zuek pluralekoak bakotxa izenordainagazko akordioan dala. Halan, berbarako: bakotxak dakigu, bakotxak dakizue. Ildo horretatik eregiak dira berbazko esakuneok: Lehen pertsona pluralaz (gu): Bakotxak daukaguz geure gorabeherak. Bigarren pertsona pluralaz (zuek): Bakotxak dakizue zein dan zeuen obligazinoa. Egitura horren atzean, edo azpian, ezkutatzen dan hartuemon semantikoa hau dala esan daiteke: gutariko bakotxak lehenengoan eta zuetariko bakotxak bigarrenean.
Beste kasu-markakaz be beste hainbeste: bakotxa edo bakotxari. Egitura ereduzkoan, 3. pertsonan ean daroagu: Bakotxa da bere erabagien erantzule. Baina 1. pertsona pluralera ekarririk: Bakotxa gara hemen ardurea daukagunok. Eta 2. pertsona pluralaz: Bakotxa zarie erabagia zeuen eskuan daukazuenak.
Baina 1. pertsonea singularrari bajagoko (ni) edota 2. pertsona singularrari (zu), ez da bideragarri bakotxa izenordainagazko akordioa. Ez eta 3. pertsona pluralari bajagoko be (hareek, eurak) pluralari. Beste era batera formulaturik: gu eta zuek pertsonak dira halako inpertsonaltasun ordaina adierazo leikien bakarrak.
Bakotxa hitz honek bere posesiboa lagun dauela egitura bihurkaria garatzen dau, hiztunok sarri be sarri darabilgua. Halan: “Bakotxak beretzat egiten dau. Bakotxak nahiko dauka bere arloakaz. Bakotxa berean, inori kasu gitxi eginda. Bakotxari bere odolekoak tira egiten deutsie. Bakotxagaz norberak agintzen dau”.

Esakuntza batek erderaz dinozanak, euskerara bihurtuta: “Buruak berez ez dakarren argia Salamancak ez dau opatzen”.

Mezua garbia da: berezkoa behar dala norbait edo zerbait izateko. Berezkoaren jabe ez danak, jakituna izateko, eskola hutsagaz ez dauela nahikoa; berezkoa behar dauela.
‘Berezkoa euki’ edo ‘berezkoa izan’ lokuzinoa da gure idazleen artean be sarri darabilen giltz-esakunea. Halan Domingo Agirrek: “Berezko argia eban Mañasik gauza danak errez ikasteko” (Kresala). “Errazoe izatezkoa edo berezkoa da Jaungoikoak emoten deuskun argitasun bat, zuzenera barruan dagozan gauzak ezagututeko” (Iturzaeta Azalduera). “Berezkoak zitun adimen argitasuna eta edozertarako ikusmen zolia” (Etxaide Joanak joan). “Errukiz ikusten eban maisuak, mutikoaren zabarkeria, berezko dohai aitorren jabe izanik” (E. Erkiaga). “Gizonak badu Jaunak emanik / berezko azkartasuna” (I. Olea).
Bihur gaitezan errefrauaren esanera. Gaztelaniaz dogu askoz ezagunago euskeraz baino: bai hitz-irudien morfologiaz, bai mezuaren maminaz. Ezagunen antzekoa: “Lo que natura no da, Salamanca no lo presta” (Atsot 3359). Bigarren batek be Salamanca izentatzen dau, unibertsitate-uri historikoa, astoa jakitun bihurtzeko nahikoa ez dalakotzat: “Salamanca no hace milagros; el que va jumento no vuelve sabio” (Atsot 3108). Eta hirugarren batek be, Salamanca dala-ta, astoaren eta osterantzeko patarien irudia darabil: “Ir bestia a Salamanca y volver asno, a muchos les ha pasado” (Atsot 3362).
Euskeraz badau akaburengo honek erdi-ordain bat, asto-mandoen abere-irudi beragaz josia: “Asto joan eta mando etorri”.
‘Adimen argia’ izatearen, edo buru argia izatearen kontzeptua adierazoteko beste era gehiago be badira. ‘Buru argia eukitea’ adierazoten da batzuetan, izen modura. Baina adjektibo modura be bai beste batzuetan: norbait buru-argia izatea edo buru-argi egotea. Azkueren berbaz: “Mirarizko gauzea dirudi 87 urteko agura hain arazopetua, hain sendo ta buru-argi egotea.” (Euskalzale 1897). Beste idazle batzuenean: “Zuk gizon azkar, buru-argi, pizkorren izena daramazu” (Greg. Muxika Pernando Amezketarra). “Bakan-bakanetan, ordea, arkitu ahal izan ditugu bihotz beroko gizakume buru-argiak” (J. Zaitegi Platon). Hirugarren egitura bat, buru argikoa (izan) adnominala: “Oso buru argikoa da artzai-mutilla” (Berrondo Kijote). “Han nabarmentzen ziran aguro / buru argiko gizonak” (Basarri).
Gatzaren irudipean be adierazo izan da buru argia eukitea: ‘buruan gatza euki’ esapideaz. Gatza eukitea esanguraz: ‘sustraia, zuzterra; ‘juicio, sensatez’. Sarriago entzuten da gatzaren irudia ezezkako esaldian: gatzik ez eukitea. Idatzietan: “Gatzik bape ez daukozula!” (Kirikiño Euzkadi 1914). Neuk entzunikoak dira hurrengoak: Zuk daukazu gatza! Harek dauko gatza, esan dituan berbak ahotik aterateko! (Barrutia).
Esaera ezagun bat badogu ezezkako juntaduran: Ez gatz ez berakatz: ‘ni fu ni fa, poca gracia, poco salero’. Edo berbeta barruan: Horrek ez dauka ez gatzik ez berakatzik! Ese ni fu ni fa”.
Adin izena be batzuetan adiera honegaz erabili izan da, ezagun-hedatuago dan ‘edade’ adiereaz ez eze. Adin ona eta adimena are ezagunagoak dira ‘endelegu’ adiera honetan. Baina ez da ahazturik ixtekoa Mogelenean agiri dan adina galdu lokuzinoa, ‘burua / zentzuna galdu’ adiereakoa; gazt. ‘perder el juicio’. Dino: “errukarria da, ta ez biraogarria gizon adina galduten dabena” (PAb). Agirre Asteasukok be, ildo berean, adin zoroa aitatzen dau, ‘buru arina’ aditzen emoteko: “Gerta liteke adin zoroarekin irristatzea utsegiteren batean” (Erakus III).

Sareetan irakurritako esaldi bat: “Agurtzeko ordua heldu da”. Despedida-agurra danean ondo erabilita ete dago agurtu aditza?

Halan irakurri neban oraintsu sareetan, agurtzeko ordua, eta esaldiaren ingurunetik berehala aditu neban despedidako ordua esan gura ebala, eta ez ‘harrera egiteko’ edo ‘jera ona egiteko’ ordua. Hiztun askorentzat bitxi samar egin arren gaur adiera hori, guztiz zuzen esanda dagoala gogoratu. Kontua da ze, hizkera askotan despedidarako ez dala agurtu aditza gaur erabilten, ezpada agur egin edo agur esan aditz multzoa.
Baina zertarako erabili izan da agurtu? Egia esanda, azpi-adiera bi ditu esangura nagusiaren barruan: gazt. ‘saludar’, batzuetan norbaiten etorreran, beste batzuetan joakeran. Larramendik berak be: “Saludar, agurtu, agur egin” dakar, adiera biak barruan dirala.
Kontua da, joakerako agurrerako be, ‘despedidarako’, balio dauela agurtu aditzak, eta halan be erabili izan da gitxi-asko, nahiz eta sarriroen etorrerako agurrarentzat erabili izan dan.
– ‘Agur egitea’, ‘despedidako agurra egin’ adieran adierazoten daben Eibarko esaldi bi: “Ameriketara doian laguna agurtu dogu Bilbon, hemos despedido en Bilbao […]” (Toribio Etxebarria). Eta idazleetara jo ezkero be, horren hainbat lekukotasun idoro geinkez. Besteak beste, Domingo Agirre idazle izentaduarenak: “Honenbestegaz agurtuko gara, ta badakizu zeuk gero zer egin dodan” (Auñemendi). “Gure gazteak […] parra-irri gozoz agurtu ziran.” (Garoa). Ohartzekoa da adibideotan, agurtu aditza izan laguntzaile iragangaitzagaz darabilela. Despedidako agurraren adierazgarri.
– ‘Jera ona, harrera egitea’ adiereaz darabigu beste batzuetan agurtu aditza. Aitatu barri dogun Toribio Etxebarria eibartarrarenak dira honangoak: “Agurtu dogu Donostian, Ameriketatik zetorren famelixia, hemos saludado en San Sebastián […]”. Bigarren bat, guztiz argigarria: “Doiana agurtzia beti tristia; datorrena agurtzia berriz alaigarrixa”. Hirugarren bat: “Gura neban danak agurtzia, baina ez neban euki denborarik, quería despedirme de todos, […]”. Beste idazle batzuen lanetan be lekukotasun sendoak ditugu. Halan Toma Agirre idazle bikainarenak: “Danak esan nahi zioten zerbait; danak nai zuten agurtu gazte bulartsua” (Uztaro). “Hango jendearen agurtu beharrak eta eskukaldiak eragoztearren, Zumaiara begira jarri zuen lurrunontziaren muturra” (Uztaro). “Bostekoa luzatu zion agurtzeko” (Uztaro).
Gaur egun, adizaren adiera bien arteko bereizkuntza egitera joten da gehiago, eta despedidakoa danerako sarriago darabilguz agur egin, edota agur esan. Halan: agur egiteko ordua, agur esateko ordua. Gomendio modura, praktikoagoa da bereizkuntza. Baina ez daigun ahaztu, dana dala, agurtu aditzak balio biak hartzen dituala barruan, eta ezin dogula bata ez bestea txartzat jo.

Berbaz sarri entzuten dan esapidea: Behar ez dana, behar ez danen bat (egin). Zer esateko?

Lehengo astean erabili genduan hur-hurreko esapide adberbial bat: behar ez dala, berbaz: behar eztala.
Hortik hartu dogu haria, aditz beragazko beste esapide hau gogora ekarteko: behar ez dan, berbaz behar eztan, eta batez be behar ez danen bat, berbaz behar eztanen bat. Behar ez dan izen lexikalizatu gisa darabilgu hiztunok, behar eztan, sartaldean behintzat. Ohiko esakunea, zabal dabilena, berbaz behintzat.
Neure corpusera batu ditudan eredu-esalditxo batzuen bidez, eguneango berbetatik jalgiak, garanduko dot erlatibo-esaldi finkatu honen gorabeherea labur.
Gaztelaniaz, hurreko esanguratzat aitatu leiz: ‘accidente’ eta baita; ‘atropello, disparate, fechoría’.
Berbazko erabilgune gisa: “Zabilz kontuz bideetan, behar ez danen bat | behar ez danik pasau ez daiten”.“Kontuz horreekaz, ze kapaz dira norberari behar ez danen bat egiteko be eta!” (Barrutia). “Burua be berotu deust. Kontuz ibili ezik, behar ez dana egingo neuke!” (Barrutia). “Alde eizu nire ondotik, behar ez danen bat egin ez daidan” (Barrutia). “Dagoala hagandik aparte, behar ez danen bat egingo deutso ostean!” (Bizenti. Mauma).
Behar ez danak, behar ez dan horrek modukoetan be usu dan egiturea. Zeberioko lekukotasun bi: Bata: “Behar eztana egingo zenduan ba, zertan eztala?”. Bestea: “Behar eztan horrek atzea ekarriko deutsu”(Juan Manu Etxebarria). Pluralez be bardin erabili ohi da: “Gabonzahar egunez mutil bardingoek okerreriak eta behar ez diranak egiten zituen antxina baserrietan eta” (adf).
Gue literaturan be badira hurreko egiturak, adieraz be hurreko diranak. Halan Añibarroren 1821eko dotrinan, auzi txarrak epaitzeko erabilia da behar ez dan esamodua: “Ea zeure erruz bear eztan auziren bat erriak edo besteren batek darabilenez” (Esku.Liburua 1821).
Policarpo Iraizoz nafarrak ‘inapropiado, inoportuno’ adiereaz darabil ‘txarto hitz egitearen’ gorabeheran: “Beti hola ari ziran farisau gaiztoak, ea behar eztan hitzen bat edo esaeraen bat ateratzen zioten Jesusi, berehala auzi- emateko, agintariei salatzeko.” (Yesukristo). Eta baita: “Daniel profetak esandako ondamenaren nazka behar eztan lekuan, toki sanduan dagoela ikusi dezazuenean” (YKBiz 409).
Azkuerenean esakuntza hau idoro dot, taiu berekoa: “Juana kakati ozpaletan, bear eztan orduetan”. (V-m). (EY III 88).
Ezezkako egitura erlatiboak beste gehiago be lexikalizatu ohi dira esangura bereziak adierazoteko. Bat, guztiz ezaguna: gauzeztana (gauza ez dana).

Eskola-testu baten irakurri dogun esaldi bat: “Perpausak josiz joango gara, testua osatzeraino.” Perpausak josiz joan ala perpausak josten joan? Zelan hobeto?

Sartaldeko gaurko hiztunok normalagotzat joko genduke behar bada bigarrena: ‘Perpausak edo esaldiak josten joango garala’, harik eta testu osoa ondu arte.
Gaztelaniaz jerundioaz bideratzen diran aditz egiturak euskeraz zelan emon; horretan datza auzia, horretan dago untzea.
Gramatikaz egitura biak joko gendukez zuzentzat ingurune horretan, josten joan zein josiz joan. Biek darakuse, adieretariko baten behintzat, balio jerundiala, prozesu dinamikoa.
Joten eredua erabili edo josiz/josiaz eredua erabili, bien arteko diferentzia gehienetan datza, zein aditzi loturik doak mendeko aditz menderatua, aditzizena edo partizipioa. Eta baita be, zein hizkeratan erabilia dan. Horren arabera, edo -z/-az instrumentala edo -ten inesiboa darabilten dira gehiago. Euskal hiztunon ohiturak eta joerak be ez dira berberak, hizkera batzuetan eta besteetan.
Aditz nagusi batzuk adieraz dinamikoak dira berez: joan, ibili, jardun, ekin… Euron argumentu osagarria zertan itaunari jagokona izan ohi da, eta aditz jokatubako bidez hornitzen badogu argumentu hori, -ten markara joten dogu berez antzean hiztun askok: josten, ikasten, irakurten, jaten, jorratzen.
Atzizki instrumentala dautsanean aditz partizipioari (josiz, ikasiz, landuz, pobretuz, bultzatuz), ‘modua’, zelan itaunari erantzuten jako askoz sarriago. Sartaldeko hizkeretan -az mugatzailedun instrumentala erabili izan da askoz gehiago, ekialderago -z mugagabea egiten danaren lekuan; eta bizkai sartanderengo tradizinoan baita sarri -agaz soziatiboaz be (baina balio instrumentala gordeaz) markatu izan da: eginaz / eginagaz, esanaz / esanagaz, emonaz / emonagaz, edanaz / edanagaz). Esangura modalaren lekukotzat jo leitekez hurrengo ereduok:
a) Mogelen lumaz: “ta arriak boteaz, igon eragin eutsan urari, berak errazto artu ta gura beste ur edan artean” (Ipuinak).
b) Mateo Zabalaren sermoietatik: “geiago irabazten dala meza ondo entzunagaz” (Irun), “Zuek irakatsi bear deutsazue zeuen agindupekoai zerurako bidea, bai esanagaz, baita geiago eginagaz” (Irun).
Baina partizipio instrumentala indar handikoa gertatu da berariaz joan aditzaz lagundurik, /partiz + -az joan/ egitura barruan, edo, urriagoa bada be, /-az etorri/ egitura barruan. Horrelakoetan aditz prozesuaren aspektuak ‘eboluzino, iraupen, garapen’ zentzuna hartu ohi dau. Hara, froga modura, J. A. Mogelen adibide bi:
– “Gitxika bada bere, biurtuaz ta pagauaz joan” (Erakuspena).
– “ura igonaz etorren” (Ipuinak).
Goiko esaldiko egiturara bihurtuaz, gogora daigun egitura biak dirala zuzen eta egokiak. Eta ‘eboluzino, bihurrera, garapen’ adiera horretarako agian gomendagarriagotzat joko genduke Mogelen bidea: -az joian / -az etorren eredua.

Txosten batetik honako esaldia jaso dogu: “Oinarri horiek finkatuta ditugunean elkartuko gara”. Zelan hobeto? Ditugunean, eukiko ditugunean, eukiten ditugunean ala beste aditz egituraren bategaz?

Geroaz dihardugu, etorkizunean bete beharreko jarduera edo ekintza batez.
Gaztelaniaz subjuntiboaz atontzen gara horrelakoetan; kasu honetan, denporazko mende-perpaus barruan: ‘cuando tengamos’, ‘cuando hayamos finalizado’.
Goiko euskerazko aditz egiturok zuzentzat joko gendukez gaur egungo hizkeran. Baina tradizinoaren ikuspegitik ez hainbeste.
Mendeko adiz egiturea, ditugunean aditz trinkoari -nean menderagailua dautsala, ez da hain erabilia izan, etorkizuneko ekintza bat espresatu ahal izateko. Horrelakoetn aditz konposatura, perifrastikora, jo izan da gehiago, eta joten da gaur egun be: eukiTEN ditugunean. Eta, etorkizuna markatzeko izan arren, -ko atzizkia erabiltea be bitxi eta mehatz gertatzen da; nekez erabilten da eukiKO ditugunean tipoko egiturarik.
Etorkizuna adierazoten daben denpora balioko aditz trinkoen artean ezagunak dira etorri edo joan aditzak, tradizinoan be ondo sustraituak. Guztiz normal egiten da esatea: Zu zatozanean, ni joan egingo naz; horrelan egingo ditugu txandak. Edo: Ni noanean etorriko zara zu, nire txandea hartu daizun. Izan be, etorri eta joan esangura semantikoz ebolutiboak dira, batez be etorri, ekintza burutzera joten dabenak.
Baina euskeraz badogu beste aditz egitura perifrastiko bat, aditz laguntzaile aoristoaz, subjuntibo erakoaz baliatzen dana. Gaur lehen baino gitxiago entzuna izan arren, tradizioan sendo sustraiturik dagoana, eta estiloaren aldetik zehatzagoa eta biziagoa dana. Euskerazko goi erabileran atzera eskuratu eta bizibarritu beharko genduken aditz egiturea. Horren arabera honelan formulatuko genduke goiko esaldia: “Oinarriak finkatuta euki daiguzanean / eduki ditzagunean alkartuko gara barriro”.
Gure idatzi zaharrenetarikoa dogun 1596gneko errefrau bildumatik jaso dogu, joan aditzaren adizki trinkoaz eregiriko eredu hau, doanean adizkiaz: “Ezkon ezak semea nai doanean ta alabea al dagianean. ‘Casa al hijo quando quieres, y la hija quando puedes’ (RS 382). Aditz konposatuaz eregia dogu denborazko menderatu hau daroan hau: “Orazinoe sei lelengoak jakin azkero, bear da jakin erazuten iteundu dakionean gizonari, andreari, mutilkoari edo neskatilleari” (Viva Jesus dotrina zaharretik).
Oraintsuagoko testuetan be ondo lekukotua dogu egitura hau. Hara XIX. mendearen akabuko dotrina batetik hartutako pasarte hau: “Orregaitik bada, asten ezpadoguz geure semiak Jaungoikoaren bildur santuan, txarto ibilliko gara bere aurrera eldu gaitezanian” [Jainkoaren aurrera] (Domingo Kanalaetxebarria, Jesucristo Jaunaren Lege Santia, 1893).
Herri-literatura generoan, oraintsuagoko ereduak ez dira falta. Harako errefrau honetan, berbarako: “Hartu dagizunean gatzaren ardura, akordako jatzu gazte-denpora” (EY 1271).
Gaur egun be indarrean dago, berariaz Urdaibai inguruko berbetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular