Euskera Hobetzen: Berba hartu - 'tartamudo'

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Berbartua – ‘tartamudo’

Errota / Bizkaia Irratia

Aurreko astean, neurri-izenen kontura, -KADA atzizkidunak aitatu genduzan: basukada, pitxarkada eta beste hainbat. Atzizki horren harira, aitatu ez ziran izen eratorri barriak be aitatu deuskuez, ezta?. [ALTZOKADA] [AHURKADA]

Halan da, Libe. Pedro Aurrekoetxea Erandiokoa dogu oraingoan be, pitxi eder bategaz hurreratu jakuna. Dino bialdu deuskun mezuan: “Arrastion, Adolfo. Gaur be entzuten egon natxatzu, eta ontzi edo neurrien ganean ibili zaranean, hau da: basokada, pitxerkada, boltsakada eta abar., pare bat etorri jataz burura. Bat, altzokada da. Gure ama zanak soloari guztia batzen eban altzora: altzokada piper, altzokada patata eta abar. Eta beste neurria, ahurkada da. Sasoi baten ganaduari pentsua emoten geuntsanean, asko erabilten genduan. Hau da: Ahurkada bat arto, ahurkada bat gari; edo urunagaz, indabakaz edo beste gauza askogaz “aurkeda” erabilten genduan. Gaur egun galzorian dagozan arren, sasoi baten asko erabili ziran gure baserrietan. Seguru ezagunak izango dozuzala, baina inguru honetan, 30 urteko edozein gaztek ez dot pentsetan ezagutuko dabezanik.”.
Altzoa neurritzat asko erabili izan da, euskara osoaren luze-zabalean; gazt. ‘regazo’. Sartaldean altzoa deritxonari gipuzkera eremuan magala deritxoe. Sartaldean, magala ‘amantalari’ esan izan jako.
Altzoa, jeneroa batzeko neurritzat, asko erabili izan da baserri munduan, eta gaur be bardin antzean baserrietxe askotan. Altzoa eta altzoaren neurria, altzo bete edo altzokada dala, andrazkoen neurri-soinekoa izan da, ez gizonezkoena; gure tradizinoan behintzat.

Sein edo umetxoak dirala-ta be guztiz ezaguna dogu altzoa. Umea edo seina altzoan euki edo altzoaan hartu. Altzoko umea be esaten da, hondino oinez ikasi barik dagoanagaitik. Altzo-txakurrak be badagoz.
Baina neurri izen modura egitura bitan darabilgu: altzo bete piper edo altzokada piperra, altzo bete okaran edo altzokada okarana. Etxekoandreak, amantal barruan batzen eban ortuko edo soloko jeneroa; ertzak garrian lotu eta amantala altzo bihurtuta: holan batzen eban edozeinbere ortuari. Piperra bada, altzo bete piper edo altzokada piperra. Sagarrak badira, altzo bete sagar edo altzokada sagarra. Intxaurrak badira, altzo bete intxaur edo alzokada intxaurra, eta holantxe beste edozeinbere jenro.
Ahurkada, edo ahurkeda neurri-izena, ostera, gitxi ezaguna da Sartaldeko euskeran, eta Pirinioz beheitiko lurralde osoan be galduta dagoan berbea da.

Baina hara non, Erandion jaso deuskun Pedro Aurrekoetxea jaunak, baserri munduan, ganaduari jaten emote kontuan ahurkada neurri-izena.
Harrezkero lekukotasun gehiago be jaso doguz hurrean. Juan Ramon Legarreta Bilbao jaunak, Leioako semea bera, bialdu deuskun mezuan gauza berbera dinosku: “Gurasoen etxean berba hori barra-barra erabilten genuen. Iluntzean, esaterako: “Ipini sei edo zazpi ahurkada baba beratan, beieri bihar goizean emoteko”. “Hartu amaren altzotik iko ahurkada bat”. “Bota astoaren askara birzahi ahurkada pare bat”.
Labur esanda, Ipar Uribeko kostatik hurreko herrietan behintzat ondo gorde da baserri munduan ahurkada neurri-izena, “ahurkeda” itxurapean.
Arratia aldean be itaunka ibili naz, eta Arantzazuko semea dan Jon Etxebarriak, ekinaren porasuz, azkenean erantzun eustan: “Ehurre bete” bai esaten ebela ganaduari jaten emoteko kontuan: “Ehurre bete babazabal” behiei askara emon; hau da: ahurra bete baba, kopau bat esatea lez.

Iparraldeko hizkeretan eta tradizinoan askoz ezagunagoak dira ahurra, ahurka, ahurtara eta horrelakoak. Gaztelaniaz “puñado, manojo” esaten dana. Baztan aldean eta batez be Iparraldean iraun dau bizirik batez be berba horrek: “Ahur bat aza, une poignée de choux” (Silv. Pouvreau Hizt.). Manuel Larramendik be XVIII. mende erdirantz jasorik dakar hitz hori bere Dicc. Trilingüe-n: “Puñado, ahurra, eskualdia, eskubetea. Item eskumena” (Dicc.). “Poignée. Harriet lapurtarrak be bere hiztegian, ahur bat ezkur” dakar. G. Garatek Nafarroa beherean batua da honakoa: “Zaldiari ahur bat garagar eman dako” (BN-ciz-arb)” (Erdarakadak). Eta Mariano Izetak Baztanek: “Aur bet aski ut” eta “Agur bet arto-pikor” (Baztan.hiztegia).
Bibliako pasarte bat, Duvoisinek lapurteraz itzuli eban bertsinoan, holan dakar: “Bere eskua erromesari zabaldu dio, eta ahurrak beharrari hedatu” “Palmas suas”. (Proverb 31, 20). Ahurrak hedatu, eskuak zabal-zabalik erakutsi (borondate onez zeozer emoteko). Ahurra, esku barrua edo eskuaren barruko partea da hor.

Gure sartaldean akurkada dalakoari Iparraldeko tradizinoan haurtara esan izan jako.
Ahurka adberbioa be ezaguna da, Bizkai aldean erabili izan dana: “eskubeteka” zer edo ha emon edo eskeintzea esateko. “Gozokiak ahurka banatzen ebazan” dino Labayru Hiztegiak. Gazt.: Repartía los caramelos a puñados. (bizk). Baina zuberotarrez be, ahurkaz erabili izan da. Balada zahar baten kopla batek dino: “Ezpeldoiko alhaba / Margarita deitzen da; / Bereterretxeren odoletik / ahurkaz biltzen ari da” (Bereterretxeren kantorea).
Damaso Intzak Nafarroako iparraldean jasori errefrau batek dino: “Errota-zainak zil du (zilegi du) ebastea egunean agur bat irin” (B). (Euskera 1927, 151). Ahur bat irin, esku bete urun.
Bizkai aldean gitxi ezagunak dira, bai ahurra, bai ahurkadea eta bai ahurra bete. Zein da hitz zaharrok galtzearen arrazoia? Esku izenak kendu deutsala lekua. Ahurkada bat artagarau esaten zana, esku bete artagarau edo eskukada garaua bihurtu da, bai Bizkaian, bai Gipuzkoan eta bai Nafarroa ia osoan.
Markinaldean, Azkuek dinoanez, ereite kontuan erabilten izan da: ahurrera erein: “Ahurrera (V-m), (sembrar) a pulso” (Dicc.). Ahurrera ereitea irran ereitea da.
Guretzat pozgarriena, Erandioko berbetan, baserri munduan ahurkada(edo ahurkeda) berbea normal-ormala izan dala entzutea: ahurkada bat arto, ahurkada bat gari. Eta bardin beste jenero batzukaz be: urunagaz, indabakaz edo abar.
Pedro Erandiokori mila goraintzi eta ahur bete esker.

Esaera zahar baten hitzak “Ze egik ezer, endorea, entzun artean bestea”. [BESTEA ENTZUN]
RS errefrau bilduma zaharreko atsotitzetariko bat dogu berau: “Zegik ezer hendorea, entzun artean bestea”. Zegik: ez egik. Hendorea: alkatea.

Baina beronen mezuak gaur egun be oihartzun handia dauka duda barik, errefrauetan eta handik kanpo.
Mezuaren ardatza, besteei entzutean datza. Eta bigarren mezua, horren ondorioa edo ondoriozko erabagi diferenteak.
– Jarrenetariko bat: besteena entzun bai, baina jaramonik ez. Batek ondoriotzat dakar, norberarenaz aurrera: “Uste guztiak entzun eta segi zeurearekin” (Garate Atsot 13304). “Norbera iñor ez ta bestiai entzun ez, dana bapez” (Garate Atsot 10204). Eta eredu laburreko beste bi: “Entzule txarra, entzun gor” (Garate Atsot 3997). “Entzun de gor, ikusi te itsu” (Garate Atsot 4000).
– Beste jarrera bat: besteena adi eta zuhur entzun eta ostean berba egin. Ildo honetakoak ugariak dira. Batek dino: “Biz gizon guzia entzutera leiati, berankor mintzatzera” (Garate Atsot 9718). Ildo bereko edo hurrekoak: “Entzun lehenengo, hitz egin hurrengo” (Garate Atsot 4003). “Hitz egitea baiño, hobe entzutea” (Garate Atsot 6869).
– Entzunaren ondoriotzat isilik eta mutu geratzea gomendatzen dabe beste batzuk. Bi antz-antzekoak: “Zuhurrak entzun, ikusi eta isildu” (Garate Atsot 14377) eta: ““Ikasteko, ixildu ta entzun” (Garate Atsot 7148). Hirugarren batek, laratzuaren irudiaz islatzen dau isilik egotea: “Laratzuek dana entzun eta beti ixilik” (Garate Atsot 8853).
– Etxekoena entzun ez eta kanpokoari entzutea emotea adierazoten dau hurrengo honek: “Kanpokoa entzuten’zu geixau, etxekoa baiño” (Garate Atsot 8303).
– Gaztelaniaz bada esapide bat, dinoana: “Quien calla, otorga”, euskeraz be hurreko ordaina daukana: “Entzun eta isil, baiezko borobil” (Garate Atsot 4001).

Hedabide baten hizlari bati entzundakoa: “Eskabideen erantzuna, iritsiera ordena errespetatuz egingo dugu”. Eskabideen erantzuna, iritsiera ordena errespetatuz egin. Ze beste eratara emon daiteke euskeraz mezu hori? [ORDENA ERRESPETATUZ]

Argi dago, gaztelaniazko esapidearen kalko gardena dana euskerazko hori: “contestaremos las solicitudes respetando el orden de llegada”. Eta argi dago, bestetik, euskerazko hori be gramatika aldetik zuzena dana. Baina aspaldi ikasi geuntsan euskera-irakasle bati, itzulpenak dirala-ta. Ez nago ziur Mikel Zarateri entzun ete geuntsan, baina arteragoko euskerazaleren batek idatzia ete zan nago. Mezua zan: “Euskeratu barik, euskaldundu egin behar da”. Esan gura eban: mezua adierazoten dauen erderazko testua euskeraz ipintea ez dala nahikoa; euskaldun batek bere berbetan hori zelan esango leuken adiereazoten jakin behar dala: euskalduntzea euskaldunon berbeta senera mezua ekartea zala, euskaldunon berbeta estiloan eskeintzea mezu hori.
Goiko esaldiaren mezua euskaldun eran emoteko, era bat baino gehiago dago. Bat, hauxe genduke: “Eskariei, sartu ahala erantzungo deutsegu”. Beste bat: “Eskariak zelan sartu, halan emongo jake erantzuna”. “Eskarien erantzuna, sartzen diran ginoan emongo da”. Hirugarren bat: Eskarien, zelan datozan, halan emongo jake erantzuna”. (lehengo baten erabili genduan heinean, ahala eta kideko beste marka batzuen autua, puntu honezaz hatan be).
Garrantzia gauza bati emon behar jako: adierazo gura mezuaren edukia osorik emotea, ezertxo be baztertu barik. Baina ez gagoz behartuta, erderazko izen bati euskerazko izen bategaz ordaina emotera, edo gaztelaniazko aditz bati euskerazko beste aditz bategaz. Edo bardin beste hitz-kategoria bati. Euskerak dituan baliabideen barruan bilatu behar dira berba, berba alkartu edo lokuzino egokiak, mezua zuzen islatzeko.

Gaztelaniaz “tratamudo” deritxonari euskeraz zelan jakon izena. Zer erantzun ez dakiela ikusi ditugu gazte batzuk, eta ea argitzen dogun auzia. [TARTAMUDO] [BERBARTUA]

Libe Agirre kazetariak proposaturiko gaia. Bizkaia Irratiaren kazetari aretoan erne dan zalantza edo noraez bati erantzuna emon beharra.
Zer erantzun ez dakiala egoten da jente asko, batetik, izen asko eta diferenteak emoten jakozalako leku batean eta bestean. Ezagun jakuzan inguruko batzuk aitatuko ditugu, geuretik hasita.
Berbaltua euki ikasi neban neuk be txikitan: “Urlia batek berbaltua dauko”. Libek Meñakan ikasi eta darabilen moduan. Eta “berbaltua” daukanagaitik “berbaltuduna” esaten dabela gehitu deusku Libek, gazt. “tartamudo” deritxonarentzat.
Baina “berbaltu” izen horrek ez dauka zerikusirik, “berba altu” egiteagaz edo “berbakera altua” eukiteagaz, ezpada berbaltu aldaera horrek “berba hartu” esan gura dau, “berba hartua” daukala pertsona horrek. Berbaltu hitzaren morfologia gardena berbartu da, eta era landuan be holantxe: berbartua. Alpelarria labrantzako tramankulu zaharra morfologiaz alper harria dan modu-moduan. Fonetika aldaketa txiki batek desitxuratu dau izen horren esangurea.
Baina beste berba batzukaz be izentetan da fenomeno hori. “Esanezina” daukala urliak, esaten da beste hainbat lekutan; sartalde honetan batez be: norbaitek esanezina daukala. Mintzoezina be esaten da ekialdean. Eta hitz-gaiztoa be bai erdialdean.
Erdialderantz motela eta totela esaten da gehiago. Edo hitzok, leku askotan, izen alkartu barruan erabilten dira: aho-motela, hitz-motela, mihinmotela, mihinlotua eta beste.
Labayru Hiztegiak beste gehiago be batzen ditu. Halan: “berbaeutsi, mihinmotel/mihimotel, mihinlotu/mihilotu, tartamutu”. Tartamutua eta dardamutua be entzuten dira.
Berbartu berbea ez da “toltetasuna, motel izaera” adierazoteko bakarrik erabilten. Esanezina daukan pertsonea beragaitik be esaten da berbartua dala. Neure etxe-hiztegitxoan jasorik daukadan esaldia: “Berbartua zan lez, jenteak pazientzia galtzen eban berari entzuten.”.
Idatzietan be idoro ditut pasarte bikain batzuk. Paulo Zamarripa sondikarrak idatzia da: “Berba nik ondo egiten joat, Jainkoari eskerrak, berbarturik be etxaukat eta” (Zaparradak).
Hitz ezagun zaharrena, bat tartamutua dala esateko, motel adjektiboa dogu, adiera horregaz euskera osoan erabili izan dana, gainera. Gure errefrautegi zaharreko atsotitz hau lekuko (XVI): “Motel orok itz nai. / Todos tartamudos quieren hablar” (RS 170). Gure tradizino idatzian, eta gaur egungo hizkerarik gehienetan be, motel izatearen kualidadea mintzoagaz edo hitz egiteagaz lotuta dago, norbaiten berbakerea ezintasunagaz oztopatzen danean. Halan dino Juan Jose Mogelek: “Ozta aituteko berba motelagaz esan eustan” (BasEsc 285). Eta oraintsuago Domingo Agirrek: “Nere esakera motel ta motza, nere buruko argi apurra”, bere sermoietan.

Baserri bateko gizonari oraintsu entzunikoa: “Zertan zabil ba?” itaundu, eta bere erantzuna: “Hemen gabilz ba, ezbehar batzuk egiten”. Ezbeharra. Esangura bat baino gehiago dituan berbea, ezta? Zer adierazoteko ez- aurre-hitz hori? [EZBEHAR] [EZGAUZA]

Ezbeharra, gaur egun ia beti “istripua, azidentea, desgrazia” adiereagaz entzuten da eta darabilgu ia beti. Urlia ezbeharrez hil zala. Balmasedan eta Menan ezbehar handiak gertatu dirala suteak dirala-ta. Ezbeharra, jatorrian edo oinean, behar ez dana da kasu horretan. Eta esan be egiten da behar eztana ia hitz lexikatu lez: “Makina horregaz ibili kontuz, behar ez danen bat pasau ez daiten”.
Baina baserriko gizon horri entzun deutsadan ezbeharrak ez dauka adiera horregaz zerikusirik. Ezbeharrak egiten ebilela esatean, “behartzat, lantzat” hartzekoak ez diran zereginetan ebilela aditzen emon gura eban. Gure lagun batek esaten dauen lez: “Zeregin bako zereginetan”. Bigarren mailako, ardura handi bako beharra adierazoteko erabilen ezbeharra.
Izen be, ez- aurrizki hori eransten deutsegu izen batzuei, “sekundariotzat, bigarren mailakotzat” joten dan adiera horretarako.
Ezagunagoa da ezgauza berbea. Lehenago sarriago esaten zan: ezgauzak egin edo ezgauza bat egin, hori bera esateko. Mogel idazleek, Peru nekazariak baserrian, eguraldi txarra egoanean negualdian zertan jarduten eban, honelan azaltzen deutso Maisu Juan barberuari: “Nosian bein eguraldi txaarrak eragozten deustazanean baso ta solo bearrak, jardun daroat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten, ta daukadaz neure lantegia ta bear direan erremientak” (PAb). Eta Markina aldean gaur be ezaguna da ezgauza berbea esangura horregaz. Jabier Kalzakortak halan batu eutsan amari orain dala aspaldi: “Ezgauza batzuk egiten ibili naz”.
Baina gehien-gehienetan, ez- aurrizkia eransten deutsagunean izen bati, haren esangurearen kontrakoa adierazoteko erabilten da. Ezbeharra bera, behar ez dana, komeni ez dana adierazoteko. Ezeukia, ez eukitea, gabetasuna, edota ez daukan pertsonea adierazoteko. Ezbidea, okerreko bidea adierazoteko. Ezizena, edo ezuzena, norberarena ez dan edo benetakoa ez dan izena adierazoteko. Ezlekua, okerreko lekua, toketan ez dan lekua adierazoteko. Ezunea, jeneroaren eztasun denporea adierazoteko. Edo ezustea, uste ez dana, artean pentsetan ez dana aditzen emoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular