Euskera hobetzen: "Ea Athleticek irabazten 'badau' ala irabazten 'dauen'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: “Ea Athleticek irabazten ‘badau’ ala irabazten ‘dauen’?

Kirolen saioetan behin baino sarriago entzuten dogun athletic zaleen esperantza handiko esaldia: “Ea Athletic-ek irabazten badau!”. Irabazten badau ala irabazten dauen? 

Euskera Hobetzen irrati-tartea hasi eta handik gitxira erabili genduan gaia dogu hau (2017-01-23/4) (2017-08-03/49), eta oraintsuago be bai, seguru antzean. Baina sartaldeko hiztunon artean sakon sartuta daukagun gramatika-egiturea da ba- aurrizkiarena zehar itaunetan, eta soinetik astintzen gatx daukaguna, hurrean.
Bizkai sartaldeko hiztun askok halantxe espresatzen dogu guraria: Ea irabazten BA-dau!. Gainerako euskaldunek, ostera: Ea irabazten dau-EN edo du-EN.
Itaun-esaldia zeharka egiten dogunean, aditz nagusi baten azpian (gazt. ‘interrogativa indirecta’), gramatika legeak agintzen dau, aditza -N atzizkiaz markatu behar dala, edo bestela -NENTZ edo -NEZ atzizkiaz, Iparr. -netz, baina gaur galdu samar dagoan atzizkia, edozelan be. Nekez entzuten da: Ea irabazten dau-ENENTZ edo Ea irabazten dau-ENEZ. Bigarren hau zahar edo klasikotzat geratu da. Dantza-kopla ezagun baten berbak dinoe: “Matxalen Busturiko / amari negarrez, / amantal barri barik / ezkonduko daNEZ”. Esatea lez: ea ezkonduko dan amantal barri barik.
BA- aurrizkia, esaldi menperatuak eregiteko, baldintzetarako erabili izan da orokorrean. Halan esan lei: “Athleticek irabazten BA-dau, hiru puntu gehiago izango ditu”. Edo esan geinke: “Athleticek irabaziko BA-leu, zaleak asko poztuko lirateke aspaldiko partez”. Edota iraganean be esan daiteke: “Athleticek irabazi BA-eban, talde osoak ondo jokatu ebalako izan zan”. Hiru esaldiotan darabilgu BA- aurrizkia mendeko aditz jokatuaz, baina hirurotan ‘baldintza, kondizinoa’ espresetako.
Gaztelaniaz baldintza-esaldi hori SI konjunzinoaz adierazoten da. Baina non sortzen da arazoa, ostera? Gaztelaniaz SI konjunzino hori mendeko itaun esaldiak egiteko be bardin erabilten dala. Halan: “No sé SI sabrás que…” edo “Quién sabe SI vendrá”.
Euskerara be, antz osoa dauka, SI horren erabilera bikotx horretatik sartu jakula, horren ordez BA- aurrizkia erabilteko joerea. Sartaldeko hizkeretan.
Berbaz darabilgun BA- itaun-esaldietako aurrizki hori idatzizko tradizinoan be guztiz zaharra da. Hor dago untzea.
Hara Kapanaga idazle mañariarrak XVII. mende goiztiarrean bere dotrinan zelan darabilen: ““Ea iuramentu egin beben, pekatu mortala dan gauzaren bat, egiteko edo bengeetako bere burua, edo orduen intenziño eukenz kunplietako, zerren dira pekatu mortal bi” (Kap 93).
Eta XVIII-XIX mendeetan be, bizkaieraren sartaldeko idazleek, Añibarrok eta Zabalak berariaz, horrelantxe darabilez sarri be sarri. Hara autortza edo konfesatzea zelan egin behar dan zehaztera datozan esaldi batzuk:
“kontuak atera bear dira, ea pekatu-gauzea egiteko gogorik izan badau; ea egon bada, gauza deungeari ondo deritxola” (Irun 12), “itanduten deutsu, ea leenagoko konfesa-aldietan alangorik izan badozu; ea nosik onakoa dozun izkune deunga ori; ea sarri egin badaroazu; ea orain arteko konfesoreak, ori aztuteko nekegarriren bat egin bearra emon [agindu] izan badeutsue; ea egiten izan badozu; ta onelangoak” (…); “ondo-ondo artu bear dozue ea konselluz ala penitenzia gogorrez bada” (Irun 50), “Itanduten bayake konfesetara datozanai ea damurik badauke Jangoikoa ofendidu dabeelako” ( Irun 64).
Zein dan gure aholkua? Euskera jagian ondo bereizi behar dirala BA-da eta da-N, BA-dator eta datorr-EN, BA-daki eta daki-AN, BA-dabil eta dabil-EN.
Ez dogu zorrotzegi epaituko zehar itaunetan berbaz BA- erabiltea, baina hizkera landuan eta jagian zehatz bereiztera jo behar dogula beti, gainerako euskaldunek, beste hizkera guztietakoek egiten daben bide beretik.

Mediku-osagileen gainean hainbat esakuntza dira. Bat, sarri entzuna: “Bestentzat mediku, ta beretzat barbero ere ez”. 

Bai, halan irakurri dot bilduma on horreetariko baten (Atsot 2501).
Mediku izena bera be erdal hizkuntzetatik etorria da, barberu izena dan letxe. Gaur egun bien arteko bereizkuntza galdua da, osasun lanbide esparruan behintzat. Lehenago kategoria bi ziran: mediku-osagileak goi mailan egozan eta barberuak behe kategoriako erdi-osagile ziran: petrikilo, sasimediku edo horrelako zerbait; bitzuen ikasketak eta osatze-zereginak be banangoak ziran. Odol-ateratzeak eta horretarikoak egiten zituen bigarren honeek. Medikuek, ostera, ikasketa hobeak eta luzaroagokoak eginak ziran. Gure Mogel idazleak egiten deusku Peru Abarka elebarrian bien arteko bereizkuntza garbia. Jakinaren gainean bestalde, ze Juan Antonio Mogel bera, abadea izan arren ofizioz, osagile familia batekoa zan: aita medikua izan zan eta anaia bat be, Juan Jose eta Bizentaren aita, mediku.
Goiko errefrau horrek, besteentzat mediku ta beretzat barberu be ez esate horregaz ondo zehatz argitzen dau bien arteko banakuntza lehenagoko gizarte tradizionalean. Besteentzat aholku eta onu astun zorrotzak, baina norberarentzat gibel zabalak.
Mediku mailegu-izenak Iparraldean midiku/miriku aldaera dau aspalditik. Horreexek izan dira, bai idatziz, bai berbaz, izenik ezagunenak. Baina axeterra be erabilia da alde horretan. Eta hegoaldeko tradizinoan zirujaua be deitu izan jako, gaur egun esangura bereziagoa izan arren.
Baina euskal jatorriko ordain-izen zaharrak be baditu lanbide horrek; zuzen asmatuak, bistakoa danez. Mogelek berak darabil osagile izena, eta zauri-osagilea be bai; bigarren hau seguruen ‘zirujau’ gaztelania-maileguaren ordain gisa. Dino: “Etzenduban urtengo emendi beste barberu edo zauri-osagillaren baten premiña baga.” (PAb 49).
Eta haren aurretik Larramendik eta Kardaberazek be baerabilezan izenok. XVIII. mende ingurutik agiri dabe idazleok osagile izena ‘mediku’ izendatzeko: “Osagilleak ekarri ta kuratu ta erregalatu zuten” darabil Kardaberazek (SIgn 29). Eta ildo horretan geroago bizkaitar klasikoek: “Arimako osagilla edo medikuba” darabil Mogelek (Konfesino). “Abogadu letradun ta mediku osagilla onenen atzean banabil” dinosku Añibarrok (Lora.Sorta). “Mediku eta edo zirujaubak aginduriko osagei edo medizinak” idatzi eban Pedro Astarloak (UD II). Eta Mateo Zabalak: “Osagilla, gaixoa il ezkero erremedioa esan ebana” (Ipuñak).
Gaztelaniazko ‘curandero’ hitzean hartu dabela oina pentsa daiteke osatu eta sendatu aditzetik erakarritako izenok. Halan, sendagile izena be aldi beretsuko izendapena dogu, idazle batzuk sendagin itxuraz be erabili izan dabena. Iztueta zaldibiarrak dino: “Sendagin eta osagille euskaldunetara begira” (Condaira 40). Mogelek: “Sendagille edo barberubari ots egin baga” (Erakuspena). “Sendagilleetan laguntasunik aurkituten bada” (PAb 203). “Zu bezelako sendagillak dira gaitza irasteko obeak” (Bizenta Mogel IO). “Mediku sendagilleak gogor artuten dau gaixoa” (Añib Nekea.Arin 226). “Sendagille aomen aundikoakin alegin asko egin ondorean” (Zab Gabon 102).
Errefrauetan ze ohiartzun dabe izenok? Hautu labur bat egin dogu sailka:
– Medikuaren esana bete: “Nahi juju, nahi jaja, medikuen esana bete egin behar da. Nai negar, nai barre, medikuen esana eñ (egin) enbiko” (Atsot 9563). “Medikueñe zetan joan ezta, kasurik ez eittekotan” (Atsot 9568).
– Mediku zaharren jakituria handia. Ildo horretakoa da ardao zaharragazko konparantza: “Ardo onak eta mirikuak zahartu behar dute” (Atsot. 1112). “Medikua ta abadia, zarrao ta hobia” (Atsot 9565).
– Ardao ona mediku txarrakazko konparantzan be azaltzen da: “Mediku txarrak eta ardo onak asko hiltzen dituzte” (Atsot 9561).
– Lanbideen arteko lehia: batzuen izen ona eta beste batzuen badaezpadakoa. Eredu bat, mediku-abade-abogadu lanbidekoena: “Gorputze medikuek garbitzen dabe, arimie abadiek, boltzie abogaduek” (Atsot 6019).
– Medikua eta abadea behin baino sarriago agiri dira batera, bata gorputzaren eta bestea arimearen osagarrirako: “Medikuari ta apaizari egia beti” (Atsot 9567). Botikarioa be sartzen da batzuetan tartean, baina konparagarri eskasago lez: “Egin apaizak esaten duna eta medikuak eiten duna; eta ez ein botikarioak esaten duna, ezta eiten duna ere” (Atsot 3362).
– Medikua ordaindu beharra be buruauste bihurtu da, eta lehenagoko gizartean gehiago. Mediku zekenaren susmo bildurgarria dogu batetik: “Atxeter zekeneti, abokatu goseti eta partida bien kontseilu deneti, begira adi nola asaieti” (Atsot 1581). Eta medikuek gaixoen lepotik bizi diralakoa lelo zaharra, bestetik: ““Sendagilleak gaixoen lepotik bizi dira” (Atsot 12050).
– Osasuna jagoteko aholkuak ez dira falta izan lehenago be, eta era askotakoak. Zahar batek dino: “Haz nezak egunko haragiaz, atzoko ogiaz eta xazko (igazko) arnoaz, eta atxeterrak (sendagileak) bihoaz” (O Pr 213).
– Gaixo txarra, osatu ezineko gaixoak be berbagai ohi dira. Halan: “Gaixo txarrarentzat sendagile onik ez” (Atsot 12049). Edo: “Azken eritarzünetik sendoerazi düan bedezia (sendagilerik) ez da orano sortü” (Atsot 4089).

Euskerahobezale batek bialdu deuskun berba bitxi bat: Eskerokoxa. Zer esateko?

Lehendik be euki dot berba honen barri. Lagunen batek bialdu izan deuskulako lehenagoan mezu bat, ia berba horren atzean ze etimologia dagoanentz.
Oraingoan Luis Baraiazarra idazle meñakarra izan dogu, Markinako Karmeldarren komentuan aspaldi-aspalditik bizi dana, mezua eskuz idatzirik eskuratu deustana. Dino mezuan: “Felix Malaxetxebarria Atxabal fraide karmeldarra, Amorotoko semea, 90 urte, Markinan gurekin bizi da. / Eskerokotxa: gazt. ‘arisco, esquivo’. / Neska txiki bat, amama, osaba eta Felix gure karmeldarraren ama. / Amamak dinotsa neska txikiari: “Esan osabari ‘bihotz-bihotzez maite zaitut’. / Neska txikiak ez eutsan jaramonik egiten, eta Felix Malaxetxebarriaren amak esan eban: ‘Horrek bihotza ezkutaturik dauka, eskerokotxa da eta”. Horra arte Luis Baraiazarra euskerahobezale finaren mezua. Eskerrik zintzoenak berorri.
Gogoratu daigun bide batez badala Arabako Bernedo inguruan kontzeju txiki bat, Ezkerokotxa deritxona, eta antxinako dokumentazinoan Ezkarokotxa agiri dana. Sartaldeko hizkeran -kotx atzizkia dana ekialderago -koitz dogu. Baina goiko beste eskerokotx adjektiboagaz ezetariko zerikusirik ez daukan toponimoa.
Amorototik jatorkun eskerokotx berbea adjektiboa dogu. Eta baditugu adjektiboen artean be, egia esan, -kotx atzizkidunak sartalde-euskeran, baina eredu landuan eta beste hizkeretan -koitz itxurea dabenak. Zenbatzaileakaz, ‘múltiplo’ adierako adjektiboak -kotx atzizkiaz markatzen ditugu: bikotxa, hirukotxa, laukotxa etab. Bakotxa adjektiboa be bat eta -kotx atzizkiaz eregia da. Gaur ‘cada uno’ adiereagaz darabilgun arren, euskera zaharrean ‘único’ esangurakoa genduan. Gure mitologia zaharrean, basaujaunak begibakotxak ziralako sinestea egoan, geroago begibakar izenagaz ordeztu badira be. Eta dotrina zaharretan bardin: Jainkoa bakotxa dala, hiru pertsona izan arren.
Amoroton eta Lea ibarreko herrietan (batzuetan behintzat) ezaguna da ezkorokotx berba hori, ‘huraño, esquivo’ adiera horregaz. Bakan erabilia gaur egun. Inguru horretako hiztun askok ezaguntzat ez daben hitza.
Etimologiaren errastuan bagoaz, egia esan, berorren etorki garbirik ez dakit. Senak agintzen deust, halanda be, okots berbearen inguruan eihoriko adjektiboa ez ete dan: ezker-okotza izan leiteke behar bada: okotza ezkerrerantz bihurtzea, musturra ezkerretara astintzea lez. Susmo horregaz nago.
Ezaguna dozue, euskerahobezaleok, ezkerokotx berbea? Ze esalditan eta zein esanguragaz erabilita?

Euskerahobezale baten itauna. Zelan esan behar dan: “Athletic_EN kasimeta ala Athletic-EKO kamiseta”

Xabier Boveda euskerahobezaleak aurkeztu deuskun puntua. Zalantza labana, edozelan be, euskal hiztunen gaur egungo erabilerak ikusita.
Izen bi alkartzerakoan sintagma berean, batzuetan -EN darabilgu eta beste batzuetan -KO. Baina marka bien arteko mugarria non dagoan ziur jakiten ez da beti erraza. Eta jenteari itandu ezkero, izen zehatz bien bietariko zeinegaz alkartu itanduta, batzuek batera erantzuen dabe eta beste batzuek bestera. Hiztunen edade kontuan be badagoala aldea, esango neuk. Baina edozelan be, teoria mailan errazago da bereizkuntza egitea, praktika mailan baino. Begien bistakoa da, joerea, gero eta gehiago, -KO erabiltekoa dala, lehenago -EN/-REN erabilten zan ingurune askotan.
Teoriaren aldetik, -EN genitibo edutezkoa darabilgu ZER ZERENA dan edo ZER ZERI DAGOKION, edo ZER ZEREN JABE dan adierazoteko. Eta -KO darabildunean, ostera, teoria mailan, erreferentzia LEKUA edo DENPORA edo ZERTAN jardutearena izaten da.
Kamisetea ZEINENA dan, NORI JAGOKON edo ZEIN DAN HAREN JABE da berez. Halanda ze, Real Madril-EN kamisetea edo elastikoa.
Banderea edo ikurrina be ZEINENA dan, ZEINI DAGOKION da oinarrizko esangurea. Halanda ze, FRANTZIAREN edo EUSKADIREN edo Deustuko UnibertsidadeAREN bandera dala esango dogu.
Ereserkia, himnoa be oinean ZEINENA DAN: Athletic-EN himnoa.
Giltzak, etxeko ateARENAK edo autoARENAK izan leitekez, baina joerea, -KO erabiltekoa da: etxe-KO giltzak, bulego-KO giltzak… Nire erregistroan auto-AREN giltzak izan diranak gazteago askorentzat auto-KO giltzak bihurtu dira.
Lanbide edo karguen eremura joten badogu: zuzendari, idazkari, ahaldun, esatari, irakasle, sukaldari, e.a., NONGOAK ala ZEIN ERAKUNDERENAK dira agintedun edo lanbidedun horreek? Joera nagusia, marka bien arteko aldea, argi eta garbi, -ko atzizkira doa gehiago.
Gure aholkua, batez be gaur egungo -ko atzikiaren aldeko albora kargea ikusita, prebentzio neurriak hartzekoa da. Hedabideetan oraintsu entzun dodan esaldia, kasurako: “Atzo-KO Athletic-EKO partidua”. AtzoKO partidua, bai, zuzen dago. Baina *AthleticEKO partidua ez edozelan be: AthleticEN partidua izan beharko leuke; izan be, Athletic-EK jokatu ebanpartidua dalako, beraren partidua, hatan be.
Amaitzeko, erabilera zuzenaren beste eredu bat ipiniko dot, -EN jabe-genitiboaren eredu onaren adibidetzat: “Gure KutxaREN edo BankuAREN hipotekEN erdiak bezeroEN gomendioEN bidez sinatzen dira”. Halan dino iragarkiak. Egia danentz, beste konturik da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00