Euskera Hobetzen: "Egurra uraz hantu dago eta ez dau surtera balio" Zer esateko?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: “Egurra uraz hantu dago eta ez dau surtera balio” Zer esateko?

1. Zein ordenatan erabili milaka zenbatzailea hurrengo esaldi honetan: “Milaka isileko kontu entzundot” ala “Isileko milaka kontu entzun dot”. Zelan egokiago?

Nagore Etxebarria euskera-teknikariak bialdu deuskun zalantzea. Lau esaldi ipini deuskuz aukeran: “Milaka isileko kontu entzun dot”, “Isileko milaka kontu entzun dot”, “Milaka kontu isileko entzun dot”, eta laugarren bat: “Milaka entzun dodaz isileko kontuak”. Eskerrak Nagoreri, lau esaldi egiturok gure eskuetara ekartearren.
Laurak dira zuzenak, zertan esan be ez. Baina ordena bat edo beste bat erabili, esangurea ez da guztiz bat, arean diferentea baino.
Milaka isileko kontu egitura horretan isileko kontu(ak) izen-multzoa da sintagma horren ardatza, eta milaka zenbatzaileak izen multzo osoari eragiten deutso: isileko adnominalari eta kontu izenari: alkarkuntza bikotx horri guztiari. Milaka dira isileko kontuak, ez bestetariko kontuak, ezpada isileko kontuak.
Bigarren aukerea, isileko milaka kontu dogu. Ordena horretan milaka kontu dogu sintagmaren ardatza, eta isileko adnominala inguru-laguntzailea, ondoko izen multzoaren osagarria. Bigarren honek ez dirudi hain erabilia; aurrekoa baizen gitxiago.
Hirugarren ordena-egiturea, milaka kontu isileko, zuzena izateaz gain, estilo landuaren eredu dogu, klasikotasun usainekoa. Lehenengo egiturearen balio hur-hurrekoa dau. Baina isileko, kontu izenaren aurre posizinoko adnominal izatetik izen osteko posizinoko adjektibo izatera ekarri dogu. Horrek esan gura dau, isileko, adjektibo kategoriako bihurtu dogun ezkero, kontu izenari are estuago loturik dagoala, adnominal kategoriakoa baino. Literatura landuan egitura gomendagarritzat joko genduke.
Laugarren egituran, Milaka entzun dodaz isileko kontuak horretan, perpaus egiturara destolestu dogu, aurreko hiruretan izen sintagma mailan baturik geunkan informazinoa: milaka batetik eta isileko kontuak bestetik. Oinarrian perpaus modura formulatuta: milaka dira isileko kontuak. Subjektu funtzinoan isileko kontuak eta milaka zenbatzaile-sintagma predikatu funtzinoan. Idazleak aukeran dauen ordena aukerea: luzetxoagoa, baina irakurleen arabera didaktikoago edo ulergarriagoa izan daitekena.
(…)

2. Esakuntza-errefrau baten esana: “Zelango zakutoa, halango kordela” (Jesus A. Etxezarraga)

Jesus A. Etxezarraga kazetari, idazle eta euskerahobezaleari esker jaso dogun atsotitza. Gitxi entzuna eta idatziz be bakan agiri dana. Zeanuriko semea izanik, handikoa izango da honen iturria be.
Konparazino-banatzaileen egituraz eregitako esakuntza eta esaerak ugariak dira, ez bakarrik euskeraz, baita beste hizkuntzetan be (tal … cual …, tanto … como …). Batzuetan konparatze kualitatiboa garatzen da, beste batzuetan kuantitatiboa. Eta osagai bien arteko lotura markak era diferenteetakoak izan ohi dira. Kualitatearen arloan, zelangoa / halangoa edo zelakoa / halakoa edo nolakoa / halakoa. Kantitatearen eremuan, zenbat / hainbat, zenbateko(a) / hainbateko(a) edota zenbateraino / hainbesteraino. Goiko atsotitz horretan, mezuak, pertsona, izaki edo elementu biren arteko kidetasun, antzekotasun edo hurkotasuna alderatzen dau. Pertsonen artekoa gehienbat. Eta andra-gizon, neska-mutil edo bata-bestearen osagarri diranen artekoa batez be.
Ondoren kordatu ditugunotan, goiko horren taiuko kualitate arlokoetara mugatuko gara.
Zeanuritik urrin barik, Arratiako Arantzazu herrian, hitzak apurren bat aldatuta, irudi bera darabilen beste hau batu dogu: “Zelango zakue, halango amarrea” (Jon Etxebarria ‘Alkate’).
– Gizakion arteko eremukoak dira alderatze batzuk.
Pertsona biren arteko hartuemon hurrekoen irudi ditugu zakuto-kordelak edo zaku-amarreak. Neska-mutil, andra-gizon edo enparaduko; gaztelaniaz esatea lez: ‘tal para cual’.
Beste hainbat be badira, ondo ezagun edo entzunak, ildo honetako irudiak; batzuk barriz, aspaldi zaharrekoak. Horreetarikoa dogu Isastiren bildumako hau:“Nolako nobia, alako kabia” / “Cual el novio, tal el nido” (RIs 61)..
Ugazaba edo nagusia batetik eta haren mendeko morroia, txakurra edo dalakoa bestetik jardungai dabenak be badira: “Nagusia nolako, txakurra halako” (EZBB II 65).
– Denporearen joanak berekin darakarzan aldaketak eta giro-barritzeak islatzeko ondua dirudi, Azkuek dakarren ondoko honek: “Zelako aldiak, alako hasi-orraziak. (V) “¿De qué clase los tiempos? De aquella clase los hechos” (EY III 166).
– Eleiz giroko irudiaz baliatzen da, Juan San Martinek plaentxiarrak dirala-ta bere pasadizu-kontaeretariko baten dakarren bat, mezuaren guna edertotxo islatzen dauena, hatan be: “Baekian berak [abadiak] nola berba ein. Zelako lapiko, halako tapa. Bai aukeratu be plaentxiatarreri eurendako moduko abadia” (Zirikadak).
Eleiza eta eleizaldea darabil autugai hurrengo zahar honek be; Isastiren bildumatxoan agiri dan honek: “Nolako elizalde, halako abade. “Cual la anteiglesia, tal el abad” (RIs 60).
Erlijino girokoa dogu, santuak konparagarritzat hartzen dituan hau be: “Nolako Santo guziak, halako egoarriak” (Euzkel Egutegiya.Tolosa 1924-05-17).
– Itsas arrainen irudiaz ondua da hurrengo hau: “Zelako zakatza, halako lebatza” (V-m) (Azkue).
– Belaunaldien arteko transmisio edo oinordetza darabile mintzagai atsotitz zahar batzuk. Nafarroako atsotitz batek, antxinekoak eta gaur egungoak bardintzen ditu: “Antziñekuak nolako, gibelekuak halako” (AN-5vill) (NEZ 1618).
Familia bereko jarraiko belaunaldiak hartzen ditu jardungai beste honek: “Nolako gurasoak, halako umiak” (AN-arakil) (NEZ).
– Etxeko tresnak, eskaratz eta sukalde ingurukoak ardatz hartzen dituenak be badira.
Sukaldaritzako lanabesetan, ohikoak dira eltzea, lapikoa, marmita batetik, eta tapea edo burruntzalia bestetik. Halan: “Nolako eltzea, halako burruntzalia” (EZBB II 70). “Nolako marmita, halako tapa, behin ere ezta palta” (EZBB II 71).
Iruditzat jabea eta tresnea darabilezan esaerak be zaharrak dira. Halan: “Tresneak jabea dirudi” dino Garibairen errefrau batek (RG B, 19), egitura banakariaz formulaturik be ezaguna dana: “Nolako jabea, alako tresnea” (Larramendi DT).
– Natura edo natura-elementuak aitatzen ditu gaztelaniazko guztiz ezagun batek: “De tal palo, tal astilla”. Baina irudi berekoa dogu, zura eta ezpala darabilzan euskerazko beste hau be: “Nolako zura, halako ezpala” (J. Zaitegi Platon).
– Lan munduari atxikiriko atsotitzak be ugariak dira: lanbide, ofizio eta jarduerak irudi dituela onduak.
Gizasemeei buruzkoa dogu hurrengoa: “Nolako langillia, halako erramienta” (AN-gip) (EZBB II 70).
Eta emakumeen tradizino-lanbide bat, joskintza, darabil iruditzat beste honek: “Aria nolako, arilla halako” (EZBB I 40).
Horreetarikoa dogu soinularia eta dantzaria bardintzen dituan hau be: “Nolako soiñularia, halako dantzaria” (AN-gip), D. Intzak ‘tal para cual’ modura ulertzen dauena (Euskera 1928, 264).
– Giza sentipenak, umore-aldarteak ointzat hartzen ditu hurrengo honek: “Gogoa nolako, hizkera halako. Euskeldunen gogo-bihotzetan dago galde-buru horren koropiloa” (F. Irigarai GH 1921, 629).
Amaitzeko, gogora daigun literaturan be sarri jo izan dabela idazleek banakaritza-egitura honetara, bardintze edo neurtze irudiez baliatzeko. Halan Gregorio Mujikak Pernando Amezketarra herri-kontaeren bildumatxoan: “Neskameak, nolako itxura atera deitzen dutenak, halako arpegia jarri izan ohi dute”.

3. Euskerahobezale batek adierazotako zalantzea. Ea ontzat hartzekoa dan, ezpada ze, edo ezpabere ze juntagailua erabiltea, batak bestea ukatzen daben esaldi bi alkartzeko, aurkaritza adierazoteko, gaztelaniaz adbersatiboak deritxenetarako

Asier Muniategi, Bilboko Herri Irratiko kultura laguntzaileak adierazo deusku berbaz. Bazterturik edo galdu antzean dagoan berbatzat, baina eleizan abade zaharrari bere berbaldi laburrean entzun ei eutsan ezpada ze hori erabilten. Eta segiduan akordau ei jakon, bere etxeko zaharrei be bardin antzean esaten entzun izan eutsela sarri: Hau ez, ezpada ze beste hori, edo horretariko kontestuetan juntagailu hori erabilten. Egitura bitxitzat eukan, izan bere, bere eretxian, gaurko euskera landuan, ez irakurri, ez entzuten ez dan berbatzat eukala-ta. Asier Muniategi irrati-hizlaria Artiagako (Gautegizko) semea dogu. Eskerrik asko zalantza puntu aberasgarri honegaitik, Asier Muniategiri.
Orain dala urte bi pasatxo aitatu genduan beren-beregi puntu hau (2021-05-06/1). Orduko haretan, aurkaritzazko juntagailu nagusi bi jorratu genduzan berariaz: baino eta baizik, baizik eta. Labur eta zeharka aitatu genduan ezpada, ezpada ze juntagailua. Orain dogu abadagunea marka honi oratzeko, eta beronen erabilerari legez jagokon balioa bihurtzeko.
Gaur egun susmopean baztertu antzean dago hizkera landuan, ezpada, ezpada ze, ezpada be ez taiuko markak erabiltea. Gaztelaniazko ‘sino’ juntagailuaren kalko izatearen susmopean.
Ezin da ukatu, morfologiaz kalko hurrekoa dala, segurutik erromantze zaharretik euskerara sartua. Baina ezin da ukatu, ezta, guztiz zaharra dogula euskerearen tradizino idatzian ezpada juntagailu aurkaritzazkoa. Gramatika garbizalearen aldekoak izan ziran, orain dala mende eta lauren inguru, ezpada erabilteari galgea ipini eutsenak. Azkueren esana: “Se usa, por desgracia, mucho en vez de baiño, baizik, baizen, cometiendo notorio barbarismo” (Dicc.).
Garbizaletasunaren galbahetik igaro ondoren, baztertuxe daukagu gaur egun, esatea, kasurako: Nik ez dot gura zuria, ezpada baltza. Jatorragotzat ditugu, berbaz be sarri darabilguzan baino, baizik edo baizen markak, atze-atzean erabilita. Halan: Ez dot gura zuria, baltza baino. Ez dut nahi zuria, baizik eta beltza. Edota, Bizkai herrialde batzuetan: Ez dot gura zuria, baltza baizen.
Baina ezin dira ezpada marka horren onurak, batez be lehenengo esaldiari kontrajartzen deutsagun bigarren hori luze samarra edo egituraz korapilatuagoa danean. Malgutasuna eta ulerterreztasuna emoten deutso esaldiari.
Hara, Mogelek, Erakuspena dotrina luzean zelan arrazoitzen dauen , Jainkoak, mundua egin ebanean, zazpigarren egunean atseden hartu ebala. Dino: “Atseren eguna; ez Jangoikua adikatu edo kansau zalako, ezpada zerren itxi eutsan gauzak egitiari” (Mog Erakuspena). Bigarren esaldi horrek aditza barruan dauka, itxi eutsan, eta halakoetan juntagailu marka horrek aurrean agertu behar dau. Ekialdean eta erdialdeko hizkera batzuetan baizik, baizikan, baizik eta, eta sartaldeko eta erdialdeko askotan ezpada ipinita.
Erazkoa dogu frai Bartolomeren Olgeetak saioko esalditxo hau be, ezpada horren egokitasuna erakusteko. Hordi-mozkorrik egon doazanakaitik dino: “Piestara doazanak, piestea erdiz erdi daneko, trago bat edanda dagoz, bai gizonezkoak, ta bai emakumeak. Ez diñot ordituta dagozala; ezbada ardaoa edaateko erea guztiak edo geieenak euki dabeela”.
Esaldi bikotx horren bigarrenaren hasieran ezpada ipini ordez, esaldiaren akabuan baizik, baino edo baizik erabiltea arazotsua da, eta ulergatx bihurtzen dau esaldia.
Amaitzeko, gehitu daiguzan testu zahar batzuen lekukotasun garbi bat edo beste. Dino Larramendik: “Utzi diozagun Mayansi, jakiundeko maian janari onik ifinten eztigunari, ezpada lapiko ustel bat” (DT CCIV).” Geroago Kardaberazek: “Nigan bizi bear ez det, ezpada Jainkoagan” (Egercicioac II). Pedro Barrutia Mondragoeko eskribauak: “Beste gauzarik eztozu gura / ezpada borondatea” (Acto.Nochebuena). Eta akabukoz, Añibarroren bat: “Baldin egia bildurgarri oneek entzunik iratzarten ezpazara, esango dot eztala ori loa, ezpada eriotzea” (Lora.Sorta).
Gure onu-aholkua zein dan? Begirunez bidea libre ixtea ezpada juntagailu adbersatiboari hizkera landu edo jasoan, eta lotsa barik erabiltea, batez be bigarren esaldi juntatua aditz eta guztikoa danean.

4. “Egurra uraz hantu dago eta ez dau surterako balio”. Euskerahobezale batek bialdu deuskun mezua. Egurra urez hantu. Zer esateko?

Jesus Eguzkitza “Eguzki”k, berbaz aditzen emon deuskun mezua, hantu aditza dala-ta, Arrazolako bere berbeta aberatsetik.
Deigarria da hantu aditz honen gorabeherea, ez hantu aditza ezezaguna dalako, ezpada, non eta Arrazolako herrian batua dalako. Egurra dala-ta erabili izan dabela eurek, dinosku lekukoak. Sugarritzat daukagun egurra aterritan, aterpean, leku sikuan gorde ohi da, euriak edo urak hantu ez daian. Egurra urez hantu danean, sugarritzat balio ez dauelako.
Azkuek baturik dakar aditz hau, baina handu aldaereaz, eta Markinaldeko berbetakotzat. Baina beronen adierea, Arrazolakoaren hur-hurrekoaz: “Andu (V-m), hincharse los tablones en el agua”.
Baina deigarria da, bestetik, idatzizko tradizinoan Iparraldean eta Nafarroaren iparraldean baino ez dala erabili izan hantu aditza, eta ez, dakigula behintzat, hegoaldeko tradizino idatzian.
Ekialdeko hizkeretan hantu aditzak esangura-eremu askoz zabalagoa hartzen dau gainera. Halan:
– Burua hantu dakar Harriet lexikografoak: “Horrenbertze oihuk hantu dautet burua”; burua ‘bero-bero ipini’, ‘handitu’.
– Bularrak hantu darabil Duvoisinek, ‘handitu’ adieraz: “Bulharrak hantu zaizkit eta hestutu, eta jadanik hatsik ezin har dezaket” (LEd 165s).
– Itsasontziaren oihalak haizeaz hantu. Halan darabil Etxeberri Ziburukoak: “Haize onez hant etzatzu othoi bela gureak” (Man.Dev. II). Axularrek, itsaso giroko irudi hori gizakiaren izaerara darakar: “Kostaraino ethorriko zara, eta ez aitzinago, hemen geldituko zara, hemen hautsiko’ituzu zeure uhinak eta hola hantu urguilluak” (Gero).
– Ibaiak be hantu egiten dira, urez gainez egiten dabenean. Halan: “Ibai guziak hantu zitzauzkun, / denak fundituz zelaian” (Etchamendi 122).
Larramendik bere DT hiztegian baturik dakar hantu, baina pertsonen izaera-sentieren gorabeheran: “Ahuecarse, entonarse, envanecerse, […] hantu”, baina Iparraldeko tradizinotik baturik, dirudienez.
Gure entzule zoliei itaun-erregua. Ezaguna dozue hantu edo handu aditza, ‘puztu, handitu’ edo hurreko esanguraren bategaz? Zein esaldi edo ingurunetan erabilten da, baldin ezaguna badozue?

5. Uztaileko, garagarrileko Espainiako hauteskundeak dirala-ta, horren ondorioko gobernu barria zelangoa izango ete dan gaiaren inguruan azaleratu zan gaztelaniazko esapide bat: “pacto continuista”. Euskeraz zelan emon kontzeptu hori

Biosne Zarandona Labayru Fundazioko teknikariak bideratu deust itaun hau, Labayruko irakasle batek egina. Eskerrak Biosneri.
Kontzeptu hori adierazoteko, ‘continuista’ dalakoa, perifrasietara jo izan dogula gehiago esango neuke. Dana dala, gure elebidun hiztegietan kontinuista irakurri dot; neuri behintzat gogoa beteten ez deustan mailegu-adjektiboa.
Ze beste era eskaini geinke aukeran, kontzeptu hori aditzen emoteko? Eta ‘pacto’ izenari dautsala, hau da, euskeraz hitzarmen edo itun deritxagun izen horri? Hara, buruak agindu deustazan batzuk:
Lehengoaren jarraikoa. Lehengo jarraibidekoa. Lehengo bidekoa, lehengoaren bidekoa edo lehengo bidetikoa. Lehengoaren segidakoa. Lehengoaren taiukoa.

6. Garagarrileko azkenengo saioan erabili genduan, Eusebio Abasolok Madrildik bialduriko esamodu bat: hazitarako gelditu, hazitarako itxi. Hori dala-ta ohar barriren bat be heldu jaku, ezta?
(2023-VII-27/5) datako idatziari erantsi deutsaguz hazitarako/hazitako adizlagunk jaso ditugun ekarriak.

7. Zeanuriko Ermiten XXXIV Mendi Martxea Urri Lehenengoaren 2rako iragarrita egoan. Urri Lehenengoa Irailari esaten jako, ezta?

Halan da, bai.
Uribe Hegoaldeko ibarretan, Arratiako eta Nerbioiko herrietan, guztietan ez bada, gehienetan, Urriak pluralez entzuten da sarri. “Hori noiz izan zoan ba? Edo, noiz dok ba?” . Eta erantzuna: Urrietan. Eta urrietan horregaz irailean aditzen emon gura dabe hiztunek.
Ibar bi horreetako herrietako euskaldunentzat, Urriak hile bi dira berez, beste gehienok iraila eta urria deritxegunak. Urria edo urriak, hutsik darabilen herri batzuetan, argi dago ‘iraila, setienbrea’ izendatzeko darabile. Baina badira herri edo auzo batzuk, (Zeberion, Zeanurin, Diman e.a., berbarako) urrilelangoa izenaz zehaztasun handiagoa ezarten deutsienak hile-izenari.
Urrilehenengoa, hurrengo hileari, urtearen hamargarrenari, urri bigarrena deritxoelako eurotan herriotan, lehenengo horretako bereizteko. “ Hori noiz izango dok, ba? Urri bigarrenean”. Inguru horretako euskal hiztunentzat, betiko hiztun edadekoentzat, ez dago irailik. Urria baino besterik ez.
Dana dala, urri izenagaz ‘setienbrea’ izendatzearen kontua ez da Arratia-Nerbioietako ibarretara bakarrik mugatzen. Nafarroako Sakanako herrietan be urri izenaz izendatzen da bederatzigarren hilea.
Gaur euskera landuan finkatu dan hile-izena iraila bda be, ez da ahaztu behar, agorra deitu izan jakola Gipuzkoarik gehienean tradizino-berbetan, naahiz eta beste leku askotan agorrila ‘abuztua’ izendatzeko erabili izan dan.
Hara EHHA dialektologia atlasean Aramaioko barriemoileak zelango zehaztasuna emon eban irail izena dala-ta. “Oin iraille, bañe nik estot ori ondo topau eitten, se oin irie erretiretan asi eitten da, baiñe iraille urrengua da geixau. Agorrien iketz ein; egurre erretirau, de gero irie ebaiten ekin. Samieletarako al basan ire apurtxu bet ekarten ekin.” .
Halanda ze, Urri lelengoaren 2a iragarri dabenean, irailaren 2a aditzen emon gura izan dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular