Euskera Hobetzen: 'Espia' edo 'Espioia'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Espia’ edo ‘Espioia’?

Prismatikoak lehioan / Bizkaia Irratia

Madrilgo gobernuak oraintsu hartu dauen lan-eremuko erabagi baten arabera, hilekoa min-ala gordinakaz sufritzen daben emakumeek euren lanean “baja” hartu ahal izango dabe. Hilekoa ala hilabetekoa esatea toketan da, “menstruazinoa” adierazoteko?

Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasa-k jasorik dakarren kontzeptua da “erreglearena”, eta non zelan esaten dan zehatz jasorik dator, 80gn hamarkadan egin zan inkesta zabalari esker.
Hegoaldeko hizkerarik gehienetan, bai Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroaren sartaldean, hilekoa da izenik zabalduen eta entzunena, nahiz tarteune batzuetan erdal mailegua, regla/reglea nagusi bihurtu dan oraintsuan. Eta hilekoa horren hurrengo, hilabetekoa esaten da Nafarroaren goialde barruragokoan, eta bardin Ondarribi eta Lapurdiko partean. Baina Iparralderik gehienean be, erregla maileguzkoa da izen hedatuena. Zuberoan badira beste izen bi bereziak: oküpüa eta anglesak, irudizko izendapenak biak. Nafarroan jaso izan diran beste izen berezi bi: aldiena Dorraoko herrian, edo joanetorria Elkanokoan, izen deskriptiboak biak.
Irudizko izendapen bitxiak mordotxoa dira hor-hemen. Errigoitin batu izan da amental gorria, hilekoari eristeko. Neskato gaztetxoen gorabeheran esana: “Amental gorri barik dago hondino”. Amantal gorriaren irudia zabalago be erabili izan da. Matxalen Busturikoren kopla ezagunean be agiri da, hitz horren zentzun biekin jokoa eginez: “Matxalen Busturiko / amari negarrez, / amantal gorri barik / ezkonduko danez”. Gazteegia ete zan ba!
Baina are hedatuagoa eta ezagunagoa da loren irudia: lorak / loreak, pluralez. Kolorerik ez da aitatzen, baina lora gorriak nonbaiten be. Halan esaten izan da hainbat lekutan: lorekin egon, lorerik izan ez, loreak akituak izan e.a. Euskaltzaindiaren Hizkeren Atlasean Azpeitian (Gipuzkoa) jasoriko esakerak dira: “Lorakin zegok”, “lorarik ez omen du”, “lorarik eztun ala?”. Lorak izatea hilekoaren odola izatea irudiz aditzen emoteko. Nafarroako Baztanen (Lekaroz) be loren aitamena egiten da. Hilekoaren joakerea jazoten danean esaten ei da: “Horren loreak akituak dira”. Libe Agirrek amari Meñakan behin baino sarriago entzuna deutso: lorakaz egon. Euskerearen eremu zabalean hedaturiko esapidea, bada, lorakaz egotearena.
Loreak akituak izatea, “menopausia”, Nafarroa aldean hilekoa behin betiko joan izatea espresatzeko aitatu dogu. Hori bera esateko, Urdaibai aldean entzun izan dodan esakerea zuzenagoa da: odolaren akaberea. Hur-hurreko andreari entzun izan deutsat aspalditxo: Nik paseu nittuen pasetakoak, odolan akaberie dala-ta (Muxika. Teresa.Totorikaguena).
Hilekoarena beste perifrasi edo esamodu polit batzukaz be espresatzen da. Hor-hemen batuak dira, fenomeno fisikoaren azalpen zuzena emoten daben honeek: hil-odola, hilbeherak, eta bai odolbeherak be. Odoljarioa be bide berekoa da. Izendapen generikoagoak dira, ostera: gorputzaldia euki, egun gaixtoak (izan) (Pagola) legezkoak.
– Hileko izena dala-ta, ez da ahaztu behar horren atzean hil edo hile berbea datzala, eta ez hilabetea. Gaur egunean “mes” esateko hilabetea darabilen hiztun askok hilekoa deritxo erregleari, eta ez hilabetea. Izan be, hitzaren erarik zaharrena hil da. Sartaldeko hizkera modernoan hil zaharra hile bihurtua dogu aspalditxotik. Arrazoi sinple bategaitik: hil berbeak beste esangura nagusi batzuk ditualako, eta heriotzaren gerizea urruntzeko, itxuraz bereiztera jo dabe hiztunek. Gaur egun ez dira bat, bat hil eta hile bat. Euskerearen ekialdean bereizkuntza hori beste era batera garatu da: hil zaharra hilabete bihurtuta. Batetik hile eta bestetik hilabete, hil hitzaren oinarrizko esangura diferenteak ondo bereizteko.

Iparraldeko errefrau zahar baten hitzak: “Ogi bezanbat gazna nahi luke”. Zer esateko?

Arnaut Oihenart zuberotarrak bere atsotitz bilduman dakarren baten hitzak dira eurok (Proverbes 346). Jabier Kalzakorta ikertzaile eta euskerahobezale handiari zor deutsat errefrau hau gogora ekarri izana.
Izan be, oraintsu Euskaltzaindiaren bilduma baten argitaratu dauen “Zerbitzari” idazle lapurtar sonatuaren Antologian ikusi dau esakuntza honen oihartzun modernoa, eta sekulako polita eretxi deutso. Gaur egungo, XX. mendeko, hiztun onen artean be bizirik iraun dauenaren seinale. Honako pasartea da Jean Elissalde “Zerbitzari”k, 1914ko Gerra Nagusiaren ingurunean darabilena: “Ondikotz, beldurtzeko da rusianoak ez direla mugituko? Ogi baino gasna gehiago nahi dute hango soldadoek, eta hor ez baita guduetan kausitzen orai arte bezala, ukho eginen dute”.
Gure euskeran esanda: “Ogirik gaina gaztai” edo “ogitan beste gaztai” nahi leuke honek.
Gaztelaniaz ezaguna dogun errefrau batek gariaren balioa edertzen dau. “Esana bat eta emona bi” gogorazotera dator harako hau: “Una cosa es predicar y otra dar trigo”.
Baina gaztai-ogien konparantza horretan, ogia baino gaztaia estimu handiagokotzat agiri da. Eta hurrengo hau be bide berekoa dogu: “Ogirik eman na(h)i ez dizunari, gaztarik ez eskatu” (Garate Atsot 10325). Eta E. Erkiagaren pasarte honetan be antzera: “Ogi zati haundi bat eta gaztai apurra” (Batetik bestera).
Gaztaia jaki estimatu lez agiri da XVI. mendeko errefrau zaharretan be. Bi, antz-antzekoak: “Unaiok arri zitean, gastaeok agir zitean. // Los pastores riñieron, / los quesos parescieron” (RS 52). “Arzaiok arri ziteâ, / gaztaeok agir ziteâ. // Riñéronse los pastores de ovejas / y parecieron los quesos” (RS 386).
Jateko kontuan ezaguna da beste zahar hau be: “Ez beti gazta ta ogi. // No siempre queso y pan” (RS 502). Beti bat jatea ona ez dalakoa edo.
Azkuek Markinaldeko herri-berbetatik jasorik dakar gazta-okela berbea, eta dino: “Gaztokelak, pan y queso que se da a los niños en la escuela […] (V-m)” (Apend.). Baina zehaztasun honegaz: “Okela está aquí en el sentido de ‘rebanada de pan'”.

Euskaltzaindiak araututako hitz bat, egunokaz sareetan irakurri doguna, espioi hitza da. Espioia erabili behar ei dogu, eta ez espia. Horren harira, euskerahobezale batek mezua bialdu deusku

Francisco Javier Arrieta Ondarroako seme, DU-ko irakasle eta irrati honetan be lankidetza eskeintzen dauenak honakoa idatzi deusku: “Aspaldion toki guztietan espioitza gora eta behera entzuten da. Aurrekoan, Bizkaia Irratian berez urten eustan gaiaz berba egiterakoan “zelatan egin”. Gai polita izan leiteke zeure gomendioetan jasoteko, Bizkaia Irratian zein Euskadi Irratian. Seguru horren inguruan argibideak emon ahal dozuzana”. Eskerrik bizienak Javier Arrieta euskerahobezaleari.
Gazt. “espiar, acechar” adierazoteko, berba bi edo hiru guztiz ezagunak doguz sartaldeko euskeran. Zabalduenetariko bat, jagon. “Bentana ostetik begira dagoan hori gu jagoten dabil”. Aditz hau balioanitza danez, espioitza esateko nekez garatuko genduke jagoletza, adiera horretarako behintzat. Eta jagon baino are ezagunago eta zabalagoa dan zaindu aditzak be adiera hori bera gorde dau. Baina jagon eta zaindu balioz orokorragoak diranez, beste adiera nagusian gehiago eta sarriago erabiliak dira.
Esanguraz mugatuagoa dogu zelatan (egin, egon, ibili, joan…) ereduko aditz lokuzinoa, eta horrexegaitik seguruen adiera honetarako aproposagoa.
Esaunda zahar bateko formula-hitzak dira: “Aida, idi! / Zelatan dagoan horri atera (e)iok ezkerreko begi”.
Hizkera diferenteetan erabili izan da /zelatan + aditza/ esamodua. Ekialde eta sartalde. Iparralde eta Erdialdean aldean gehiago, baina sartaldeko berbetan be polito erabili izan da zelatan. “Agindu ei eutsen gure zangurruari arerioen landan zer egiten ete eben zelatan joateko” (Otxolua Bertolda). Erdialdeko testigantzak dira: “Ta aiturik ostalari etxekoandreari nola iritxi zitzaion euskeraz itz egiten zuen ezezagun bat, zegoan gelako ate zirrikatik begira zelatan jarri zan” (J. I. Arana San Ignacio). “Iñork ikusi etzezan, zokondo-une batean etzanda lotu zan zelatan” (Toma.Agirre Uztaro).
Baina badira beste aditz gehiago be “vigilar, acechar, espiar” adiera horrentzat. Eurotariko bat, bitxi eta kuriosoa: sorotsi (edo sogotzi), hondino be Arratia eta Nerbioialdean entzuten dana, batez be aditz lokuzino egituraz: sorots egin. Hara Juan Manuel Etxebarriak Gorbeia aldean baturiko ipuin bateko pasartea hau: “gau beranduan argia ikusten ei eudien, ta txokauta egozan seguru. Arrimau zirean, ta oillarrak sorots in ei eutsien arbolaren baten ganetik, eta ene!, lapurrak!” (Gorbeie I).
Mateo Zabala bilbotarraren pasarte bat be eraz jatorku. Harek sorotsi aditza darabil, ez sorots egin aditz lokuzinoa. Pekatu mortalen artean, seigarrenekoari joakozanen artean aitatzen dau honakoa: “Begiakaz ta belarriakaz bere pekatu egin lei seigarreneko aginduaren kontra, miiñagaz ta eskuakaz ezeze. (…) Pekatu mortala egin daroe dabiltzazanak zelataka, besteai zorotziten, belarriak zuur dituezala, ea asmadu al balegioe, zelan deungaro dabiltzazan” (Irun).
Guardia egin be erabili ohi da adiera horrentzat. Kuku egin edo kukuka egon be hurreko esanguraz erabiliak dira. Eta beste hainbat sinonimo han-hor-hemen.

Herri-jakintza arloko azalpen bat emoterakoan irakurri dogun esaldi bat. Gure herri-dantza batzuetan banderak astitzea noiztik datorren arrazoitzeko idatzitakoa: “ez dirudi hain ibilbide luzeRIK dutenIK”. Esaldi berean ez ete dira gehiegi -ik atzizki bi bata bestearen atzean?

Neu horretan nago, behintzat. Esaldi osoa, Facebook-en irakurri dodana, halan da: “Herrialde askotan, gurean bezala, banderak astintzen dira ekitaldi berezietan. Erritu-dantza bihurtu dira, baina ez dirudi hain ibilbide luzeRIK dutenIK”; banderak astintzeak, esan gura da.
Nik honelan atondu neukean esaldia: “Banderak astintzeak ez dirudi ibilbide luzeA dutenIK”. Hau da, mendeko aditz osagarria dutenIK itxiko neuke, horri dagokion aditz nagusia ez dirudi ezezkakoa dalako, baina aditz horren barruan nor-zer izen sintagma -a mugatzaileaz markatuko neuke: ibilbide luzeA. Atzizki partitibo bi, -ik atzizki bi esaldi berean sartzea, astunegiaz ostean, gehiegizkoa dirudi. Herri-lokuzinoak dinoan lez: lar be lar da. Ez dago egitura biak -ik atzizkiaz zer markatu; bakarra eginda be asko eta nahikoa da.
Neure eskola-apunteetan batuta ditut partitibo-atzizkia gehiegiz agiri daben esaldi batzuk, edo ikasleen idatzietatik edo hedabideetatik harrapau ditudanak:
Bat: “*Argirik besterik ez zeukan paradisu hark”. Zuzenduta: argiA besteRIK ez zeukan paradisu hark. Ezin da argiRIK esan, ze azpian datzan mezua baiezka adierazoa da: ArgiA eukan, besteRIK ez eukan. Bigarrena, beste, ezezka dagoanez, partitiboaz.
Bi: “Ezinezkoa da kalitate onik *gauzatzerik”. Zuzenduta: Ezinezkoa da kalitate onA gauzatzeA. Aditz egitura nagusia ezinezkoa da, adjektibo predikatiboaz eta da aditz kopulatiboaz egituratua dago. Horrelako egituretan ez da gramatikaz zuzena, ezezka emona izan arren be, -ik atzizki partitiboa eranstea.
Hiru: “Ez dakigu etxean inor *dagoenik. Badaezpada deitu egingo dugu”. Zuzenduta: Ez dakigu etxean inor dagoEN. Kasu honetan zehar galdera tipokoa da menpeko esaldia, eta ezin jako ezelan be -nik markarik erantsi mendeko aditz konpletiboari, aditz nagusia ezezka egonagaitik. Zehar galderazko mende-perpausei -n atzizki soila jagoke: dagoEN.
Lau: “Zalantzarik txikieNIK ere EZ daukat, Mikel Zaratek lan gehiegi egin ez *zueNIK oso denbora laburrean”. Lehenengo partitiboa, zalantzarik txikienIK zuzen erantsita dago, aditz nagusia ezezka emonda egonik. Baina bigarrenean, egin ez zueNIK baino hobeto dago ez zueLA egin. Izan be, baieztapena da hor adierazo gura dana: Mikel Zaratek lan asko edo gehiegi egin zueLA denpora guztiz laburrean.

Irrati honetan Bermeoko alkarrizketatu bati entzuniko esaldia: “Atunetie da inportanteena”. Zein da berbea: atunETA, atunETE ala atunETI?

Berba horren atzean, daukan adierea atun-sasoia, atunetan jarduteko aldia dala kontuan hartuta, atuneTE hitza daukagula esan lei, itsasoTE hitzaren eredura, haren analogiaz, egokitua. Beste eremu semantiko batzuetan edurTE, neguTE, izurriTE edo sikaTE ditugun antzera.
Baina jatorriz atunETA dala izen eratorri zaharra esango neuke, ze -te balitz, atunte beharko leuke, izozte, edurte edo ilunde ditugun taiura. Baina, esanguraz “denporaldi” (temporada) adierea jagon arren, ekintza-jarduerazko -eta atzizkia datzala azpian pentsa daiteke. Eta horren atzean leku-denpora kasuetako -etan inesibo mugagabea dagoke. ArrainETAN jardun, arrainETARA abiatu, arrainETATIK etxeratu eta arrainETAKO pasadizuak ditugunen errastukoa, eta horrexetatik bihurtu dala izen izatera arrainETEA edo atunETEA.
Arrain-izenik gehienakaz leku-denpora kasuetan erabilten da bakarrik: besigutan, berdeletan, antxoatan edo bokartetan, eta orokorrean, arrainetan era beretsuan: “Arrainetatik dator, viene de pescar (buscar peces)” (Azkue Morf). “Arrainetara urtetzen eban, bada-ez-badako potin batzuetan, aizien aurretiko barri barik” (Tor. Etxebarria Eibar).
Arrantza kontuan atunetea da sartaldean sarrien entzuten dana. Beste hizkera batzuetan atunketa erabilten da, eta atuntzua be bai apurren bat. Lapurdiko itsasaldean: “Atunketa maiatzean hasten da: uztailetara arte atun gorria ta handik aitzina hazilera arte atun txuria” (Lapurdiko itsasegia) (Azkue).
Atuntzua be esaten da, arrantzua esaten dan legetxe, leku batzuetan. E. Erkiaga lekeitiarrak idatziz dino: “Horregatik, aurtengo atunetea, arrantzu-ereti mamina dala uste joat” (Arranegi).
Erkiagak berak, atunetea lez, hegaluzetea be badarabil, segurutik berba sinonimo gisa: “Udabarriko bokart eta sardinatako aldiari agur eginik, atuneta-sasoia, egaluzetea hasi ohi dabe” (Arranegi). Atuneta arrantzua urteren baten urria izan zala-ta, hara E. Erkiagak idatzi ebana: “Aurreko urteko atunetatik harrezkero, zorra besterik ez eben untziak egin” (Arranegi).
Baina arrantzu mundutik ate be, hainbat jarduera-izen ditugu -eta atzizkiaz markatzen ditugunak. Halan: Amesetea (amesetan egitea). Atxurretea (atxurretan ibiltea). Berbetea (berbaz jardutea). Goruetea (goruetan egitea). Hiletea. Kartetea (karta-jokoa). Laietea (laietan egitea). Lapurretea (lapurretan egitea). Marmarretea (marmar ibiltea). Eta azterka hasi ezkero, horreez ostean, beste hamaikatxo jarduera-izen.
Baina lehenengora bihurtuta, -te denpora-atzizkiagaz gurutzatu dala -eta atzizkia susma leiteke. Eta arrantza arlora mugatzen bagara, itsasotea eta atunetea darabilez kostako hiztunek, “costera de pesca / de bonito” adiereaz gehiago, ekintza edo jarduerearenaz baino: itsasoan arrantzuan egiten dan aldia, edo atunetan egiten dan aldia adierazoteko, hatan be. Ramon Basaldua kazetariaren berbak ahora ekarrita: “Lehenengo itsasotea izaten da inportanteena”, Bermeoko berbetearen erakusgarri.

Irratiz entzuna: Markina-XemeinEKO azoka. Zelan hobeto: Markina-XemeinEKO ala Markina-XemeinGO?

Arauetara jo ezkero, bietara dago zuzen. Baina hiztunon artean nagusi dan joereari jaramoten badeutsagu, XemeinGO esango genduke, XemeinEKO baino lehenago. Eta sarri aitatu daroagun onurea daukan joerea, bestetik: laburragoa dala, eufonikoagoa izateaz ostean.
Izen edo adjektibo arrunten kasuan, kontsonantez amaituriko hitzen era soilari -e- bokala eransten jako -ko genitiboaren aurretik: lurr-e-ko, urtarril-e-ko. Baina izen bereziek euren egitura zaharrean zuzen eransten jakoz kasu-atzizkiari: EtxalarGO uso-pasea, UsurbilGO dorrearen hormak, AmaiurrA ala ZarautzA joango ete gara ba!
Kontsonante-amaieradun leku-izen askoren kasua da berau, eta gaur egungo hiztunik gehienek lotura laburraren autua jagon ohi dabe, han zein hemen. IturenGO arotza, eta ez IturenEKOa. ZarauzKO estropadak, ZarautzEKO estropadak baino gehiago. ZaldibarKO lurjausia, ZaldibarrEKO lurjausia baino gehiago. Mañukorta, LarruskainGO bertsolaria. LeizaranGO autobidea, LeizaranEKOa baino gehiago. EibarKO Untzaga plaza, EibarrEKO Untzaga plaza baino gehiago. FruizKO eta GamizKO herriak, baina nekez FruizEKO eta GamizEKO herriak. AmaiterminGO auzoa, AmaiterminEKOa baino gehiago. ErrezilGO tabernan, ErrezilEKO tabernan baino gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular