Euskera Hobetzen: Euskerazko 'Enbarazuak' erderazko "embarazo" izenagaz zerikusia dauka?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Euskerazko ‘Enbarazuak’ erderazko ‘embarazo’ izenagaz zerikusia dauka?

Berba-jokoa eginez leku batzuetan entzuten dan esakune bat: “Batzuk gura danean. Beste batzuk dana gurean”.

Esaekune hau Jon Etxebarria “Alkate” jaunari zor deutsat. Holantxe berba-ekarrian, berez lez ahotik atera eban. Gura danean eta dana gurean, hitzen ordenea aldatuta beste barik, esanguraz guztiz kontrakoak bihurtzen dira.
Gura danean (bizi, ibili) esatea da, zer gura eta haxe, gura dan guztia eginaz edo hartuaz bizi diranakaitik. Lokuzinoa, esamodu finkoa, bere oinean da: gura dana, gura dan guztia [gu’dana, gure dana; gu’dan guztie berbaz], gaztelaniaz esatea lez: “todo a su antojo”. Gura dana, sarri darabilgu zenbateko neurriaren gorenaren balioaz: “nahi beste, nahigura, nahi adina, gura adina”. Berba bakar lez ahoskatzen ditugu hiztunok: Lo guradana egin dot. Ogia guradana jan dau. Esate modu ezaguna da baita be: “Beti ez da eukiten gura dana”.
Dana gurean (ibili, jardun, ekin) esatea da, danaren atzetik, ondasun, irabazi edo diruen gorabeheran normalean. Baina eztasunak bultzatuta be ibili leiteke bat dana gurean.
Dana gurean dabilena dana gureak eraginda dabilela esan lei. Eta bada izen alkartu bat gura horregaz josia, eta da askogurea, gure berbakeran tradizino sendoa daukana. Askoguran (edo asko gurean) esan ohi da, Domingo Agirrek idatzi eban eran: “Asko guran urten eta hutsean bihutu. Nori etxako holango gauzaren bat gertau, bere bizian?” (Kresala). Gehiago guran be esan ohi da. Frai Bartolomek idatzi eban baze: “Beti lapurretan ta beti geiagoren guran.” (Ikasik II).
Itaun-hitzez lagundurik, zeren guran, zer guran edo zenbaten guran esan ohi da. Diru gorabeheran hau batu eban Azkuek errefrau antzeko baten: “Emen gagoz gu zortzi marairen guran, ta lau marai ofrezidu.” (V-ger) (EY III 193).
Beste gura mota asko dagoz. Izen-kategorian ezaguna da handigurea, kasurako, ‘harropuzkeria, goragurea’ adiereaz: Etxe horretakoen handigureak ez dauka neurririk. Adjektibo modura be badarabilgun hitza, pertsona batzuen izaerea dala-ta: Horreek handigurak izan dira beti, bai guraso, bai seme.
Hasierako puntura atzera etorrita: Batzuk gura danean eta beste batzuk dana gurean. Batzuk asebetean eta beste batzuk dana behar gorrian.

Esakuntza ezagun baten berbak: “Saldua, galdua”. Horren azpian zer aditzen emon gura da?

Saldu eta galdu aditzak behin baino sarriago aitatzen dira euskal esakuntzetan eta osterantzeko berbakizunetan, errima edo puntu jokoa alkarregaz jagoten dabela.
Saldua, galdua nekazari gizartean sarri entzun izan dan esakuntzea da. Berez ez da beti halan izaten, baina herri-pentsaera tradizionalean tinko dirau. Saldu-erosian, batzuetan galtzen eta beste batzuetan irabazten da, edo batak galtzen eta besteak irabazten.
Eretxi horren azpian zer datza? Etxea, lurrak, belaunez belaun jarauntsi ohi diran ondasunak, oinetiko ondasunak, ez dirala saldu behar: oin-ondasunok saltzea, galtzea dala luzarora; epe ertain edo luzera, saltzeak galera ohi dakarrela.
Azkuek era diferenteetan jaso eban atsotitz berau. Bat, soil-soil: “Saldua, galdua”. Bigaren bat, esaldi modura: “Salduak galdua dirudi”. Eta hirugarrena be: “Saltzen dabilena galtzen dabil” (EY 2786). Gehienetan halan dala, baina beste batzuetan, halan dirudiala.
Errefrauaren beste formulatze batzuk be badira. Edo juntagailuaz juntaturik, baina aukera biak ondorio berbera dakarriela esateko “Saldu edo galdu” (EY 900). Eta gomendio moduko mezua dirudi ezezka josiriko hurrengo honek: “Ez galdu ta ez saldu” (EY 2342); bata zein bestea egin behar ez diralakoa gomendatuz.
Saldu-erosi irudiaren bidez , diruz erosi ezin leitekezan gauzak be badirala ohartzen jaku batzuetan. Halan: “Diruekin erosi ezin laitekena, ez diruagaitik saldu” (Ggarate Atsotitz 3110).
Baita be, edozer merkezurrean erosi baino hobe dala, jenero ona, balioa daukana erostea, besteak beste saldu orduan be prezio hobea egingo dauelako: “Ongi erosia, ongi saltzen” (GGarate Atsotitz 4170). Eta funtsean mezu beretsua hurrengo biok be: gauza onak beti saltze hobea daukala: “Gari ona etxetik saltzen da” (GGarate Atsotitz 5343). XVI. mendeko zaharrak be gogorazoten deuskuna: “Oial ona utxan saldu doa.” (RS 541).
Eroste kontuan arriskurik ez hartzea gomendatzen jaku beste batzuetan: “Erosten duenak ahal ez duena, sal dezake behar duena” (Ggarate Atsotitz 4174).
Saleroste okerraren irudi gisa ondo ezaguna da asto-mandoen irudiaz eginiko konparantza hau: “Mandoa sal eta astoa eros” (GGarate Atsotitz 9377).
Ezer ez daukanak zer galdurik ez daukalakoa dakarsku gomutara beste honek: “Eukirik ez, eta galtzeko arriskurik bez” (Bitaño).
Ondasunak ez eze, gizakiak be galdu izatera heltzen dira. Esparru horretakoa dogu seme galduaren irudia, gure tradizinoan behin baino sarriago soldadu joan edo eroanikoaren irudi modura errefrauetan azaltzen jakuna: “Soldadua, amaren seme galdua” dino esaera zaharrak (EY 253). Soldadu joatea, lehenagoan, gerrara joan beharra zan azken baten. Hots handia atera eta galtze handiak jasan izan diran gerrateetan egon dira euskaldun asko soldadu; besteak beste, Afrikako gerra odoltsuan.

Ezagun bi, batak bestea kalean aurrez topauta, itauntzea batak besteari: “Zer egiten da ba?” Egitura zuzena da hori?

Olaeta ballet ezagunaren zuzendaria, harik eta orain urte batzuk hil zan arte, Bitor Olaeta gernikarra genduan. Behin baino sarriago ikusten genduan alkar kalean, eta beti zuzentzen jatan horreexekaz berbokaz: Zer egiten da ba?
Agur egite formula bat da, gaztelaniaz “Qué hay? Qué tal?” diranen antzeko edo kidekoa, baina euskeraz esanda. Egia esan, neuk ez dot erabili izan, ez inguruetan ia entzun, baina euskera barrutik sortutako formula egokia begitandu izan jatan, Bitorri entzun eta gehiago buruan josita geratu jatana.
Itauna era inpertsonalean egiteko modu bat da, zu, gu, ni edo pertsona-izenordain inplikatzailerik erabili barik: era neutroan egindako itauna. Antzeko beste ingurune bat erabilita, batek agindu leigu guri: Hau edo hori egin behar DA. Eta guk erantzun geinke: Trankil. Egingo DA.
Aditz inpertsonalaz baliatzea, dialogoan parte diran pertsonak tartean sartu barik.
Gogoan hartu eta jentea aurkez topetean, zein modu polit eta leunagorik, agurra holantxe egitea baino: Zer egiten da ba?

Aditz partizipio bat, konturatu kasurako, jokatu barik eta ezezka darabilgunean, batzuetan ordena honegaz esaten dogu: Ez konturatu. Eta beste batzuetan atzerkoz aurrera: konturatu ez. Non edo zertan dago diferentzia?

Lehenago be inoiz aitatu dogulakoa daukat puntu hau. Aditz jokatu barruan ez sartzen dogunean ez ohi dago arazorik: ez gara / konturatzen ordenaz esaten dogu gaur egun, eta ez, antxina edo lehenagoan batzuetan ordenatzen zan modura: /konturatzen ez gara/. Esaldi libre edo nagusietan: ez + adizki jokatua aurretik eta aditz partizipio jokatubakoa atzean.
Baina adizki laguntzaile barik darabilgunean aditza, laguntzailea eliditzen dogunean, ordena biak dira ezagunak: konturatu ez batzuetan eta ez konturatu beste batzuetan. Eta berbetatik berbetara be aldea izaten da hitz bien ordenearen gorabeheran, eta esangura zehaztasun diferenteak be ezkutatzen dira bataren eta bestearen artean.
– Agindua emoteko darabilgunean aditz partizipioa, ezezkako agindua emoteko, orduan ez da izaten zalantzarik ordena kontuan: ez aurretik eta aditz partizipioa atzean (edo atzerago) ipinten ditugu jeneralean: Ez egin hori” Ez joan horra!. Ez esan holakorik!. Batzuetan tartean beste osagai bat edo batzuk dirala: Ez astirik emon horretan! Ez inori lotsarik galdu!
– Baina adierazpen neutroa egin nahi danean, hau da, zeozer ezezka adierazpen modura formulatu gura dogunean, non ipini ez marka? Aurrean ala atzean? Bietara esan eta entzuten dala esan daiteke, baina batera edo bestera ordenatu, bien artean esangura zehaztasun diferentziatxo bat egiten da.
– Edozelan be, sartaldeko berbakeran, batez be berbaz, ez marka atzean ipinteko joerea indartsua da. Esaterako: “Joateko ekin eta ekin ibili jakoz, eta bera joan ez”, hau da, “ez da joan” esateko. “Norbera emoteko eta emoteko esaten, eta berak emon ez” edo “emon gura ez”. “Geuk, egia esateko eskatu, eta berak ezer esan ez” edo “esan gura ez”.
Ordena horixe bera jagoten da, partizipio burutuaren ordez -ten partizipio bururagabea darabilgunean: Neuk egia esateko eskatu eta berak egiarik esaten ez! Emoteko eskatu neuk eta berak emoten ez!
Herri-literaturara joten badogu, ordena hauxe berau zaintzen da honako errefrau baten: “Norbera inor ez ta bestiai entzun ez, dana bapez” (G.Garate Atsotitz 10204). Eta beste hainbeste hurrengo dantza-kopla ezagun honetan be: “Txikitxu politori, / zer dozu negarrez? / Aitak agindu eta / amak emon nahi ez”. Eta herri-berbeta zehera bagatoz be, ohikoak ditugu honetarikoak. Bat: “Harek ikasi dauen eskolea da, hartu bai eta emon ez.”. Bi: “Kalearen besteko aldean gizona norberari itxaroten, eta neuk, aurrean daukana ikusi ez!”.
Eta idazle klasiko moderno baten idatzia hona ekarrita: “Gauzea ez emotearen ganean, barriz, pekatu egin daroe guraso orreek, edo euren erruz [ez] euki ez, edo eukita zekenez ta esku eutsiz emon gura ez, eta semeak gosez, edo soinean arlote ta altzi eginik darabildeezanak” (Mateo Zabala Irun 110). Idazleak ingurune horretan ordena biak eskeintzen ditu aukeran: euki ez eta ez euki.
– Baina ez aurrean ipinteko joerea, ez konturatu ordenearena, euskerearen zabalean ugariagoa dala esan daiteke, eta zaharragoa be bai. Klasiko hurreko baten ereduak hona ekarrita, hara Mogelen batzuk. Perpaus biren komunztadura egituran agiri dira hurrengo honeek, bigarren esaldian adizkia eliditurik dagoala. Bat: “Bakotxak gorde bear dau bere tokia, eta ez agertu eragin soinokoz edo aoz eztana” (PAb). Bi: “Gura dot igaro zugana, daukadan jaubetasuna, ta ez kendu zure oniritxi ta maitetasunarentzat erabagita egoana” (PAb). Hiru: “Biziko da ta ez ilgo” (CO). Lau: “Urte guztian lo galanto ta bildur baga pekatu mortalakaz, ez ikaratu eriotzeaz ez infernuaz” (CO). Bost: “urten bear dau biotzaren barruti, ta ez euki bakarrik ao ta ezpanetan” (CO).
Gipuzkerazko herri esaera honetan be ordnea bera: “Eskatuko dute, baina ez eman”.
Mendeko konpletiboak aditz partizipio mugatzailedunaz eregiten ditugunean, ordena zaharra eta orokorra /ez + konturatua / dala esan daiteke, eta aldi modernoetan garatu dan joerea dala deritxagu / konturatu eza / dalakoa.
Hara, damutu aditz nagusi dala garaturiko esaldi batzuk, Mateo Zabalagarenetik hautuak: “damutu bajatzu, erea izanda ez artua” (Irun), “zegaitik gurasoak ta ugazabaak konfesadu bearko eztabee, ez begiratua, […] dotrinea ez erakutsia, konfesetara ez biraldua [botea], egun-antzagaz ez etseratua, piestara, erromeriara, baatzako dantzara, naasteko jolasera ta gau-bigirara agindua?” (Irun).
Halanda be gaur egun, sartaldeko berbakeran, sendo finkaturik dirudi ez / eza atzean dala onduriko ordena honek: “Ondo damutu jako sasoiz joan eza.”, edo: “Damutuko jako etorri eza”.

Lehen sarri entzuten izan dan esakerea: “Kendu zaitez enbarazurik!”. Euskerazko Enbarazuak erderazko “embarazo” izenagaz ez dauka zerikusi handirik ezta?

Eskertzen deutsut, Libe, berba honen proposamena egin izana.
Gaztelaniazko adiera nagusi horregaz ez dauka zerikusi handirik euskaldunok euskeraz darabilgunean enbarazu berbea. Euskeraz sarri darabilgu enbarazu berbea. Erderazko “estorbo, estorbar” adieratik hurrekoa da euskerazko enbarazua edo enbarazu egin.
Labayru Hiztegiak “estorbo, traba, molestia” modura argitzen dau enbarazu izenaren esangurea. Eta hiru aditz lokuzino eskeintzen ditu osagarritzat: enbarazu egin, enbarazuan egon eta enbarazutik kendu.
Izen honegazko esakera batzuk jatortaz gogora:
– enbarazu egin: / enbarazurik ez egin: “Neuri enbarazu egiten zagoz hor zagozan lekuan, eta ken zakidaz ondotik!”. “Enbarazurik ez egin mesedez, eta itxi lekua libre, neuk behar egin daidan!”
– enbarazua emon: (arazoa emon) “Enbarazua baino ez dau emoten morroi horrek. Doala hortik zehar!”
– enbarazuan egon: “Hor enbarazuan zagoze! Itxi libre bidea, mesedez!”
– enbarazutik kendu: “Kendu zaitez enbarazutik. Ezkaratza garbitzen nabil eta”.
– enbarazua izan: “Enbarazu hutsa zara, gizona! Urteizu kanpora, buelta bat emoten sikeran”.
Klasikoetara bagoz, bizkaieraz ezeze, gipuzkeraz be behin baino sarriago agiri da enbarazu berbea.
Otxoa Aringo, Ordiziako apaizak, XVIII. mendean “galga, traba, oztopo, eragozpen, eragozgarri” adiereagaz darabil, “inpedimentu” sinonimotzat dakarrela, bere dotrinan: “Matrimonio santuko inpedimenturik edo enbarazurik batere bage” (Dotrina) (1713).
Juan Jose Mogel abade eta idazle markinarrak be adiera berberagaz darabil enbarazu: “Jangoikoagana joateko daukat enbarazu bat” (Baserritaar Eskolia).
XX. mendeko idazleetara etorrita, enbarazu egin hainbat biderrez agiri da, gazt. “molestar” edo “estorbar” adiereaz gehienbat. Halan Felix Bilbao morgarrak Ipuin barreka liburuko ipuinetariko baten: “Ume tentelzarrok […], etxean negar dariela, enbarazu egiten euki barik, piztien janaritzat mendira botaten badoguz, hoba egingo dogu”. Eta Tomas Gerrikagoitiak be bere gomuta-pasadizuen liburuan: “Zazpi urte betetakoan, [illobeak] enbarazu egiten baeban, jaubeari kentzeko aginduten jakon” (Arantza eta larrosa).
Gipuzkeraz beste hainbeste. “Ataño” (S. Zapirain) errenteriarrak bere liburu baten dakarrena: “Eraman traste zar oiek ortik, tximinipe ortan enbarazu besterik ez dute egiten-eta. ” (Txantxangorri kantaria).
Enbarazuan egon, katua, ahulki bat edo pertsona bat egon leiteke. Halan idatzi eban N. Zendoiak Auspoa bilduman behin: ” [Katu] hura ere enbarazuan, ba, egun hartan” (Beranduko birigarroa).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular