Euskera Hobetzen: 'Goizeko' sagarrak edo 'goizetiko' sagarrak?

Euskerea hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Goizeko’ sagarrak edo ‘goizetiko’ sagarrak?

Sagarrak arbolan / Bizkaia Irratia

2022-10-06

1. Sareetan irakurritako informazinoa: “Goizeko sagarrak urtero ematen du alea”. Goizeko sagarrak ala goizetiko sagarrak?

Jakoba Rekondo, natura gaietan aditua dan biologoari irakurri neutsan baieztapen hau. Arrazoi makala ez, dinoan horretan. Baina nik, goizeko berbeari erreparau neutsan. Izan be, sartaldeko berbetan ez dira gauza bera goizeko sagarrak eta goizetiko sagarrak. Baina ondo jakitun gara, zenbat eta erdialderago joan euskerearen eremuan barrena, bereizkuntza hori bardindurik dagoala goizeko itxurapean.

Goizetikoa dala fruta bat dinogunean, goizetik datorrena esan gura da. Gaztelaniaz “tempranero” hitzaz baliatzen dira hori bera esateko. Uzta kontuan, bardin da artoa, sagarra, madaria edo okarana izan, goizetikoa dala esateko badira beste berba batzuk be. Bat: goiztarra edo goiztiarra. Beste batzuetan izen alkartu bidez adierazoten da hori bera: goiz artoa, goiz lorea kasurako. Bizidunekin be erabilten da: goiz oilandea, goiz langilea edo goiz dana dalakoa. Laster adjektiboaz be baliatzen da hizkera batzuetan: hazi lasterra, berbarako.

Goizetikoa dala zeren gainean esaten dogu berariaz?

– Fruta kontuan sarri. Ikoen kontura idatzi eban Eusebio Mª Azkuek: “Beragaz [udeagaz] dator laguna, / karramarro pikuduna, / jaten ikoak / goizetikoak” (Parnaso). Baina fruta zein edozein ortuari edo lurraren uzta izan leiteke goizetikoa.

– Esangura zabalagoan be erabilia da: goizetik, goizean goiz edo goizegi egiten dan zerbait be goizetikoa dala esan ginei. Felix Bilbao idazlearen esaldia da honakoa: “Semeon hain goizetiko etxeratze hau” (Ipuin barreka). Baina lekukotasunik zaharrena, behar bada, errefrau zahar honetan agiri dana: ““Beluko ezkontzea deunga, goxetikoa ez oba. Aldia gauzak daude, aroari jarrain gakiozan. // Tardío casamiento malo, el temprano no mejor. Tiempo las cosas tienen. Al tiempo sigámosle.” (RS 440)”.

Zein beste berbagaz eta zertarako erabilten dogu –tiko atzizki bikox hori, –tik ablatiboaz eta –ko genitiboaz eregitakoa. Hara batzuk, batez be sartaldeko berbetan ugari samarrak diranak.
– Leku-adberbioetan: nondikoa, hemendikoa, hortikoa, handikoa. Baita be: urrundikoa. Batzuetan, edo sarritan, norbaiten edo zerbaiten “jatorria, etorkia” aditzen emoteko: nondik etorria edo ekarria dan bat. Beste batzuetan, zein partetan dagoan bat: handiko alderdia, hemendiko alderdia.
Nondikoa balada zahar ezagun baten agiri da. Urrunetatik datorren semea neskatila gazte batez lagundurik datorrela ohartzean, amak itaun zorrotz gordina zuzentzen deutso: “Nondikoa dakazu zeure emaztia?”. Eta semeak erantzuten: “Frantzia partekoa, bai ama neuria”.

Hortikoa: ‘Busturi edo hortikoa izan behar dau gizonorrek’ (Barrutia, Teresa Totorikaguena).
Urrundikoa: ‘Igual urrundikoak barik ize’leiz holakoak esaten dituezanak’. Halantxe entzun neutsan esaten Barrutian Teresa Totorikaguena andreari aspalditxo (1992-I). Urrundikoak ez diranak, hurrekoak izan leitekezala esan gura eban.
– Leku-izenakaz, batez be ezagunen antzekoakaz, entzuna eta erabilia da: barrutikoa, kanpotikoa, gainetikoa, azpitikoa, albotikoa eta halan.

Goitiko adnominala Juan Jose Mogelen idatzi baten idoro dogu: “artu ebeen zerutik beingo baten miragarrizko jakituria bat mundukoaz goitikoa” (Etxeko Eskolia).

Kanpotiko, ‘azalekoa, agirikoa’ adiereaz be ezaguna da. Pedro Astarloaren idatzian: “Damu au izan bear da bijotzekoa edo benetakoa, eta alan ezta asko kanpotikoa eta aozkoa bakarrik izatea” (UD, I, 186).
Baina leku-izen orokorragoakaz be, berariaz ezagun modukoak diranakaz, azaltzen da: bihotzetikoa, etxetikoa, zerutikoa eta halan.

– Denpora-eremuko adberbio eta izenakaz be erabilia da -tiko atzizkia. Ezagunena: noiztikoa dogu, baina antxinatikoa, ordutikoa, bertatikoa legezkoakaz be erabilia da, autugai dogun goizetikoa honez ostean.
Bertatikoa sarri erabili izan da “bat-bateko” adiereaz, batez be heriotzea halan datorrenean. Frai Bartolomek bertatiko baten denpora adberbioa darabil hurrengo honetan: “Moro loi ta odoltsuz estaldu zan geure erreinu guztia bertatiko baten” (Ikasik II).
– Beste eremu edo arlo batekoak be badira. Halan: garaitikoak, “gainetikoak, beste guztiak” diralakoen sinonimoa.

2. Esakuntza baten hitzek dinoe: “Gorbeiako belea Gorbeiara.”. Horren antzeko beste esakuntza gehiago be badira, ezta? Zer adierazoteko?

Gaztelaniaz guztiok ezaguna dogun beste bat bada, mezu beraren adierazle, ahuntzaren irudiaz baliatzen dann: “La cabra tira al monte”.
Euskeraz txorien eta mendien loturea, zaharra ez eze, zabal dabilena da. Zuberoan bada kideko ezagun bat: Orhiko xoria Orhirat. Nork bere lekurantz daukala tirea, bere giroan gustura dagoan lekura jokerea. Beste berbaz esanda, nork bereak dituen jokera, zaletasun edo jitez baliatzera joten dauela.
Txori nagusien irudia, belearena edo erroiarena kasurako, mendi-izenakaz behin baino sarriago dakusku atsotitzetan. Gorbeiarena, Arratia eta Nerbioi ibarretan entzuten da batez be. Aldaera diferenteak ditu, goiko horrezaz gainera. Azkuek batua da honakoa, baina Gernika iturritzat agertuaz: “Gorbeiako belea, Gorbeiara jokerea”. (V-ger). (EY III 63).
Anboto be aitatzen da beste batzuetan. Felipe Arrese-Beitia otxandioarrak bertsoz parodiatzen dau errefraua era honetan: “Anbotoko beleak, beti bertan bizi / nai izatean ez du arrazoi ain gitxi” (Ama.Euskeria 282).
Esanguraz gardenagoa dogu belea eta etxea buztartzen dituan hau: “Beleak, beti bere etxera” (Atsotitz 2334).
Baina beste animalia batzuen irudiaz be baliatzen da errefrau hau:
– zaldiarena batzuetan: “Saibiganko kaballloa Gorbeiera eroan eta aste bete barru Saibiganen dago”, Arratieko Berbategiek dakarrena.
– behiarena beste batzuetan: “Gorbeiako behia Gorbeiera”, E. Garibai kronikariak dakarrena, argibide honegaz: “que la vaca de Gorbeya desea siempre a Gorbeya” (Diccionario Geográfico Histórico de España. 1571).
Bihurtu gaitezan belearen eta erroiaren ezaugarrietara, bide batez garantzeko baino ez bada be. Hara, euskaldunon irudi-munduan agiri diran batzuk.

– Belearen balztasuna, baltz izatea irudi gisa sarri erabilia da. Esaera ezagunak dira horrezaz. Bat, belearen balztasuna konparagarritzat darabilena: “Belea ez da baltzago egingo” (Lezama. Pedro M. Goikoetxea). Eta F. Arrese-Beitiak bertsoz kantatua: “Espiritu ekatxgina ikusi dot ain asarre, / Belea baiño baltzago ain illun, ain itzaltsu” (Ama.Euskeria).

Errefrau ezaguna dogu gure artean, zozoa beleagaz bardintzen dauen: “Zozoak beleari ipurbaltz” dalakoa. Astoaren irudia aitatzen da, mezuz aurrekoaren kide-kidea: Nork esan leion astoari arre!. Meñakan ikasia dau Libe Agirrek, eskaratz tresnak aitatzen dituan beste hau: “Tartereak sartenari, atzebaltza!”. Belearen eta erroiaren irudira bihurturik, Iparraldean Oihenartek honakoa batu eban: “Erroiak beleari “burubeltz” (Proverbes 151). Erroia eta belea, sartaldeko hiztunok bardindurik ditugunak, antz-antzeko txoribaltzak izan arren, banangoak, diferenteak dira berez, eta eurok kolore bereko eta antzeko izatea argudiotzat harturik, konparagarritzat darabilz errefrauak.
Ez da hain ezaguna, ostera. beste errefrau hau: “Belea ikus daite, xurit eztaite.” (Prov. 556). (Belea ikusi daiteke, baina ezin zuritu daiteke).

– Belearen menduak, joeerak eta izatea ez dirala inoiz aldatzen erakustera datoz hurrengoak. Batek dino: “Belearen (Belian) umea, belakumea” (G.Garate Atsotitz 2340). Beste batek: “Nolako belea, halako umea” (Atsotitz 2329). Hirugarren batek: “Belea beltz, hümea beltz” (Atsotitz 2331). Eta laugarren honek: “Usoa usoarekin, belea belearekin” (Atsotitz 13294).

Belea eta aztorea konparatzen dituan hau be mezu beretsuaren ekarle dogu: “Neke da beleaz auztore egitea” (Oihenart Prov 652).

– Belearen deungatasuna, gaiztotasuna be ugari erabilia da irudi gisa.
Oihenartek bildutako errefrauaren esanean: “Kanpoan urzo, etxean bele” (Prov. 107).
“Belea beti bele” dino esakuntza batek, esangurarik gaitzesgarrienean. Zerbitzari idazleak honelan kantatua: “Egiozu beleari munduko ongi guzia, belea bethi bele, egun batez kanpoa hartuko dautzu” (Zerbitzari GH 1923, 489).

Ildo berorretakoa dogu, gaztelaniaz ezagunagoa dan hau: “Cría cuervos, te sacarán los ojos”. Euskera zaharrean, batzuetan erroia aitatuz, beste batzuetan belea, honako ordezkoak ditu. Sartaldeko honek dino: “Az ezak erroia, diratan begia” (RS 136) (Hazi eik erroia, aterako deua begia)”. Eta Oihenartek bere bilduman, beste berba honeekin: “Erroia haz ezak, begiak dedetzak” Begiak edeki, ‘begiak atera’ esateko. Manuel Larramendik hainbat beranduago, beste era honetara batu eban: “Maita ezak belea, aterako dik begia”. Eta oraintsuagokoa dogu hurrengo hau: “Belea etxen haz azu, begiak errotik eginen dauzkitzu” (A. Zavala EZBB I 65).

– Beleak jatun handiaren eta inguru guztia zehatz garbitzearen entzutea dauka.
Errefrau batzuetan, belearen jakia aratustela (carroña) dala gogoratzen jaku: “Beleak sarratsera (sarraskira). “Les corbeaux vont à la charogne” (Oihenart Prov 87).
Baina esaerea edo sinestea da baita, belea dabilen lekuan jatekorik ezer bada, dana garbitzen dauelakoa. Halan: “Hortik sortu zan lenagoko esaera bat. Mutillak sartaiñan artoa busti ta jaten zuenean, koipe gutxi bazan, amari esaten zioten: –Ama, hemen eztago koiperik. –Bai, oraindio belea egondako lekuan baiño hobe dek hor” (G. Anduaga Aitona). Beste honek dino: “Goseak daonantzat, belea egondako esolan igurtzitako ogia ere ona” (Atsotitz 6081).
– Belea bizitza luzakotzat be ezaguna da herri-errefrauen esanean. Justo Mokoroaren lumaz: “Zuk daukazun sasoiaz belearen urteak harrapatu behar dituzu” (Erraondo).

3. Bada berba bat, ertza, balio diferenteakaz darabilguna. Esaterako: Badaezpadako jentemodua ertzean ikusten da jaiak diran lekuetan. Zer esateko, ertzean ikusten dalako hori?

Ertzean, esate-inguru horretan, “bata bestearen atzean, ugari” esangurakoa dogu. Libe Agirre esatariari berari jaso deutsat, baina neure etxeko berbetan be ezaguna dot esamodu hau.
Ertza, adiera horrez gainera beste zer esateko darabilgu? Esanguraz ugaria dogu, edozelan be.
– Bat, ‘alboa, bazterra’, “orilla” adierea. Eangura-balio hau ugaria da izen alkartuetan: ibai ertzean, kale ertzean, erreka ertzean, bide ertzean e.a. Halan: “Erreketan, kamio-ertzetan, jardinetan ta abar ikusten da [akazia]” (Ostolaiz 85). Itsasoaren izenagaz be sano erabilia da ertza: “Itxasoak […] iragoko dituz bere muga eta ertzak”. (Iturzaeta Azalduera). “Irlandako itsas-ertzera” (Etxeita Josetxo). Teilatu ertza esaten jako “alero” dalakoari be. Belarri ertzean jo baten bat, belarri-eskinan jo adierazoteko. Ezpanak dirala-ta be esaten da: ezpan-ertza. Soineko barrenari edo amantalenari ‘ertza’ be esaten jako. Añibarroren esanean: “Zeure jaztekoaren magaleko ertza ukututea” (Lora Sorta).
Esaerak be badira ertz-dunak: “Eguzkia ertzean, esnea pertzean, neskatxa etxean” (G-goi). (A. Zavala EZBB I 89).
– Bigarren bat, aurrekoaren hurrekoa: ‘eskina, kantoi, albo, saihets’, “borde” adierakoa. Iturriagak Dialogoetan, gaztaia dala-ta dino: “Eskua igaro bear zaio [gaztari] gainetik, azpitik eta ertzetatik”. “Asko ezagun dute zure senar gizajoan masalla ertzak ase eta betean dabillela” (Apaolaza Patxiko txerren).

– Hirugarren bat: leundu edo findu barik dagoan harri, zur edo objektu batek ‘ertzak’ eukiten ditu, gazt. “asperezas”. Halantxe esaten dira: harri ertzak edo zuraren ertzak. Zurgintzan, arotzerian, ertzak hil erabilten dala gogorazo eustan aspalditxo Jesus Eguzki Arrazolako semeak, “pulir los extremos”.
Administrazio testu aspaldiko baten idatzia: “Barkapena, Legearen akatsak osatzeko; beronen ertz zorrotzak leuntzeko”. “Suavizar sus asperezas”. (EAEg 22-11-1936 358).
Errefrau zahar bat be bada, ertzetik erabili esamodua darabilena: “Andra guztiok ertzeti erabiliko haude beti. “Todas las mujeres te traerán siempre por la orilla”” (RS 316), ‘baztertu, bazterrean euki’ adiereaz.

– Ertzean, zeozeren ertzean, “ondoan, alboan” adieraz be erabilia da. Halan: “Baserrian be ez dago errez / bizimodua hartzean, / berezkorikan ez jaku sortzen / baserri zarren ertzean” (FEtxebarria 192).

– Ertzak hartu, “examinar con cuidado” adieraz entzuten da Urdaibai aldean. Aurre-Apraiz ajangiztarrak argibide hau idatzi eban: “Erderazko ‘controlar’-en esangurerako ertzak artu naiz bazterrak artu esan daroagu guk geuk” (Egan 1965, 145). Ertza hartu, “erea hartu, eskuratu, kontrolpera ekarri” adierazoteko sarri entzun dot Urdaibai aldean. Barrutian entzuna eta jasoa dot: “Horrek hondino ez deutso bizimoduari ertzik hartu. (Teresa.Totorikaguena 2011), “fundamentua hartu” adiereaz.
Ertza atera, findu, “perfeccionar” adieraz erabilia da. Idatzi bat ondu, orraztu eta leundu aditzen emoteko darabil J. B. Eguzkitzak aspaldi: “Bildu edo batu ditudan gai pizka oneik, bear dan lez atondu, orraztu, ertza atera ta ondo apaindu […] al baneiz” (Eguzkitza, LEItz 14).
Esapide berau, ‘buruko uleari erraia atera’ esateko be erabilten da hainbat lekutan. Azkuek leku askotan batu eban adiera hau (V-oroz-arr-ple-ger-gip), “raya que se hace con el peine en la cabeza”.

4. Azoka baten inguruan, kazetaria saltzen egoan bati zuzendu jakon berbaz, “salmentak ea ondo badoazen” itaun eginez. Salmentak ea ondo badoazen? Ala: badoaz, ala doazen?

Oraintsu entzuna dot, baina aspaldiko arazoa edo auzia da berez: aditz trinkoa edo jokatua darabilgunean, eta itauna zeharka emon gura dogunean, ze marka erantsi adizki horri: edo ba– aurrizkia, edo –an atzizkia, edota biak batera. Hau da: bada, dan ala badan. Gramatikan menpeko esaldi horreei zehar galdera perpausak ohi deritxoe, gaztelaniaz “interrogativas indirectas”.
Lehen be behin baino sarriago salatu ditugu puntu honi joakozan oker-erabilerak.
Gaztelaniaz “si” preposizinoaz adierazoten dira menpeko itaun-perpausak: “No sé SI sabrás, pero mañana me caso”. Baina gaztelaniaz, SI preposizino beragaz adierazoten ditugu baldintzazko perpausak be: “No me enfadaré SI me dices la verdad.” Baina menpeko esaldi biok SI preposizinoaz markatzen baditugu be, guztiz diferenteak dira izatez: bata itauna da, zeharka emonda, eta bestea baldintza, zeozertarako, ekintza bat burutzeko kondizino lez ipinten dogun baldintza.
Gure sartaldeko euskeran be nahaste hori zaharra da, baina BA- aurrizkiaren aldera, ez -(A)N atzizkiarenera. Eta Bizkai euskerearen sartaldean be agirian dago gure eguneroko berbetan. Nik neuk be, gramatika bidez ikasi ikasi neban bata eta bestea bereizten. Etxeko berbetan esan izan dogu: Ez dakit egidxe BA-da. Esa’istezu etorriko BA-zara. Preguntau eidxozu, IA dirurik BA-deko. Eta ikasi genduan esaten: egia daN, etorriko zarAN, ea dirurik daukAN.
Urdaibai aldeko herri batzuetan, Gernikako errioaren ezker aldean behintzat (Forua, Murueta…) askori entzun deutset esaten, ia etorriko BA-da-N edo etorriko ez BA-da-N ereduko egiturak; hau da, aditz jokatuari aurretik ba- marka eta atzetik -n marka erantsita. Halako sinbiosi antzekoa eginez. Marka bikotxeko egitura horixe da irratiz entzun ebana: salmentak ea ondo BA-doaz-EN.
Baina euskera landuak, bizkaierazko tradizinokoa barru dala, aspaldi onartu eban beste euskalki literario guztietan nagusi zan bidea; hau da, zehar itauna aditz jokatuaz adierazoteko -N atzizkia erabiltea, ba- aurrizkia baztertuz.
Halanda ze, hori da berbeta landua darabilgunean behintzat, berbaz zein idatziz, zaindu beharreko gramatika-araua.
Zehar itaunetan ba- darabilenari ez neuskio esango, dana dala: “hori txarto dago”, “hori oker dago” edo halakorik. Ze euskaldun zaharren joerea eta joera zaharra da ba- aurrizkiaren alderako jita. Bizkaieraren sartaldean gitxienez XVII mendetik hona datorren nahasketa edo neutralizazinoa da. Gaztelaniaren eraginez edo kalkoz sartu jakuna, dudatzeke.
Txarto dagoala ez dogu esango, baina bai garbi agertu, -N atzizkia dala eredu landuan zaindu beharreko legea.
Eta bide batez gomutarazo daigun, -NEZ/-NENTZ atzizkia be hor dagoala, zeharreko itaun horri indar berezia gehitu gura jakonerako. Bermeon hondino be usu dan eran esanda: Ea halan daNENTZat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular