Euskera Hobetzen: Hamabiak 'jo' dabe edo Hamabiak 'emon' dabe?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Hamabiak ‘jo’ dabe edo Hamabiak ‘emon’ dabe?

1. Gure euskerahobezale zintzo baten itauna. Hau dino esaldiak: “Nahiz eta elkarren arteko harremana oraindik ere Badagoen…”. Zalantza-puntua aditzean dago: badagoen ala dagoen? 

Aurreko beste argibide-eske batzuk lez, oraingo hau be Nagore Etxebarria Etxebarrena teknikariak bialdu deusku, berak diharduan testuen zuzenketa-arduran subertau jakon esaldi baten harira. Hara mezuan zer dinoan: “Gaur be beste zalantza bategaz natortzu, ba! Euskaldunbarriai askotan entzudako egitureagaitik itanduko deutsut: “… NAHIZ ETA elkarren arteko harremana oraindik ere BAdagoen…”. Gramatikak zer dino aurreko BA- horren ganean? Zer deritxazu zuk?”
Euskaldunbarriena barik, edo ezeze, hizkera landuan hedatu dan morfologia eredua dala esan daiteke.
Auzi-puntua, baina, esaldi horretan, ba- aurrizkia erablili edo onartzearen gorabeheran da. Eta auzi hori -n markadun menderakuntza osora hedatu lei funtsean, eta are zehatzago, adizki trinkoak diranean: dagoan ala badagoan.
Eretxi gitxi agiri da gramatiketan puntu honezaz, baina orohar idazleen erabilera bitarikoa dala esan daiteke. Batzuek: nahiz eta … BAdagoen, eta beste batzuek: nahiz eta … dagoen. Komeni ete da, beharrezko ete da, adizki trinko menperatu horri, dagoen adizkiari, ba- aurrizkia eranstea? Tradizinoak zer dino horrezaz?.
Menpeko esaldi kontzesibo baten aurrean gagoz: nahiz eta aurre-markaz abiatzen dan esaldi menperatua dogu. Honi jagokon aditza, hiztunik gehienok aditz partizipioaz markatzen dogu, eta tradizinoan be halan egin nagusiro: nahiz eta … egon egituraz, eta gitxi batzuetan baino ez aditz jokatuaz. Hizkera landuan indartu da aspaldiko hamarrurteetan, mende-perpauseko aditza era jokatuan erabiltzeko: hala, dagoen adizki trinkoaz; baina berdin aditz konposatuaz: egoten den; mendeko aditzari -n marka erantsita.
Mendeko aditza kasu honetan trinkoa denez, dagoen eta badagoen aukeren arteko lehia horretan, garbi esan daigun, hizkuntzaren orokortasunari begira ez daueka mendeko adizki horrek ezertariko aurrizki lagungarri edo indargarriren preminarik baiezka danean: dagoen soilaz nahikoa dala: hori dala gramatika-lege zahar orokorra. Ezezkakoetan ezinbestean ez markaren bidez espezifikatu beharra dago, esaldiaren prozesua ezeztatu edo ukatu egiten dala: ez dagoen. Eta bardin partizipio soilaz adierazoten danean menderakuntza: egon baiezka dala eta egon ez edo ez egon (biak dira zuzenak, zein bere erabilgunean) ezetza adierazoteko.
Menderakuntzari dagokionez, adizki trinkoa mende-perpusan darabilgunean, eta aditzaren esanahia markatua edo fokua danean, noiz bai eta noiz ez ba- aurrizkia erabili?
a) Menderakuntza konpletiboa, eta -la atzizkiaz markatua danean, esaldi nagusi edo printzipalen lege beraz jokatzen da aditza. Goiko adibide horretan, esaldi nagusi lez berridatziko bagendu mendeko kontzesiboa, genduke: “Alkarren arteko hartuemona oraindik ere BAdago”. Menderakuntza konpletiboa, bide beretik: “Alkarren arteko hartuemona oraindik ere BadagoeLA uste dut”.
b) Gainerako menderakuntzetan, berariaz -n atzizkiaz markatzen diranetan, ez deutsagu adizki trinkoari, baiezkako perpausan, ezetariko ba- aurrizkirik eransten; bere soilean erabilten dogu: dagoAN (dagoEN).
Hara menderakuntza-mota diferente batzuk:
– Zehar galdera: “Ez dakit euren arteko hartuemonik dagoan”.
– Erlatiboko menderakuntza: “Zorionekoa, hartuemon osoa dagoan etxea”.
– Kausala, -lako markaz: “Hartuemona dagoalako dabil etxea zuzen”.
– Denpora-menderakuntza -nean atzizkiaz: “Hartuemona dagoanean bideratu behar dira auzi eta arazoak, eta ez hartuemonik ez dagoanean”.
– Adberbial modala -la atzizkiaz: “Errazago eroaten dira familia barruko tirabirak, dagoala, hartuemonik ez dagoala baino”.
– Menderakuntza kontzesiboan be bardin, arren atze-markaz: “Hartuemona dagoan arren, tirabirak be ez dira falta”. Eta beste hainbeste nahiz eta aurre-markaz hasi eta aditz trinko jokatuaz hornitzen diran mendeko kontzesiboetan (goiko esaldiaren kasua).
Ekialdeko tradizinoan, berariaz Iparraldekoan, adizki trinkoak ia beti ba- aurrizkiaz markatzeko joerea dago, eta gehiago aldi modernoan edo gaur egun, zaharrean baino. Halan erabilten dira ia era sistematikoz badabiltza, badoaz eta beste. Adizki neutro gisa erabilten dira, eta ez baieztapena indartzeko, edo adizkiok foku diralako. Iparraldean adizki trinkoak erabilteko joera horren azpian gramatikaltasuna betetea besterik ez da; ez dauka galdegai izateagaz zerikusirik Gure eretxian, horrexetatik garatua da, menderakuntza osoan ba- aurrizkia era ia sistematikoz aditz jokoan erabilteko joerea.
Nafarroako hizkeretan be normala da entzutea: Badena eta ez dena, erdialde eta sartaldean normalago esaten dana: Dan eta ez dana. Ekialdean normala da entzutea: Badagoenik ere ez nekien, baina erdi eta sartaldean: Holako pertsona modurik dagoanik be ez nekian! / dagoenik ere ez nekien.
Gure gomendioa, euskera osoari begira, ba- horren erabilera bere neurrietara ekarterra egin behar dogulakoa: perpaus nagusietara eta -la atzizkiaz markaturiko mendeko konpletiboetara mugatzea.

2. Errefrau zahar baten esana: “Onurik ez dau inok beretzat, ta bai bestentzat”

Gaztelaniaz gaur egun be pil-pil entzuten dan esakuntzea, errima dotoreaz gainera: “Consejos vendo y para mí no tengo”.
Zer aditzen emoteko? Norbere buruarentzat aintzat hartzen ez dana inori edo besteri saldu gura dauenagaitik, edota norbere arazoak konpontzeko gauza ez danak inorenak konpondu guran bereak eta bi egiten dituanagaitik esan ohi da.
Euskal errefrautegian urri agiri da errefrau hau, eta erderazkoetan be urri. Halanda be, lekukotasun zaharra dauka euskal errefrautegian, goiburuko horretan agiri danez. XVI. mende akabuko Refranes y Sentencias bilduman agiri da bat, egin-eginean be gaztelaniazko horren eri-erikoa. Euskeraz dino: “Honuarik ez dau iñok beretzat, ta bai bestenzat” (RS 153). Eta gaztelaniaz: “Consejo no tiene naide para sí, y sí para otro”.
Onuarik dino errefrau zaharrak, -a itsatsi eta guzti, ‘kontseju, kontseilu, aholku’ esangureaz. Harrezkero berba hori lozorroan egon da mendeetan, harik eta XX. mendeko giro garbizalearen zurrunbiloan bizi barria hartu eban arte. Vera Lopez-Mendizabalen 1916ko euskal-erdal hiztegi garbizalea ezkero, idazle batzuk onu izena erabilten hasi ziran, ‘kontseju’ mailegua saihesteko. Tamalez, ez berbaz, ez aurreko mendeetako tradizino idatzian ez dogu onu(a) izenaren errasturik idoro.
Gudu aurreko administrazino-idatzietan hartu eban aupadea onu berbeak. Euzkadiko Agintarritzaren gerra aurreko Agerkarian agiri dira, bai onu eta bai onulari izenak, gazt. ‘consejo’ eta ‘consejero’ kontzeptuen ordain gisa. Baina gerora, azken gudate ostean, onu berbea baztertuxe geratu da. Eta horren txandea, batez be euskera batua finkatu zanetik, kontseilu eta aholku izenek hartu dabe; biak, Ekialdeko tradizinoko izenak.
Sartaldeko idazleek eutsi deutsie hats emonaz onu(a) zaharkituari. Bat aitatzekotan, Otxolua mundakarra: “Bakandereak, agur esatean, Bertoldineri onu batzuk emotea eretxi eutsan zuhur” (Bertolda). Beste bat, Kirikiño mañariarra: “Hau ezeze, gero, gurasoakandik hartzen ebezan onu deungak, amorruz emonak” (Abarrak I). Hirugarren bat, Lizardi, gipuzkoar idazle zolia: “Eskutartean darabilgun ikasketa hontan horixe nai degu, askoen iritzi ta onuak, ahal danik egiena izan dedin” (Itz-lauz). Eta gerra ostean, Eusebio Erkiaga lekeitiarrak sinonimoen katebegi gisa: “Zenbat onu, aholku, esan […], osasuna zaindutearren” (Arranegi). Sinonimoen kate barruan: onu, aholku, esan darabilz Eusebiok.
Baina herri-berbetan, kontseju hegoaldean eta kontseilu Iparralde-ekialdean dira bizirik dirauen mailegu-izen nagusiak. Eta bada hirugarren bat, aholkua, behinola zuberotarrez eta baxenafarreraz apurren bat erabilten zana, azken mendean euskera osora hedatu izan dana; gehienbat be aurreko bien mailegu sundea uxatzeko ahaleginean.
Errefrauetan ze beste izen agiri da ‘kontseilu’ horren adieran? Hurreko berba bat: erakutsi ona eta irakatsi ona behar bada gure euskeran. Eta berbeta modernoan berariaz: kontsejua.
Goiko errefrauaren esangura berekoak ez badira be, hurreko adierak jagoten ditue hurrengo honeek. Labur esanda:
– Ekialdeko errefrau bat, aholku-emoile asko baina hartzaile gitxi izan ohi dirala, gogorazotera dator, goiburuko horren ildo beretik: “Kontseilu, hainitzek emaiten, guttik hartzen” (Atsot 8483).
– Gaiztotasuna darion lagunagandik ez ei da aholku onik espero izan behar. Halan, Zeanurin eta Lezaman baturiko honek: “Gizon txarrak konseju onik ez’ (Aitor Olivares. 2010-V). Eta urrunago joanda, Agustin Iturriagaren alegietan mezu bera: “Bein ere konsejuak ez dute indarrik, / irteten badirade gaiztoen aotik” (Fab 255).
– Okerreko aholkuen emoilea gordin epaitzera dator hurrengo esakune zorrotz hau: “Traidore da bere buruaren, kontseiluari gordatzen ari dena egiaren” (Atsot 12416).
Gotzon Garatek Atsotitzak bilduman dakarzan beste batzuk be ‘kontseilua’ darabile euren autuan:
– Aholku onaren berebiziko balioa: “Kontseillu ona, urre ona” (Atsot 318).
– Aholku onak abagune egokian erabili beharrekoak dirala, beranduegi izan baino lehen beti be. Halan dino: “Berant debila nehor kontseillu bilha, eskukara jinez gero etsaiekila” (Atsot 2366).
– Eta akabuko bat, derriorrak edo estukureak eraginda dabilenari kontseju emotea alperrekoa dala gogorazoteko: “Tripa hutsari ez zaio kontseilurik emaiten” (Atsot 12443).

3. Denpora edo aldiaren gorabeheran sarri entzuten ditugu era honetako egiturak: Hiru hilabetero. Bost minuturo eta honeetarikoak. Zein eretxi dozu horreezaz?

Lehenago be aitatu izan dogu puntu berau beste adibide batzukaz: hamabost egunero (2020-11-26/3), sei hilero (2019-08-22/5). Eta hirugarren egitura gurutzatu bat be salatu genduan aspalditxo: hilero behin (2019-12-05/3).
Baina ikusten nago, normaltzat onartzen dirala, batez be hedabideetan, era honetako egiturak. Oraintsuan entzun eta batu ditudan batzuk: “Hiru hilabetero egiten da batzarra”; “Bost minuturo gaurkotzen da sareko aplikazinoa”, eta taiu bereko beste gehiago.
Analogia bidez gero eta sartuago ditugu euskeraz, aldirokotasuna adierazo gura danean, -ro atzizkia egitura konplexuetan be erabilteko joerea.
Sistema zaharrean -ro atzizkia, edo -oro atzizki modura erabilita, izen soilei baino ez jake aplikatu izan. Halan, egun izenaz: egunero. Baina egun bi edo bi egun izan ezkero, egun birik behin, egun birik egun bira edo beste halakoren bat, baina ez *bi egunero.
Aste izenaz, astero. Baina lau asteko aldia bada aldirokotasuna markatzen dauena, lau astean behin, lau asterik behin edo lau astetik lau astera.
Hil(e) izenaz, hilero. Lehenago, hiloro (hil + oro). Baina hiru hileko epea hartzen bada aldirokotasuna adierazoteko, hiru hilerik behin, hiru hiletik hiru hilera edo halakoren bat.
Gernikako merkatu edo plazea, asteroko zeia, astelehenetan egiten dana aditzen emoteko, esan geinke: edo astelehen guztietan egiten dala, astean behin egiten dala, edota astelehenero egiten dala. Eta urriaren azkenengo astelehena, urtero (edo urteoro) zelebretan dana esateko, urtean behin edo urte guztietan ospatzen dala esan ginei.
Auzia zein da? Ea denpora-izenari bi, hiru, bost edo hamar zenbatzailea erantsi ezkero, denbora-sintagma horri -ro atzizkia eranstea zilegitzat jo geinken. Tradizinoaren urratsei bagagokez, argi dago ezetz; ez dabel gramatika-egiturok sustrairik, ez berbaz, ez tradizino idatzietan. Kontu barria da zeharo, hiru hilabetero edo bost minuturo erabiltea. Hau be, hedabideetatik barreiatu dana eta hiztunen gizarteari ‘naturaltzat’ saldu jakona.
Gomendio zuzena: zenbatzailedun denpora izen sintagmak darabilguzanean aldirokotasuna martzeko, behin adberbioaz baliatzea: hiru hilabeterik behin, bost minuturik behin. Bide batez esanda, behin horrek denpora-izen soilakaz be bardin balio dauela. Eta bigarren aukerea, egitura errepikatuaz baliatzea: bost minututik bost minutura eredukoaz.

4. Herri-berbetan baturiko esaera bat: “Dirua egiten baino, jagoten gatxago”. Gaurko edozein euskalduni be errez entzun geinkeon esakerea izan leiteke

Gaztelaniazko itzulpen eta guzti gerra aurreko aldizkari ale batek bere orrietan dakarren esaldia: “Dirue eiten baiño, jagoten gatxago”. Gaztelaniazko bertsino eta guzti: “Más difícil es guardar el dinero que el hacerlo”. Arratian baturikotzat agiri da esaldi hau, gerra aurrean Gasteizko Seminarioan Joxe Migel Barandiaranek zuzentzen eban Anuario de Eusko Folklore urtekarian (1921, 49).
Dirua egin eta diruak egin, biak dira berbaz ezagun erabiliak, ‘aberastu, dirutu’ edo hurreko adieraz. Neuk aspaldu entzun eta jasoa da pluraldun esamodu hau: “Gu, beste arlo batzuetara dedikau bagina, aspaldi diruak eginda egon beharrekoak gara” (Muxika-Abornikano. Abel Enbeita).
Idazle modernoen testigantzetatik batuak ditut batzuk. Mitxelenarena dogu hurrengo hau: “Dirua egiten dudala iruditzen ahal zaik, edota doarik ematen didatela?” (Mitxelena IX 110). Felix Bilbaorena beste hau: “Dirua egiteko burutsua izan bear dala? Kia! Ez nago orretan” (Ipuin-barreka). Kamiñazpirena beste hau: “Egunean ogerleko bat mozkin edo erredito emongo eutsan, dirua egin arte ebillela ukabilketan” (J. M. Etxaburu Kontu kontari).
Gramatikaren aldetik deigarria dan egitura bat dogu agirian esaldi horretan: Dirua egiTEN gatxago dala dirua jagoTEN baino. Ez darabilz egitea eta jagotea absolutibo kasukoak, ezpada egiten eta jagoten. Izan be, aukeran geunkan beste egitura hori be, aditza -tea atzizkiaz markatzea litzateke: egitea eta jagotea.
Aukera biak dira gramatikaz zuzenak. Baina esanguraz ez datoz guztiz bat. Euren esanguretan bada alde txiki bat, bata edo bestea erabili.
Zein da egiten gatxa izan egiturearen berezitasuna, egitea gatxa izan egiturearen aldean?
Menpeko esaldi osogarriak, aditzizenari -ten atzizkia erantsita, ‘ekintza’, ‘mogimentu’ adiera ‘aktiboa’ beregantzen dau, baina -tea atzizkiaz ez. Bigarren horretan menpeko esaldiaren ikuspegia neutroa da; agian ‘pasiboa’, ‘estatikoa’ izan daiteke.
Hara -ten markadun beste aditz nagusi batzuekazko adibideak:
Agindu aditzagaz: “euren umeai ta otseinai jaiegunean luzaro bear egiten aginduten badeutsee” (Mateo Zabala Irun).
Eragotzi aditzagaz: “eragotziko baleutsee joko gaistoetan egiten neska-mutilen arteco dantza, jolas, lagunarte batzakoetara joaten, ain etse gaistotan edo bildurrekotan sartuten, ondo eztan edo ondo eztirudian urlia lagunagaz berba egiten” (Mateo Zabala Irun)”.
Erraz izan aditz multzoaz: “ez da erraz igarten nor zein zarean, itxura batekoak izanik” (Mogel Ipuinak),”.
Gatx izan, gatx egin aditz multzoakaz: “Sinistuten gatx egingo jatzu” (Mogel PAb).

5. Orduak adierazoten ditugunean, zein ordu dan momentu jakin baten esateko, emon aditza entzuten da gero eta gehiago: hamabiak emon dabe

Lehenago be inoiz heldu deutsagu puntu honi, baina behin eta barriro entzute dogu hain ordu EMON dauela, eta ahaztu gara zein ordu JO dauen esateaz. Itauna halantxe egin daroagu: Ze ordu jo dau? Sintaxia be ohargarria: ordua jo, eta ez orduak jo.
Gaztelaniaz be, zein ordu dan momentuan esateko, ‘dar’ eta ‘tocar’ biak erabilten dira; lehenengoa aditz orokor gisa eta bigarrena ‘kanpaia, txilina’ edo halako izenaakaz.
Euskeraren kasuan aditz orokorra jo da, eta emon/eman guztiz barria. Jo aditza, jakina da ordu kontuan nondik datorren. Lehenago erloju nagusiak, edo eleiztorreetako kanpaiak, jo egiten ziran, eta haren soinuak, hotsek iragarten eben ordua: zenbat kanpai-hots, hainbesteko ordua: ordu batak, ordu biak, hirurak, laurak, bostak… JO DABE. Orokorrean, jo aditza, hain ordu bete eta ostetxoan, edota ordua jo aurrean erabilten da. Seirak jo ditue. Laster joko ditue hamabiak. Nemesio Etxaniz azkoitiarraren esaldi batez baliatuta: “Eliz-kanpaiak aidea urratuz / jo du Abemarikua” (Nemesio Etxaniz 349).
Gure gomendioa, jo aditzaz jokatzea ordua emotearen gorabeheran,emon aditza beste eremu semantiko ugarietarako lagata.
Bigarren aditz aukera sendoa, ordua iragarteko, izan aditzaz baliaturik. Halan, ordua puntuan dala aditzen emoteko: danean: Seirak dira. Hamabiak dira. Etorkizun hurreko orduan adierazoteko: Laster dira hamarrak. Ordu bete barru izango dira zortzirak. Eta ordu igaroa, lehenekoa, adierazoteko: -Izan dira zazpirak? – Bai, orain dala ordu lauren izan dira zazpirak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular