1. Iragarki baten hitzak: “Hobe da super ondo egotea, soilik ondo egotea baino.
Goiko horren antz-antzekoa dan beste iragarki bat be begi aurrean subertau jat: “Gauzak “super ondo” egitea zailago da soilik ondo egitea baino”.
Super ondo sartu da honezkero gure euskerazko errepertorioan. Hau da: super graduatzaile moduan integratu dogu euskeran, bai adberbioakaz (super ondo edo super txarto), eta bai adjektiboakaz (super polita, super handia). Normalean, ia beti, balio positiboaz, eta nekez, ostera, negatiboaz.
Lehenagotik be hainbat graduatzaile ditugu erderatik geuganduta: sano ondo edo sano gogor, total polita edo total mozkortuta, dezente hobea edo dezente txarrago, aberatsa demasa da, entero pozik eta beste gehiago. Zer dala-ta dira horren erakargarriak euskal hiztunontzat horrelako erderatiko graduatzaileak? Aparteko adierazkortasun indarra eransten deutsielako kanpo-hizkuntza batetik geurera ekarrieran; berbaz dihardugunean eta zer edo ha bizitasunez espresatu gura dogunean behar-beharrezko dogun adierazkortasuna.
Super ondo horrek, dana dala, gorengo gradua adierazo leikien ordain egokiak baditu euskal sustraikoak be: ondo baino hobeto, edertotxo, ondo baten, ezin hobeto, ezin hobeto, hobeto gura be ez, sekulakorik ondoen, itzel eta gehiago.
Baina goiko iragarki horren bigarren partea, soilik ondo dalako hori, arraro eta arrotz egiten jaku euskal hiztunoi, eta adierazo gura dana ondo ulertzen be ez da erraz: eta hainbat gitxiago sartaldeko euskaldunontzat. Soilik ekialdetik inportatua dalako batetik eta sintaxi egitura fortzatuaz eregia dalako bestetik.
Zelan bizi zara? itauntzen baleusku baten batek, nork erantzungo ete leuke: Soilik ondo. Ez jat begitantzen edozein hiztun zehek ulertu be egingo leukenik, holako erantzun modua.
Zer esateko ipini dau, erderatik euskerara karriatu dauen itzultzaileak soilik ondo? Gaztelaniaz “solo bien, solamente bien” adierazoteko, hurrean. Zer daukagu euskeraz hori bera garbiro eta ondo modu espresetako? Ondo baino ez, ondo bakarrik, hobeto gurean, erdi ondo, halan holan, kili-kolo edo horrelakoren bat, eretxi baten.
Soil, soila, soil-soil edo soilik beste zeregin batzuetarako eta beste balio bategaz erabili izan da euskeran tradizinoz. Ondo dakigu, bakarrik adberbioak daukan esangura-bikoiztasuna hausteko sartu dala hor ordeaz soilik. Hau da, bakarrik adberbioarentzat ‘lagun barik, inor barik’ adierea lagata, baina onartu barik gazt. ‘solamente’ adierarako dauen lekua, eta horren ordez soilik hobetsita. Halan hedatu da hedabideetan eta beste eremu batzuetan. Halan: Hauxe esango deutsut soilik, edo Hauxe soil-soilik esatea, Hauxe bakarrik esango deutsut esan ordez.
Gure itauna: nork ebatzi lei bakarrik hor, adiera horretan, ezin dala erabili? Txarto esanda ete dago, berbarako: Hauxe bakarrik esango deutsut, edo Hauxe esango deutsut bakar-bakarrik.
Baina edozelan be goiko iragarki horretan agiri dan soilik ondo formula horrek kolkotik ateratako esaldia dirudi. Ezein euskaldunek nekez esango leukena. Hiztegiren batetik, estilo libururen batetik edo berbategi sakuren batetik itzultzaileren batek ateratako izurria.
2. Larramendik bere euskerazko gramatika goiztarrari ipini eutsan azpi izenburua: “El imposible vencido”. Euskeraz era diferenteetara itzuli izan da esakune hori, ezta?
Nik gogokoen dodan itzulpena: “Ezina ekinez egina”. Ezinari goia hartzeko ekina aurrean ipinita. Orixe idazleak soilago formulatu eban: “Ezina, egina”.
– Ekin eta ekin aurrez aurre: Ekin aditza barru dala errefraua josten daben beste gehiago be badira. Bat, soila baizen dotorea: “Ezina, ekina, egina” (Atsot 4890).
Ustez ezina, ahaleginaren puruz egitea adierazoten dabenak be badira. Bada bat, ustez ezin dana eta ahaleginez egitea aurrez aurre ipinten dituena: “Ustez ezina, saiatuz egina” (Atsot 4887). Eta bigarren honek, bultza eta bultza gehitzen deutso egikuntza burutzeko: “Ustez egin ezin ez zena, bultza ta bultza egin da dena” (Atsot 13316).
– Ezina egina adierazotera datorren beste irudi bat, deabrua eta emaztekia protagonista dituana: deabruak ezin dauena emaztekiak egin leiela dinoana: “Debruak ezin egina, emaztekiak egiten” (Atsot 2925).
– Ezinak ez dauka atzerabiderik. Legerik ez izatea aitatzen dau batek: “(Eztut zertzaz paga…) .-Baldin ezpaduzu, ezinak eztu legerik” (La necesidad carece de ley. Nadie está obligado a lo imposible.) (Axular Gero). Gaztelaniaz be bada antzeko bat, dinoana: “A lo imposible no hay quien se obligue” (Atsot 2540).
– Ezinkizuna izankizun bihurtu. Tradizioko testuetan, hara Gregorio Arrueren hau: “Gizonaren berezko indarrai ezinkizun zaiena graziarekin izankizun egiten da” (Beargillearen Argia). Edo Haranederren Testament Berrian datorren beste hau: “Gizonentzat ezinkizun direnak Jainkoarentzat egikizun dirade” (Lo que es imposible para los hombres). Eta hurragora etorrita, Kirikiñok Ibaizabal aldizkarian idatzi eban honakoa, ezina dana eta ahal izana aurrez aurreko jarrita: “Ezina dan legez, ahal izana balitz…” (Si por un imposible… fuese posible…”.
– Ezin dana ezin dalako mezuaren iragarle dogu frai Bartolomeren pasarte hau: “Ezin danean ez dago eginkizunik” (Lo imposible no obliga) (Ikasik III). Mezu bera berresteko, ez dagoanetik edo ez dagoan lekutik ezin dala zer edo ha egin esatera datoz honako batzuk. Uruna eta opila: “Eztagon irinarekin ezin opillik egin” (Atsot 10813). Errege-errementarien ingurupean, ez dan lekutik ezin dalako gogoeta: “Ez den lekutik erregek errementaririk ez” (= De donde no hay, imposible sacar nada=) (D. Intza NEZ).
Eta gaztelaniaz be bada kanpaien eta kanpai-hotsen irudiaz mezu berorren iragarle dan bat: “Sin tener campanas, imposible es repicarlas” (Atsot 736).
– Ezinik ez dagoalako mezuaren adierazle ditugu, ostera, beste batzuk: “Ene aita, zuretzat ezinik ez da” (= nada hay imposible para ti), Lardizabalen lumaz idatzia (Testamentu zarreco). Eta ideia berorren erakusle dogun beste bat: “Nahi duenak ahal du, nahi ez duenak guzia galdu. Nai bada, egin ezinik etzegok” (Atsot 9938).
Ezin handiagoak garaitu izan dirala gogorazoten deusku Kardaberazek: “Ezin datekela diozu (ori egitea); baina ezin andiagoak egunoro garaitzen dira, itza eman dalako” (Cristauaren Vicitza)
– Ezina harria baino gogorragoa dalako konparantza be zaharra dogu euskeraz. Mañariko idazlearena dogu ondokoa: “Ezina harria baino gogorragoa dala esaten eban gure aititak….” (Argia ast.). Eta aspaldiagoko errefrau ezagun honek irudi berbera: “Ezi egina, arria baino gogorrago; arriari mailluaz ere baledeko” (Isasti errefr.) (edeki, kendu).
Ezinari zirri eta zirri ekiteaz dihardu Kirikiñok honetan: “Hamaika zoro bajabilk ezineko gauzeari zirri ta zirri..! Guztia barriketa hutsa!” (Ibaizabal). Mokoroaren interpretazinoa: “Empeñados en una tarea imposible”.
Hatxean behorraren bila ibiltearen irudiaz be baliatzen da inoiz idazle mañariarra: “Eurak direan legez artu bear dira gauzak;ta ez ibili hatxean beorraren bila….” (Kirikiño Ibaizabal). Mokoroak gaztelaniaz: “Tomar las cosas como son, y no pretender imposibles”.
– Norbaiti ezina ailegatzea, arrazoiren bat bitarte: “Hemen izan bear eban honek aspaldi, baina oingoan ezina eldu jako; ta hurrengo urte bi-edo igazi arte itxon behar….” (Euzkadi).
– Ahal dana eta nahi dana bereizi beharra gogoratzen jaku batzuetan. Halan: “Ahal dena mundu huntan, eta ez nahi dena” (Mokoroa OE). Eta danagaz dan hori baino ezin dala lortu, beste honek: “Danagaz dana baino ezin egin leike” (No le des vueltas: la cosa es imposible. Lo imposible no puede ser….) (Mokoroa OE).
– Eta akabu gisa, aholku bat: berbarik ez dala emon behar, ezin danean: “Bete ezindako berbarik ez emon!” (Promesas imposibles.) (Euzkadi).
3. Hedabideetan entzuna, pelota-txapeketaren gorabeheran: “Finalerako zazpigarrenA jarri da (ez dakit zein) pelotari-bikotea”. Zazpigarrena ala zazpigarren?
Hedabide baten entzuniko esaldia da berau. ZazpigarrenA jarri da.
Era bi ditugu euskera barruan hori bera esateko: Zazpigarren jarri da eta ZazpigarrenA jarri da. Labur azalduta: zazpigarrenA jarri, -a mugatzaile eta guzti, ekialdeko joerea da. Nafarroan eta Iparraldean sintaxi hori dala nagusi esan daiteke. Baina euskera egiten dogun hiztunik gehienok, erdi eta sartaldekook, Zazpigarren jarri esango genduke duda barik, mugatzaile barik jarri aditza lagun dauen ingurune horretan. Neure berbetan be, mugatzaile bako sintaxi hori dogu erabilia, eta hizkera jasoan be hori hobetsiko neuke, baina -a mugatzaileduna be ontzat eta zuzentzat emonda.
Zein aditzez lagunduta darabilgun zazpigarren hori, batera edo bestera erabilten dogu:
– Izan aditzaz -a mugatzaile eta guzti ia beti. Izan aditzaz adjektibo horren izaerea, izaera absolutua adierazoten dogu. Itauna: ZenbatgarrenA da? Erantzuna: ZazpigarrenA da. Baina egoera balioaz darabilgunean bape barik: Zein da zazpigarren? Ez dot ondo ikusten.
– Izan be ‘egoerazko’ edo ingurunean ‘egoera adierazle’ diran aditzak darabilguzanean, egoera baten adierazle eta ez berezko izaera batena, orduan mugatzaile barik markatzen dogu izen sintagma hori.
Egon aditzaz: Zazpigarren nago ilaran.
Ibili aditzaz: Zazpigarren dabil sailkapenean.
Etorri aditzaz: Zenbatgarren dator aldatzeana gora? Bigarren dator, ez dator lehenengo.
Sartu aditzaz: Hirugarren sartu da helmugara.
– Egoera esangurako beste aditz batzuen adibide gitxi batzuk:
Egon: Nor dago alkate zuen herrian?
Izan: Zein izango ete da lehendakari hurrengo agintaldian?
Ibili: Lehen behar barik egon zan, baina orain arotz dabil tailer baten.
Sartu: “Arlo hareek sagar sartuta daukaz aiuntamentuak” (Sebe Arejita. Mendata).
Euki: Nortzuk daukazuz irakasle Unibertsitatean?
Joan: Zein doa zerrenda-buru hurrengo hauteskundeetan Arratzun?
4. Hedabideetan iragarki baten entzundako berbak: “Plastikozko paketea kartoiagaitik aldatu dugu”. Plastikoa kartoiagaitik aldatu…
Gaztelaniaren kalko gardena: “cambiar el plástico por el cartón”. Zein beste aukera dogu geureagorik edo euskaldunon berbeta-modutik hurragokorik?
Beste egitura bat gurago genduke, goiko kalko sundako beste hori baino: honen ordez bestea ipini / erabili … edo dalako aditza.
Aukera bat, zuzenena: bataren ordez bestea dogu aukerarik zuzenena: Plastikoaren ordez kartoia erabili, ipini… Azkuek dakarren esaldi batez: “Bere ankazurrak guri ta enparaduai eginiko mesedeen ordez”.
Bigarren bat, lekuan edo tokian erabiltea: bataren lekuan edo bataren tokian bestea ezartea: Plastikoaren lekuan / Plastikoaren tokian kartoia erabili.
Hirugarren bat: barik postposizinoaz baliatzea: Plastikoa barik kartoia erabiliko da.
Laugarren bat, ordean atze-markaz baliatzea, goragoko ordez horren aldaerea berez: Plastikoaren ordean kartoia erabiltea.
Bostgarren bat, ordainez edo ordainetan erabiltea: Plastikoaren ordainez edo ordainetan kartoia erabiltea.
Seigarren bat, aldian be izan daiteke, ez da hain entzuna baina: Plastikoaren aldian kartoia erabiltea.
Beste bat, perifrasi bat erabiltea izan daiteke, kendu-ipini aditzak aurrez ipinita: Plastikoa kendu eta kartoia ipini.
Baina ez genduke erabiliko, ahal dala, beharrean, hau aditz baten atzean baino ez darabilgulako, eta ez izen baten lagun. Okertzat joko genduke, bada: *Plastikoa beharrean kartoia… Zuzen erabiltekotan: Plastikoa erabili beharrean kartoia…
5. Kazetari bati entzuniko itauna: “Eta, hasi dozun proiektoa handitzeko edo zabaltzeko asmorik dozu?”
Itauna zuzenago legoke, dozu aditza ba- aurrizkiaz indartuko bagendu, eta esan: Proiektoa zabaltzeko asmorik badozu? Aditz jokatu trinko bat itaun esaldian darabilgunean, dozu edo daroazu esaterako, aukera bi ditugu: aditza bera indartua egon daiteke, edota esaldiaren indarra esaldiko beste osagairen baten egon daiteke.
Itauna bai egin neike, esanez: Horren beharrizana daukazu? Baina kasu honetan indarra, fokua, horren beharrizana izen sintagman daukagu. Edo itaun egin geinke esanez: Zereginak daukazuz hain arin etxera joateko? Eta indarra, kasu honetan be, zereginak izen sintagman daukagu. Baina ez batean ez bestean, daukazu/daukazuz adizkietan.
Baina buruko esaldi horretan nor izen sintagma hori -ik atzizki partitiboaz markaturik agiri da, eta indarra, fokua, ez dago izen sintagma horretan, ezpada aditz jokatuan. Kasu horretan itaun egin neike, esanez: Horren beharrizanIK BAdaukazu?, baina ezin erabili geinke ba- aurrizki barik. Itaun egin neike esanez: ZereginIK BAdaukazu?, baina ezin egin geinke ba- aurrizki barik. Ezin esan geinke: *Zereginik daukazu? Ezin esan geinke: *Horren beharrizanik daukazu?
Goiko esaldira bihurtuta, itauna honelan egingo genduke: Proieketoa zabaltzeko asmoRIK BAdozu? Egitasmoa handitzeko edo luzatzeko esperantzaRIK BAdaukazu?
6. Lehengo eguen baten, errefrau baten gorabeheran errotea eta bolua hitzak aitatu genduzan, baina bigarren izen hau galduta dagoalakoa aditzen emoten genduan. Halan da?
Xabier Kintana euskaltzaina izan da, lehengo barikuan Errenderiako Orereta Ikastolak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eratu eban giza-katearen giroan, bolua izena berbara ekarri ebana. Bergarako Ubera auzoko lekukotasuna aitatu eustan, hangoren bati entzun izan eutsala bolu izena era honetako esaldiren baten esaten: “Bolura joan naz.
Halanda ze, bolua, bolura joan, bolutik etorri edo boluan artoa eiho eta uruna atera erdi galdu bada, hori ez da gertatu bolu izena galdu dalako bakarrik, ezpada boluak eurak, errotak eurak galdu diralako baino.
Bidegorri bat Bergara-Antzuola inguru horretan egitea dala-ta irakurria dot administrazino-txosten baten: “Bidegorri Antzuola-Bergara, Bolutik San Antoniorako bitartea. Ekipamenduarekin”. Kasu honetan leku-izen lez finkatua dirudi Bolu horrek.
Iguriako boluan kantatzen da orain dala hainbat urte “Urretxindorrak” taldeak argitara eban diskoko kantuetariko baten. Elorrioko lurretan dago Iguria, eta hangoa ete zan nago Iguriko bolu hori. Ziur ez dakit baina, Iguriko bolua ete zan nago. Iñaki Kerexetak onduriko kantu-hitzetan, Iguriako bolua: “Iguriako boluan hamahiru sorgin gauean, / Iguriako boluan dantza dantzari kantetan. / Hareik bai gorputz arinak, / aurpegi argi, oin bizkor / Klin klon, klin ta klon soinuaz, / ekiok hik bolu gogor ”.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasean be, bolu berbea Bergaran baino ez da batu izan berbeta bizian. Hara bertako barri-emoilearen esanak: “Erróta dának edo geixenak “bolua” zeben [izena]. “Lezarriko bolua” edo… “Narbaiza bolúa”; “bolúa” izengo da errotian izan bezela? Urakin lan egiten zebalako? “Billoteiko bolúa”… “Santanako bolúa”… ”.