Euskera Hobetzen: 'Kafetxu bat hartuko al dogu' esaldia zuzena da?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Kafetxu bat hartuko al dogu’ esaldia zuzena da?

Hedabideetan, irratsaio baten amaieran, entzuleei, edo mezu-hartzaileei azaldutako desira onezko hitzak: “Zaindu zuen buruak”. Zaindu BURUAK ala Zaindu BURUA? 

Lehen be behin baino sarriago heldu deutsagu aditzen bihurkaritasuna burua izenagaz noiz eta zelan darabilgun, batez bere erakuslez edo posesiboz zelan ondo erabili argitzeko: bere burua ala haren burua, euren burua ala hareen burua azaltzeko. Hiru biderrez, labur edo zabalago (2019-08-08/2) (2020-02-13/4) (2021-02-04/5).
Auzia honetan datza. Bihurkaritasuna, aditzaren erreflexibo izaera adierazoteko, aditz horrn lagun buruA erabili, singularrez, ala gehiagori joakenean pluralez, buruAK,. Zein da erabilera normala da?
Eretxia daukat, burua darabilgula gaur egun hiztunok, bati zein gehiagori buruzkoa izan aditz egitura bihurkaria, singularrezkoa. Goiko esaldian, biri edo gehiagori zuzenduak dira desira onezko hitzak. Zergaitik darabilgun burua singularrekoa, eta ez buruak pluralekoa? Egitura erregularra, gramatikaz jagokona, formula finko bihurtu dalako denporearen ibilian eta berbakerearen eboluzinoan.
Halan bada, pluralezkoa be, buruak izenaz, egitura zuzena zuzena da. Tradizino klasikoan segurutik ugariagoa gaur egungo hiztunen usoan baino. Zaindu buru-AK edo jagon buru-AK gaur egun ohituraz kanpo dagoala dirudi. Horren arrazoia lehengoa: egitura finko bihurtu izana “burua” sintagma bihurkaritasun adierazle danean, bardin da batentzat zein gehiagoretzat.
Hizkuntzaren historian atzera egiten badogu, klasikoen artean, aditz bihurkariak pluralekoak izan eta buru izenaz espresatu nahi izan diranean, buruak erabili izan da. J. A. Mogelen eredu pare bat: “Gorde buruak!” (CO), “buruak orain agertu ta gero ezkutetan” (PAb 41). Baina orokorrean singularra da nagusi, lehen zein gaur.
Gaztelaniaz be, bihurkari edo erreflexibo balioz darabilguzanean aditzak, bereizi egiten dira singularrezko nahiz pluralezkoak: “Cuídate (mucho)” edo “Cuidaos (mucho)”, kasurako.
Gaurko euskeran, ezagun egiten jatan inguruan behintzat, singularrez entzun izan dot beti, agur-egite formula hori bati zein gehiagori zuzendua izanda be: “Jagon burua!”, soil-soilik. Edo: “Zaindu burua!”. Eta era pertsonalean esanda: “Jagoizu burua”, bati zuzendua, edo: “Jagoizue burua!”, gehiagori zuzendua. Antxina ez dala idatzi eustan mezuaren akaberan neure lankide zahar on batek, agur-formula moduan: “Egongo gara, jagoizu burua!” (Nagore Etxebarria).
Bigarren auzia: burua horren aurretik izenordain posesiboa bai ala ez? Izan be, hiztun onei erreparetann badeutsezu, mehatz edo ia ez dogu entzungo bere, neure, zeure pertsona-izenlagunik. Eta kontestu neutroetan halan izan ohi da. Egitura biak dira zuzen eta artezak: “Jagon edo zaindu zeure burua” zuzen esana da, baina bihurkaritasuna adierazo gura dogun askotan ez dago horren beharrik, mezua argi eta garbi aditzen emoteko; esaldiari ez deutso ezer edo ia ezer gehitzen zeure posesibo horrek; garbi ulertzen dalako, zeurea dala eta ez beste inorena.
Baina badira ingurune batzuk, hirugarren pertsona bati edo batzuei zuzendurik darabilgunean batez be, burua izena erakusleaz edo posesiboaz lagundurik erabilteak gehigarri bat eransten deutsienak: bere izenlagunaz. Halan: “Horrek ondo jagongo dau bere burua, inoren akordu gitxigaz”.
Noren burua izenlagunaz laguntzen dogu, zehaztasun horren preminan suertetan garanean batez be. Halan, besteren bategaitik dinogunean: “Haren burua arriskupean ikusten dot”. Edo errepika kontestu baten: “Zeure burua ez dozu zuk behingoan salduko!”, edo “Horrek ez dau bere burua hain erraz galduko. Zuhurra da hori!”.
Bide batez, gehitu daigun, badirala esapide eta alkarkuntza batzuk buru erreflexibo edo bihurkari horren inguruan: buru zalea, bere buru zalea eta beste hainbat. Asko horreetariko bat gailendu gura neuke: bereburu adjektiboa, ‘burujabe’, gazt. ‘soberano’ adieraz politika arloan aspaldi erabili izan zana: “Euskal Herria bereburu izango da” (Kirikiño, Aberriaren alde).

Erderaz ezaguna dan esakuntzea: “Al mal tiempo buena cara”. Badaukagu euskeraz hori bera adierazoko dauan errefraurik?

Euskeraz ez dot ordain bardin-bardinik, ide-idekorik idoro, izango dira baina. Baina, beste hizkuntza batzuetan ohi danez, honelan esango neuke: “Eguraldi txarrari arpegiera ona”. Halanda be, atsotitz horren giltz diran hitzak “mal tiempo” eta “buena cara” dira.
Errefrau hau giltza-berba biren inguruan bilbatua da. Gaztelaniaz: “mal tiempo” eta “buena cara” dira. Zer behemarratu geinke eguraldi txarraren eta arpegiera edo arpegikunearen inguruan?
– Arpegierak dirala-ta, bat, arpegiera ona, frai Bartolomek darabilen eran: “Arerioa izan arren, arpegiera ona ta berbeeta ona zor deutsagu” (Le debemos poner buena cara y mostrarnos afables con él) (Ikasik I). Askoz oraintsuagokoa dogu Pedro M. Urruzuno idazlearen testigantza hau: “Etzioten nonbait arpegiera eder andirik egin bere guraso eta erritarrak” (No le debieron de poner muy buena cara….) (Euskalzale).
Arpegi ona ardatz dauen esakunea da Izurtza aldean aspaldi baturiko hau be: “Aurreti´arpei onak, d´atzeti´destreiñak. / Aurretik arpegi onak, eta atzetik destainak.” (Bitaño 200).
Begitarte izena ona ardatz dala: “Ontzurreak, bertan bueltak baditu. Gauza onari begitarte ona.” (Intza 1431).
Begitartea egin aditz lokuzinoa be ezaguna dogu. Gerriko idazleak darabilen erara: “Besteai egiten diezun begitartea ez ari ukatu!” (La acogida que les prestas; la buena cara que les pones…). (Cristau Dotriña II).
Betozko izena, ‘arpegikune txarragaz’ loturik dago gehiago. Kirikiño kazetari ospetsuak eguraldi kontuan be badarabil: “Asko gordindu da eguraldia; atzoko egunak batez be ez eukon betozko polita” (Se ha vuelto áspero el tiempo… No ponía buena cara) (Euzkadi). Esamodu bikain bi esaldi berean: eguraldia gordindu dala batetik, eta ez eukala betozko polita bestetik.
Arpegi iluna ardatz hartuta josia da esakera hau be: “Argitti´xu arpei illun ori beinguen. / Argitu eizu arpegi ilun hori behingoan.” (Bitaño 210).
Apal arpegia ardatz hartuta: “Apal arpegidxas arro banakie be bai. / Apal arpegiaz harro banakea be bai.” (Bitaño 242).
Eguraldia dala-ta kanposantu arpegia daukala esatea be polita da: “Kanposantu arpeidxe dakar gaur denporiek. / Kanposantua arpegia dakar gaur denporeak.” (Bitaño 277).
Arpegi motza ardatz hartuta: “Dirue’pe polittu arpei motza. / Diruak be politu arpegi motza.” (Bitaño 2).
Arpegi tximurtua ardatz hartuta: “Tximurtute arpeidxe, da santzuetan (sartzaruen erromeridxak) / Tximurtuta arpegia, eta zantzoetan (zahartzaroan erromeriak) (Bitaño 26).
Arpegi baltza ardatz dala: “Etxekoandre aurpegi-beltzean, labesua ta lexiba etxean.” (EEZZ 1032).
Arpegi luzea ardatz hartuta: “Sabela gose, d´arpegidxe luze. / Sabela gose, eta arpegia luze.” (Bitaño 85).
Arpegiz arpegi ardatz hartuta: “Kara kara elea franko: eta gibeletik aztalak yan. Erderaz cara a casa: Aurpegiz aurpegi itz ederrak, baiña gero atzetik azpiak jaten.” (Intza 2310).
– Eguraldi txarra dala-ta, gazt. “mal tiempo” izen-adjektibo egiturarentzat ordain ugariak erraz idoro geinkez. Bat edo beste jareingo ditugu:
Azkuek, pasarte baten, itxura ona (ekarri) darabil: “Eguraldiak itxura ona dakarrenean ekin, ekin lanari len-bai-len, da bene-benetan” (Cuando pone buena cara el tiempo….) (Txirristadak).
Etxeita mundakarrak, hari horri jarraika, esaldi hau darabil: “Itxastarrak, eguraldi txarrean onaren begira egoten dira; ta onean txarraren bildurrez” (Josetxo).

Esapide ezagun bat, euskera onean esanda: “Orain ez dago lehengorik”. Zer dago esamodu honen azpian?

Iñigo Muñoz bakiotarrak Luis Baraiazarraren Meñakari buruzko gomuta-liburuan irakurri dauen esaldia: Orain ez dago lehengorik. Esapide finkotzat hartu ete leiken zan beronen itaun-zalantza. Baiezkoan nago.
Tradizino idatzian be baditugu esaldi horren idekoak. Orixe idazlearen lumaz, San Agustinen Aitorkizunak obraren itzulpenean: “Ta nork uka lengorik dagoneko ez dala?”.
Zer dago esakera hori darabilenaren buruan? Zein argudio datza oinarrian?
Lehendik gaurrera gauzak asko aldatu dirala; bizimoduak aldakuntzak jasan dituelakoa: iraganeko joerak, esakuneak, egikuneak edo bizikerak ez datozala gaurkoakaz bat. Joan ziran eta ahaztu ziran.
Esapidetzat hartu daitekela deritxat. Esaldi guztiz egina izan ezta be, hurrean dabilelako.
Lehengoa, iragana, denporan joandakoa da, eta honen aurrez aurre geroa eta gerokoa ditugu. Eraz datoz Orixeren hitzok: “Nork eduki giza-biotza egonean, betierak lengorik ez dula, len-geroeri egonean nola agintzen dien ikusteko? “Tenebit […] ut stet et videat, quomodo stans dictet” (Aitorkizunak).
Lehengoa, bakarrik edo izen bati laguntzen aho-mihinean darabilgun hitza da, denpora iraganaren ardatzean. Halan: Lehengo kontuak. Lehengo bizimodua. Lehengo lagunakaz. Lehengo diruak (joan ziran). Lehengo minak, Lehengo nekeak e.a.
Leku edo espazio eremura bagatoz, egitura ezagunak dira batzuk: Lehengo lekuan, berbarako. Lehengo bideetatik (ibili). Lehengo bidetik (joan) esakunea be ohikoa da: baten bat, etorri dan bide beretik atzera joatea aditzen emoteko: “Atzera joan zan lehengo bidetik.” (Oskillaso Kurloiak).
Denpora eremuan askoz emonkorrago dogu lehengo. Batez be inesiboan: lehengoan, sarri darabilgu, gazt. “hace poco; el otro día” adiereaz. “Lenguan topau neban gizajua dana jausita” (Tor.Etxeba Eibar). “Barkatuidan lenguan esandakua” (J.M.Elexpuru Bergara).
Egitura finko samarrak dira lehengo horri denpora-izen bat darraiola. Guztiz ezagunak ditugu: Lehengo egunean (lengunian) edo lehengo aldian (lengo aldin), berbakeren arabera. Eta hari horri tira eginez, beste denpora-izen ezagun batzukaz: lehengo urtean, lehengo hilean, lehengo astean, lehengo domekan e.a.
Konparagarritzat sarri darabilgun egiturea dogu lehengo aldean egitura egina, gehienetan oraingoagaz erkatzeko: “Lengo aldean asko arindu zitzaion goizeko jaikiera” (Nem.Etxaniz LBB).
Atzera lehengora etorrita, gorde daigun buruan horrako esakunea: “Orain ez dago lehengorik”.

Euskeraz normala da ondoko mezua irakurtea taberna eta gizarte-lekuetan, leku baten erretea galerazota dagoala adierazoteko: “Hemen ez dago erretzerik”. Baina zelan esan edo idatzi, leku baten bai erre leitekela?

Iñigo Muñoz dogu, Bakiotik, honako mezua bialdu deuskuna:
“Sarri aitatu dozu ez dala egokia “Hemen ez dago erretzerik” esakunea. Zentzun afirmatiboan adierazotea (hemen erretzea dago), zerbait egitea baimenduta dagoala esateko? Zelan esaten ete dabe euskera behar dan moduan ikasi dabenak “está permitido…”.
Ezezkako esaldi hori: Hemen ez dago erretzerik, berez zuzena da, baina ez egiturarik normalena ez gomendagarriena. Hemen ezin da erre edo Hemen ez da erre behar edo besteren bat normalagotzat ditut.
Erreparua, ipintekotan, ezezkako esamodu hori (ez dago erretzerik) automatikoki baietzera ekarteari ipiniko neuskio: Hemen badago erretzea, Hemen erretzea dago moduko esaldi moduei.
Erretea baimenduta dagoala aditzen emoteko era bat baino ditugu, batzuk berbaz ohikoagoak, beste batzuk idatziz gehiago finkatu diranak. Modurik zuzenena ahalerazko adizkiaz eregia genduke: Hemen erre leiteke. Eta mezua era pertsonalagoz emon gura izan ezkero: Hemen erre zeinke. Eta mezuarik gozotasun puntu bat be erantsi geinkio: Hemen ardura barik erre zeinke edo Hemen trankil erre leiteke.
Mezua adierazoteko era landuagoak izan leitekez, baimen edo baimendu hitzekin baliatuta: Hemen erretea baimenduta dago. Edo era pertsonalagoaz: Baimena dozu hemen erreteko. Zilegi izan aditz lokuzinora be jo leiteke: Zilegi da edo Zilegi dozu hemen erretea.
Iñigok berak beste aukera adiutu bat opatu deusku aukeran: libre izan edo libre egon aditz lokuzinoa ointzat hartuta. Dino mezuan: “Libre egon … -tzea” formeagaz akordau naz. Askotan entzun dot: “Nire sasoian, kuika olgetan genduanean, libre egoten zan basora sartzea”. “Karta-jokoan libre dago berba egitea”. Eta mezu amaieran dino: “Badakit gaur nahiko defenestrauta dagoala “libre” berbea euskera estandarrean, baina gogoan hartu beharrekoa dalakoa daukat”.
Zer erantzun Iñigori? Bera bateko arrazoia dauela.

Edateko kafearen ekoizle baten iragaria: “Kafetxo bat hartuko al dugu?”. Zuzen eta zehatz esana da esaldi hori?

Zuzena da izan, baina ez, gure eretxian, erarik zehatzena. Izan be, iragarki horren irudian lagun bi agiri badira, eta kafea hartzeko gonbita egiten deutso batak besteari. Susmetan dot, kafe bana hartzeko gonbita dala, eta ez bien artean kafe erdi bana, edo kafe bakarra erdibana. Lehenengo aukerea da arrazoizkoa eta euskal hiztun sendoek darabilten dabena: kafe baNA.
Astegoieneko eguerdi baten tabernan zuritxo bat edatea bada kontua, baina norberak bakarrik barik, lagun bategaz edo lagunartean hartzeko kontua bada, esan daroagu: “Zuritxo bana hartuko joagu/jonagu ala?”. Hau da, hartzeko garan generoa, edaria, bat bada, baina bakotxak bat hartzea, -na atzizki banakariaz (distributiboaz) markatzen dogu euskeraz era automatikoz. Lehenengo edanaldian, zuritxo bana edo kafetxo bana izango da. Baina edatea luzatzen bada taberna batetik bestera joanez, bina, hiruna edo launa izatera be luzatu leiteke jarduna. Edozelan be, kortesiazko gonbita bana hartzera izaten da.
Nondik datorke, bana erabili beharreko ingurune horretan bat soila erabilteko joerea? Gaztelania eta inguruko erderetatik, sakonean. Gaztelaniaz itaun bera un determinatzaileaz egin ohi dalako: ¿Tomamos UN café? ¿UN vino? ¿UNA cerveza? Hau da, gaztelaniaz (eta beste erderetan) neutralizatu egiten da euskeraz bat/bana, bi/bina, hiru/hiruna egitura bikotxaz egiten dogun bereizkuntza.
Irrati-jardunean, batez be urtegunen inguruan zorion-emote formulak darabilguzanean be egitura biok bardintzera joten dogu konturatu barik: Besarkada bat guztioi. Mosu bat biontzat e.a. Baina badira irrati-entzule finak, mosu bana, besarkada bana, agur bana esaten dakienak, bat baino gehiago diranean hartzaileak.
Lehengora bihurtuta, egin daigun gonbita, esanez: Kafetxo baNA hartuko dogu?

Hedabideetan irakurria: “Seme-alabakaitiko diru laguntza barriak martxoa-apirilean sartuko dira indarrean”

Ohartxo bi egingo neuskioz lehengo egun baten (2023-01-26) irakurri dodan esaldi horri. Batetik, seme-alabakaitiko dirulaguntza barriak egitureari, eta bestetik, martxoa-apirilean sartuko dira indarrean atalari.
Seme-alabakaitiko diru-laguntzak esan edo idaztea ez neuke okertzat joko. Oinean, gaztelaniazko “ayudas por los hijos” sintagma konplexuaren euskal ordain laburtua da. Hau da: Seme-alabakaitik diran diru-laguntzak, normalean erabiliko genduken erlatiboko perpaus egiturearen ordez,-gaitik atzizki kausatibo edo motibatiboari -ko leku-genitibo atzizkia zuzen erantsita.
Aurreratu daigun, ez daukala ezelango tradizinorik -gaitiko adnominal eredu bikotx horrek. Baina, dana dala, baditugu euskeraz lehen osagaitzat -gaitik daben beste marka bikotx batzuk. Halan horregaitino edo hagaitino, lexikalizatu antzean gorde diranak, baina morfologiaz: -gaiti + (gi)ño osagaien bakuntza. Atzerago joanda, -gaitik edo -gatik atzizkia bera be bikotxa da: -gaiti + -ik atzizkiez osatua. Gipuzkera eremura bagoaz, behingoan entzungo ditugu zergatikan, horregatikan, hargatikan, nigatikan eta abar. Guztiak, -gati(k) eta -kan atzizkiez osotuak.
Antzeko eratorkuntzatik eregia da zergaitia izen kategoria be, ‘kausa, arrazoia’ aditzen emoteko: “Egin dozuzan baieztapenen zergaitiak eta arrazoiak entzun gura ditut”.
Goiko eredua, seme-alabaitiko dirulaguntzak, tradizinorik euki ez arren, egitura praktikoa da: errazbidea eskeintzen dau, erlatibo perpaus luzeagoa erabiltera behartzen ez gaituana. Horra nire eretxia. Baleiteke beste batzuk beste eretxi batekoak izatea puntu honetan.

“Handitu” aditzaren erabilera susmagarri bat erabili genduan ahotan lehengo astean. Oharren bat jaso dozu hori dala-ta, ezta?

Gure irrati-tartearen idatzia irakurri dauenean, Javier Arrieta DU-ko irakasleak berehala erantzun deust berba honeekaz: “Nire ustez pentsioak gehitu eta ez handitu. Eta ‘salario’ esateko alokairu erabiltzen dot, eta ‘sueldo’ esateko soldata.”
Guk hemen azaldutakoagaz bat dator bete-betean Jabier Arrieta, Ondarroako seme eta euskerahobezale fina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular