Euskera Hobetzen: 'Urriko' lehenengo astelehena edo 'urriaren' lehenengo astelehena?

Euskerea hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Urriko’ lehenengo astelehena edo ‘urriaren’ lehenengo astelehena?

Azoka / Bizkaia Irratia

Hedabideetan entzuniko esaldia: “Egunak aurrera egiten duen heinean, eguraldiak hoberantz egingo du”. Aurrera egiten duen heinean ala beste aukeraren bat?

Gaztelaniaz, aditzaren aurretik “a medida que, según” aurre konjunzio konplexuak erabilten dira sarri, ekintza edo gertaera baten ibilia, aurrerabidea, progresinoa aditzen emon gura danean: “a medida que llegan, van entrando”.
Euskeraz zelan espresatzen dogu hori bera? Egia esan, era bat baino gehiago dagoz. Eurotariko bat, goiko esaldi horretakoa dogu: “Egunak aurrera egiten duen heinean, eguraldiak hoberantz egingo du.” Kazetarien hizkeran polito sartu dan esapidea, nahiz behar bada euskal hiztunon artean nekez erabilia izan, eta askorentzat ezaguna be ez, adiera horretan behintzat. Elabarri batetik atera dot: “Edaten zuen heinean berritsuago bihurtuz zihoan” (laura.uruburu katigatu ninduzun).
Zein da Pirinioz beheko hiztunik gehienontzat egiturarik ohikoena? Ekintza edo gertaera bat adierazoten dauen aditz partizipioari atzean ahala postposizinoa gehitzea. Eiztari baten ahoan: “Usoak, hurreratu ahala, tiroa bota eta behera jausten ziran”. Jatorduaren gorabeheran: “Jatekoa mahaira atera ahala, dana irunsten eban”. Edo: “Hain zan jatuna ze, emon ahala jaten eban”. Jokoan: “Pelotea, etorri ahala aidean joten eban”. Hedabideetan entzunikoa, kros lehiaketa baten gorabeheran: ““Korrikalari guztiei, helmugara ailegatu ahala emango zaie ura”.
Tradizinoan legez eta bezala postposizinoak be erabili izan dira balio honetarako, gaztelaniazkoaren “según + aditza), eta gaur be entzuten da hondino hizkera batzuetan. Irratiz nekazari bati entzuna: “Ohiturak aldatzen doazen bezala, nekazaritzak be aldatu egin behar dau”. Klasikoen artean, eraz datoz J. A. Mogelen lekukotasunak. Bat: “Leoe batek begitandu eragin gura eban gaixo zala, ta erakarten zituan bera ikustera patari ta abereak, zalako euren buru ta errege; baiña etozan legez il ta irunsten zituan” (Ip 44). Beste bat: “Lar jaio barriak arantza bakarrak ditu, ta dituanak bere min gitxi emoten dabeenak ta baratxak; baiña aziaz doan legez, betetan da larra (arantzaz)” (Serm 66).
Egitura banatzailea, distributiboa be be ezaguna da balio hau aditzen emoteko: zelan … halan … lokarri dirala esaldi bataren eta bestearen hasieran ipinita, sarritan. Mateo Zabalaren pasarte hau lekuko: “arako euren gexoetan biderik eztakarden erremedioak egin edo artuten dituezanak, zelangoa dan batzuk egiten dabeena laruena daukeenean, ebagi euren oiña besteko intxaur azala ta laratzuan eskegi, sinisturik zelan doian sikatuaz, alantxe osatuko dala” (Mat.Zabala Bermeo 14).
Ginoan postposizinoa aditz jokatuari ipinita be antzeko esangurea adierazoteko erabili izan da. Ginoan, neurrian, bestean postposizinoak berez zenbatekoa adierazotekoak dira, baina era orokorragoan erabiltera heldu da ginoan dalakoa, nahiz eta gaur egun hizkera jasoan gutxi erabilirik ikusi. Baina XIX-XX mendeetan, sartaldeko euskeran, garapen polita ezagutu dau. Hara J. B. Eguzkitzaren esaldi hau: “Jaun onen eretxiz, langilleak garazkide egin bear dira bakotxaren tokamenak laketzen dauan giñoan” (Gizarte.Auzia). Jokin Zaitegi: “Erorikoa aundiagoa dan ginoan, durundua gogorragoa” (Platoneneko), “Platon aundiagotzen (gizonagotzen) zioan ginoan, bazterrak ezagunagotzen zioan” (Platoneneko). Bingen Amezaga: “Gaztetasunaren intza, goiztarrago ta garbiago dan giñoan, errazago ere aize itsaskorrak igartzen” “Contagious” (Hamlet). R. Olabide: “Baiña nekea areagotzen zioten giñoan, Israel ugariagotzen ta sendoagotzen ari zan” (Biblia. Exodoa)
Ereduan postposizinoa be aurrekoaren balio beretsukoa da. Gregorio Arrue zarauztar idazle bikaianaren esaldi bat: “Muin eginaz zijoan ereduan, bere damu biziaren indarrez bezela, llaga aiek arradizatu eta sendatuaz zijoazkiola iruditu zitzaion” (Mayetzeco Illa). Beste bat: “Bizkitartean, konfesioa luzatuaz zoazen ereduan, pekatua animan geiago eta geiago sustraituaz dijoa, ori oitura eta zerezko gauza bezela egitera iritxi dedineraño.”. Baina tradizino klasikoan, ereduan marka hau be bardintasun-neurriaren balioaz erabili izan da, ‘bestean’ egin izan dogun antzera. Hara Mogelek: “Geure gurasoaz osterunzean onrau daiguzala […] beste señideak, bakotxari jagokan terzio edo ereduan” (Erakuspena).
Iparraldean, arau postposizinoaz baliatzen dira gaur egun. Halan: “Testuaren probak etorri arau zuzenduko dira” (Xarles Videgain).
Goiko puntura bihurtuta: Egunak aurrera egiten duen heinean… ontzat hartzeko egiturea da, baina, dakuskunez, beste aukera ederrak be badira, zaharrago eta sustraituagoak, eta baliatu geinkezanak.
(Mogel: ereduban)

Esakuntza baten hitzek dinoe: “Txikiak handia benzi leidi, asmuz eta jakitez.”. Horren antzeko beste esakuntza gehiago be badira, ezta?

Ukrainako armada txikiak Errusiako armada nagusiari aurre zelan egiten deutsan ikusteak gogorarazo deust euskal esaera zahar hau.
– Txikiak handiari gehiago egitea salbuespena da, baina ohoregarria. Kultura tradizino guztietan dago handi-txikien konparagarria. Biblian ezaguna da Sanson eta Goliaten arteko guduka. Eta euskal mitologian be, handi eta erraldoien artean ezagutzen dira jentilak eta beste pertsonaia bildurgarri batzuk, eta txikien artean, gure Perutxo, berbarako.
Goiko errefrau hori be mezu bera adierazotera dator: txikiak, bere txikitasunean, ahalbideak badituala handia edo gorago dagoana mendean hartzeko.
Baditu errefrau honek aldaera bitxiak. Ibarguen-Cachopinen kronikan jasorik datozan batzuk mezu bera emotera datoz. Bat: “Bekoak goikoa eskondu leidi ta txeak andia benzi liri asmuz ta jakitez” (Divisa de los Bengoechea) (I 665). Hau da: xeheak handia benzi leidi”.
Eskondu: eskuratu, jaritsi.
Asmuz eta jakitez. Gaztelaniaz: “con astucia y sabiduría”.
– Txikiaren alde onak goratzea, handiarenen kaltean, beste irudi askogaz be islatzen da. Halan su txikia hobesten, su handiaren kaltetan. “Hobe da berotzen duan su ttipia, ezin ez erretzen duen su handia” (EY 1455).

Errefrauetan ideia diferenteak isurtzen dira handi-txikien arteko orekarik eza bistaratzeko.
– legea beti handien alde eta txikien kontra: “Handiak beti lege. Txikiak behin ere ez.” (Patxi Saez. Beasain. 2019-I).
– handiak txikiaren antzak hartu, txiki irudiarazo: “Handiak txikia antzarazten.” (EY 1911)
– Itxuraz handi, izatez txiki. Berbak eta ezkurrak ditu irudi hurrengo honek: “Berbak handiak, ezkurrak txikiak.” (EY 2115). Txakurtxikia, dirua, beste honek: “Txakur txiki ta pesta aundi (Olazagutia) (Intza EZ 86). Alperrikako jaia.”. “Txiki aundiak, etxe-ondatzalle. Diru gutxi izan eta etxe aundia egiten duenak, zuen guzia galtzen.” (Intza EZ 293).
– lapur handiak eta lapur txikiak: “Ohoin handiak karrozan, ohoin ttikiak errestan” (EY 238). Lapur handiak zalpurdi ederretan eta txikiak dandarrez, tatarrez.
– Handia txikiaren heriotzagina. Heriotzaren gaia be sarri aitatua da handi-txikien arteko desbardintasun horretan sarri. Urkamendia legearen babespeko heriotzagina izan da luzaroetan, eta legea handiaren alde beti: “Ohoin handiak urkharazten xipiak” (EY 239).
– Arrainen irudiaz be adierazoten da mezu bera: “Arrain handiak jaten ditu ttipiak.” (EY 326), gaztelaniaz be ondo ezaguna: “El pez grande se come al chico”. “Amorrai aundik txikia jan egiten du. Baita kristauen artean ere jende aberatsak jende bearra, eta salerosle aundiak ere bai” (Intza EZ 192).
(soka luzea dauen gaia)

Urrian egun seinaladuak dira Gernikan lelengo (lehenengo) eta azkeneko astelehenak. UrriKO astelehenak dira, UrriAREN lehenengo eta azkenengoak dira, ala zelan?
Hile-izena, urria, eta aste-izena, astelehena, alkartzen danean, itauna egikeran galdetzen dogu: NoizKO astelehenak? Eta erantzunak be halakoxeak: UrriKOak dira astelehen biak, lehenengoa eta azkenengoa. Izen bien arteko loturea -ko genitibo atzizkiaz josten dogu.
Baina hilearen izena, urria kasu honetan, eta hilearen zein egun dan, lehenengoa eta azkenengoa kasu honetan, lotu gura baditugu, hileAREN lehenengoa edo hileAREN azkenengoa, edo nahi bada, urriaren 3a eta urriaren 31a egituraz atonduko dogu; hau da, hile-izenaren eta hile-egunaren arteko loturea -(a)ren genitibo edutezkoaz alkartzen ditugula.
Eta zer epai emon, UrriAREN lehenengo astelehena edo UrriAREN azkeneko astelehena entzuten baditugu? Ontzat ala txartzat jo? Nire eretxian, ontzat emotekoak dira bata eta bestea. Egia esanda, aurtengo Urriak bost astelehen ditu, eta bostak dira UrriKOak. Baina lehenengo astelehena eta azkenengo astelehena egun seinaladuak dira. Halanda ze, itauntzen badogu zein astelehen diran jaiegunak Gernikan, zuzen erantzunda legoke, esango bagendu: UrriAREN lehenengo astelehena eta UrriAREN azkenengo astelehena.
Akorduan daukat dantza-kopla zahar bat, dinoana: “Agostua(re)n lelenguan, / San Pedro Mendexakua, / denpora ona egiten badau, / neu bere haraxe noia. / San Pedro Mendexakua, / Agostua(re)n lelenguan”. AgostuAREN lelengua, baina ez *AgostuKO lelengoa.
– Egunaren parteak, goiza, eguerdia, arratsaldea, iluntzea, gaua, alkartu gura ditugunean aste-izen bategaz, gehienetan ez dogu ezetariko markarik erabilten: astelehen goizean, martitzen gauean, zapatu eguerdian, domeka iluntzean. Baina genitibo-markarik erabili nahi izan ezkero, zein erabili? Normalean –ko atzizkia: AsteleheneKO goizaldean. DomekETAKO goizaldetan. MartitzeneKO iluntzean e.a.
Eta hileko zenbakiakaz? Horreetan be –ko genitiboa lokarri hartuta. Urriaren hamabostEKO eguerdian. Eta abar.

Sareetan irakurritako esaldi bat: “Ez egon inork zer emongo”. Inork zer emongo ala Nork zer emongo?

Bigarrena, duda barik. Zelan egon, zertan egon, zer egoeratan egon itauna datza oinean. Eta erantzuna, zehar galdera perpaus bat da, itaun-hitzez hornidua (nor eta zer kasu honetan), baina aditz jokatu barik sartu barik. Aditz partizipio futuroa darabilgu kasu honetan: emongo.
Inork sartuta be eregi geinke esaldi bat, baina inork badarabilgu, ezer erabili behar dogu, eta ez zer. Horrelan, inork eta ezer izenordainak erabilita be, antzeko esaldia taiutu geinke, baina esaldi hori ez litzateke galdera edo itaun esaldia izango, ezta zeharreko galdera esaldia be. Adierazpen esaldi garbia genduke, aditz nagusia ezezka emona dala. Halan taiutu geinke honako esaldi bat: Inork ezer emoteko esperantzarik ez hartu, mesedez, ze inork ezer sekula ez deutsu emongo eta”.
Euskeraz, nor-zer tipoko zehar galdera esaldiak aditza jokatu barik egiteko joera zaharra eta indartsua dago. Mendeko perpausan aditz partizipio soila azaltzen da, edo partizipio burutua (emon, esan, ikusi) edo etorkizunekoa (emongo, esango, ikusiko). Sekula be ez, ostera, -ten burutubakoaren partizipioaz.
Eredu batzuk:
• Itaun-hitz bakarragaz: Ez daki ZER esango. Zain egon gara NOR etorriko. Zer egin ezean egon gara, NORA joan / nora JOANGO. Jagoten egon gara, basurdea NONDIK agertuko. Pelotariak adi egoten dira, besteak ZELAN jokatuko.
• Itaun-hitz bigaz: Batzuk deseetan egoten dira, NOIZ NORA joango. Ume batzuk pozez egoten dira, gurasoek NONDIK ZER ekarriko. Batzuetan gatxa da jakiten, NORI ZER esan.

Hedabideetan entzuniko esaldia: “Amorebieta 3 eta bat irabazten dabil”.
Antzeko esaldiak: “Etxekoak partidua galtzen dabiz momentu honetan”. Galtzen dabilz ala galtzen doaz? Irabazten dabilz ala irabazten doaz? (Bizk.Irr.) (2022-IV)
Ez da ohikoa. Baina zuzena.
Sarri entzuna da baita: Oker ez banabil esapidea be, gazt. “si no me equivoco” dalakoaren kidea. Esakera hori be, hiztunon legean egon aditzagaz ete darabilgun nago: Oker ez banago… (hau eta bestea).
IBILI: ikasten nabil. Beharrean dabil. Idazten nabil.
Berbetan NABIL / NAGO
Bese aukerak:
galtzen DAGO. Jaten nago. TV ikusten nago.
galtzen DOA,
galtzen ARI DA
DAGO estatikoa. (…)

Eguraldiaren inguruan hedabideetan entzuniko esaldi bat: “Euriaren ostean zerua argituko DALA esan deuskue, eta zerua argitu DA”. Zelan hobeto? Argitu DA ala argitu DAU?
Bietara da zuzena, gramatika aldetik.
Baina, zehaztasunaren eta estilo txukunaren aldetik, dudarik be barik, zerua argitu DAU. Hau da, aditz iragankorra erabilita: DAU eta ez DA iragangaitza. Halanda be, nork argitu dauen zerua ez da zehaztuten esaldian, baina DAU erabilteko joera zaharra daukagu euskeran.
Zein dan arrazoia? Eguraldiaren gorabeheran erabilia dalako argitu aditza. Aditzak eguraldiaren inguruan diranean, aditz atmosferikoak deritxoe, eta horrelakoetan euskaldunon joera zaharra da, edo DAU laguntzailea, edo EGIN aditza edo DAKAR aditza erabiltekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular