Euskera Hobetzen: Urte barri on BAT ala Urte barri onA?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Urte barri on ‘BAT’ ala Urte barri on-‘A’?

Inguruetako herriko bati entzunikoa: “Musturrez aurrera sartu da negua”. Musturrez aurrera. Gitxi entzuten dan esamodua, esangura horregaz behintzat

Musturrez aurrera, jausi aditzagaz darabilgu gehien. Zeozegaz estropezu edo zangalatraba egin da behera jausten garanean. Eta esangura gune berean, beste egiturok be ezagunak ditugu: ahuspez, ahoz behera, buruz aurrera, dan ginoan edo dan bestean jausi eta beste gehiago. Paulo Zamarripa sondikarraren esaldia: “Ene! Buruz aurrera jausi da!” (Manual.Vascofilo 26).
Baina beste esangura-eremu batzuetan be erabilten dira, musturrez aurrera, buruz aurrera eta kideko esamoduok. R. M. Azkuek erdi mozkorrik dabiltzanakaitik idatzia: “Gau guztian ibilten, nundik nora ez ekiela: bilin balaunka, musturrez aurrera, buruz beera…” (Bein.betiko).
Aurrera eta atzera adizlagunez jokoa eginez josi eban Otxolua mundakarrak esapide polit hau: “Zin egin eban etzala gehiago eguno inon sartuko buruz aurrera, buztanez atzera ibilli baino” (Bertola); buruz aurrer, aurrez esateko eta buztanez atzera, atzez esangureaz.
Erkiaga lekeitiarrak uretara zelan sartu esateko darabil: “Nasa ganetik uretara, zutunik, oinak beherantz zituela […]. Hurrengo, dzangada ekin eutsen, buruz aurrera” (Arranegi).
Arrainen igeri egitearen gorabeheran J. M. Etxaburu ondarroarrak holan darabil: “Antxobea ibilian doala, buruz aurrera zuloan sartzen da, ta halantxe atrapauta geratzen da” (J.M.Etxaburu Kontu 119)
Egitura zaharra dogu euskeraz, -z atzizki instrumentalari atzean leku-denpora eremuko izen bat erantsita erabiltea (urrutia, harandia…), berariaz adizlagun edo adberbio funtzinoaz (aurrera, atzera, behera, gora…).
Beste hitz batzukaz erabiliak diran egiturak gogoratu daiguzan:
– Atze edo atzeko lehenengo eta aurrera adizlaguna ondoren dala eihoak dira, atzeaz aurrera edo atzez aurrera batetik, eta atzekoaz aurrera edo atzekoz aurrera bestetik. Arrese-Beitiaren esanean: “Ez asi bada emen atzeaz aurrera, / gizon ziri-sartzailla diranen legera, / zureari emonik kolorea baltza, / edo santuai bardin deabruen antza” (Ama Euskeria).
Atzekoz aurrera ezagunagoa dogu gaur egun esangura beragaz: soinean daroaguna ipini geinke ohartzaka atzekoz aurrera. Baina bizimodua be, artez eta zuzen eroan beharrean, eroan leiteke atzekoz aurrera. Berba be, zuzen barik, aldrebes egiten danean, esan daiteke, Uztapidek inoan lez: “Illabete baiño geiago pasa nuan itzik egin gabe, baiña asi nintzan berriro ere egiten, dana aldrebes, dana atzekoz aurrera” (Sasoia joanda).
Euskera zaharragoan atzekoaz aurrera esaten zan. “Nere anaia, zertako nik esana atzekoaz aurrera sartu diezu? Nik alde ona agertu dietelako, zuk alde erantzia erakutsi diezu” (K. Beobide Asisko lorea).
– Behe izenaren adizlagun bat bigarren osagai dala. Guztiz ezagunena dogu: buruz behera. Baina baita ahoz behez morfologia jagoten dauen ahuspez adberbio lexikalizatua be. Eta ahuspez (ahoz behez) horren ondoan badogu ahoz behera erregularragoa be. Halan: “Ahoz behera datza” (Silv. Pouvreau, Añibarro). Gaur egungo berbetan be esaten da ahoz behera edo ahoaz behera. Halan V. Iraolak: “Zergatik jarri biar det nik abuaz bera? Nork agintzen du emen?” (Auspoa). Salbatore Mitxelena zarauztarraren idatziz: “Oñaz ta Ganboarrak, danok, bat artuta, / menderatzen dizugu aoz-bera ezpata” (Arantzazu).
Baina beste izen batzuei dautsela be bardin: maldaz behera, mendiz behera… Domingo Agirrek: “Begietan tximistea / ta infernuko su ta garra… / Ta haren aurretik igesi / mendiz behera prankotarra” (Auñemendi).
– Gora adizlaguna be emonkorra dogu egitura honetan. Guztion ezagunak dira: Ahoz gora (aiztoa, kondainea), Ankaz gora (jausi). Azpikoz gora…. N. Etxanizen bertsoz: “Zerua aoz gora jarrita, / Donosti egiña dezu! / Donostia auspez itzul ezkero / sortu dezu zeru!!” (Lur berri billa).
Baina ezagun erabiliak dira beste hainbat be. Halan dantza-kopla baten agiri dan ipurdiaz gora: “Durangon bazkalduta / Mañarian gora / Txakurzulon jausi naz, maitea, / ipurdiaz gora”. Edo Orixeren lumaz idatziriko bese hau: “Ikus-nai batzuk, kai-bazterrera, / ontziak dauden tokira; / […] ekarri-âla ari dira; / agoz-bêra ta bizkarrez-gora, / saieska, noranai bira”
– Gain izenagazkoa be emonkorra da. Itxura diferenteakaz azaltzen da: -z gain ekialdean, -z gainera euskal eremurik zabalenean. Halan: “Egiteko usteaz ta gogoaz gainera, ezarten deutsa onek bere buruari, agindua egin bearra” (Bart Ikasik I).
Izenlagun modura, -z gainetiko eredua dogu. P. Astarloaren esanean: “Damu, izate edo naturalezaz gaiñetikoa (sobrenaturala) dauka gizonak damu dabenian pekatu egina” (UD I).
– Ate atze-hitzagaz be erabilten da -z/-az atzizkia. Hatarikoa dogu Pedro Barrutiaren teatroan: “Uriaz ateti” (uriaren kanpoko aldetik, “extramuros”.
– Alde izenagaz be bai. Halan: “Uraz beste aldean” (gazt. “allende”). Edo Gorlizen auzo bati izena emon deutsan: “Uraz arantze”.
– Goi, behe, goiti, beheiti izenakaz be hainbat erabili izan da. Halan: “Ilea duenari, ilea dagoen parteari, lepoz goiari ‘burua’ eta iledunari ‘kaskoa’ [esaten zaio]: kaskoa berotuko dizut” (Asteasu. EHHA).
– Ostean, osterantzean, osteko, osterantzeko berbakaz be bai, batez be gure klasikoen artean, baina komunztadura adierazoten dauen marka modura. Halan: “P. Onezaz osteranzean, zer sinistu bear da?” (Arzadun). “Nori zor deutsa bada euskaldunak, zeruaz ostean, bardinbagako ditxa santa au, kura jaunai ta elexa-gizonai baino?” (Bart Ikas I). “Ta ara emen zapatuez ostean urte barruko judeguen jaien asierea, Jaungoikoak berak aginduta” (Bart Ikas I). “jakin bedi, goxarinaren, aparinaren eta bazkari bakarraz ostean artuten dana astunera elduteko eztira asko ontza bi” (P.Astarl UD II).

Urruneko intxaurra aitatzen daben errefrauak badira. Batetik urrunekoa aitatzen da eta bestetik intxaurra. Ze esakuntza aitatu leitekez hitzon gainean?

Lehenengo akordau jatana, XVI. mendeko errefrau zahar hau da: “Urrungo insaurra burua laso, jarrekin ez ekida errikoa laso”. Gaztelaniaz: “El nogal de lexos como la cabeza, mas no la hallé como la de la patria.” (RS 344). Hau da: urruneko intxaurra burua lakoa (handia), baina ez neban topau herrikoa lakorik.
Beste berba batez: Urrunekoa eder ikusten da bertara joan arte, baina behin ezagutu ezkero, hurrekoa baino hobarik ez dagoala esateko.
Baina urruneko intxaurra aitatzen daben esakuntza batzuk zenbakiekin jokatzen dabe: zenbat intxaur diran, urrunetik edo hurretik ikusita. Aldaera diferenteak dira. Arratian jasoriko batek lau et hamalau zenbakiak josten ditu puntua eginez: “Urruneko intxurrek hamalau, bertara joan ta lau”. (gazt. Las nueces de lejos catorce, vas allí mismo y son cuatro) (Garate Atsotitz 15.545). Eta bada beste bat, bost eta hamabost zenbakiakaz jokoa egiten dauena, intxaurrek alkar jotean egiten daben hotsa iruditzat hartuta: “Intxaurrak bost, hotsak hamabost” (EY 2531).
Arrese-Beitia otxandioar olerkariak be irudi berau darabil bere bertso baten: “Urriñeko intxaurrak ots andiak daukez, / bertara eldu eta benturaz baperez” (Ama.Euskeria).
Azkuek bere bilduman era diferenteetara baturik dakar. Bat: “Urruneko intxaurrak begia lauso, etxatan jaurri hurrekoa laso.” (EY III 1113). Bigarren bat: “Asaoko intxaurrak lau laso, etzan sortu hurrekoa laso” (EY 1964). Laso atze-hitz modala dogu, ‘legetxe, bezalaxe’ ezagunagoen kidea.
Eta besteok be urruneko intxaurra irudipean konparagarri zoragarriak eskeintzen ditue, baina mezu berbera. Batak: “Urruneko intxurre beti andixe eta etsekoa txikixe” (Garate Atsot 13.142). Besteak: “Urrineko intxaurrek die garaun bikotxak” (Garate Atsot 13.144).
Emeterio Arrese tolosarrak be bertso baten be urruneko intxaurraren irudia darabil: “Urruti dauden gauz aiek beti intxaur alien modura, bakan izanik artzen oi dute pilla galantan itxura” (Nere bidean 125).
Intxaurrak, hurrak, gaztainak… negualdian, neska-mutikoak etxerik etxe eske-koplak kantetan joaten izan ziranean be sarri aitatzen dira. Halan: “Titirentañe, / Marimontañe, / intxurtxu bi / te iru gastañe” (Bediako bertsinoa).
– Urruneko hori zer izan daiteke, intxaurraz ostean, gure errefrautegian? Beste motibo diferente batzuk be agiri dira iruditzat erabilirik.
Egur igarra ikasi neutsan aita zanari, Mendatako semea bera, eta pobrearen arrazoiagaz bardintzen eban esakuntza barruan: “Pobrien errozoie ta urruneko basoko egur igerra, bardinek” (1987-12-26).
Lapikoa, eltzea, topina (dupina), edarrea, hau da, janari-edarientzako ontzi motaren bat aitatzen dabenak be ezagunak dira. Eltzea aitatzen dau erdialdeko esakuntza batek: “Urrutiko eltzea urrez, hurbildu eta lurrez”. Dupina Iparraldeko beste batek: “Urruneko dupina urrez, ondora orduko lurrez” (Garate Atsot. 13141). Bizkaikoa dogu edarra aitatzen dauen hau: “Urruneko edarra baiño, etxondoko eskasa obie” (Atsot. 3233).
Eleiza luzea konparagarritzat harturik baliatzen da hurrengo hau: “Urruneko eltzeak, eliza bezain luzeak” (Atsot. 3765).
Urruneko parientea, senidea, ahaidea, haurridea izentatzen dabe beste esakuntza batzuk, eta hurrean bizi dan auzoagaz bardindu. “Urruneko senidia baiño auzo ona hoba da” dino A. Zavalaren bildumako batek (EEZZ 14). “Haurride urrunekoa bino, hobe auzo ona” dino ekialdeko batek (Atsot. 6561), eta: “Ahaide urrunekoa baino, auzo huna hobe” (Atsot. 246) beste batek.
Urruneko neskea, andrea aitatzen dabenak be badira. Anderaurena, andere gorena, andere handia iruditzat erabilirik, Iparraldeko errefrauetan bada bat, dinoana: “Urruneko neskak, anderauren hots” (Oihenart Prov 473, Zalgitze 188). Eta sartaldean be badau bere idea atsotitz horrek, mezuz askoz zuzenagoa: “Urruneko andrie baiño, hurrekoa hoba” (Atsot. 863).
Eztegua edo eztaia, hau da, ezkontza-ospakuntza darabil iruditzat azkenengo honek: “Urruneko eztaiak urrez, heldu ta lurrez” (Atsot. 5001).

Mezu bat bialdu deuskue. Gabon eta urte amaiera sasoi honetan, ZORIONAK hitzaz, berbaz edo idatziz geure gurari ona opatzea ea zuzena dan. Eta bigarren itaun-zalantza bat: Enpresa batek Urte berri on BAT opatzea ala Urte berri onA opatzea, zein hobeto esanda dagoan

Labayru Fundazioko Biosne Zarandona teknikariak bialduriko zalantza-itaunak ditugu bata eta bestea. Eskerrak Biosne laguntzaile finari.
Gabon gaua ondo igaroteko edo Gabonzaharretik Urte Barri egunerako zubia pozgarri bihur dadin, Zorionak hitzaz baliatzea normaltzat eta artez-zuzentzat daukagu. Guztion darabilgun hitza da zoriona, ingurune honetan eta beste askotan.
Gabonak izanik zorion-emotearen arrazoia, Gabon izena formula barruan sartzeak asko lagundu eta argituko leuke, mezuaren zehaztasunaren alderako.
Gabon zorionak emon izan daiteke aukera bat. Niri berez urteten deustan formulea da hori. Eta bardin esan leiteke urte zaharretik barrirako igarobidean Urtebarri zorionak.
Eta euskaldunon artean zabalen antzean dabilen beste formulea Gabon zoriontsuak opa izatea genduke. Guztiz egokia, eta aldi berean zehatza.

Bigarren zalantza puntua, zorion-emote formulea dala-ta: Urte berri on BAT ala Urte berri onA opatu. Zein hobeto?
Bietara da zuzena; gramatikearen aldetik ez dabe atxakiarik batak ez besteak.
Gaur egun hiztunek bat zenbatzaileduna darabilela gehiago esango neuke: Urte barri on BAT. Arrazoi bategaitik berariaz: formula finkatu gisa sartu dalako, eta berez lez sartu jaku buruetan. Gaztelaniaz be formula gisa sartu dan letxe: “Feliz Año Nuevo”. Formula finkoak azken baten.
Baina berez, neure gogoz behintzat, bat zenbatzailea baino -a mugatzailea egokiagoa edo gomendagarriagoa da. On adjektiboa kendu eta formula finkotik urrundu ezkero, eta beste adjektibo bat ordez ipiniko bagendu: zoriontsua, oparoa, ugaria, osasuntsua, ekarkorra… nahikoa genduke esatea: Urte Barri zoriontsuA edo Urte Barri zorionekoA, Urte Barri osasuntsuA edo Urte Barri osasungarriA, Urte Barri dohatsuA, edo Urte Barri gozoA edo gozatsuA, edo geuri begitantzen jakun adjektibo baikorren bat erabilita. Halakoetan -A mugatzailea nahikoa eta lar da, bat zenbatzailearen bila gaztelaniaren sundan ibili beharrik barik.

Gitxi entzuten dan esate modua: albatetik sartu

Gaztelaniaz ezagunak dira: “puerta giratoria”, “puerta trasera” eta beste batzuk, ate nagusia ez dan, baina etxeak sartu-urtenerako dituan beste ateak izendatzeko. Euskeraz be ate mota diferenteak, eta izen diferenteak, darabilguz beste ateok izendatzeko.
Albatea zeri esaten jako? Berez, osorik esanda, alboko atea. Izan be, baserri-etxe askotan etxearen alboko hormatik egon izan dalako kortarako sarrerea. Gaztelaniaz: “puerta lateral” berez.
Beste aldaera batzuk be ezagunak ditu izen honek: alboko atea, aldeko atea, aldatea… Albotea deritxo Gipuzkoako leku batzuetan.
Urdaibai aldean nekez entzuten da albate izena; baserrietxe zaharretan gaur be alboko atea izanagaitik kortarako sarbidea. Ganadua dagoan kortako edo ukuiluko ateari kortako atea deritxo askoz gehiago. jako.
Ate nagusia ez dan atea da eraikuntetan albatea edo albateta. Eleizetan be bai. Augustin Zubikaraik Ondarroan jaso eban lez: “Albateta, parrokian alboko atea. “Albatetatik sartu, esaten da, nahi ta ate bakarra egon. Albatetako atea zabaldu. Puerta de un lado de la parroquia””. Itsasertzeko herri batzuetan (Lekeitio, Ondarroa) ateta, atetea portale-ateari esaten deutsie. Albateta izenaren azpian plurala datza: albo ate(e)ta.
Errotetan albatea beste ate mota bati deritxo: urari errotara bidea emoten deutsan konporteari. “”Reja por donde pasa agua al molino” (Azkue). “Compuerta de presa o embalse. Maaltzako inddar-etxian albatia zabaldu dabe presia usteko” (San Martin EiTec1). “Elorriako kunboko albatak (compuertas) astero zabaltzen ditxue, kunbua hustu-ta garbitzeko” (San Martin EiTec2. “Compuerta en los aprovechamientos de aguas. Guenengotik Isasira etortzen zan albatia jazotzera, desde Guenengua caminaba hasta Isasi para abrir la compuerta” (Tor.Etxebarria Eibar). “Compuerta para regular el paso del agua en los canales que van a los molinos. Narbaiz-Boluko alboatia itxi ta kanala agortzen giñuan amorrainak arrapatzeko” (J. M. Elexpuru Bergara).
Bide batez gogoratu daiguzan beste ate mota ezagun bi. Bata, atartea, antxina ateartea, baserrietxetako sarrera nagusia.
Eta etxera sarrerea , gazt. “puerta secreta” dalako egiten danarentzat badira beste izenok be: gibel atea ekialdean, ostatea, ixileko atea, ateizuna eta beste gehiago han-hor-hemen.

Aramaioko herrian baserritar bati entzunikoa: Jarein behiak! Zer esateko erabilten da jaregin edo jarein? [JAREIN edo JAREGIN]
Euskeraz badogu izen bat, jara (jarea, jaria), gitxi entzuna eta urri erabilia, eta ia beti aditz bategaz alkarturik, aditz eratorri bat eragiten dauela. Halan esaterako, emon, egin, etsi aditzakaz alkarturik sorturiko aditzak dira: jaramon, jaregin eta jaretsi.
Jaramon, aditz lez baino gehiago izen legez darabilgu: jaramon egin, ez jaramonik egin esan daroagu “kasu egin, ez kasurik egin” adiereagaz.
Jaretsi, edo honen aldaerea, jadetsi, “alkantzatu, lortu, zuzendu” esangureagaz erabili izan da sartalde zabalean. Gure klasikoetan erabiliagoa zan; gaur urriago. Harrezkero indar gehiago hartu dabe ‘lortu, iritsi’ eta beste aditz batzuk.
Eta jaregin aditzera gatoz: jara egin hitz alkartua dogu atzean. Goiko adibidera bihurtu: ganadua jarein esatea da, kortan kateaz lotuta dagoan ganadua askatzea, larrara joan daiten. Loturik dagoala askatzea adierazoteko. Ingurune gehiagotan be erabilia da: pertsona bat jareina dala esatea, “itxia, narrasa” dala esateko.
Baina beste adiera esanguratsu bat be badauka jarein aditzak. Gaztelaniaz “testar” esaten dana, testamentuz ondasunak beste norbaiti lagatea. Lino Akesolo idazle eta euskalzale jakitunak aitatzen dauen adierea. Berbarako: “Aitak seme zaharrenari baserria jarein deutso”.
Jarauntsi aditza be etorki horretakoa dogu. Gaur lege munduan hondino be erabilten dan aditza.
Gudu aurrean, jare erabilten hasi ziran, “libre” adierazoteko, mailegu-berba hau baztertzeko: “Euskal Herria jare”, esaterako.

Pedro Erandiokoak, aspalditxo tarte honetan erabili genduan kafranga berbea aitatu deusku, euren berbetan be erabili izan dala-ta. Eta esangura horren hurreko beste berba gehiago be bai

Bai. Mezuan dino: “Kafranga aitatu dozu. Geuk be asko erabili izan dogun berbea da. Baina, egia esateko, urteak dira ez dodala entzun. Zeuk esan dozun era berberean erabilten genduan. Muxeranga-ren antzeko esangurea deko, baina behar bada muxeranga peioratiboagoa da”. Honaino mezuaren esana.
Arratiako berbatzat atera genduan kafrangea, kafrangeori, kafrangak kalifikatiboa, emakume izaera bati buruzko kalifikatibo gaitzesgarria. Lehen behintzat; gaur ez hainbeste. Pedrok argitu deusku, Erandion eta Txorierri aldean be ezaguna eta erabilia izan dala, “gangarra, ausarta, lotsabaga antzeko” izaerako emakumeari egozteko.
Beste leku batzuetan, hiztegi batzuetan agiri danez, “marimutil, marimacho”, gizonezko trazak dituan emakumeari esaten jakola agiri da. Bizkai sartaldean ez behintzat.
Bide batez esanda, pozik hartuko gendukez, kafranga berbeagaz eginiko esaldiren bat edo beste.
Muxaranga da bigarren aitatu deuskun berbea, hau be emakumeentzako kalifikatibo baliokoa, eta kafranga baino gaitzesgarriagoa, Pedrok dinoanez.
Labayru Hiztegiak badakar muxaranga berbea, baina Aratusteen inguruko berba lez: edo mozorroa (maskarea) adierazoteko, edo mozorrotuta dagoana (maskaraduna) aditzen emoteko. Azkuek Butroialdean batu eban muxaranga berbea, adiera bi horreexekaz.
Gaztelania zaharreko berbea da “mogiganga”, (gaur “mogigato” esaten danaren hurrekoa). Adierea: “Fiesta pública que se hace con varios disfraces ridículos, emmascarados los hombres, especialmente en figuras de animales. ” (Dicc. Autoridades 1713).
Baina muxaranga da euskeraz bizi dan berbea, eta Txorierri aldean emakumeei buruz sunda txarreko adiereaz erabilia, Pedroren esanean.
Entzuleok badozue muxaranga berbearen entzuterik? Esaldiren bat bialdu leikigu erabilten dauanen batek?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular