Euskera Hobetzen: Ze diferentzia dago 'azterka' eta 'induska' berben esanguren artean?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Ze diferentzia dago ‘azterka’ eta ‘induska’ berben esanguren artean?

Idazle baten idatzietan irakurritako esaldia: “Gurasoek beraien seme-alabak eraman dituzte ikastolara”. Beraien umeak

Gaur egun sarri irakurten da beraien euskera batuan, orokorrean euren darabilgunerako. Beraien gipuzkera-hizkera batzuetako izenordain edutezkoa, posesiboa, da, baina modernoa, ibilbide laburrekoa. Gure klasikoek, oraintsu arte, beren erabilten eben orain beraien esaten dan lekuetan be.
Beraien indarrean eta modan dago gaur egun, bere egitura bikotx horregaz: bere posesibo bihurkariaren gainean eregi izan da, haien erakusle plurala erantsita. Forma hibridoa dogu, zelanbait esateko.
Baina goiko esaldira bihurtuta, horri jagokon izenordain posesiboak bihurkaria, erreflexiboa, izan behar leuke edozelan bat: euren, edo nahi bada beren, baina ez ezelan be beraien, ezta haien be
Euskal posesibo bihurkari zahar orokorra bere da, gaur singularrerako ohi darabilguna, baina lehenago numeroz neutroa zana, eta pluralerako be balio ebana.
Euskal kantu zahar batek, aldi berean errefraua be danak, dino: “Mila urte igarota, ura bere bidean. Gipuzkoarrok sartu dira Gazteluko etxean. Nafarrokin batu dira Beotibarren pelean” (Garibai. Compendio. 1571).
Pluralean izan balitz be, urak bere bidean doazala esango eukean. Gaur egungo berbetan be gorde dogu bere pluraleko esapide batzuetan. Halan esan daroagu: Gorde gauzak / zapatak / erramintak… bere lekuan”.
Goiko esaldi horretan, idazle ezagun baten idatzietatik hartua, ‘Gurasoek seme-alabak ikastolara eroaten dituela’ esaten daa. Noren umeak? Zeinen umeak? Gurasoenak eurenak. Halanda ze, izenordain posesibo bat txertatu nahi bada horretan, ‘bihurkaria, erreflexiboa’ izan behar dau edozelan be. Euren seme-alabak ikastolara daroezala esango genduke. Ze beraien seme-alabak badinogu, beste batzuenak izan behar dabe, ezagunak diran beste batzuenak.
Singularrean be ez dira gauza bera bere etxea edo beraren etxea. Batek badino bere etxera doa, badakigu urlia horren etxea dala. Baina badino beraren etxera doala, aurretik aitatu dauen neska-lagun edo mutil-lagun baten etxera doala pentsatu beharko genduke.
Labur esanda, eta goiko esaldira bihurtuta, honelan birformulatuko genduke: “Gurasoek euren seme-alabak ikastolara eramaten dituzte”.

Esakuntza ezagun baten berbak: “Beti iturrira dabilen pitxerra […] bein edo bein ausi egiten da”

Mateo Zabala idazleak halantxe idatzirik itxi euskun bere sermoietariko baten (Irun 78). Baina ez da berak asmatua horraitino edozein hizkuntza-kulturatan hain ezaguna dogun errefrau hau. Bai mezua eta bai irudia, unibertsalak dira. Gaztelaniaz era diferenteetara agiri da esakuntza hau. Besteak beste: “Tanto va el cántaro a la fuente que al final se rompe”. Cervantesek Kixote Mantxako obraren 2. partean aitatu eban bertsinoa: “Tantas veces va el cantarillo a la fuente […] y no digo más”.
Euskeraz beste era batzuetara be adierazo izan da mezu bera. Antz-antzekoak dira, irudiz, hurrengo besteok be. Sartaldeko berbazko honek dino: “Sarri iturrira doien pitxerra, lentxuago ezpada gerotxuago, apurtu” (Atsot 11320). “Pitxer ebilia hautsi diohazu” dino ekialde bazterreko honek (Atsot 1131). Txarroaren izena darabil erdialdeko hurrengo honek, A. Zavalak bilduman dakarrena: “Iturrira maiz dabillen txarroa, hautsi egiten da” (EZBB II 25). Eta bide berekoa dogu beste hau be: “Iturbidean dabillen pitxarra [edo txarroa] bidean hautsi” (Atsot 7521).
Euskal idazleetan be bat baino gehiago izan dira iturrira sarri doan pitxarraren irudiaz baliatu izan diranak, kontaerako autuaren harira. Halan Felipe Arrese-Beitiak: “—A! Lorentzo! Lorentzo! Zu horren kokorik / egongo zineala eneukan usterik. / Pitxarrak badabiltza sarri iturrira, / noz edo noz hausiten guztiak ez dira? / Hirurogei urtean harri labanetan / dabillana jausteak zau ikaraketan? / Ez dakizu txoria zirrika zepoan / badabil, jausten dala nozbait lakioan?” (Ama.Euskeria). Beste behin be, idazle beronek bertso barruan honelan idatzi euskun: “”Abo itxitik ez da, eulirikan sartzen, / mutuak ez du inoiz hizketan erratzen; / iturrira dabillan txarroa bada hausten, / ni ere bertsoetan laster naiz erortzen” (Ama.Euskeria).
Juan Bautista Eguzkitza idazle lemoarrak, gerra aurretxoko bere saioan, irudi honen harira dirausku: “Iturrira sarri doan pitxarrarena jazo jakon bigarren enderritarteko honi be: harria jo ta apurtu. Jo eban harria, 1914garren urteko gudua” (Gizarte.Auzia). Enderriarteko idatzi eroien aldi haretako hizkera gardenaren zaleek, ‘nazinoen arteko’ adierazoteko.
Errefrau bera edo hurreko mezua aditzen emoten daben besteetan ‘pitxer’ edo ‘txarro’ izenaz gainera, beste batzuk be usu agiri dira. Murkoa eta murkotu, besteak beste: “Sarri iturrira doan pitxarra, edo hausi edo murkotu”, dino horreetariko batek.
Pegarra da Iparraldeko ontzi-izen ezagunena. Errefrau berarentzat: “Ardüra (maiz) hureala dabilan pegarrak, lanjera badü hausteko” (Atsot 1146). Eta: “Urean dabilan pegarra (suila, urrontzia), hauskor” (Atsot 13036).
Iturrira uretan joateko ontziak era diferenteetakoak eta izen diferenteetakoak ditugu, goikoez gainera. Pitxerra deritxo leku batzuetan, txarroa beste batzuetan. Badogu edarra deritxon ontzia be, gaztelaniaz “herrada” deritxonaren kidea. Durangoko zidarginen bertsoetariko esaten dan lez: “Edarria arturik / iturrira barre karkar / osasunagaitik” (DurPl 49). Ezaguna dogu edarra izena gure klasikoetatik be, batez be Mogelek jasorik dakarren errefrau bati eskerrak: “Otsein barriak galbaheaz ura; zaharrari edarreaz bere lekurik emon ez gura” (Peru.Abarka). Gipuzkerara bihurturik, bertsino barriagoa dogu, suilaren izenaz, beste hau: “Mirabe berriak galbaiaz ura; zarrari suillaz ere lekurik eman ez gura” (EZBB II 62).
Potiza generitxan txikitan, ura freskotan gordeten eban lurrezko ontzi biribil modukoari. Luis Baraiazarrak bere Meñakako gomuta-liburuan dino ba ze: “Udako beroetan egunero joan behar izaten genduan potiza hartuta Golbarroko iturrira” (Umetako Meñaka).
Suilaren izena be emoten jako ura ekarteko ontziari. Ekialdeko testigantza bat: “[Iturrira] egunero bere suila betetzera ohitua dago Yolanda” (Lhande Yolanda). Erdialdeko beste bat: “Ara: zoaz arin suilla, edo erradara, ta laster txarrotik aoa bete ur garbi ar ezazu” (Kardaberaz Eg III 371).
Iturrira edo ‘urera’ joatea (ekialdean ‘uretan joateari’ ohi deritxon lez) neska-mutil gazteen amodio-hartuemonez guztiz loturik dagoan jarduerea dogu. Eta goiko Kardaberazen errefrau horrek be ostendian sexu-hartuemonen irudia ezkutetan dau. Guztion ezaguna dan ‘Maritxu nora noaz, eder galantori’ kantuak erakusten dau garbi irudi bidez mezu hori bera: “Biok edango dogu / nahi dogun guztia”.
Eta ekialdean, Nafarroan eta Iparraldean kantetan dan kopla txorteak be antzera: “Goizian goiz jeikirik, argia gaberik / urera joan ninduzun, pegarra harturik”.

Gitxi entzuna dan esapide bat: “Ulerik aina bider damutu jat(a) hara joana”. Zer adierazoten dau zehatz?

Markinan baturiko esakerea, Jabier Kalzakorta unibertsidade-lankideari esker.
Hamaikatxu bider, mila bider, makinatxu bat bider, hainbeste bider maiztasun kontzeptua adierazoteko beste baliabide bat dogu hau: konparagarrizko irudia erabilita: ulerik aina bider damutu norbaiti zerbait egin izana. Zenbat ule buruan, hainbeste bider damutu.
Sartaldean bider dinoguna, erdialdetik ekialderantz aldiz esan doa. Sartaldean ulea, eta berbeta batzuetan ullea dinogunari, erditik ekialderantz ilea deritxo.
Ulerik adina bider esapide horretan ‘buruko uleen ugaria’, edo ‘ulea zarratu eukitea’ ulertzen da. Eta ez ulea bakan, mehatz, urri eta murri euktiea.
Ulea zarratu edo trinko daukanagaitik beste adjektibo batzuk be izentetan dira. Halan: ‘uletsu, ulezto, zapatsu, zapazto (desgreñado), uleti’, eta ekialdean: ‘bilotsu (tb. velludo), xerlotsu’ e.a.
Eta ulerik ez eukiteari, batez be gizonetan jazoten dana, honeetariko izenak egozten jakoz: burua soil eukitea da ezagunena. Eta egitura konposatu barruan: burusoil. Herri-berbetan kalbo mailegua be sarri deritxo. Eta tradizinora jo ezkero, ezagunak dira baita: ‘ulebako, ulemurri, burumurri, kaskasoil, buruleun, galbar/garbal’ edota ‘karsoil’ legezko adjektiboak. Eta irudietara jo ezkero, hainbat gehiago. Besteak beste, ‘iretargia’, ‘gaztaia’ eta halakoak.
Hara zelan erabilen Barrutia aramaioarrak, Mondragoeko eskribau izan zan antzerkigile umoretsuak, ‘Gabonetako Ikaskizuna / Acto para la Nochebuena’ antzerkian: “Ori da Burumotz, Oñatiko Peru Jainkoen mutila. / Kasi buruan ilerik etxok. Dirianak ere bakarrak” (Acto).
Goiko esapide hori, ulerik adina bider damutu jakula zeozer egin izana, literaturarako be berebiziko ajutua eta bitxia da.

Berbaz entzundako esaldi bat: “Euskaltzaindiaren barri barik antolatu da Ahoskera ikastaroa”. Zer esan gura dau: Erakundearen barri barik hau edo hori egitea?

Bizkai alderdian sarri esan eta entzuten dan esakunea: nire|gure|zuen|haren… barri barik zeozer egitea. Gazt. ‘sin notificar, sin informar’. Hainbat bider entzuten ditugu berbaz honetarikoak: Gure barri barik pasau dira gure barrutitik. / Zuen barri barik atera dabe albistea argitara. / Nire barri barik nora zoaz, ba?.
Atzean barri izan aditz multzoa dagoala esan lei: Guk horren barri izan barik zelan hartu dozu horrelako erabagi bat ba? Aditz multzoa barri izan edo barri euki izan ohi da, ia beti -en gen. edutezkoa aurretik dala. Taiu horretakoak dira honetariko esaldi batzuk:
Eduki aditzagaz: a) ‑Peru ezkontzen ei da. Euki dozu horren barri? –Ez. Oraintxe arte ez dot euki horren barri. b) Gaurko euskaldun askok ez dauka lehenagoko izen askoren barri.
Jakin aditzagaz, barri jakin: a) Haren barri ez dogu jakin gaur arte. b) Zure barri ondo dakit. Domingo Agirre idazlearen esaldi hau be barri jakin aditz multzo horren inguruan bilbatua da: “Alkarren barri ezer lehenago jakin barik, biak aurkitu zirean Patxiren aldekoak” (Kresala).
Euskerahobezaleoi itauna: Norbaiten barri barik esakunea ezaguna dozue? Erabilten dozue? Zein kontestutan?

Ze diferentzia dago azterka eta induska hitzen esanguren artean? Animalia batzuk azterka egiten dabe eta beste batzuk induska

Bai. Esakerea da oiloak azterka eta txarriek induska jarduten dabelakoa.
Induska berba zaharra dogu berez, indusi aditza be dan moduan. Euskerazko idatzirik zaharrenetarikoetan agiri da induska adberbioa sartaldeko berbetan, RS bilduman hatan be. Errefrau horrek dino: “Hurdeok il azkero bareok induska. “Después de muertos los puercos hozan los limacos”” (RS 379). Induska egin / ibili / jardun… aditz multzoa dagoke oinean.
Gaur be bizirik eta indarrean dirauen berbea, txarrien eta basurden gorabeheran berariaz. Induska (egin) da aditz multzorik ezagunena, baina indusi eta industu be erabiliak dira eremu laburragoan, ‘lurra harrotu, astindu, altzau’, gazt. ‘hozar’ aditzaren adiera beragaz.
Zeberion batuak dira (Juan Manu Etxebarria euskerahobezaleak) honako lekukotasunak: Basaurdeak egiten jok soloa indusi. Indusi deusku solo guztie basaurdeak.
Industu aditza, aurrekoa baino barriagoa edozelan be, Usansolon batua da: “Basaurdeak industuta dagoz soloko lurrak”. (Nagore Etxebarria).
Baina aditz legez baino adberbio legez zabalago erabilia da induska, edo aditzaz lagundurik (egin, ibili). Labayru Hiztegiaren esaldia: “Basurdeak induska egiten dabe hemen jatekoa topetako”. Lekurik gehienetan induske esaten da, baina Jataben inuske ahoskatzen dabe (Bingen Amezaga).
Baina hainbat lekutan induska berbea be galdurik dago, edo ez dabe erabilten hiztunek. Halan adierazo deuskue Erandion, Orozkon, Sopelan e.a. Horren lekuan darabilen berbea musturka da. Eta urrunago joan ezkero, badira beste berba batzuk jarduera bera izentetako: ‘haztakatu, uxartu’.
Bizibarritu egin da hitz zahar hau jakintza eta jarduera moderno batzuetarako, berariaz gazt. ‘excavar’, ‘excavación’ kontzeptuetarako. Halan garatu dira: indusketak (egin), indusmakinak, industu eta halakoak.
Induska txarriek eta basurdek egiten dabela batez be, esan ohi da. Baina satorren lurrazpiko ekinari be horrelan esan leikeo.
Gure euskerahobezale batek, Erandiokoa bera, dino, eurei ez jakezala ezagun egiteko induska edo indusi berbak. Musturka egin darabilela txarrientzat (Erandio goikoa. Pedro Aurrekotxea).
Etorkiz zerikusirik ez badau be, bide batez gogorazoteko modukoa da, bada Dimako herrian goi auzo bat, Indusi deritxona, gure Lino Akesolo idazleak behin baino sarriago idatziz aitatu izan ebana. Izan be, lehenagoan, Mañaritik Dimara eta Dimatik Mañarira, Atxostetik Atxostera Linoren hitzetan, gazteak oinez mendian gora eta behera joaten ziran erromeriaren xuxuan, Indusi auzora besteak beste. Halan gogoratzen deuskue XIX. mendeko Durangoko zidarginek be euren kopletariko baten: “Ezin egin aldatza, / gero aldapia, / Induziyan egiteko / lelengo dantzia” (Durango.Plateru).

Azterka egitearena ezagunago egiten jaku gaurko hiztunoi. Oiloek, hegaztiek oinekin egiten dabenari deritxo azterka egitea. Aztarka aldaerea be zabal dabil, eta bizkai sartaldean aztraka be bai, itxuraz azterka / aztarka itxureagaz kidetzen ilunagoa dagoan hitza. Oiloek sasteian lurrean erpeka egiten daben jarduera hori izentetako. Aztraka ezaguna da Bizkai sartaldeko hainbat lekutan (Erandion, Sopelan, Larrabetzun, Meñakan edo Morgan, berbarako). Eta artezka beste herri batzuetan (Zeanuri, Orozko). Gaztelaniaz ‘escarbar’ deritxonarentzat. Halan esan ohi da: “Baserri inguruan dabilz oiloak azterka.”. Domingo Agirrek be halan erabilen: “Oillo batzuek zitzetan azterka” (Garoa). Eta antzera batu eban Bergaran Martin Elexpuruk: “Libre dabitzen oilluak aztarka jarduten dabe beti” (Bergara). Txorien gorabeheran aitatzen dau Arrese-Beitiak azterka berbea: “[Iru txoriak] gosez egozalako, ze zoli ebiltzan / euren erpatxoakaz azterka edurtzan” (Ama.Euskeria).
Txakurrakaitik be erabili ohi da azterka egitearena: “Txakurrak azterka eginda lurperatzen dau hazurra.” (Labayru Hiztegia).
Satorrak dirala-ta be bai, Mendaroko Txirristaka bertsolariak darabilen lez: “Sator gaiztuak beti aztarka / azkazkalak zorroztuta”.
Beste esangura batzuk be irabazi edo beregandu ditu azterka / aztarka adberbio zahar horrek. Halan, Oñatin, Candido Eizagirrek batu eban, ‘sekulako ahalegina’ aditzen emoteko irudi gisa: “Aztarka dabitz […] esforzarse en una gran dificultad” (Aranzazu-Oñate). Jataben aztrakadea (aztrakade) eta aztrakaldia (aztrakaldi) balio figuratuaz erabiliak dira, pertsonen arteko (edo piztien arteko) ‘errierta, haserre, burruka’ adiereaz. Halan: “Ohidalao aztrakaldi in dotzo” (Maribi Egia. 2023-VI).
Azterka berbearen atzean azterri aditz zaharra dogu, oraindino be bizirik dirauena. Errefrau zaharrak, zezen murrukalariaren irudipean dakarrenez: “Azterrietan dago ta burrustuko jat. “Está escarbando y acometer se me ha”” (RS 4249. Gerora izen modura iraun dau bizirik azterri berbeak, ‘esamina, ikerketa, azterketa’ adiereaz. Halan darabil Mogelek: “Baso esaminadoreak abesbeluan edo ondo begiratu baga egiten badabe euren esaminea edo azterria” (Peru.Abarka). Eta horretatik erlijino giroan, ‘kontzientziako esamina’ kontzeptuarentzat: “eta onena da egin azterri edo begirakune bat konzienzian, ta aurkietan bada pekaturen bat, atera kontu andik jatorkula gatxa” (Erakuspena).
Gipuzkera eremuan aztarrika itxurapean dirau gaur arte, bai adberbio lez, bai izen kategoriaz. Adberbio gisa: “Bakar-bakarrik eparrak dabilz, lokatzetan sartuta, aztarrika, buztanai eraginaz” (Martin Apalategi, Yakintza 1934). Izen erabileran: “Oilloak aztarrika asko egiten du” (Iñarra Euskalzale 1897).
Azterri aditz zaharraren era modernoa -tu atzizkiduna da: aztertu. Horrexetatik datoz gaur egun, berariaz irakaskuntza arloan, buruauste ugari eragiten azterketa egin, aztertzaile, azterketari eta enparaduak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular