Euskera Hobetzen: Zerbitzu 'publikoa' gara; zuzena da 'publiko' berba?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Zerbitzu ‘publikoa’ gara; zuzena da ‘publiko’ berba?

Batzuetan entzuten da: “Arratsalde berean”. Beste batzuetan entzuten da: “Arratsaldean bertan”. Bardinak dira? Zein da diferentzia?

Era diferenteetara esaten dogu, gaztelaniaz “mismo” darabilguneko esaldiak.
Denporearen gorabeheran, berbarako, arratsalde berbeagaz: Arratsaldean bertan hil zan. Edo egun berbeagaz: Egun haretan bertan hil zan. Baina egitura zaharragoaz baliatzen dira, mezu bera emoteko, beste hiztun batzuk: Arratsalde berean hil zan. Egun berean hil zan.
Leku-espazioaren gorabeheran, berbarako, leku izena erabilita, esan geinke: Leku haretan bertan izan ebala istripua. Edo: Leku haretan berean izan ebala ezbeharra.
Zein adiera diferente ditugu, izen edo izen sintagma baten ondoren, inesiboan, bertan edo berean darabilguzanean? Adiera bi banangoak hartzen ditu kontestuaren arabera:
– Etxean bertan dinogunean, hantxe eta ez beste inon izan zala aditzen emoteko. “‑Non jausi da? ‑Etxean bertan”. Jauskerea, etxean izan dala, eta ez beste inon, aditzen emoteko.
– Etxe haretan bertan bizi dira apartau diran andra-gizonak dinogunean, bigarren adiera bategaz darabilgu: etxe berean bizi dirala, etxe bakarrean, etxe bat eta berean bizi dirala.
Hiztunek, gauza bera esateko, batzuk bertan eta beste batzuk berean darabilez; eremu batzuetan batera, beste batzuetan bestera. Iparraldean, eta ekialdean orohar, bertan bakan edo bapez erabilia da; berean, ostera, orokorra. Hegoaldean, erdi eta sartaldean batez be, han bertan esaten dogu eta Iparraldeko hizkeretan han berean esaten dabe. Guk: hemen bertan, eta Iparraldean: hemen berean. Gazt. “allí / aquí mismo”.
Guk egunean bertan dinoguna, berbeta zaharragoan: egunean berean esan ohi da.
Baina sintaxiaren aldetik bertan eta berean hitzek portakizun diferentea dabe. Etxe berean esatea zuzena dan moduan, *etxe bertan esatea ez, ostera. Tamalez behin baino sarriago entzun edo irakurten dira: “*Etxe bertan bizi dira biak” tipoko egiturak. Egitura zuzen argia, baina: Etxe berean bizi dirala esatea da.
*Etxe bertan egitura ez da zuzena, ze bertan ez da izen baten adjektiboa; adberbioa edo adizlaguna da. Izen bategaz erabili nahi bada, aposizino egituran izan behar dau: egitura biak kasu berean dirala: etxean bertan, etxeko bertako, etxetik bertatik, etxera bertara.
Berean bai erabili geinke izen soilari lotuta, zeinda adjektiboen gisan. Halan: etxe berean, etxe berekoak, etxe beretik, etxe berera eta abar.
Bide batez gogoratu daiguzan egitura finko antzeko batzuk, berean horregaz darabilguzanak:
– Aldi berean dinogu, gazt. ‘al mismo tiempo’ adierazoteko.
– Une berean, gazt. ‘en el mismo momento’ esateko. Baina adierazo geinke esanaz: unean bertan, momentuan bertan be.
– Era berean, modu berean eta ildo horretakoak darabilguz gazt. ‘del mismo modo’ esateko.
Hari luzea dakarren gaia da berez. Bego honetan oraingoz.

Erderaz ezaguna dan esakuntzea: “Zapatero a tus zapatos”. Zeintzuk dira atsotitz honek euskeraz dituan ordainak?

Bat, zaharra baizen ezaguna, Oihenart-ek bere bilduman dakarren hau: “Haur ola, zirola” (Prov 217). Eta beste hainbat dira mezu beraren adierazle, baina ez gaztelaniazko baizen ezagunak: ‘Zapatero a tus zapatos’.
Mezua zuzen eta argia da: Nor bere arloan. Nork jardun bei berak dakien edo berari jagokon horretan, besterenetan musturra sartzen ibili barik.
Zapatariaren lanbidea, mezua irudikatzeko era bat baino ez da besterik. Baina euskerazko esakuntza zahar horrek be irudi bera darabil: Haur ola, zirola. Ola, zapatariaren mahaia da. Baina zirola berba gitxi ezaguna da gaurko hiztunontzat, zapataria izendatzeko.
Berba zaharra da zirola, bai Nafarroan, bai Bizkaian. 1599Ko kronika baten irakurten da: “El dicho Lope le respondió: oh, zapatero zirol” (Tirapu, 1559). Artaxoako 1655eko kronika baten be irakurten da: “Dijeron que el dicho García de Zaro, que era un menguado, zirol, pícaro”.
Bizkaiko errefrau zaharretan birritan agiri da, eta biotan goiko errefrauaren mezu beretsu edo hurrekoaz. Batak dino: “Zitel zirola, nok gudura aroa?” (RS 21). Esatea lez, zapatari bildurti edo koldarra gudura eroatea alperrekoa dala. Eta besteak: “Arotz dinean zirola, oski gitxi urratu doa” (RS 275). Hau da: zurgina edo arotza zapatari lanean hasten danean, zoru sendoko, oholezko zoru sendodun oinetakoak egiten dituala, sekula urratzen ez diranak.
Harrezkero galdurik egon da zirol berbea, harik eta XX. mendean Azkuek eta Otxoluak berbiztu daben arte. “Zirol (zapatari) baten dendara joan oi zan” (Azkue Latsibi). Eta: “Izten dautsodaz Bertolda jaun zirolari, neure lau zoruko oski lodiak” (Otxolua Bertolda).
Zapatariari oskigilea be esan izan jako. Halan: “Oskigilea mintza bedi oskiz” (Garate Atsot. 10948). Oski izena be, oinetakoa izendatzeko, zaharra dogu: “Oski osoa naiz etena, eskuan baiño oiñean obea” (RS 288).
Baina beste ofizio batzuen izenak be ezagunak dira mezu beraren adierazgarrirako. Behin banan esanda:
“Arotza, ferratzera” (Atsot 1192). Ekialdean arotza sartaldeko errementariari ohi deritxo.
“Jostuna jostera, okina labera” (Atsot. 8179).
“Olea olagizonentzat, eta barka (itsasontzia) barkamaisuarentzat” (Atsot 10560).
“Orekariak orekan, arrantzaleak arrantzan” (Atsot 10856).
“Zurgina zurgintzan, hargina hargintzan” (Atsot 14424).
“Soinularia, dantzari gaixtoa” (Atsot 12123).
“Den organistarik haundiena, xixtulari txar izaiten ahal” (Atsot 10870).
Ofizioez aparte, abere-izenak be aitatzen dira mezu beronen inguruan: txakurrak, txoriak, zaldiak eta beste. Halan:
“Zakur bakoitza bere hezurra(re)kin” (Atsot 13525).
“Ez galda erresiñolari karreun (garraiotan) aritzea, ez eta zaldiari kantatzea” (Atsot 4275).
Badira errefrauak, mezu hori era zuzenagoz eta orokorragoz adierazoten dabenak, gizakia bera protagonista dala. Halan:
“Nor bere ofizioan” (Atsot 10258). “Nere ta Ana, nork bere lana” (Atsot 10076). Edo: “Ardurie daukenak ein deixala” (Atsot 1145).
Mezu berorrentzat hiztunon artean beste esapide batzuk be ezagunak dira. Libe Agirre esatariak Meñakako berbetatik ekarri dauen bat: Zu zeure fraketan! Esatea lez: zu zeure arloan, zu zeure lekuan.

Aurreko baten Gorlizko auzo baten izena erabili genduan berbagai: Urazarantze. Izen hori dala-ta, egitura bereko beste leku-izen baten oharra bialdu deusku euskerahobezale batek, ezta? 

Anton Mari Aldekoa-Otalora Iurretako euskalzale finak bialdu deusku mezua, gehikuntza bat eginaz. Dino: “Izurtzan gure Mikolas Bitañok bere senide Markos Gerediagarengandik, “Markos-Baiona”gandik jaso ebazan izurtzar jantzarien kopletan: “Kardantzilluen mosuarekin / Jose Sasikolakue, haren parien jantzan eitteko / morroi Urezandikue”. Errekearen handikaldean egoan Urezandi-allende. Gaur baserri hori eraitsia dozu. Zortzi jantzarion baserriak aitatzen dira koplotan”.
Ibarrangelun be bizirik iraun dauen esapidea: uraz handi dalakoa, leku-denpora kasuetan erabilita. Domingo Zuloaga, bertako seme eta bertako abade luzaroetan izan zanak, esaldi hau darabil bere idatzietan: “Hemendik Laidatik uraz handira ez dago beste biderik lurretik, itxasoa izan ezik”. Zein kontestutan darabilen? Lehenago, txahal bat eroan gura bazan hilteko, Ibarrangelutik Mundaka edo Bermeora, txalupaz eroaten eben uraz handira. Laidatik Sukarrietara.
Bilbon daukagun Urazurrutia izenak be horixe bera adierazoten dau. San Anton eta Atxuri auzoaren ibaiaz beste aldeari uraz urrutia eritxon lehenago, gaztelaniaz “allende las aguas”; gaur kale baten izen bihurturik daukagun izena.
Uraz goitik eta uraz behetik be esaten dira. Mogelen ipuin-alegi baten sarrera-esaldia: “Bildotsa ta otsoa eldu zirean bakotxa bere aldeti edatera ibaira. Otsoak edaten eban goiko aldean, ta bildotsak beekoan edo uraz beeti.” (Ipuinak).
Urez beste aldean da gure artean egiturarik hedatuena beharbada. Salbatore Mitxelenaren bertsoz: “Mariñelak dabiltzan / urez bestealde, / ames danen mendia / beti ikusten zaude” (Arantzazu 240).
Mondragoe-Arrasateri XIV mende inguru horretan oñaztar-ganboarren arteko leinu-burruka odoltsuetan su emon eutseneko eresi-kantu zaharrean halan kantetan da eresian: “Oin arrook zituan luma / Ozaetako jaun gaztea. / Laster baten igaro zan / uraz alde bestean” (TAV).
Uraz alde hartan egitura be Iparraldean ohiko esamodua da: “Iragan-arazi dukezula populu hau, Jurdaingo uraz alde hartarat” (Larregi Testamentu Zaharreko II).
Uraz haindian, Iparraldean gaurdaino bizirik iraun dauen esamodua dogu; uraz harandia gure hizkera zaharrean be erabili izan da uraz beste aldea izendatzeko. Bibliaren itzulpenetan, Jordango ibaiaren beste aldea izendatzeko, Duvoisin idazleak holan darabil: “Bada, Jesusek […] manatu zuen eraman zezaten uraz haindira” (Mt 8, 18). Hiriart-Urrutik lehengo mende hasieran: “Uste zuten orok uraz haindian ez zela jenderik, ez eta ere lurrik” (Mintzaira. Arpegia. Gizon). Eta Emile Larre Baigorriko semeak askoz oraintsuago: “Uraz haindian, Kuxkurrioeneko zurginen sega-xarrantxak bere marraka adiarazten zuen” (Artzain-Etxola).
Denporan atzera jota, Leizarragak: uraz berze aldera darabil, eta beste gehiagok be horrelatsu Biblia itzulpenetan: “Eta aren diszipuloak pasatuik urez bertze aldera, atzendu zitzaien ogiak artzea” (Mt 16, 5) (Bruno Etxenike).
Urez kanpo esapidea be ezaguna da: “Auhenetan etzaten da gizona ohean, nola arraina urez kanpo hare erreari buruz” (Hiribarren Hiztegia).

Erakunde bateko ordezkari baten hitzak: “Zerbitzu publikoa gara”. Zerbitzu publikoa. Zuzena da publiko hitza, dudarik ez

Badaukagu euskeraz beste aukera on bat, Euskal Administrazinoan aspalditik sartua dana eta finkaturik dagoana, eta da herri izena aurretik ipintea determinatu nahi dan izenari, kasu honetan zerbitzu izenari. Herri-lanak, herri-garraioa, herri-eraikuntzak, herri-zerbitzuak…
Askotan nahikoa dogu herri izenaz baliatzea, guztiontzakoa eta guztiok ordaindua edo guztion gozameneko dan kontzeptu bati buruz.
Geure tradizino zaharragoan be hainbat izen eiho izan dira herri aurre osagai honegaz: Herri-basoak. Herri-lurrak. Herri-agintea. Herri-agintariak… Beste hitz finkatu batzuetan herriko izenlaguna osorik erabilirik: Herriko tabernea. Herriko etxea e.a.
Euskeraz publiko adjektiboa barri samarra dogu, Errepublika eta horrelakoetatik kanpora. Gaztelaniatik irristatu jaku, zeinda derriorra edo hil edo bizikoa balitz lez, eta geu konturatu orduko ia dana bihurtu jaku publiko. Esan lei ze ez dagoala herri-eskolarik, ezpada eskola publikoa; herri diruak be diru publiko bihurtu jakuz.
Baina anbiguotasuna kentzera jo behar da beti be, eta argigarria izan daiteke batzuetan publiko adjektiboaz baliatzea. Zeozer guztiontzakoa dala aditzen emoteko, egoki dator esatea: “Ohar publikoa ezarri arbelean”. Komun publikoak dagozala herriko plazan. Hezkuntzan be ildo diferenteak ditugunez, Hezkuntza publikoa argigarria da. Baina ez da hain beharrezko ikusten, Herriko etxea birbataiatzea Etxe publikoa dala esanez.
Ondoriotzat jo daiteke, publiko adjektiboak adiera diferenteak dituala berez, baina gaztelaniaz adieraz ugariagoa dala euskeraz baino, eta euskeratzean ezin dogula mimetismo hutsez jokatu. Ez dogu euskeraz beti zertan buruapubliko-tasun horretara makurtu, eta erdereari men egin beste barik.

“Gabon zorionak” aitatzen genduan lehengo baten. Baina “Zorionak” berbea beti zuzen ez dogula erabilten gogorarazo deuskue mezu bidez. Zeintzuk dira oker-erabilerok?

Labayru Fundaziotik Biosne Zarandona teknikariak bialdu deusku mezua, “zorionak” puntu hau aurrekoan mahairatu deuskun berberak. Biosne teknikariak halan dinosku mezu idatzian:
“Zorionak! Interjekzio modura erabilita, guztiz jatorra da (Zorionak eta urte berri on!, adibidez), baina okerra da urtebetetze hitzaren sinonimo gisa erabilita (*Gaur nire zorionak dira). Horren ordez, “Gaur nire urtebetetzea da / Gaur nire (…) urtebetetze-eguna da” esan behar da”.
Eta gehitzen dau: “Zoriontzeko moduen artean, jakina, Zorionak! bera bakarrik aski da. Horrez gainera, Urte askoan!, Urte asko(ta)rako! edo Anitz urtez! esatea ere egoki dator, gehienetan”.
Eta Gabon, Gabonzahar, Urte Barri inguruko zorion-emoteak dirala-ta gehitzen dau: “Zuzena bai. Baina jatortasunari begira, hobeto ikusten dot “Gabon/Jai zoriontsuak eta urte berri on!”, are gehiago aditza jarri ezkero: “Gabon zoriontsuak eta urte berri on(a) opa dizuegu!”.
Biosnek berak gogorarazo deust 2019ko abenduan Euskadi Irratian erabili nebala zorion-emoteen jarduna: zein formula edo zeintzuk formula diran erabilienak eta egokienak.
Baina zorrotz salatzen dauena da, noren edo haren “zorionak” dirala esatea, nor horrek urteak egiten dituanean. Puntu hau zorrotz salatu genduan geuk be “Euskera Hobetzen” irrati-tarte honen lehen saioetariko baten, orain 6 urte (2016-12-15/4). Denporeak ze arin iges egiten deuskun!
Beste izen edo formula batzuk hobetzat joten genduzan orduan be, euskal hiztunon artean normalagoak, eta geureagoak ditugunak. Urteguna, urtebetea eta urte-betetzea gogoratzen genduzan orduko haretan. Gaur egun hiru horreetarik urtegun izenari emongo neuskio lehentasuna.
Gaztelaniaz “cumplir años” eta “cumpleaños” esaten da, eta euskeraz be bete nagusitu jakula dirudi: urteak bete eta urte-betetzea.
Baina gure tradizinoan, eta hiztun onen ezpanetan, egin aditza hurragokoa izan dogu: urteak egin. Eta urteak egiten diran egunari urte-eguna. Horreexek dira formularik egokienak, gure eretxian.
Baina urteak egite hori esateko beste formula batzuk be ondo politak dira gure artean. Bat, guztiz jakingarria: urteak ekarri. Bedian Igone Etxebarriak baturiko esaldiak: “Noiz dakazuz zuk urteak? Datorren hilean urteak dakarz gure amak.”. Beste bat: urteak jiratu. Aiako herrian baturikoa da: “40 urte jiratuak ditu”. Urteak osatu be esaten da. Urteak hornidu be bai. Urteak irauli be bai. Eta beste aditz batzuk be badira urteen gorabeheran: urteak estaldu e.a.
Eta urteguna aditzen emoteko, jaioteguna be zaharra dogu euskeraz, ingelesez birthday edo alemanez Geburtstag edo nederlanderaz verjaardag diranen egitura berekoa. Gure idazle baten lekukotasuna: “Bere jaiotegunaren oroipenean andizki askorekin bazkari andi bat egin zuen” (Lardizabal TZ 398).
Neure eretxian jaioteguna erabilteari indar gehiago emon behar geunskio.

Juan Manuel Etxebarria Zeberioko seme eta Unibertsidadeko lankide zaharrak bialduriko ohartxoa. Dino: “Guk esakera hau erabiltzen joaguk: “Zer jana lehenago faltatuko dok zer esana baiño” (2023-01-01). Zer esana, adierarik txarrenean, gaitzesgarrienean erabilita: ‘esamesak, hizki-mizkiak, elemeleak, txutxuputxuak, erausiak’ edo ‘esapideak, solaspideak’, gazt. “habladurías, chismes”. Eskerrak, beti be, Juan Manu euskerahobezale finari.
“Zer jan eta zer edan ez da faltako” izan zan lehengo egunean erabili genduan autuetariko bat. Horren inguruko oharren bat be jaso dozu, ezta? 

Juan Manuel Etxebarria Zeberioko seme eta Unibertsidadeko lankide zaharrak bialduriko ohartxoa. Dino: “Guk esakera hau erabiltzen joaguk: “Zer jana lehenago faltatuko dok zer esana baiño” (2023-01-01). Zer esana, adierarik txarrenean, gaitzesgarrienean erabilita: ‘esamesak, hizki-mizkiak, elemeleak, txutxuputxuak, erausiak’ edo ‘esapideak, solaspideak’, gazt. “habladurías, chismes”. Eskerrak, beti be, Juan Manu euskerahobezale finari.Baina esaldi horretan, zer jana eta zer esana, mendepeko esaldiak baino gehiago izen funtzinora bihurturiko partizipio-egiturak dira, izen kategoriako egitura lexikotuak.
Baina esaldi horretan, zer jana eta zer esana, mendepeko esaldiak baino gehiago izen funtzinora bihurturiko partizipio-egiturak dira, izen kategoriako egitura lexikotuak.
Eta zer (edo nor, non, noiz…) eta aditz partizipio askogaz egiten dogu eta era librean hitz alkarketa hori: “Zeri ekina ez da falta hemen”.
Ezezkako esaldietan sarri jazoten dan egiturea da. Aditz nagusia ez dago, ez dauka edo halakoren bat danean, eta mendekoa zer egin, nora joan edo horretarikoren bat. Aditz partizipioari horrelakoetan -ik partitiboa gehitzen jako sarri be sarri: “Ez dauka nora joanik” esatea, Ez dauka nora joan esan ordez.
Mateo Zabala idazlearen esaldi bat jatort akordura, aditz nagusia ezezka dala, eta aditz partizipioari -ik partitiboa dautsala: “Ez Uyutiarrai arpegi emoteko zirean gauza, ta ez nora iges eginik daukee” (Irun).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00