Euskera hobetzen: 'Zeri lotuta' edo 'zerekin lotuta'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera hobetzen: ‘Zeri lotuta’ edo ‘zerekin lotuta’?

Aholku-eske modura heldu jakun mezu baten azaltzen jakun zalantzea. Zelan egokiago: “Zeri lotuta egon” ala “zerekin lotuta egon”? 

Biosne Zarandona, Labayru Fundazioko Euskera Erabileraren Normalizazio Arloko arduradunak zuzendu deuskun mezuak hau dino:
“Egun on, Adolfo:
Hemen ibili gara zalantza baten gainean berbaz, ea argitzen lagundu ahal deuskuzun. “Zeri lotuta egon” vs “zerekin lotuta egon”. Euskaltzaindian norekin kasuak agertzen dira: arbasoekin lotuta, olerkariarekin lotu… Baina bizigabeakaz “zerekin” erabiltea zuzena al da? Adib. “lanarekin lotutako galdera bat daukat” zuzena da, ala “lanari lotutako galdera” esan BEHAR da?”. Eskerrik asko, Biosne, zalantza hau guganatzeagaitik.
Goiko adibideotan lotuta egon egiturearen esangurea ez jagoko lotura fisiko bati; ez behintzat, kordelez, sokaz edo katez lotuta egotearena behintzat. Esangura figuratiboan darabilgu hor lotu edo lotuta egon; esatea lez, ‘zerikusia euki, erlazinoa euki, kidetuta egon’ figuratiboa.
Aditzagaz lotura semantiko garbi eta estua daukan argumentuaren kasu-markaz da zalantza-itauna. Labur modu erantzunda, biak dira erabiliak, eta biak erabilgarri eta zuzenak. Baina tradizinoaren eta hiztun abonatuen joereari jaramonda, datibodun argumentua zaharrago eta sustraituagotzat daukagu, soziatibo edo instrumentalagazkoa baino, adiera honetan behintzat.
Lotu aditza datiboaz darabilgu batzuetan: zeri edo nori lotuta egon. Halan, arbola bati lotuta edo loturik ipini daiteke zaldia edo astoa.
Soziatiboagaz beste batzuetan: zegaz edo nogaz lotuta egon. Eta instrumentalagaz be bardin: sokaz, kateaz, diruz, maitasunez lotu edo lotuta egon. Eta sarri, -gaz soziatiboa erabili arren, balio instrumentala gorderik. Halan: kordelagaz edo sokeagaz egin daikegu lotze edo lotura hori.
Eta leku-erreferentziak darabilguzanean, leku-denpora kasuakaz be bai: non lotu, nondik lotu (non lotuta, nondik lotuta).
Datibo kasuagazkoa dala esan dogu lotu aditzaren argumenturik hurkoena eta zaharrena, bere esangura jatorrizkoan batez be: zer zeri lotu. Datibo erregimeneko aditz ugarien arteko bat dogu lotu, eta erreferentziazko argumenturik zuzenena datiboa: arboleari lotu. Oraintsuagoko esaldi bategaz on eginda: “Herriak lotzea legearen gainetiko jabe bati, el atar los pueblos a un amo por encima de la ley” (Tor. Etxebarria Eibar).
Soziatiboa edo instrumentala darabilgu, loturea zegaz, zerez edo zein bitartekoz egiten dan adierazoteko. Hara Lazarraga poetaren XVI. mendeko esaldi hau: “Denpora baten lotu ninduzun / katea fortitz batekin”.
Instrumentala zerez lotu egituran darabilgu, loturea zein elementuz egiten dan adierazoteko: “Alkandorea dago / guztia eginik, / ari eta orratzaz / lotu ta josirik” (Mogel PAb). “Sarri ebilen zilizioz ta alanbre zorrotzez bere gorputz birjinea lotuta” (frai Bartolome Olgeeta). “Katez eta burniz lotu eta […] ziega artan bertan sar zezatela” (G. Arrue Genobeba).
Inesiboa, lotze hori non egiten dan adierazoteko darabilgu, gunea edo lekua: “Milla errota-arri nere lepoan lotu” (Kardaberaz Ejerz II). ”Esku-oinetan lotu eta boterazo zituan […] labe gori izugarri batean” (Agirre Erakusaldi I). “Kontentu baga dakust ditudala / neure urte dulzeak kastaetan, / loturik nagoala oltz oetan” (Lazarraga).
Ablatiboa, loturea nondik egiten dan adierazo gura danean: “Errota-arri bat bere samatik lotu eta botako balebe […]” (Iturzaeta Azalduera).
Kultura modernoan lotu aditzak erderazko “relacionar con”, “relacionado con” adiera figuratiboa hartu dau eta hori nagusitu da. Gaztelaniazko “con” konjuntzinoa gorabehera, zeri lotu / nori lotu egitureari emongo neuskio lehentasuna euskeraz.

Esakuntza ezagun baten mezua: “Sasoian sasoikoa” Horren azpian zer aditzen emon gura da? 

Gaztelaniaz be esan ohi da: “casa cosa a su tiempo”, “todo a su tiempo” e.a.
Zer dala-ta jalgiten jaku ezpanetatik esaera hori? Bizi garan denporan, gauza bakotxak bere aldia eskatzen dauela argitzeko; edonoiz ezin dala edozer egin, dana dalakoa egin. Ezkontzeko, umeak izateko, gurasoen etxetik urteteko, lanean hasteko…, bizitzan behintasuna daben pausuak emoteko batez be, urrats bakotxak bere aldia, aldi ajutua izaten dauela. Horren harira erabili ohi da sasoian sasoikoa esaera hori.
Sasoia, soilik darabilgunean, “sasoi ona” adierazoteko ohi da. Sasoian dagoana sasoi onean dago. Pello Mari Otañoren bertsoak dinoan lez: “Hobeago da sasoi dan arte / saiatzea lanean, / negar eginaz ibili gabe / gero denbora joanean” (Euzkadi). Baina sasoia erazkoa ez danean, kontrakoa baino, adjektiboz zehaztu ohi dogu: sasoi txarra da ereiteko, sasoi txarrean zatoz momentu honetan, sasoi txarrean gagoz dantzan egiteko, sasoi txarreko zereginak e.a.
Sasoian egote hori gaztetasunaren adierazgarritzat darabilgu sarri: gazte sasoikoa, 50 urtegaz hondino sasoian egoan e.a. Bada errefrau bat, ironia puntu batez sasoi ona eta sasoi berandua aurrez aurre erakusten dituna: “Sasoi dan arte zentzu gutxi; zentzua irixtean sasoiak utzi” (A.Zavala EEZZ 2648).
Denpora eremuko beste izen ezagun batzuk be badira, mezu beronen adierazgarrirako: aldia, garaia, tenorea… eta beste gehiago “denporeagaz” zerikusia dabenak: unea, aroa, ordua.
Sasoian sasoikoa honako esangura-eremuotan agiri da gure literaturan:
– Gaztetasunaz eta gaztetako bizibehar eta zorotasunaz darabil T. Gerrikagoitiak bere oroipen-liburuan: “Gu be, etxera etorrita, zurrunbilo guzti horren erdian; eta, beste aldetik, jolasak, erromeriak, neskatxak eta sasoian sasoikuak” (Arantza). Hau da, sasoiari joakozan gaztetako zaletasunak. Errefrau baten harian: “Hau dok sasoia ta beharrik ez” (Zeberio. J. M. Etxebarria).
– Urteko aldiei, urtaro edo hileei jagoken eguraldia dala-ta be bai: “Sasoian sasoikua / beti da onduen, / udan beruak eta / edurrak neguen” (Urretxindorra). Ildo horrexetakoa dogu hurrengo esakuntza hau be: “Sasoian sasoiko. / San Antonez ospelak belarritako” (V-m). (A.Zavala EZBB II 108). San Antonio abataren neguko egunaz, urtarrilaren 17an, sekulako hotzak egin ohi ditualako.
Bere sasoian gauzak egin behar diralakoa gogorazoten deuskue beste errefrau batzuek be. Eguraldiaz, negu-udetako giroez konparantza eginez, errefrau batek dino: “Elurra neguan eta giro ederra udaran, gauza danak bere sasoiean.” (A.Zavala EEZZ 872).
– Aldian aldikoa(k) esakuntzea be esangura berberaz erabili izan da, eta egiten da. Izan be, gure tradizino zaharrean aldi izena sustraituago dago “denpora” eremuko horretan beste izenok baino.
Aldian aldikoa egitura honen pasarte argigarria darakusku S. Mendiburu oiartzuarrak XVIII. mendean: “Igandean igandekoak, hastean hastekoak, horduan hordukoak, eta aldian aldikoak” (Otoizgaiak III). Urteko liturgia-egutegiari lotua dirudi pasarte honek.
Baina lurraren giroaz, berariaz ganadua bazkatzeari loturik agiri da ekialdeko beste testu batzuetan: “Bilatzen ditu udan udakoak eta neguan beste bero-epelak, eta eramaten ditu aldian aldiko belarretara” (S. Mendiburu 309). “Hezerik janarazten bada, aldian aldikoa ebaki behar da” (Duvoisin Laborantza).
Ezkontzearen autua darabilen errefrau bat bada, aldia aitatzen dauena. Errefrau zaharrak dino: “Beluko eskonzea deunga, / goxetikoa ez oba. Aldia gauzak daude; / aroari jarrain gakiozan” / “Tardío casamiento, malo. / El temprano, no mejor. / Tiempo las cosas tienen. / Al tiempo sigámosle.” (RS 440). Aldia eta aroa denpora-izenak aitatzen dira hor. Gauzek aldia dabela esatea, aldian aldikoa egin behar dala esateko beste era bat da. Eta aroaro jarrain gakiozan dinoan horretan, aroa, aro ona da, aldi adiutua, baina kasu honetan ez ereiteko (azaroa), ezpada ezkontzagintzarako: ezkontzaroa.
Beste era batzuetara be esan lei hori berori: garaian garaikoa, tenorean tenorekoa, unean unekoa, aro danean aroari joakona, edo: toketan danean toketan dana.
Seina edo umea noiz eukitea komeni dan be, modu honetan azaldu eustan aspaldi andra edadeko batek: “Jainkoak jakiten dau umeak noiz emon bakotxari”.

Erakunde edo Alkargo batek gaztelania-euskeran daukan izenaren euskerazko alderdiaren gaineko zalantzea. Izena: CSCE/EKGK. Izen osoz: “Consejo Superior de Cooperativas de Euskadi” gaztelaniaz, eta: “Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua” euskeraz.

Bizkaia Irratiko Alfre Elgezabal kazetari zoliak bialdu deuskun mezua: “Adolfo. Hau zuzena da? Ez zan Kontseilu Gorena edo Kontseilu Nagusia izan beharko?”. Honaino mezuaren hitz zuhurrak. Neuk be ato bizian erantzun neutsan mezu bidez: “Neure gusturako be ezetz. Gramatikaz zuzen bai egon leitekela, baina bizimodua euskeraz edo euskal buruz egiten dogunok ez gendukela horrelan ipiniko.
Goren Kontseilua esatea, goren etxea edo beheren txabolea esatea lez da berez. Gure toponimian baditugu Goienetxea, Bengoetxea eta halakoak. Baina Goienetxea horren azpian Goieneko etxea egiturea datza, goienean dagoan etxea. Eta Bengoetxea izenaren azpian, Beango etxea, behean dagoan etxea.
Goren eta goien ia bat dira: gora eta goi hitz-oinak -en atzizki konparatzailea erantsita; adjektibo kategoriakoak oinarrian, ez izen kategoriakoak. Goren hitzak, beheren hitzak lez, -en atzizkiaren bidez, gorengoa (gazt. “el de más arriba”) eta beherengoa (“el de más abajo”) garatzen ditu.
Eta izen bategaz alkartu nahi izan ezkero goren edo beheren, Kontseilu izenagaz kasu honetan, aukera bi ditugu:
– edo -ko (/-ngo) leku-genitiboaz markatu, Kontseilu izenaren aurretik alkartzeko: Gorengo Kontseilua;
– edo adjektibo tratamentua egotzi goren horri, gorena, (gazt. “superior”), eta orduan izenaren atzean ezarriko genduke: “Kontseilu Gorena”. Nik bigarrengo honen alde egingo neukean, batez be izen berezi modura darabilgulako izendapen hori, erakunde edo alkargo izen modura, eta halakoetan laburren eta soilen egitea da gomendioa.
Bizkaiko leku batzuetan hondino be goianengoa esaten jako, etxe askoren teilapeko goiko sabai horri, baserrietxeetan kamarea edo ganbarea izena jakonari. Edo beste izenez: sabaigaine, goitegi, goiti, edo goiburu.
Halan entzun dot, berbarako, Mundakan, eta halan irakurri izan deutset bertako idazleei. Jose Manuel Etxeitak darabil: “Beterik eukezan sabaia ta goianengoa” (Josetxo). Sabaia, lastategia, eta goianengoa, kamarea. Otxolua mundakarrak, Bernardo Garrok, goianengotik eginda egon esapidea darabil, ‘burutik eginda egon’ adiereaz: “ta zuri otu jatzun burubakokeria, zeri edo zetarako da, ba? Ala goianengotik eginda zagoz, gizon bakotxak zazpi andra hartu dagizala aginduteko?” (Bertolda).
Morfologia aberatsa dauen berbea goianengo hori: goian dagoan, goianen dagoan parte edo gunea; hau da, goren dagoan alderdia, baina -ko atzizki leku-genitibokoa dautsala: goian-en-goa. Horren egitura antzekoa dauka Goienetxea deitura- eta leku-izenak be: goienean dagoan etxea.
Lekeitio aldean txoritokia deritxoe Mundakan goianengoa deritxon horri.

Facebook-en irakurritako eztabaida gune bat. Esne-behia eta behi-esnea hitz alkartuen ingurukoa. Zertan datza diferentzia nagusia?.

Izen-alkarketa biren hitz jokoa, esne eta behi izenak ordena bategaz edo itzulitara eratuta, bataren eta bestearen esangura diferenteak erakusteko. Esne-behia dinogunean, behien gorabeheran da autua, eta behi-esnea darabilgunean, esneaz dihardugu.
– Behi motak bereiztu orduan, esnetarakoa danean, esne-behia esan daroagu dudarik be barik. Eta behi motak berban hartuta, okela-behia edo haragi-behia be esan geinke, gazt. “de carne” dalakoarentzat. Halanda be, hiztunokoi errazago urtengo leuskigu, behia okelerakoa / okelatakoa edo haragirakoa / haragitakoa dala esanda.
Beste hainbat izen alkartu garatu dira behi bigarren osagai dala, zelako behi moduak diran zehazteko. Halan:
Basabehiak, Mogelek aitatu euskuzan aspaldi Peru Landetako pertsonaiaren ahoz: “Badaukaguz oneez ostean zortzi basabei, ta basa-idisko galant bat” (PAb). Iztueta zaldibiarrak be kontetan deusku: “Bazala beraren errian mutilla […] basa-beiak ankatik eldu ta, ardia bezala gelditurik, eznea edan oi ziena nai zeban guztian” (Kondaira). Eta Lino Akesolok oraintsuagoan: “Emeti bere lagunek errezinoak edaten joaten bazirean be, berak basorantza eiten oan, batzuetan basabeiek ikusten, auntzetara beste batzuetan” (Ipiña).
Larrabehiak ohi deritxe larran solte dabilen ganaduari. Azken baten, basabehiak eta larrabehiak gauza beretsua dirala esan lei. Errefrau batek, behiak udabarrirantz jaregitearen inguruan dino: “Ama Birjina Martxoko lora, larrabehia mendian gora” (A.Zavala EZBB I 32).
Iztueta zaldibiarrak sasibehiak izenaz aitatzen zituan honetarikoak. Pasarte baten dino: “Bestek ezin atzeman zituen sasibei ta idisko izuak, adarretatik oratu eta menderatu oi zituela” (Condaira).
Esne-behi, goian aitatu dogun izena, guztiz sustraitua dago gure berbetan, gazt. “vaca lechera” dagoan antzean. Behi esnetsua, esneduna edo esnetarakoa dan behi mota. Agirre Asteasukoren aldian esnebehien balio nagusia etxe batentzat, etxe horretako familia gehienetan ugariaren janari-iturri izatean zetzan: “Sandiak billatzen du eznabei on bat, umeai eta etxekoai eznea bederik emateko” (Erakaste II). Domingo Agirrek baserri-etxeko ganadua izendatzean dino: “Ukuiluan, esne-behi, biantx ta txekor gorri lodiak, belar gozoa mauska-mauska jaten” (Garoa).
Buztarri-behiak be ezagun-ohikoak izan ditugu: sartaldean buztarriko behiak izendatuta ezagunagoak behar bada, baina erdi eta ekialdean ezagunago segurutik uztar-behiak izenaz. Buztarridirik ez egoan etxeetan buztarri-behiak erabilten ziran, bai soloa goldatzeko, bai bedar, azpigarri edo dalako jeneroa etxera igaroteko. Azkuek baturik dakarren izena: “Uztarbeiak […], vacas uncidas, pareja de vacas” (Dicc.). Joxe Migel Barandiarangok pasarte baten aitatzen ditu uztar-behiak eta uztarridiak (“Uztar-bei edo uztar-idiakin lanean dabillenari”) (Euskal leen gizona). “Uztar-beiak soroan, neska-mutillak artojorran” zehazten da Zeruko Argia astekarian (1954). Zentzun figuratuaz jentearen aho-mihinean be ibili dan hitza izan da baserri-munduan uztar-behi izena, alkarlanerako edo batzango lanerako gaitasuna dauenari buruz: “Hemen gure artean, guziok geron uztarria jasoak gaituk. […] Seme-alabak hazi ta erantzuteko gaudek: Jauna! […] Baina gure artean, uztar-behi izaterik nahi izan ez duan bat badiagu” (Nemesio Etxaniz Lur berri billa). h

Esnea izen-katearen bigarren osagaitzat darabilgunean, esne hori ze eratakoa dan adierazoten dogu. Baina izen-alkarketa gauzatu baino lehen, komeni da argitzea zein esne dan ohikoago edo zeheagoa, eta zein bereziago edo bakanagoa. Nire hurreko bizimoduan eta jarduera munduan, behiarena izan da arruntena, eta hori espresatzen dogu esnea soilik dinogunean, eta espezifikatu nahi izana ezkero, behiaren esnea esaten dogu, baina nekezago esan daroagu: behi-esnea, ezpada esnea edo behiaren esnea. Sartaldeko hiztunen joera nagusia, kasu honetan, behiaren esnea esatea da, behidxen esnia nire berbetan, baina ez behi-esnea.
Baina zenbat eta bereziago edo bakanagotzat daukagun esne mota bat, izen-alkarkuntzara errazago joten dala dirudi.
Ardi-esnea dogu ezagunena. Artzaintzak indarra euki dauen lekuan zabal erabiliak izan dira ardi-esnea, eta baita artesnea be. Gatzatua egiteko erabilten zan esnea. Tor. Etxebarriak dinoan lez: “”Leche de oveja con que se hace la cuajada. Munikolatik izaten genduan ardi-esnia, gatzatua eitteko”. Bergarako berbetan: “Artesnia ezta pagatzen balio dabena” (J. M. Elexpuru Bergara).
Ahuntz-esnea darabil Tor. Etxebarria eibartarrak: “”Ahuntz esnia, leche de cabra, que se prescribía a ciertos enfermos. Ahuntz-esnia hartzen zan, esate baterako, errapetik ahora, ahuntzduna etortzen zalako atera” (Eibar). Halanda be, izen-alkarkuntza burutu barik be asko entzuten diran izen-egiturak dira biok: ardiaren esnea eta ahuntzaren esnea, hiztun askori hurragoko egiten jakezan izendapenak, ardi-esnea edo ahuntz-esnea baino.
Eta bide batez gehitu daigun badirala beste esne modu batzuk be, hain ezagunak izan ezta be. Asto-esnea da bat. Iko-esnea beste bat; ona zalako eretxia egoan lehenago, atzamarretako garatxak kentzeko. Eta gaurko gastronomian sarri aitatzen dan esneetariko bat: koko-esnea, alkarkuntza barik be ahoskatzen dana: kokoaren esneari.
Lehenera joten badogu, Larramendik ugatz-esnea be aitatzen dau: “UGATZ-ESNE (ugazezne Lar; ugaz-esne H). “Leche que se da a los niños por sus amas o madres, ugatza, ugazeznea”.
Amairatzat gogoratu daiguzan, esnea beste isurkari edo janari bategaz nahastauta sortu diran beste janari edo edari mota batzuk: arroz-esnea, kafesnea, arto-esnea, talo-esnea, ur-esnea eta beste. Nire hurreko berbetan taloa eta esnea esan izan da gehiago, edota artoa ta esnea beste leku batzuetan. Ur-esnea, esnea da, baina uragaz mehetua. Lehenago sein jaiobarriei eta gaixorik egozanei-eta emotea zan usu. Azkuek jasorik dakarren berbea, hatan be. Kandido Izagirrek Oñatiko berbetan argigarri honegaz zehaztu euskun izena: “Urésne, leche con agua para el niño, enfermo, etc.” (Aranzazu-Oñate).

Naparria, biruela hitzen gorabeheran mezu bat heldu jaku oraintsu. 

Bai, Karmele Egia euskerahobezaleak bialdua. Eskerrak berari.
Dino: “Kaixo, entzuten dot beti, da arritxute gelditxu’na ontxe entzuten (egon n)azen esaldixak: ‘saranpion’ da elgorrixe, ‘viruela’ da ‘astanaparrixe’. Ez, ‘viruela, viruela ezzzz!”.
Jesus Eguzkitza, Arrazolako semeak zehaztu deust, hiru eritasun, alkarren antzeko, bereizten zituela bere txikitako denporan. Naparrixe (naparreria), elgorriaren antzekoa dala, baina handiagoa. Eta astapanarridxe (astanaparrerria), markak ixten zituan eritasuna. Beste biak baina bortitzagoa. Azkuek “viruela loca” itzuli eban. Eta Tor. Etxebarriak be antzera Eibarren: “”Viruela loca, enfermedad infantil. Astanafarrixakin daukagu txikina, tenemos al menor con viruela loca” (Eibar). J. M. Elexpuruk Bergarako berbetan: “”Viruela loca, varicela. Gure umiak astanaparrixa dauka” (Bergara).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular