Argazki erakusketa bategaz hasiko da gaur Ondarroan Literatur Amuak jaialdia. Euskeraz ari diran sortzaileei eskeinitako plazea da Literatur Amuak jaialdia Ondarroan. Gaurtik zemendiaren 2ra bitartekoa da aurtengoa. Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarraren erakusketeagaz emongo jako hasierea. Herritarren erretratuak aukeratu dauz Egigurenek. Nerea Lorenzo Ondarroako euskera zinegotziak esan deuskunez, batzuk oso ezagunak dira herrian eta beste batzuk ez hainbeste. Ezusteko argazkiakaz topau ahal dira beraz ondarrutarrak erakusketa honetan. “Ondarrutarrak” izeneko bildumaren lehen atala erakutsiko dau Fernandez Egigurenek.
Herriko eta kanpoko sortzaileak
Ondarroako Udalak antolatzen dauan jaialdi honetan, herriko sortzaileentzat leku handia izaten da. Josu Arrizabalaga, Keu Agirretxea edo Leire Bilbao izango dira aurten. Arrizabalagak herriko lehengo andra-gizonen istorioak kontauko dauz, xelebrekeriak, bitxikeriak…Keu Agirreteak bitartean, Judit Nedderman abeslari eta konpositore kataluniarragaz arituko da urriaren 31an Beikozinin. Leire Bilbaoren kontakizunean oinarritutako “Arrainak Bihotzean” ikuskizuna eskeiniko dau Mar–Mar taldeak. Ondarrutarrak ez diren sortzaileen artean, Nerea Ibarzabal Markina-Xemeineko idazlea “Bar Gloria” lanaz arituko da berbetan. Joxemari Urteaga, Joseba Sarrionaindia, Anne Etxegoien, Rafa Rueda eta Igor Elortza izango dira aurten.
Augustin Zubikarai Saria
Zemendiaren 2an bitartean, Augustin Zubikarai saria norentzat dan jakingo da. Udalak 6 mila eurotik 8 mila eurora igo dau literatura lehiaketa honen saria. Lorenzok esan dauanez, Udalak argi dauka erakunde publikoak lagundu egin behar dabela sormen lanak bultzatzen. Patxi Zubizarretak irabazi eban iaz Augustin Zubikarai saria. Honek, urtean zehar idatzitako lana aurkeztuko dau, Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenegaz batera. Ekitaldi honetan jakingo da norentzat dan aurten saria. Antza danez, hainbat lan aurkeztu da aurten. Literatur Amuak Ondarroan gaurtik zemendiaren 2ra bitartean.