Artzentalesko Euskeraren Aldeko Egunaren bigarren edizinoa ospatuko dabe zapatuan, abuztuaren 29an, Arte Bizkarra Kulturgintzak eta Ametzondo Euskera Alkarteak antolatuta. Gorka Belasko talde eragileko kideak azaldu dauenez, igaz Gari musikariak Artzentalesen joteko egindako proposamenetik sortu zan ekimena, eta izandako esperientzia onaren ostean jarraipena emotea erabagi dabe.
Belaskok nabarmendu dau helburua herrian euskeraren inguruko sarea pixkanaka sendotzea eta hizkuntzeari erabilerarako espazio gehiago eskaintzea dala. Iazko ekimenak, ganera, Ametzondo Euskera Alkartea sortzeko bultzadea emon eban. Asmoa ez da urteko egun bakarrera mugatzea, urtean zehar bestelako ekimen txikerrak be antolatzea baino.
Zapaturako egitaraua eguerdian hasiko da, irrintzi tailerra, bertsolariak, herri kantak eta putxera bazkaria tartean. Arratsaldean Pando Sales hirukoteak joko dau, eta eguneko hitzordu nagusia 19:00etan izango da, Ruper Ordorikaren kontzertuagaz. Belaskoren esanetan, Santziñako zezen-plazea euskal kulturearen inguruko bilgune bihurtzea gura dabe.
