Fábrica de Brujas konpainia sortu barriak Igogailua antzezlana eskeiniko dau gaur lehenengoz Bilboko Fundicion aretoan. Aurrestreinaldia da gaurkoa eta estreinaldia bitartean, Getxoko Muxikebarrin izango da datorren astean, abenduaren 5ean. Arantza Lopez antzezle, antzerkigile eta pedagogoaren ekimenez sortu da Fábrica de Brujas Sormen Kolektiboa konpainia. Esan deuskunez, minbizia izateak bultzatu eutson pausu hau emotera. Bere bizipenak kontatzea izan zan asmoa. Arantza Lopezegaz batera, Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano be badagoz konpainia honetan, aspaldiko lagunak guztiak.
Istorioa
2020. urtean hasi zan Arantza Igogailua antzezlana idazten. Berak izandako gaixotasuna izan zan ardatz. Gai gogorra izan arren, tragikomedia bat dala esan deusku. Itziar, Leire eta Aiora aktoreak ikusiko dira taula ganean Igogailua antzezlanean. Aiora protagonistea harrapauta geratuko da igogailu baten eta gainontzeko aktore biek pertsonai desbardinak izango dabez. Eszenatokian, mikrofono bat eta masajerako ohe bat ikusi ahal izango dira. Argiztapenak eta musikeak garrantzi handia daukie. Tomas Ezquerra eta Ruben G. Mateos arduratu dira horretaz. Arantza Lopezek, bestalde, Matxalen de Pedroren kanpoko begiradea izan dau antzezlana zuzentzeko. Fundicion aretoan, iluntzeko zazpiretan izango da gaurko emonaldia. Ostean, solasaldia izango da aktore eta zuzendariakaz. Euskeraz izango da estreinaldia, eta taldearen asmoa gaztelaniaz eskaintzea da datorren urtean.
