Urtarrilaren 17an Eliza Katolikoak San Antonio Abataren eguna ospatzen dau, San Anton izenez be ezaguna. Jatorrian baserritarren zaindari eta animalien babesle da San Anton. Gure artean, San Anton egunez, Urkiolako santutegira joateko ohiturea dago.
Felix Moreno santutegiko arduradunak Lau Haizetara saioan esan dauanez, gauzak asko aldatu diran arren, hondino santu hau inportantea da. “Negu gordinean azaltzen da, lehenengoa da. Gero San Blas eta Santa Ageda datoz, baina lehenengoa bera da”. Morenok azpimarratu deuskunez, hondino be jentea animaliakaz hurreratzen da Urkiolako santutegira.
Bihar eguerdiko 12:00etan ospatuko da Eukaristia, Alex Alonso lurralde bikarioa buru dala. Elizkizunean gero banatuko diran ogiak bedeinkatuko dira eta meza ostean, santutegiaren kanpoaldean bedeinkatuko dira animaliak. Astegoienean, urtarrilaren 21ean, errepikapena izango da.