Eremuz Kanpo (2x04): 'Frankenstein'

Guillermo del Tororen film barriak bueltea emoten deutso Mary Shelleyren eleberriari

Frankenstein (2025): Bihotzak, bihotz mindua bada be, bizirik jarraituko dau

Frankenstein, Guillermo del Toro zuzendari mexikarraren pelikula barria, Netflix plataformara heldu da. Eta asteon, Mary Shelleyren eleberriari bueltea emoten deutson lana aztertuko dogu. Izan be, ikusle modernoago batentzat moldatzea erabagi dau zuzendariak, beste gatazka bat nabarmendu nahian: ‘sortzaile’ eta ‘kreazinoaren’ arteko harreman toxikoa. Eta zelan planteau dau Del Torok toxizidade hau? Bueno ba, seme-alaba batzuk jasotzen daben tratu txarra hartu dau abiapuntutzat; hau da, jasotako trauma. Beraz, ez, Guillermo del Tororen ‘Frankenstein’ lana ez da bildurrezko pelikula bat. Melodrama bat baizik.

Baina analisi narratiboagaz hasi aurretik, Guillermo del Tororen obsesinoa aitatu behar dogu. Zuzendariak berak esan dauen modura, Mary Shelleyren Frankenstein bere lan guztien parte izan da. 13 pelikula egin ditu, eta guztietan ikusi geinke Frankenstein-eri egindako keinu bat, gitxienez. Semearen parkamena lortu nahi dauan aitaren istorioa aurkezten deusku Pinocchio-k, adibidez. La forma del agua lanak, ordea, gizakiekaz konektateko gaitasuna daukan munstroaren istorioa kontatzen deusku. Izan be, zuzendariarentzat, danok gara munstroak era batera ala bestera, apur bat arraroak, bakotxa bere moduan. Del Tororen bertsino honetan, Jacob Elordi gaztea da munstro hori, eta Oscar Isaac aktorea, bere sortzailea.

Bertsino barria ez da kreazinoaren etsipenean oinarritzen, sortzailearen arku dramatikoan baizik. Hau da, Victor Frankenstein konturatzen danean ez dala kakotxen artean ‘guraso’ egokia izan, eta parkamena eskatzen deutso munstroari. Hori da gakoa pelikula honetan, hain zuzen be. Zuzendariak dinamika toxiko hau modu ziklikoan aurkezten deusku. Istorioa holan planteatzean, Mary Shelleyren bildurrezko tonu hori galtzen da. Kreazinoaren helburu nagusia orain ez da mendekua; bere sortzailearen onespena, baizik.

Mary Shelley eta Lord Byron

Guillermo del Torok Lord Byronen aipu bategaz amaiten dau pelikula: “Eta orduan, bihotzak, bihotz mindua bada be, bizirik jarraituko dau”. Egileari erreferentziarik ez egitea keinu itsua izan arren, Mary Shelley eta Lord Byronen harremana azaltzeko aukera emon deusku. 1816ko udan, koadrilla bat batu zan Villa Diodatin, Suitzan. 18 urteko Mary Shelley, bere bikotea: Percy B. Shelley, Lord Byron, eta Byronen medikua: John Polidori. Uda oso euritsua izan zan Suitzan, eta harrapatuta geratu ziran Villa Diodatin. Egun baten, aspertuta, Lord Byronek joko bat proposatu eban: zergaitik ez dogu bildurrezko ipuin bat idazten, bakotxa berea? Ba joko horretatik jaio ziran kontakizun ikoniko bi. Alde batetik, Mary Shelleyren Frankenstein o el moderno Prometeo. Eta bestetik, Polidori medikuaren El vampiro, Bram Stocker eta bere Dracula-ren aitzindari argia.

Eta zuek, Guillermo del Tororen bertsinoa ikusi dozue?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00