Gabonetako Umeen Parkeak nobedade ugari dakarz aurton. Sarrerak on-line erosi ahalko dira eta era horretara BECeko txarteldegietan sortzen diran ilara luzeak saihestu gura dabez. BECeko zuzendariak, Xabier Basañezek, Goizeko Izarretan saioan esan deuskunez PINak hirugarren pabiloi bat izan dau. Kontua da umeen topagune honetan aurton erakunde gehiagok parte hartuko dabela eta beraz espazio handiago bat behar zala. Aurton txikienen gozagarri izaten diran barrakek pabiloi oso bat beteko dabe. Bestalde aurtengo Gabonetako Umeen Parkean beharrizana daben familiei emoteko jostailuak batuko dauz Gurutze Gorriak. Horretarako espazio zehaztu bat egokituko dabe.
2022ko balantzea
“Oso pozik gagoz, oso urte ona izan da” azaldu deusku Basañezek. Aurton Makina Herramintaren Biurtekoa ospatu dabe eta beste azoka ugari be tartean. Kontzertuei jagokenean asko izan dira eta asteon bertan (barikuz eta zapatuz) Hertzainak musika taldeak BECen zati handi bat beteko dau. Barikuan 13 mila pertsona itxatoten dabez eta zapatuan 10 mila baino gehiago.
Jasangarritasuna eta Haizea Wind
Aurton be BECeko pabiloi oso baten teilatuan eguzki-plakak jarteari ekin deutse. Hilabete bi barru lanak amaituko dira eta BECen gastetan dan argindar osoaren %12 aurreztuko dabela kalkulau dabe. Energia kontu gehiagori buruz berba egin deusku Basañezek, izan be 2024an Europa mailako Haizea Wind kongresua BECen errepikatzea lortu dabe.